Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa antolatuko dute aurten ere. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da. Hamalaugarren Topaketa honen lehen aukeraketan 35 herrialdetako, 89 eskolatako, 193 film laburrek parte hartu dute: AEB, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Brasil, Danimarka, Ekuador, Erresuma Batua, Errumania, Eslovakia, Espainia, Frantzia, Georgia, Hego Korea, Herbehereak, Hungaria, India, Iran, Israel, Kolonbia, Kuba, Lituania, Mexiko, Txile, Paraguai, Peru, Polonia, Portugal, Puerto Rico, Qatar, Serbia, Suitza, Uruguai eta Venezuela.
Topaketa Tabakaleran (Duque de Mandas, 52) izango da, irailaren 22tik 25ra, 2016 Gunean (Easo, 43) aurkezpen eta inaugurazio ekitaldiak egin ostean, hain zuzen ere. Aukeratutako film laburrak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei irekitako saioetan aurkeztuko dira.
Film Laburrak eta Aukeratutako Eskolak
Komunismoaren garaian, normala zen janaria lortzeko ilaran itxoin behar izatea. Sabela hutsik luze itxoin ondoren, Mihailek ez du bere janari-errazioa jasoko. Hurrengo egunean, ilaran aurrena jartzen saiatuko da.
Hamazazpi urteko neska batek txori bat aurkituko du, harrapatuta, lan egiten duen fabrikan. Etxean zainduko duela erabakiko du gazteak, berriz aske uztea erabakitzen duen arte. Zalantzak sortuko zaizkio orduan, askatasuna bilatzeko inguruko giro txarretik aldentzeko erabakiari buruz.
Habanako fumigazio-zentro batean, Mayelínek esker txarreko zeregin bat du: etxean denge sukarraren eltxoa duten herritarrei isuna jartzea. Nagusi zorrotza eta langile liskartiak inguruan, Mayelínek bere autoritatea inposatuz lortu beharko du errespetua.
Víctor, gazte belgikar-uruguaiar bat, Belgikara itzuliko da. Familiako diru-sariak kobratzeko, ez du espainierako ikastaro batean izena ematea beste aukerarik: maila oinarrizkoenean izena ematea, eta bere ama hizkuntzaz txintik ez dakienaren plantak egitea.
1986. B taldeko oktanaje handiko rallyen gailurraldia. Lur orotako lasterketa izugarri arriskutsuek, ikusleen kontrol-falta nabariak eta inoiz izan diren automobil indartsu eta sofistikatuenetakoek ezagutzera emandako garaia.
Ruthi Hebroneko postu batean dago destinaturik. Bere lagun soldaduek asteburua elkarrekin pasatzeko gonbita egingo diote, bai eta berak onartu ere. Baina hiru egun horietan zehar Ruthik ulertuko du ezinezkoa dela sistema militarrean emakume gisa existitzea. Eta horretaz konturatzeak bere zina haustera eta den modukoa azaltzera bultzatuko du.
Sami, gazte suitzar-aljeriar bat, bere gaitasunekin bat etorriko den lan baten bila dabil. Suitzako inteligentzia-zerbitzuko lanpostu batera aurkeztuko da.
Miguelek atzean utziko du ezagutzen eta maitatzen duen guztia, legez kanpoko etorkin gisa AEBetara lanera joateko. Haren emazte Mónicak isilik sufrituko du Miguelen falta. Oroitzapenek eta nostalgiak betirako diraute.
Bizitza berri baten misterioak, estutasunak eta ametsak.
Marek gizarte-ingurune baztertu batetik datorren mutil bat da. Autobus batean, eraso bortitz bat ikusiko du. Izututa egon arren, mugikorrean grabatuko du gertaera osoa, baina beldurrak eta kontzientziak ez diote utziko behar bezala jokatzen.
Bi anaia gazte nora ezean doaz, mundu hutsean zehar, helmuga zehatzik gabe. Kilometro gutxi batzuetara, gizarteak hortzak erakusten ditu, eta hala ere ezin urrunagoa dirudi. Batera, errealitatetik ihes egiten saiatuko dira, baina... nola erlazionatu mundu ukaezin batekin, haren parte ez zarela dirudienean?
Gertuko senide bat Siriako gerra-eremuan desagertu da. Ibrahim, musika-tresnen fabrikatzailea eta familiako aita, sorterrian dituen senideekiko ardura-sentimenduarekin borrokan dabil. Gerra milaka kilometrora dago, baina den-dena suntsitzen du hala eta guztiz ere.
Lehiaketaz kanpo
Topaketan, bestalde, lehiaz kanpoko hiru film labur aurkeztuko dira. Batetik, Atelier Ludwigsburg-Paris proiektuko bi film labur proiektatuko dira. Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzeko sortutako egitasmo horretan, Pariseko La Fémis eta Baden-Württembergeko Filmakademie zinema-eskolek parte hartu dute.
Tom, hamasei urteko mutil bat, Evanen pagaburua da. Evanek eskuz egindako armak fabrikatzen ditu. "Pistola patata-jaurtitzailearen esperimentu"tik onik atera zenetik, Tom ez da pasatzen Evanen etxetik gertu. Baina, orain dibertitzen hasi dela, Evanek ez du geratzeko asmorik...
Nina Berlinekoa da; Fabien, Parisekoa. Beti banatuta egon direlako daude batera. Ezin dira luze egon leku berean. Bidaiengatiko pasioa, batetik; errealizazio-grina eta egonkortzeko premia, bestetik. Bien artean erdiratuta, haien harremana aurrera eramateko modu berri baten bila dabiltza. Fabienek harreman serioa izan nahi du Ninarekin, baina Ninari beste hiri batean lana eskainiko diote.
Hirugarren film laburra, Donostia Zinemaldiaren eta BioBioCine Festival Internacional de Concepción-en Txile arteko lankidetzaren eskutik dator. Biek ikus-entzunezko arloko ezagueren esperientzia-trukea sustatzeko helburua baitute.
Francesca transexual bat da eta Marcelorekin harreman ezegonkorra du. Francescak Marcelok beste emakume bat duela jakitean, Marcelok bertan behera utziko du Francesca. Une horretan, Francescaren aspaldiko lagun bat agertuko da berriz: Paula. Paularen egoera negargarria eta haurdunaldi aurreratua ikustean, Francescak etxean hartuko du.
SARIAK
Epaimahai berezi batek, bestetik, Topaketan parte hartuko duten eskoletako ikasleez osatutakoa, eta zinema munduko profesional ezagun bat buru izango duenak, sarien irabazleak aukeratuko ditu.
Berariazko epaimahai batek, euskal zentroetako ikasleek osatuta, HUHEZI-ko irakasle batek koordinatuta eta Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritzak zuzendutakoa, Orona Saria emango dio film labur berritzaileenari. Honekin, 5000 euroko saria emango zaio laburmetraiaren zuzendariari.
TorinoFilmLab-eko ordezkari batek Torino Award-a emango dio Topaketan parte hartzen duen zuzendari bati. Sarituak TorinoFilmLab-eko edozein programatan parte hartzeko aukera izango du 2015 eta 2016 urteetan zehar.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren antolatzaileak Donostia Zinemaldia eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa dira; Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburu proiektuarekin elkarlanean. Ekimen horrek ikus-entzunezkoen sorkuntza etengabe babestea du helburu, Donostia formatu txikiko edo ertaineko ekoizpenaren arloko erreferentzia izan dadin Europa osoan.