Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak zortzi film luze aurkeztuko ditu Euskal Herrian ekoitzitako zinemari buruzko Zinemira sailean. Mundu mailako lau estreinaldi eta aurten ekoitzitako beste lau lanek osatzen dute film-multzoa.
Lau estrainaldi hauek Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko aukera dute, baita gutxienez % 20an Euskal Herrian ekoitzitako gainerako filmak ere, Zinemaldian aurkeztu badira mundu-mailan, edozein dela ere saila. Epaimahai espezifiko batek erabakiko du zein izango den Irizar sariaren irabazlea. Film irabazlearen ekoizleek 20.000 € gordin jasoko dituzte.
ZINEMIRA
Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta EPEren eta IBAIAren lankidetzarekin.
Mundu mailako estreinaldia - Euskal Zinemaren Gala
June jaioterrira itzuliko da ustekabean, denbora batez atzerrian bizi ostean. Etxerako buelta mingarria izango da: familia eta lehenengo maitea, Diego, aldatu egin dira. June ere aldatu da, eta zail egingo zaio hautsitako lotura horiek osatzea. Baina, udazkeneko hego haizea bezalaxe, Junek iraultza ekarriko du.
Zer gordetzen du errefuxiatu baten telefonoak barruan? Haren oroitzapenak, memoria, nortasuna eta ihesean atzean utzitako munduarekin harremana. Zataari-ko errefuxiatu-eremu batean, mugikorrak konpontzeko denda bateko egunerokotasuna kontatuko digu film honek.
Mundu mailako estreinaldia
Hazparne, 1956. Ikusmin handia dago: bertako zinema-aretoan Euskal Herriari buruzko dokumental bat estreinatuko dute, euskaraz. Hurrengo hilabeteetan, Iparraldeko beste udalerri batzuetan proiektatuko dute, baita Parisen, San Frantziskon eta Dakarren ere. Laster galduko da haren arrastoa, ordea, eta guztiei ahaztuko zaie dokumentala. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da.
Mundu mailako estreinaldia
Jai Alaiaren historia sinestezina kontatuko digu dokumentalak, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bitartez. Ugariak dira haien biografien eta Jai Alaiaren historia beraren arteko paralelismoak. Hasiera apalak; arrakasta handiak mundu osoan, publiko agurgarriz betetako frontoitan; identitatearen galera, joko tradizional bat guztiz bestelako balioak dituzten gizarte batzuetara egokitzean...
Donostiako Jazzaldiak bere berrogeita hamar urteko historia laburbildu du dokumental honetan, jaialdi horretan protagonista izandakoen lekukotasunen eta betirako oroimenean iraungo duten kontzertu paregabeen irudien bitartez.
Animazioko zinema-zuzendari Sam-en lehen film luzea. La Trinik, mundu osoan ezaguna den flamenko-dantzari batek, bertan behera utziko ditu tablaoak, senarra hil zitzaionetik depresioak jota baitago. Deabru maltzur batek hartuko du haren zortzi urteko semea, Damian, eta gaiztakeria krudel eta odoltsuak egitera behartuko du.
Film honek elkarren etsai diren bi gizon eszenaratuko ditu; desadostasunak gorabehera, elkar ezagutzen eta errespetatzen ikasiko dute: Domingo Iturbe "Txomin" da bata, ETAko aparatu militarraren burua; Grègoire Fortin bestea, Mitterranden garaiko Justiziako ministroaren kontseilaria.
Mundu mailako estreinaldia
Gero eta hesi gehiagok banatzen du mundua. Alde batean nahiz bestean daude gizakiak. Ez dago zertan eztabaidatu harresiok zentzugabeak edo logikoak, ezinbestekoak edo saihesgarriak diren: alde bateko nahiz besteko pertsonak funtsean berdinak direla erakustea da gakoa.
Kimuak katalogoko film laburrak
Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2015 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Kimuak-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimenak, urteko film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film labur sartu dira Kimuak programaren aukeraketan.
Carlosek sorpresa bat prestatu du bere emaztearentzat. Liskarra izan zuten egun batzuk lehenago, eta barkamena eskatu nahi dio.
