Merian C. Cooperrek (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsackek (1893-1979) Hollywoodeko historiak inoiz eman duen bikote sortzaile bitxi eta estimulatzaileenetako bat eratu zuten Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren aro klasikoan. Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioak haien lana berreskuratuko du, haien filmei eskainitako ziklo baten bitartez.
King Kong (King Kong, 1933) ospetsuaren egileak izateagatik izan dira ezagunak belaunaldietan zehar; nolanahi ere, Cooperrek eta Shoedsackek zinemari egindako ekarpena ez da maisu-lan horretara mugatzen. Dokumentalgintzako bi maisu-lanekin hasi ziren lanbidean: Grass; A Nation's Battle for Life (1925) eta Chang (1927). Ondoren, alegiazko filmak, dramak, abenturazkoak eta misteriozkoak egin zituzten. Gaur egun, kultuko filmak dira horietako zenbait: The Four Feathers (1929), The Most Dangerous Game (1932), The Last Days of Pompeii (1935), Dr. Cyclops (1940), The son of Kong (1933) eta Mighty Joe Young (1949).
Zuzendari moduan egin zituzten lanei eskainiko zaie atzera begirakoa: hala Schoedsackekin lankidetzan nola bakarka egindakoei. Donostia Zinemaldiak antolatu du, Espainiako Zinematekarekin elkarlanean. Zikloa osatzeko, bi zinemagileoi buruzko liburu bat argitaratuko da eta Quim Casasek koordinatuko du.
Cooper eta Schoedesack zinemagileek kameren atzean eginiko lehen lana Irango paisaia ikusgarrietan errodaturiko dokumental antropologikoaren klasiko hau izan zen. Antzinako Pertsiako Bakhtiari tribuaren eguneroko bizitza eta ganaduarentzako bazkaren bila egindako migrazioa: 50.000 pertsonak eta beren animalia taldeek hesi naturalak zeharkatu behar dituzte eta baldintza atmosferiko gogorrei aurre egin animaliei jaten ematea lortzeko.
Cooper eta Schoedsacken bigarren zinemako abenturak Tailandiako oihanetara eraman zuen bikotea. Fikziozko elementuak dituen dokumental honetan, zuzendariek askatasun osoa emango diote agertoki exotikoengatiko beren pasioari eta beren ikuskizun-zentzuari, gizonaren eta piztiaren arteko borrokari buruzko kontakizun zirraragarri honi esker.
A.E.W. Mason idazlearen eleberri kolonial ezagunaren hainbat bertsio egin dira zinemarako, baina Schoedsackek eta Cooperrek lehenengo soinudun egokitzapena egin zuten. Lagunek koldartzat duten Faversham tenienteak Sudanen bizitako abenturak aitzakia bikaina izango dira zuzendariek jatorrizko narrazioari berezko duten indarra eta dinamismoa emateko. Bikotearen filmografian ohiko lankide izandako Fay Wray aktorearekin eginiko lehenengo kolaborazioa izan zen hau.
King Kong maisulana errodatu baino bi urte lehenago Cooper eta Schoedsack bikoteak gizakien eta tximinoen arteko harremanei buruz amets egin zuen Sumatrako oihanetan giroturiko kontakizun honekin. Bokazio antropologikoa izan arren, errealitatearen behaketa hutsa egin ordez, bi zinemagileen lanean beti gailentzen da alegiarako joera.
Richard Connel-en kontakizun klasiko baten egokitzapena. Film hau entsegu moduko bat izan zen Cooper eta Schoedsackentzat; hain zuzen, hurrengo urtean King Kong filmean azkendu ziren hemen baliatutako amesgaiztoko giro harrigarriak. Dekoratu beretan filmatu zituzten bi lanak. Abentura-zinemak bat egingo du ipuin gotikoarekin film anker eta basati honetan, zeinaren akzio-sekuentziek zur eta lur uzten baitute oraindik.
Cooperrek eta Schoedsackek alde batera utziko dituzte beren filmografian hain ohiko diren agertoki exotikoak detektibe-intrigen Londresera joateko. Bikotearen aktore fetitxe Robert Armstrong Londreseko lainoaren artean galdutako amerikar bat izango da oraingoan, eta Alfred Hitchcocken film batetik ateratakoa dirudien bilbe korapilatsu batean nahastuko da.
