Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak ziklo bat eskainiko dio azken 15 urteetan Japonian ekoiztutako zinema independente berriari.
Estudio handiek sortutako filmez haratago, Japoniako zinema independentearen fenomenoa sormen zinematografikoko iturri garrantzitsu izan da, eta industriatik kanpo ekoitzitako lanak eman ditu. Zuzendari gazteen lehen lanak ez ezik, hainbat zinemagile ospetsuren filmak aurki daitezke, adierazpen-askatasun handiagoa dutelako zinema komertzialaren esparrutik kanpo.
Hala, ziklo honetan, aukera izango dugu herrialde horretako zinematografiaren bizitasuna eta energia ezagutzeko, bertako zinemagile aipagarrienetako batzuen lanen bitartez.
Japoniako zinema independentea 2000-2015 zikloa Donostia Zinemaldiak antolatu du, hauekin lankidetzan: CulturArts-IVAC (Valentzia), San Telmo Museoa, Euskadiko Filmategia eta Elkarrizketak Donostia 2016.
Shozo Ichiyama-k koordinatutako argitalpen batekin osatuko da atzera begirakoa. Ichiyama ekoizle japoniar bat da, eta Tokio Filmex nazioarteko zinema-jaialdiaren programazio-zuzendaria.
Zinemagile japoniar garaikideen artean, Nobuhiro Suwa Europako kultura gehien miresten dutenetakoa da. Iragana berreskuratzeko ahalmen(ez)ari buruzko saiakera-film bat proposatzen du, dokumentalaren eta fikzioaren arteko erdibidean, Frantziako zinemako klasiko baten remake zail baten bitartez: Hiroshima mon amour.
Kazuyoshi Kumakiri zinemagilearen bigarren filma Berlineko zinema-jaialdiaren Forum sailean aurkeztu zuten, 2001ean. Kontakizun fina da, munduarekin apenas harremana izan duen gazte bakarti baten eta dagoeneko gehiegi ikusi duen neska baten artean ezarriko den ustekabeko harremanari buruzkoa.
Jatorri korearreko Sang-il Lee errealizadore japoniarraren lehen filma gaur egungo Japoniari buruzko fresko bat da, hiru pertsonaiaren bizipen gurutzatuen bitartez marraztua; adin desberdinekoak dira hirurak, baina denak etsi eginak daude, bakardadeak eta zori gaiztoak markatuak.
Tetsuo (1989) film zirraragarriari esker nazioartean ospetsu bihurtu ondoren, Shinya Tsukamoto berriz murgildu zen bere atmosfera klaustrofobiko eta obsesiboan, erotismoz, erruz eta pasioz betetako fabula bat kontatzeko: gizon misteriotsu bat ezkondutako emakume bati jazartzen hasiko da.
Kiyoshi Kurosawa zinemagile ospetsua bere alegiazko filmek ezagutarazi badute ere, Canneseko zinema-jaialdian film errealista honekin lehiatu zen. Kronika sotil bat da, gazte japoniarren nahasmenduari eta erreferentzia-puntuak galdu dituen gizarte baten nora ezari buruzkoa.
Japoniako «burbuila ekonomikoa»ren satira garratza, komedia minimalista baten moldean. Daisuke eta Hisako zorrez lepo geratu dira zorigaiztoko negozio baten ondorioz eta urrutiko irla batean bizitza berri bat hastea erabakiko dute. Baina komunitate horretan, bizitza ez da haiek uste bezain idilikoa izango. 2003ko Rotterdameko zinema-jaialdirako hautatutako pelikula.
Emakume baten erretratu hunkibera da: mundutik isolatuta dagoen emakume bat du protagonista, inoiz erantzuten ez duen telefono mugikor baten bibrazioa besterik sentitu ezin duena. Hala ere, ezezagun batekin halabeharrez aurkitu, eta bere emozioak eta sexualitatea aurkitzeko bidaia bati ekingo dio.
