Donostia Zinemaldiaren 63. edizioan entregatuko da lehenengo aldiz Espainiako Lankidetza Saria, eta jarraian aipatuko ditugun hiru alderdi hauei ekarpen handiena egiten dien Latinoamerikako filmaren ekoizleari emango zaio: hain zuzen, giza-garapena, pobrezia desagerraraztea eta giza eskubide guztien bermea.
Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean nahiz Horizontes Latinos sailean parte hartzen duten Iberoamerikako film guztiak izango dira sarirako hautagai, eta hiru pertsonak osaturiko epaimahai berezi batek erabakiko du irabazlea.
Komunikazio publiko eta instituzionaleko estrategiaren arduraduna, bai eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (hau da, AECIDen) marka, erreputazioa eta marketina kudeatzearena ere. Filosofia ikasi zuen UNEDen, Itsasontzi Ingeniaritza Napolin eta Madrilgo UPMn, eta Ekonomia eta Garapena LSEn (London School of Economics).
Irakaslea da Granadako Unibertsitateko Lankidetza Masterrean, eta, hainbat urtez, Nazio Batuen zenbait erakundetan egin du lan: esaterako, FAOn eta OMIn. EFE-Rey de España kazetaritza-sarietako epaimahaikide da, eta, 2014tik, Espainiako Lankidetzaren «CooperaciónESdesarrollo» erakusketaren komisarioa. Oxfordeko Butterworth/Heinmann argitaletxerako itsas-liburu bat idatzi du, bai eta kulturari eta zinemari buruzko hainbat kritika-artikulu ere. Hitchcocken Vértigo filmaren azterketa filosofiko eta psikoanalitiko bat izan da azkena, eta Eugenio Trías-i eskaini dio. Gaur egun, Michael Mann zinema-zuzendariari buruzko liburu bat prestatzen dabil.
Pablo Berástegui (Iruña, 1968) Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua egitasmoaren zuzendari nagusia da, 2014ko urritik gaur egun arte.
Lan-ibilbide sendoa egin du Espainian kultur-ekoizle gisa, hainbat esparrutan ariturik, batez ere, maila handiko proiektuetan eta lankidetzakoetan. PHotoEspaña – Argazkilaritza eta Arte Bisualen Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria izan zen, 2002 eta 2006 bitartean, bai eta La noche en blanco ekimeneko lau ediziotakoa ere, 2007tik 2010era. 2008an Matadero Madrideko koordinatzaile orokor izendatu zuten. Matadero Madrid, hain zuzen, hiriko sormen garaikideko zentro berri bat zen, eta han aritu zen 2012ko abendura arte. Une horretan, kapitaleko beste kultur-proiektu handietako bat berriz zehazteko eta abiarazteko ardura eskaini zioten. Conde Duque egitasmoaz ari gara; han jardun zuen 2013 urtean zehar, harik eta Madrid utzi zuen arte, Pausa egitasmoari heltzeko. Egonaldi-programa bat da, landa inguruko artista, pentsatzaile eta poetentzat pentsatua.
2014ko urrian, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko lantaldean sartu zen, zuzendari nagusi gisa.
1998tik zuzentzen du DONOSTIA KULTURAko Komunikazio eta Irudi estrategia. Kultura erakunde horrek Donostiako kultur-eskaintzaren parte handi bat kudeatzen eta programatzen du.
Aurretik, Adegi – Gipuzkoako Enpresarien Elkarteko zuzendari-lanak bete zituen.
Baina lanean hasi, kazetaritzan hasi zen, Madrileko Editmedia ikus-entzunezko ekoiztetxeko editoreburu gisa (1987-1988) eta Actualidad Económica astekariko erredaktore gisa, IKTetan espezializatua.
Hala hitzartu dute Donostia Zinemaldiak eta Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID); erabaki horrekin aurretik hartutako konpromisoa indartu nahi izan dute bi alderdiek, alegia, Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industriarekin batera lan egitea talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.
Bestalde, Europa eta Amerika arteko koprodukzioei buruzko mahai-inguru bat sustatuko du Agentziak, bai eta Red en Cortos-en aurkezpena, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren baitan. Foroa Donostia Zinemaldiaren 63. edizioaren barruan gauzatuko da, irailaren 21etik 23ra, San Telmo Museoan.