Munstroei buruzko zinemaren historiako film ezagunena; zazpigarren artearen ikonorik iraunkorrena eman zigun izenburu mitikoa. Amodio ezinezko batengatik bere erresuma galduko duen gorila erraldoiaren historia tristea ez da mundu osoko adituek eta artistek aldarrikatzen duten Ederra eta Piztiaren mitoaren berrikuspen onirikoa bakarrik, efektu berezien, ikuskizunaren, imajinazioaren eta poesia puruaren erakusketa bikaina ere bada.
King Kong filmaren arrakastak haren bigarren zatia epe oso estuan egitera behartu zituen Cooper eta Schoedsack zuzendariak, aurrekontu askoz ere murritzagoarekin, gainera. Oraingoan jakingo dugu King Kong zaharrak kume bat utzi zuela Garezur Uhartean; gorila kumea oso kutuna da, on puska bat, eta abentura-grinaren erruz berriz ere mota guztietako arazoetan sartuko den aurreko filmeko protagonistaren ezusteko aliatu bilakatuko da.
Beren ohiko interesetatik oso urrun dagoela esango genukeen komedia dramatikoaren lurraldeetan eginiko sarrera txundigarria da Cooper eta Schoedsacken lan hau. Urte luzez bananduta egon diren aita baten eta alaba baten elkartzeari buruzko kontakizun hau, berez, garaiko Hollywoodeko izar handietako baten trebezia agertzeko lan bat da. John Barrymorez ari gara.
Bulwer Lytton-en Pompeiako azken egunak eleberria zinemaren historian gehien egokitu diren testuetako bat izan da, zinema mutuaren garaietatik. Garaiko efektu berezietako teknika onenek sumendi baten erupzioak suntsituriko hiri harroaren ikuskizun izugarri eta tragikoa ikusteko aukera emango digute.
Gobi basamortua izango da oraingoan Schoedsackek aukeraturiko eszenatokia film bat egiteko osagai guztiak biltzen dituen kontakizuna kokatzeko: naturaren aurka borrokatu behar duten gizon ekintzaileak, bidelapur arriskutsuak eta abenturarekiko eta arriskuarekiko maitasuna.
Cooperrek eta Schoedsackek eraikitako fantasia irudikorrenetako bat; zientzia-fikziozko zinemako klasiko txiki bat: zientzialari ero batek miniatura bilakaturiko gizon batzuen istorioa entretenimendu bikaina izango da, eta ez dira faltako gizonaren eta ziklopearen arteko borrokaren oihartzun mitologikoak.
Efektu berezien maisu Ray Harryhausen-en lehenengo lan honetan Cooperrek eta Schoedsackek argi utziko dute tximino erraldoiei buruzko filmengatik duten obsesioa. Oraingoan, tximinoa ez da Kong bezain erraz haserretuko, eta, ondorioz, emaitza familia-abentura xamur eta atsegina izango da, hori bai, efektu berezi ikusgarriei uko egin gabe.
Ulertzekoa da Merian C. Cooper, zinema-ikuskizunaren maisua, zoratzen egotea Cineramarekin. Proiekzio-sistema inguratzaile horrek iraultza ekarri zuen 50eko hamarkadako erakusketa zinematografikora. Dokumental honek teknika horren aukerak aztertuko ditu mota guztietako paisaietan eta lekuetan barrena ibilita, ikuslea pantailan murgiltzeko helburuz.
Merian C. Cooper zinemagile eta abenturazale porrokatuaren figura aldarrikatzen duen dokumentala da hau. Cooper izan zen zinemaren historiako film mitikoetako baten egile: King Kong. Alec Baldwin narratzaile duela, lan honek ibilbide zirraragarria proposatuko digu zinemagilearen nobelako biografia, haren filmak eta izaera kartsua erakusteko.
Gogoratu, Zinemaldiko aurreko edizioetako zikloei eskainitako
liburuak Zinemaldiko Argitalpenen Dendan lor ditzakezula.