Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak, Perlak sailaren barruan, nazioarteko zinema-jaialdietan aurten aurkeztutako film garrantzitsuenetakoak estreinatuko ditu Espainian.
Aukeratutako filmen artean, honako hauek izango dira: Berlineko zinema-jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen filma, Taxi Téhéran, Jafar Panahi zuzendariarena; Me and Earl and the Dying Girl, Alfonso Gómez-Rejón egilearena, Sundance zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Publikoaren saria eskuratu zituena; Nie yinniang / The Assassin, Hou Hsiao-Hsien zinemagilearena, zuzendari onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian; eta zinema-jaialdi horretan bertan Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen filma, Saul Fia / Son of Saul, László Nemes egilearena. Horrez gain, beste hainbat zuzendariren lan berriak ere ikusi ahal izango dira: Arnaud Desplechin, Jia Zhang-ke, Charlie Kaufman, Hirokazu Kore-eda, Nanni Moretti, Pablo Trapero edota Denis Villeneuve.
Woody Allenen film berria ere, Irrational Man, Perlak sailean jasota dago, lehiaketaz kanpo. Sail honetako gainerako filmak Publikoaren saria jasotzeko lehiatuko dira. Saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoan izandako ikusleek emango dute saria, boto bidez. Publikoaren sariak bi errekonozimendu egiten ditu: Film Onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren saria, 20.000 eurokoa. Publikoaren saria filmaren Espainiako banatzaileari emango zaio.
Charlie Kaufman eta Duke Johnson zinemagileek jendearekin konektatzeko bere ezintasunari aurre egin nahi dion gizon baten historia kontatuko digute. Espainiako estreinaldia, Veneziako zinema-jaialditik igaro ostean.
Johnny Depp, Joel Edgerton, Benedict Cumberbatch, Dakota Johnson eta Kevin Bacon dira lehiaketaz kanpo Veneziako zinema-jaialdian aurkezturiko film honetako protagonistak. FBIko agente John Connollyk Jimmy Bulger gangster irlandarra konbentzituko du FBIarekin lan egin dezan, elkarren etsai bat deuseztatzeko: mafia italiarra. Zorigaiztoko aliantza hori kontrolaezin bilakatuko da.
Pablo Traperoren film berria Veneziako zinema-jaialdian lehiatuko da. Argentina, 80ko hamarkadaren hasiera. San Isidro auzo dotoreko familia tipiko baten fatxadaren atzean, bahiketak eta hilketak egiteaz bizi den klan zital bat ezkutatzen da.
François Truffauten Le Cinéma selon Hitchcock (Zinema Hitchcocken arabera) liburuaren argitalpenetik mende erdia igaro ondoren, Kent Jones zuzendariak suspensearen maisuari buruzko beren pentsamenduak partekatzeko proposamena luzatuko die gure garaiko zinemagile bikainenei: Martin Scorsese, David Fincher, Richard Linklater, Wes Anderson, James Gray, Olivier Assayas...
Greg izeneko gazte baten historia dibertigarri eta hunkigarria da hau. Greg bigarren hezkuntzako azken urtean da eta giza harreman sakon oro saihesten saiatzen da, nerabe baten bizitza soziala izaten den eremu minatu hori segurtasunez zeharkatu nahian edo. Epaimahaiaren sari nagusiaren eta publikoaren sariaren irabazle 2015eko Sundanceko zinema-jaialdian.
Nanni Moretti Canneseko zinema-jaialdian lehiatu zen lan honekin. Filmak Margheritari buruz hitz egingo digu, AEBetako aktore batekin film bat egiten ari den lehen mailako zuzendaria da bera. Platotik kanpo, ordea, Margheritak ahalegin handiak egin behar ditu amaren gaixotasunaren eta alaba nerabearen errebeldiaren aurrean ez adorea galtzeko.
Hou Hsiao Hsien zinemagileak zuzendari onenaren saria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian bere lan berriarekin. Txina, IX. mendea. Erbestean urte mordoa igaro ostean, justiziari bat bilakatuta itzuliko da Nie Yinniang etxera. Maistrak bere lehengusua akabatzea agintzen dionean, aukeratu egin beharko du: maite duen gizona babestu edo Hiltzaileen Ordenari fidel izaten jarraitu.
Canneseko zinema-jaialdiko epaimahaiaren sari nagusiaren irabazle, László Nemes zuzendari hungariarraren lehen lana 1944ko Auschwitzen dago girotuta. Saul Auslander Auschwitzeko errausketa-labeetako batean lan egiten duen preso hungariarra da. Halako batean, gazte baten gorpua sugarretatik ateratzen saiatuko da, bere semea delakoan.
Jia Zhang-ke zuzendariaren azken lanaren Espainiako estreinaldia, Canneseko lehiaketa ofizialetik igaro ostean. Txina, 1999, haurtzaroko bi lagunek gorte egingo diote Fenyangeko neska gazte bati. Bietako batek konponduta du etorkizuna, ez hala besteak. Neskak erdibituta du bihotza, baina bere bizitza eta semearena markatuko dituen erabaki bat hartu beharko du.
AEB eta Mexiko arteko muga inguruan, AEBetako elite-indarretako ofizial batek FBIko agente bat errekrutatuko du drogen aurkako gerra gero eta handiagoan lagun diezaien. Denis Villeneuveren film berria Canneseko sail ofizialean lehiatu zen, 2015ean.
Urrezko Hartzaren film irabazlea Berlingo azken zinema-jaialdian. Taxi hori bat Teherango kale zirraragarri eta bizietan barrena ibiliko da; bertara mota guztietako bidaiariak igoko dira, zein baino zein bitxiagoa. Guztiek hitz egingo dute gidariarekin, zintzotasun osoz hitz egin ere. Baina ez dakite bolantea daramana ez dela gidari arrunt bat, Jafar Panahi zuzendaria baizik, Irango egungo zinemako izenik handienetako bat.
Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkezturiko film honekin, Arnaud Desplechin bere filmetako biren paisaia emozionaletara itzuliko da: Comment je me suis disputé... (ma vie sexuelle) eta Un conte de Noël. Paulek bere gaztaroa eta bere lehen maitasuna (izandako bakarra) gogoratuko ditu.
Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarraren film bat, Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zena. Hiru ahizpa batera bizi dira hirian. Hamabost urtez ikusi ez duten aita hiltzean, landa-gunera joango dira hirurak, hari lur ematera. Bertan, arrebaorde nerabea ezagutuko dute, eta laster hasiko dira hura maitatzen.
Lehiaketatik kanpo
Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan aurkezturiko Woody Allen zuzendariaren film berriak oinazetuta bizi den eta ekintza existentzial bat egiten duenean bizitzeko nahia berreskuratuko duen filosofiako irakasle bati buruz hitz egingo digu.