Aum sektak 1995ean Tokioko metroan egindako atentatua harturik oinarri, Akihiko Shiota erlijio-kultuen gizarte-fenomenoa ikertzen saiatzen da, parabola baten bitartez. Efektismoak bazterturik, trebezia bereziarekin kontatzen du haurtzaro osoa sekta batean eman, eta orain munduari aurre egin beharko dion haur baten istorioa.
Sumida Masakiyo aktore desgaitua da kontakizun honetako protagonista; kontakizun ankerra, komikoa eta ironikoa, baina betiere izugarri gizatiarra: Sumida, funtzio motorra mugatua duen gazte bat, zaintza-lanetarako bere burua boluntario eskaini duen ikasle batekin maitemindu da; neskari, ordea, Sumidaren lagunik onena gustatzen zaio. Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztua, 2005ean.
Film onenaren sariaren irabazlea Pia zinema-jaialdian (Japoniako zinema independentearen paradisuan), Izumi Takahashiren lehen filma bikote baten harremanaren desegitearen kronika klaustrofobikoa da. Modu enpatiko bezain errukigabean filmatua, zorroztasunez eta sentikortasunez.
Masahiro Kobayashi gertakari erreal batean oinarritu zen Canneseko zinema-jaialdian lehiatutako film hau egiteko: terrorista islamiarrek Nahoko Takato aktibista bahitu zutenekoa. Hala ere, benetan, Japoniako gizartearen intrantsigentzia da filmaren gaia, bai eta nola epaitu zuten Takato bahiketatik onik ateratze hutsagatik ere.
Kenji Uchidak Gazte Kritikaren Saria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian, pertsonaia desberdinen ikuspuntutik kontatutako komedia erromantiko burutsu honi esker. Maitasun-istorio bat, gero eta gehiago konplikatzen dena, bizitza ez delako inoiz filmak bezain erraza.
Dokumental autobiografiko gordin eta zinezkoa; Japoniako zuzendari ospetsuenetako bat den Naomi Kawasek bizitzaren eta heriotzaren zikloei buruzko gogoeta bat egiten du, bere amona zaharraren eta bere seme jaioberriaren bitartez.
Matsuyama Kenichi Japoniako zinema-izar gaztea da kontakizun honen protagonista: bera baino hogei urte zaharragoa den irakaslearekin harreman bat hasten duen ikasle baten sexu-grinari eta nahasketa sentimentalari buruzko kontaketa bat da. Nami Iguchi zuzendariak urruntasun klinikoz begiratzen du amodio-istorioa, zehazkiago jasotzeko istorioaren ñabardura ugariak.
Japoniako Armada Gorria 70eko hamarkadako talde terrorista aktibo eta beldurgarrienetako bat izan zen. Koji Wakamatsu zinemagile beteranoak, 72 urte zituenean, berak ondo ezagututako talde armatu horren historia kontatzeko lanari heldu zion. Artxiboko metrajea eta aktoreen antzezpenak elkartuz egin zuen Japoniako historia garaikidearen pasarte horri buruzko kronika zorrotz hau.
Eskoletako eta institutuetako bullying-a gaur egungo gizarte japoniarrean kezka sortzen duten puri-puriko gaietako bat da. Hiromasa Hirosue aktore eta zuzendaria Rotterdameko zinema-jaialdian lehiatu zen film honekin: efektismotik ihesi heltzen dio gaiari, gizarte-fenomeno gaitzesgarri honetako biktimengana umiltasunez eta begirunez hurbildurik.
Veneziako zinema-jaialdian aurkeztutako film honetan, Shinji Aoyamak, 90eko hamarkadako zinemagile japoniarren mugimendu berriaren ordezkari nabarmenetakoak, familia-harremanen izaeraren inguruan hausnartzen du. Protagonistak, Kenji gazteak, familia sortu du bere aldetik, baina haurtzaroan bertan behera utzi zuen amarekin topo egiteak auzitan jarriko dio guztia.