Londres. Higiezinen agente gazte batek salmenta garrantzitsu bat eta hamar urteko semearen zaintza uztartu beharko ditu. Malcolm eta Aron elkar ulertu ezinik dabiltza, eta hiriko azeri bat atzetik darabilte gau euritsu batean.
Don Mariano jatetxe ospetsu batera joango da, hegazkinez bidaiatuta; jatetxeko espezialitatea kalitateko haragi gorri naturalak dira, gantz eta kolesterol gutxikoak.
Herrixka abandonatu batean, adin ertaineko gizon eta emakume bat bizi dira soilik. Egun batean, zenbait etxe hutsetan argiak agertzen hasiko dira. Bakoitzak modu desberdinean erantzungo dio gertakariari. Haien bizitzak ez dira berriz berdinak izango.
Islandian, ilunpetan ematen dute urtearen parte handi bat. Gauak zera du ona: dekoratua borratzen duen atze-oihal moduko bat da, eta funtsezkoena uzten dizu aurrean, zeuk marraztu beharreko orri bat balitz bezala.
Mark Figueroa aktibista eta blogger ezagunak, emakume baten traizioak minduta, mendekua hartzea erabakiko du: bikotekideren batek engainatutako emakume oro gonbidatuko du berarekin harremanak izatera.
Tucker Dávila Wood-en Duellum film laburra Zabaltegi sailean proiektatuko da halaber.
ZINEMIRA SARIA
Karmele Soler makillatzaileak Zinemira Saria jasoko du aurten. Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute, euskal zinemagintzaren pertsona ospetsu baten lan-ibilbidea aitortzeko. Euskal Zinemaren Galan emango da Zinemira Saria, irailaren 22an, Victoria Eugenia antzokian, Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín filmaren lehen emanaldiarekin batera. Galaren ondoren Eroskik babesturiko Euskal Zinemaren Festa ospatuko da.
Karmele Soler Donostian jaio zen. Aita futbolari profesionala zuen, eta ama estetizista; hark kutsatu zion makillajerako zaletasuna. Oso gazterik hasi zen eta irakasle handiak izan zituen. Jaioterrian ikasi zuen estetika, eta bi urte geroago Madrilera jo zuen, Juan Pedro Hernández makillatzailearekin makillaje profesionala ikastera Estudio 24n. Alfredo Landaren eskutik Romana González makillatzailearen merezidun izatea lortu zuen José Luis Garciren Sesión continua (1984) filmean. Geroago, Zinemarako Makillajea espezialitatea egin zuen Pariseko Societé Française de Maquillage delakoan. Bere lehen pauso profesionalak Miramoneko ETBren estudio hasi berrietan egin zituen, eta harrezkero ez dio inoiz etxe horretan lan egiteari utzi.
Makillatzaile gisa zineman 1986. urte inguruan hasi zen, ETBk ekoitzitako lehen filmetan: Hamaseigarrenean aidanez, Andu Lertxundirena, Ehun metro, Alfonso Ungriarena, eta Zergatik Panpox, Xabier Elorriagarena. 1988an Ander eta Yul iritsi zen, Ana Díezena. Eta 1989an, Felipe Vegaren El mejor de los tiempos filmarekin, etxetik kanpo lan egin zuen lehen aldiz. Euskal zineman, nazionalean eta nazioartekoan lanean jarraitu zuen, eta munduko herrialde askorekin eginiko koprodukzioetan jardun zuen makillatzen: Cabo Verde, Maroko, Mexiko, Kolonbia, Bolivia, Argentina, Italia, Norvegia, Nepal, Portugal eta Frantzia.
