Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailak Espainian aurten ekoitzitako obra nabarmenak bilduko ditu. Donostia Zinemaldiaren 63. ediziorako programaturiko izenburuak honako hauek dira:
Malagako zinema-jaialdiaren aurreko edizioa irabazi zuen film honek, Daniel Guzmánen lehen film luzeak. Daríok bere etxetik ihes egingo du, etxeko infernua atzean utzi nahian. Luismi, bere bihotzeko laguna, Caralimpia, garaile-jarrera duen delitugile zahar bat eta Antonia, bere motogurdiarekin bertan behera utzitako altzariak jasotzen dituen andre-zahar bat, Daríoren familia berria bihurtuko dira.
Ángel Santosen opera primak Nuevas Olas saria jaso zuen Sevillako zinema-jaialdian. Miguelek Pontevedrara bidaiatuko du, film baterako kokalekuak miatzeko agindu diote eta. Bidaiak sorterrira eramango du Miguel: lagun zaharrekin berriz elkartzera, baina baita harreman berri baterako aukera izatera ere.
Sergi Pérezen lehen filmak Borja Espinosa du protagonista. Goiz batean, Joelek hilzorian eta egarriz topatuko du Elvis, bere emaztearen zakurra. Horrek etxetik ateratzera behartuko du: denbora asko darama hori saihestu nahian. Giltzak etxe-barruan ahaztuta, egun osoa emango du nola edo hala bere etxera –bere babeslekura– itzultzen saiatzen.
Film koral bat da eta 400 metroko bide batean gurutzatzen diren 20 istorio kontatzen ditu: hasi Madrileko Lavapiés enparantzatik, eta Sala Mirador antzokiraino. Pertsonaiek hitz, borroka, barre, negar, mehatxu, xuxurlatu, oihu eta lapur egingo dute, eta elkartu, haserretu eta besarkatuko dira, ikusleari hitzaren botere neurrigabeari buruzko gogoeta bat proposatuz.
Zoe Berriatúaren opera prima Malagako zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiatu zen. Hiru nerabe mespretxuz eta modu txarrean tratatu dituzte. Amesgaiztoko egoera horren irtenbidea indarkerian aurkituko dute: bortitzei bortizkeriaz erantzungo diete, baina zuribide horrek kontrako eragina izango du.
Gracia Querejetaren azken filmean, Maribel Verdúk Elia jokatuko du: 40 urte bete dituen emakume bat, urtemuga aitzaki moduan baliatuko duena, senide eta lagun gutxi batzuk luxuzko landetxe batean biltzeko. Zerbait du haiei esateko: Euromilloiak aste horretan zozketatutako potoaren irabazle bakarra izan da bera.
Javier Fesser-ek zuzendutako abentura zoro honek erabat islatzen du Francisco Ibáñez-ek sortutako unibertsoaren espiritua. Mortadelo eta Filemon agenteek inoiz ezer ez konpontzeko eta bazterrak nonahi endredatzeko duten ahalmen osoa baliatu beharko dute, Jimmy gaizkile konplexuduna non dagoen aurkitzeko.
Leticia Dolera bere lehen film luzearen protagonista da. Berak idatzi eta zuzendu du, halaber, eta gidoi onenaren eta fotografia onenaren sariak lortu zituen Malagako zinema-jaialdian hari esker. María 30 urteko neska bat da, apur bat berezia. Helburu bat du: pertsona normal bihurtzea. Horretarako, hori zehazki zer den jakin beharko du lehenbizi.
José Mari eta Primitivo: bi ustezko detektibe eta arrakastarik gabeko bi langabe. Gaje ijito engainatzailea ustekabean agertzeak betiko aldatuko die bizitza...eta herrialdea bera. Gajek, Espainiako Erregearen semearenak egiten, ez-ohiko lan bat proposatuko die.
Pablo gidoigile argentinarrak Madrilen girotutako komedia erromantiko bat idazteko mandatua jasoko du. Ez du arazorik, ondo ezagutzen du generoa, Marina eta Víctorren arteko maitasun-istorioaren lehen urratsak ikusiko ditugu. Alabaina, krisian sartuko da Pablo. Ernesto Alteriori aktore onenaren saria eman zioten Malagako zinema-jaialdian film honegatik.
Santiago Segurak sortutako eta antzeztutako "heroia"ren abentura berria. Torrente espetxetik aterako da, 2018an, eta "legez kanpoko" bihurtzea erabakiko du. John Marshall aurkituko du, Eurovegas kasino-hoteleko segurtasuna ikuskatzeaz arduratu zen gizona, eta "espezialista" talde bat bilduko, sekulako lapurreta egiteko.