Ziur aski, Sion Sono gaur egungo zuzendari japoniar muturrekoena da, eta aurretik zer egingo duen jakiteko zailenetakoa. Askoren ustez, haren maisu-lana da Berlineko zinema-jaialdian saritutako film hau: ñabardura epikoak dituen amodio-istorio bat, berebiziko metraje baten bidez garatua, non denetarik sartzen baita: artea, erlijioa, sexua, familia eta xelebrekeria-katalogo oso bat.
Ryusuke Hamaguchi Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen, 2008an, bere lehen filmarekin. Zinema independentearen joera garbienean egindako filma da: harremanen gaineko azterketa zorrotza, desleialtasunak ilunduta ezkontzear dagoen bikote bati buruzko kontakizun baten bitartez.
Film honekin, Kazuhiro Soda dokumentalgile entzutetsuak Japoniako gizarteko tabu garrantzitsu bat hausten du: buru-gaixotasunen arazoaren inguruan hitz egiteko duten errezeloa. Hilabete batean Okayamako ospitale psikiatrikoan filmatua, Berlineko zinema-jaialdian aurkeztutako dokumental honek xeheki behatzen du joera suiziden eta gizartearekiko beldurraren biktima den paziente-talde baten egunerokotasuna.
Berlineko zinema-jaialdian aurkeztutako film hau lau pisukideri buruzko azterketa zorrotz bat da. Haien bizitzak errutinazkoa eta lasaia dirudi, harik eta bosgarren bat iritsi, eta bizi diren sistemaren hauskortasuna agerian uzten duen arte. Nor da etxeko bosgarren pisukidea? Bera ote da auzoan dabilen serie-hiltzailea?
«Yellow Kid» Amerikako komiki pertsonaia ospetsu bat izan zen. XXI. mendean, manga artista japoniar batek bizi berria emango dio: kaleko mutil bat boxeolari bihurtuko da, eta, horrekin batera, gizarteak baztertutakoen heroi. Baina, gazte batek bere ametsak betetzeko pertsonaia hori hartzen duenean inspirazio gisa, errealitatearen eta itxaropenaren arteko aldea oso mingarria gerta daiteke. Rotterdameko 2010eko zinema-jaialdirako hautatutako pelikula.
Lau pertsonaren arteko harreman sentimental konplexuei buruzko ganbera-pieza, hainbat asteburutan zehar filmatua, bigarren eskuko auto baten prezioaren pareko aurrekontuarekin eta aktoreek beren elkarrizketak inprobisatuz. Film harrigarria da, mugatua badirudi ere, eta 2011ko Rotterdameko zinema-jaialdian lehiatu zen.
Takahisa Zeze kultuko zuzendari bihurtu da Japoniako zinema independentean. Ziur aski, hau da haren film handinahiena; Berlineko zinema-jaialdian aurkeztu zuten, 2011n. Gaur egungo gizarte japoniarraren fresko zorrotza, non mendekuak, adulterioak, zekenkeriak, maitasunak eta libre geratzeko beharrak mindu dituen pertsonaia batzuen istorioak gurutzatzen baitira.
Sawako bai lanean bai maitasunean krisian dagoen emakume bat da. Sorterrira itzuliko da, familiaren negozioaren ardura hartzeko. Emakume baten erretratu zoragarria, samurtasunez eta umorez josia, eta Hikari Mitsushima aktore protagonistaren lan bikainean bermatua. Film hau Tokioko Pia film-jaialdian aurkeztu zuten, 2009an.
Izaera oso desberdineko bi gizonen arteko laguntasun-istorio baten bitartez, etorkin brasildar-japoniarren komunitatean murgilduko gara: haien sentimendu kontraesankorretan, hip hop-aren bitartez adierazteko moduan. Baina, horrez gainera, Japoniako zineman gutxitan erakusten den proletarioen munduan barneratuko gara. Locarnoko 2011ko zinema-jaialdian lehiatutako pelikula.
