Donostia Zinemaldiak, 63. edizioan, Latinoamerikako urteko produkzio aipagarrienetako batzuk aurkeztuko ditu, berriz ere. Horizontes Latinos saileko programazioan hamalau ekoizpen sartu dira, Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Txile, Guatemala, Mexiko, Peru eta Venezuelatik ekarriak. Nazioarteko jaialdi garrantzitsutan lehiatutako edo aurkeztutako filmak dira, baina oraindik Espainian aurkeztu gabeak: ez jaialdietan, ez zinema-aretoetan.
Epaimahai espezifiko batek erabakiko du nori eman 35.000 euroko Horizontes saria. Zenbateko horretatik, 10.000 euro film irabazlearen zuzendariari emango zaizkio; gainerako 25.000 euroak, berriz, lana Espainian banatzen duen etxeari.
Saila Pablo Larraínen El club filmak inauguratuko du saila. Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Lau gizoni buruzko istorio bat kontatzen du: batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean, iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali baitituzte hara.
Inaugurazioa
Pablo Larraínek Epaimahaiaren sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlineko azken zinema-jaialdian film honekin. Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara.
Arnulfo Rubiok, Estatu Batuetako eta Mexikoko mugaldeko arma-trafikatzaile gazte batek, ez daki Tabako eta Arma Trafikoko Agentziako Hank Harris agentea segika duela. Harrisek akats arriskutsu bat egin eta gero, etsi-etsian, Rubiok erabaki bat hartuko du: agentea Mexikon sartzea, ezkutuan. Lehen Lan Onenari saria Berlineko zinema-jaialdiko Panorama sailean.
Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua, Ciro Guerraren film berria xaman amazoniar baten eta bi esploratzaile mendebaldarren arteko istorio epikoa da: lehen harremana, elkartzea, hurbiltzea, traizioa eta, azkenik, bizitzaz haragoko laguntasuna.
Patricio Guzmán zinemagile txiletarrak uraz, kosmosaz eta gutaz, gizakioz, hitz egingo digu bere dokumental berrian. Txileko kostaldean, Ozeano Barearen sakontasunean agertzen diren bi botoi misteriotsurekin hasiko da guztia. Berlineko Zinema jaialdiko Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea.
David gaixo terminalekin lan egiten duen erizain bat da. Eraginkorra eta bere lanari guztiz emana, lotura estuak eratzen ditu artatzen dituen pertsonekin. Lanetik kanpo, ordea, David ez da eraginkorra, baldarra eta isila baizik. Canneseko zinema-jaialdian gidoi onenari saria irabazi zuen filma.
Armandok 50 urte ditu; Caracas-eko kaleetan gizon gazteak bilatzen ditu, eta berekin etxera joateko ordaintzen die. Gainera, maiz espiatzen du gizon zaharrago bat ere; dirudienez, iraganeko loturaren batek lotzen ditu biak. Egun batean, Elder ezagutuko du. Hamazazpi urteko gazte bat da, malandro-talde baten buruzagia. Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatutako filma.
David Pablosen bigarren pelikula 2014ko Donostiako Koprodukzio Foroan aurkeztu zuten eta geroago Canneseko zinema-jaialdiko «Un Certain Regard» sailean. Sofía, 14 urteko gazte bat, Ulisesekin maiteminduta dago. Ulises dela-eta, baina baita Ulisesesk hala nahi ez badu ere, Mexikoko iparraldeko prostituzio-sare batean sartuta amaituko du Sofíak. Sofía askatzeko, Ulisesek haren ordezko neska bat bilatu beharko du.
María, 17 urteko gazte maia bat, familiarekin bizi eta aritzen da lanean, Guatemalako goi-lautadako plantazio batean. Lasai igarotzen ditu egunak han, gurasoek alaba finkako langileburuarekin ezkontzea hitzartzen duten arte. Filmak aipamen berezi bat jaso zuen Zinema Eraikitzen saileko aurreko edizioan; Berlineko zinema-jaialdian ere lehiatu zen, eta han Alfred Bauer saria eraman zuen.
Zinema Eraikitzen sariaren irabazle Zinemaldiaren aurreko edizioan. Magallanesek ezagutu egingo du bere taxira igo den emakume bat. Celina da, duela hogei urte baino gehiago apetaz atxilotu zuen nekazari adingabea. Garai hartan, soldadua zen Magallanes. Orain, kontu bat dute konpontzeko. Eta, Magallanesek, bere erruaz libratzeko aukera bat. Damián Alcázar, Magaly Solier eta Federico Luppi dira protagonistak.
Eltxo-izurri betean, Leonardo, bere maitasun-harremanaren krisiari aurre egin behar dion gizon bat, aitonarekin eta aitarekin bizitzera joango da. Aitona munduaren aurkako borroka etengabean bizi da; aita, bukatugabekoak eragindako melankolia-egoeran. Filmak Tigre saria eskuratu zuen Rotterdameko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.
Paulinak abokatu lanbide bikaina bertan behera uztea erabakiko du, Argentinako eskualde pobretu batean irakasle izateko. Kontrako giro batean, irakasle-lanari lotuko zaio, mutil-laguna galdu eta aitari aurre egin behar badio ere. Grand Prix sariaren eta Kritikarien Asteko FIPRESCI sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.
Fernando bere seme bakarraren ardura duen gizon zintzo bat da. Semea, Daniel, mutil lotsati eta sentibera da. Ana emaztea hil zitzaionetik, Fernandok gauero gogoratzen du elkarri zioten maitasuna, maite hilaren gauzak txukunduz. Egun batean, VHS bideo-zinta bat aurkituko du eta horrek dena aldatuko du. Film honek Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen Zinemaldiaren iazko edizioan, aurrekoan Koprodukzio Foroan egon ondoren.
Julio Hernández Cordónen film berria Locarnoko zinema-jaialdiko lehiaketarako hautatu dute. Miguelek eta Johnnyk txikitatik ezagutzen dute elkar. Patinatzen eta ondo pasatzen ematen dute denbora. Diru erraza lortzeko eta patinatzen jarraitzeko, beren odola salduko diote kontaktu klandestino bati. Jarduera hori negozio bihurtuko da, tratu garrantzitsu bat haiek uste ez bezala ateratzen den arte.
Caméra d'Or sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdian, 2013ko Donostiako Koprodukzio Foroan aurkeztua izan ondoren. Film honek familia bat erakusten digu, elkarrekin lotzen dituzten harreman hauskorrak konpontzen saiatzen dena, aurrerabidearen botere menderatzaileak desagertzear utzi dituenean.