Lehiaketako hiru film berri gaineratu zaizkie datorren Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialerako aldez aurretik iragarritako filmei: Liu Hao Donostiara itzuliko da Xiang bei fang / Back to the North filmarekin, Sail Ofizialean Addicted to Love filmarekin lehiatu eta bost urte beranduago; Joachim Lafosse zinemagile belgikarrak bere film berria aurkeztuko du, Les chevaliers blancs / The White Knights; eta Peter Sollettek Freeheld ekarriko du Zinemaldira, Julianne Moore, Ellen Page, Michael Shannon, Josh Charles eta Steve Carrell protagonista dituen filma.
Zuzendari Berriak saila, bestalde, itxita geratu da, Suediako produkzio bat sartuta: Peter Grönlundek zuzendutako Tjuvheder / Thieves Honour filma.
Sail Ofiziala
Joachim Lafossek pantaila handira darama Zoeren Arkari buruzko polemika, 2007an egunkarietako tituluak bete zituena. Esku hartzeko eskubideari buruzko istorio bat da. Sud Secours GKEaren presidente Jacques Arnaultek eragin handiko operazio bat prestatuko du: taldekideekin batera, Txadetik atera nahi ditu gerra zibilaren biktima izandako 300 umezurtz, adopzio-eskaerak egin dituzten frantsesei emateko. Françoise Dubois kazetaria gonbidatuko dute, hedabideentzat informazioa biltzeko. Gerra betean dagoen herrialde baten errealitate bortitzean murgilduta, GKEko kideak beren usteak galtzen hasiko dira, eta esku-sartze humanitarioaren mugei aurre egin beharko diete.
Julianne Moore, Ellen Page, Michael Shannon, Steve Carell eta Josh Charles dira film labur dokumentalaren Oscar saria irabazitako eta Philadelphia-ko gidoilariak egokitutako film honen protagonistak. Laurel Hester-en eta Stacie André-ren arteko amodio-istorioa eta justizia lortzeko borroka. New Jerseyko polizia-kide ohoratu bati, Laureli, minbizia diagnostikatu diote, eta bere izatezko bikote Stacieri utzi nahi dio urtetan irabazitako pentsioa. Baina konderriko legegileek ez dute begi onez ikusten bikote homosexuala, eta haiei aurka egiteko konspiratuko dute. Dane Wells detektibeak eta Steven Goldstein aktibistak bikotearekin bat egin, eta hala polizia-kideak nola herritar arruntak bilduko dituzte berdintasunaren aldeko borrokan.
Xiao Ai-ri gaixotasun terminal bat diagnostikatu diote. Ez da luze biziko, eta hiltzean bere gurasoak «familia galdu» bihurtzeak kezkatzen du. Izan ere, ez da haiek zaintzeko inor egongo. Horregatik, beste haur bat izan dezaten konbentzitu nahi ditu. Liu Hao Donostia Zinemaldian lehiatu zen 2010ean, Addicted to Love filmarekin; bere azken filma da hau.
Zuzendari Berriak
Film hau gizarte-drama bizi bat da: emakume baten borroka, gizartearen bazterretan aurrera ateratzeko. Minna droga-saltzaileak, alokairua ordaindu ezinean, delitugile batzuk engainatuko ditu droga-salerosketa batean, eta diru guztia hartuko du. Horrela ezagutuko du Katja, zeinari gizarte-zerbitzuek haurra kendu dioten.