Alejandro Amenábarren azken lanak, Regressionek, inauguratuko du Donostia Zinemaldiko hurrengo edizioa. Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo aurkezten den film hau irailaren 18an emango da, lehen aldiz mundu osoan, Kursaal auditoriumean.
Regressionek nazioarteko aktore-talde bat bildu du, Ethan Hawke, Emma Watson, David Thewlis eta David Dencik buruan. Alejandro Amenábar bera izan da gidoigilea ere; egiten duen seigarren film luzean, thriller psikologikora itzuli da. Dagoeneko klasikoak diren hainbat ekarpen egin ditu genero horretan: esaterako, The Others, Abre los Ojos eta Tesis. Kanadan eta ingelesez errodatu dute filma, eta Fernando Bovairak ekoiztu du.
1990eko Minnesotan dago kokatua: protagonista Bruce Kenner (Ethan Hawke) da, Angelaren (Emma Watson) kasua ikertzen ari den detektibea. Angelak bere aita John Gray-ri krimen aitorrezin bat egin izana leporatu dio. Johnek, ustekabean eta gertatutako ezer gogoratu gabe, bere errua aitortzen duenean, Dr. Raines psikologo ospetsua kasuan sartuko da, Johni oroitzapenak gogoratzen laguntzeko. Haiek aurkitutakoak konspirazio gaizto bat aterako du argitara.
Telecinco Cinemak aurkezten du Regression. Filma Espainiako eta Kanadako etxe hauen arteko produkzio bat da: hain zuzen, MOD Entertainment, MOD Producciones, Himenóptero, First Generation Films, Telefónica Studios eta Regression A.I.E., FilmNation Entertainment-ekin elkarturik, Telefilm Canadaren parte-hartzearekin, Mediaset Espainiaren lankidetzarekin eta Movistar+en parte-hartzearekin. Espainian, Universal Pictures International Spain etxeak banatuko du filma; aurreikusi dutenez, urriaren 2an estreinatuko da zinema-aretoetan. Donostia ondoren, beste herrialde handi batzuetan estreinatuko dute Regression: besteak beste, Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian, Italian, Txinan eta Korean. Gainerako estreinaldiak hurrengo hilabeteetan etorriko dira, filma mundo osoan banatu arte.
SAIL OFIZIALEKO INAUGURAZIOA - Lehiaketatik kanpo
Minnesota, 1990. urtean. Bruce Kenner detektibea Angelaren kasua ikertzen ari da. Angelak krimen aitorrezin bat egitea leporatu dio bere aita John Gray-ri. Johnek, ustekabean eta gertatutako ezer gogoratu gabe, bere errua aitortzen duenean, Raines psikologo ospetsua kasuan sartuko da, Johni gogoratzen laguntzeko. Haiek aurkitutakoak konspirazio gaizto bat aterako du argitara.