Yuki Tanadaren film hau Japoniako literatura erotiko berriaren errebelazio handietako baten, Misumi Kuboren, best-sellerraren egokitzapen bat da. Hainbat pertsonaiak aspertze, frustrazio, bakardade eta etsipenari aurre egin nahian sexuarekin eta sentimenduekin dituzten harremanak aztertzen ditu filmak.
Beti irudimentsua den Daihachi Yoshidaren film honek gertakari bat kontatzen du, ikuspuntu desberdinetatik, Rashomon filmaren high school estiloko bertsio bat balitz bezala: Kirishima, boleibol klubeko izarra, desagertu egin da eta institutuko hierarkia-egitura kolokan dago. Freak komediaren eta nerabe-pentsamoldearen labirintoetan murgiltzearen artean dabilen enigma.
Toshi Fujiwara zinemagilea Fukushimako instalazio nuklearraren inguruko 20 kilometroko segurtasun-eremuan sartuko da. Inguruak ebakuatzeko agindua noiz gauzatuko zain dauden biztanleekin hitz egin eta haien lekukotasunak jasoko ditu: atzean uzten duten iraganari eginiko eskaintza eta etorkizunari buruzko zalantzak. Berlineko zinema-jaialdirako hautatutako dokumentala.
Proletario japoniarren munduan girotutako drama iluna. Mundu gogorra, beti baitago industria-guneen atzeko botere ekonomikoen azpijokoen mende. Berlineko zinema-jaialdian aurkeztutako film honen oinarria lan-istripu batean senarra galduko duen emakume baten kontakizuna da. Filmak Japoniako 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemako klasiko handien arrastoari jarraitzen dio.
Koji Fukadak Eric Rohmer-en zinemari omenaldi bat egiten dio ipuin honekin. Leuntasun zoragarriz, gazte baten suspertzeari jarraituko dio; unibertsitatean sartu aurretik, neska bat kostaldeko hiri lasai batera joango da, uda izebarekin igarotzera. Zentzumenen plazerari eskainitako film bat, batetik, baina baita bizitzaren bidean zain ditugun desilusio eta oinazeei buruzko gogoeta bat ere, bestetik.
Japonia hegoaldeko Iya eskualdean, paisaia ikusgarri artean filmatua, alegia poetiko bat da film hau: gizon bat hiri handiko mugimendutik ihesi doa, baina konturatuko da gaur egungo bizimoduak natura mehatxatzen duela. Tetsuichiro Tsutak 28 urterekin filmatu zuen lan jakintsu eta heldu hau, eta Japoniako zinemako maisu handien lanarekin alderatu dute filma.
Japoniako 90eko hamarkadako errebelazio handietako batek, Sabuk, bere omenaldi berezia egiten die izu-zinemako klasikoei, zuri-beltzeko fantasia honekin. Etorkizuneko Japonia bati buruzkoa da: zonbiak otzandu dituzte, eta mirabe gisa zerbitzatzen dute. Baina, izu-zinema hutsetik harago, Sabuk gizarte-satira makabro eta aztoratzaile bat egin du.
Mipo Oh Japoniako zinema garaikideko gidoilari eta errealizadore aipagarrienetako bat da. Bigarren pelikula du hau, eta aparteko sotiltasunez kontatzen du maitasun-istorio eder eta mingarri bat, gizarte baten hondakinen artean, itxaropen oro ezinezkoa dirudien toki batean.
Fukushimako hondamendiak dokumental ugari eman ditu azken urteotan. Ikuspuntu desberdinetatik heltzen diote gaiari. Baina Makoto Shinozakik nahiago izan du fikzioa erabili fantasiazko elementuak dituen fabula honetan, non bi emakume, psikologia irakasle bat eta haren ikaslea, gaur egungo gizarte japoniarraren trauma handienari aurre egiten saiatzen baitira.