"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiko 63. edizioa datorren irailaren 26an amaituko da, London Road filmaren lehiaketaz kanpoko emanaldiarekin. Aurrez, Torontoko zinema-jaialdian izan da Britainiako film hori. BBC Films-ek, British Film Institute-k eta National Theatre-k ekoiztua, eta Rufus Norrisek zuzendua, Alecky Bythe-ren gidoiarekin eta Adam Cork-en musikarekin, izen bereko musikalaren pantaila handirako moldaketa da filma. National Theatren bi denboraldi erabat arrakastatsu izan ondoren, lan nabarmengarri eta berritzaile gisa laudatu dute musikala.
London Roadek benetako gertakari bat kontatzen du, Suffolk-eko konderriko biztanleak astindu zituena: 2006an, Ipswich hiriko lasaitasuna galdu zen, bost emakumeren gorpuak aurkitu zituztenean. London Road kaleko auzotarrak urteak zeramatzaten protestan, kale horretan maiz ibiltzen baitziren prostituten zerbitzuak eskatzen zituzten gizonak. Komunitatea zoritxarreko gertakari horien epizentro nola bihurtu zen deskribatzen du filmak. Benetako pertsonen lekukotzak baliatuz eta musika-partitura berritzaile batekin, London Roadek istorio zirraragarri bat kontatzen du: hain zuzen, nola batzen den jende arrunta bizipen lazgarri bati aurre egiteko.
Film korala da, eta aktore-talde hau du protagonista: Olivia Colman, Clare Burt, Rosalie Craig, Anita Dobson, James Doherty, Hal Fowler, Kate Fleetwood, Linzi Hateley, Nick Holder, Claire Moore, Michael Shaeffer, Nicola Sloane, Paul Thornley, Howard Ward, Duncan Wisbey eta Tom Hardy.
National Theatre antzokiko izen bereko musikal arrakastatsuaren moldaketa bat da filma, eta benetako gertakari bat kontatzen du; hain zuzen, 2006an Suffolk-eko konderriko biztanleak astindu zituena: Ipswich hiriko lasaitasuna guztiz urratuta geratu zen bost emakumeren gorpuak aurkitu zituztenean. Komunitate hori zoritxarreko gertakarion epizentro nola bihurtu zen deskribatzen du filmak.