Zuzendari askorekin lan egin du: Iciar Bollaínen Hola, ¿estás sola? (1995), También la lluvia (2010), Katmandú, un espejo en el cielo (2011) eta El olivo (2015); Pedro Almodóvarren Hable con ella (2002) eta La piel que habito (2011); Julio Medemen Lurra (Tierra, 1996) eta Los amantes del Círculo Polar (1998); Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa (1991), Ama hila (La madre muerta,1993), Airbag (1997) y Frágil (2004); Joaquin Oristrellen Novios (1999), Sin vergüenza (2001) eta Inconscientes (2004); Achero Mañasen Azaroa (Noviembre, 2003) eta Todo lo que tú quieras (2010); Daniel Calparsororen Salto al vacío (1995) eta Combustión (2013); Daniel Sánchez Arévaloren Azuloscurocasinegro (2006) eta Primos (2011); Manuel Gutierrez Aragónen Cosas que dejé en La Habana (1997); Imanol Uriberen La carta esférica (2007); Pablo Maloren Lasa eta Zabala (2014); Fernando González Molinaren Palmeras en la nieve (2015). Guztira 54 filmetan izan da makillajearen eta ile-apainketaren arduradun.
Goya sarietarako hainbat izendapen jaso ditu: 2002an Noviembre filmagatik, 2003an Inconscientesengatik, 2009an También la lluviarengatik eta Andrucha Waddingtonen Loperengatik. 2012an Goya saria lortu zuen La piel que habito filmari esker. Gaudí sarietarako ere izendatua izan da bitan: Ferran Audíren Lope eta The Frost (2009) filmengatik.
ETB GALA
Euskadiko kostaldeko herri batean, 50eko hamarkadan, girotutako serie honen lehen kapituluaren emanaldia. Jende multzo batek, gehiengoarentzat bereziki gogorrak izan ziren urte batzuetan, aurrera ateratzeko eta batera jarraitzeko egingo dituen ahaleginak islatzen ditu.
Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehiatuko diren filmak
Beste sailetako euskal produkzioak
Erabat edo zati batean euskarazkoak diren filmak
Euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak
Zinemira Euskaraz programaren barruan, Zineuskadiren laguntzaz, haurrentzat pentsatutako film-aukeraketa bat eskainiko da, euskaraz bikoiztua.
Horrez gain, belodromoan goizero emango da Astérix: Le domaine des dieux /Asterix and Obelix: Mansion of the Gods (Asterix: Jainkoen Egoitza) filma, euskaraz eta gazteleraz bikoiztua.
Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak
IV. EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa Donostia Zinemaldiaren ekimen bat da. Industriako profesionalentzat pentsatu da; helburua da Europa eta Latinoamerika arteko proiektu zinematografikoen garapena bultzatzea, eta, horrenbestez, nazioarteko koprodukzio -eta sustapen- sareak indartzea.
Horrez gain, elkargune bat eskainiko die Donostiara etorriko diren industriako profesionalei, eta matchmakers talde bat izango da harremanak errazteko.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatzen du jarduera hau, Europa Creativa-MEDIAren babesarekin eta honako hauen laguntzarekin: Producers Network, Ventana Sur, EGEDA (Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea), Eiken (Euskadiko Ikus Entzunezkoen Klusterra), EPE-APV (Euskal Produktoreen Elkartea), Europa Creativa Desk Media Euskadi - Zineuskadi, Europa Distribution, FAPAE (Espainiako Ikus-entzunezkoen Ekoizle Elkarteen Federazioa), IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Etxepare Institutua, LatAm cinema eta Ibermedia programa.
LAU HAIZETARA, DOKUMENTALEN XI. KOPRODUKZIO FOROA
Foro honen helburu nagusia ikus-entzunezko sektoreko profesionalei topagune bat eskaintzea da, dokumentalen generoari lotuta dauden produktore europarren artean koprodukzio-harremanak sustatzeko. Horretarako, foroak ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko profesionalak elkartuko ditu.
Jardunaldia goizez eta arratsaldez burutuko da, pitching saioak eta bilera indibidualizatuen agenda bat barne hartuz. Horri esker, ekoizleek beren proiektuak Europako Commissioning Editore adierazgarriz osatutako panel baten eta sektoreko hainbat profesionalez aurrean aurkezteko aukera izango dute.
Proiektuen aurkezpenera publiko gisa bertaratu, ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko profesionalak ezagutu eta aldi berean egiten diren jardueretan parte hartu nahi dutenak, oraindik garaiz dabiltza.
Informazio gehiago: www.lauhaizetara.eu