Espainiako Lankidetzak indartu egin ditu ekimen honen bidez nazioartean erreferentziazkoa den Donostia Zinemaldiarekiko dituen loturak. Horren adibide da Iberoamerikako urteko ekoizpen garrantzitsuenei zein Espainiako film argitaragabeei bide emateko sortu zen Horizontes Latinos saila, hasieratik lagundu duena.
SAIL OFIZIALA
Eva Perón hil da. Gehien maitatu eta gorrotatutako pertsona da Argentinan. Espezialista handi bat arduratuko da baltsamatzeaz. Hilabetetan lanean egon ondoren, emaitza ezin hobea lortuko du. Baina hainbat estatu-kolpe izango dira Argentinan eta diktadore batzuek Evitaren ondarea ezabatu nahi izango dute herritarren oroimenetik. Horrenbestez, 25 urte iraungo duen liskarraren erdigune bilakatuko da haren gorpua. Bizirik dauden politikariak baino boteretsuagoa izango da Evita 25 urte horietan. Gael García Bernal, Denis Lavant eta Imanol Arias dira protagonistak.
Agustí Villarongak Pedro Juan Gutiérrezen izen bereko eleberria egokitu du. Zentzategi batetik alde egin ostean, Habanako kaleetan bizirauten saiatuko da Reinaldo, Kubako gizartearen hamarkada txarrenetako batean; 90ekoan. Noragabeko ibilaldi horretan, itxaropenak, desengainuak, rona, umore ona eta, batez ere, gosea izango ditu bidelagun, harik eta, bera bezala, bizirauten saiatzen ari diren Magda eta Yunisleidy ezagutzen dituen arte. Bataren eta bestearen besoetan, inguruko miseria material eta moralaz ahazten saiatuko da, amodioa, pasioa, samurtasuna eta sexurik lotsagabeena muturrera eramanda.
HORIZONTES LATINOS
Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua, Ciro Guerraren film berria xaman amazoniar baten eta bi esploratzaile mendebaldarren arteko istorio epikoa da: lehen harremana, elkartzea, hurbiltzea, traizioa eta, azkenik, bizitzaz haragoko laguntasuna.
Patricio Guzmán zinemagile txiletarrak uraz, kosmosaz eta gutaz, gizakioz, hitz egingo digu bere dokumental berrian. Txileko kostaldean, Ozeano Barearen sakontasunean agertzen diren bi botoi misteriotsurekin hasiko da guztia. Berlineko Zinema jaialdiko Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea.
María, 17 urteko gazte maia bat, familiarekin bizi eta aritzen da lanean, Guatemalako goi-lautadako plantazio batean. Lasai igarotzen ditu egunak han, gurasoek alaba finkako langileburuarekin ezkontzea hitzartzen duten arte. Filmak aipamen berezi bat jaso zuen Zinema Eraikitzen saileko aurreko edizioan; Berlineko zinema-jaialdian ere lehiatu zen, eta han Alfred Bauer saria eraman zuen.
Eltxo-izurri betean, Leonardo, bere maitasun-harremanaren krisiari aurre egin behar dion gizon bat, aitonarekin eta aitarekin bizitzera joango da. Aitona munduaren aurkako borroka etengabean bizi da; aita, bukatugabekoak eragindako melankolia-egoeran. Filmak Tigre saria eskuratu zuen Rotterdameko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.
Paulinak abokatu lanbide bikaina bertan behera uztea erabakiko du, Argentinako eskualde pobretu batean irakasle izateko. Kontrako giro batean, irakasle-lanari lotuko zaio, mutil-laguna galdu eta aitari aurre egin behar badio ere. Grand Prix sariaren eta Kritikarien Asteko FIPRESCI sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.
Caméra d'Or sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdian, 2013ko Donostiako Koprodukzio Foroan aurkeztua izan ondoren. Film honek familia bat erakusten digu, elkarrekin lotzen dituzten harreman hauskorrak konpontzen saiatzen dena, aurrerabidearen botere menderatzaileak desagertzear utzi dituenean.