Inguru naturaletan egindako kirol-balentriak ardatz dituzten lehendabiziko filmak XX. mende hasierako mendizaleen kontakizun europarrak izan ziren. Handik gutxira, beste kirol batzuetara zabaldu zen erronkak eta pasioak pantaila handira eramateko grina. Savage Cinema, Red Bull Media House etxearekin lankidetzan, kontakizun horiek publiko handiarengana gerturatzeko helburuz sortu zen, eta, aukeraketa honekin, erakusten du abenturei eta ekintza-kirolei buruzko zinema-ekoizpenak garai onak bizi dituela.
Meru, Chai Vasarhelyi eta Jimmy Chin zinemagilearen lana, dokumental onenaren ikuslearen sariarekin goraipatu zuten aurreko Sundance zinema-jaialdian. Filmak pertsonaien arteko adiskidetasunaz eta bizi-erronkaz hausnartzen du, eta mendizaletasunari buruzko izenburu handia da Panaroma film laburrarekin batera. Azken hori da, hain justu, sail honetako lehendabiziko Espainiako ekoizpena.
Bere pasioa zinemara eramateko grinaren ondorioz, Steve McQueen egileak Le Mans ekoitzi eta protagonizatu zuen 1971n. Proiektu konplexu horrek auto-lasterketen behin betiko erretratu izatea zuen helburu, haien zale amorratua baitzen. Orain, John McKeenak berreskuratuko du grina hura Steve McQueen: The Man & Le Mans dokumentalean.
Chasing Niagara filmak, Rush Sturgesek zuzendua, amets zoroen atzean gizakiaren mugen berri baduten pertsona zentzudunak daudelaren froga da. Heriotzaren muga-mugaraino eramandako arriskua betiko eztabaida izan da, eta horixe jorratzen du Heavy Water/ The Life and Times of Nathan Fletcher filmaren hariak. Michael Oblowitz egilearen lan honek munduko olatu handienetan ibili den surflari karismadun baten kontakizuna egingo digu. Nork bere ametsei jarraitzea eta askatasuna lortzea da kontakizun hauen guztien atzean dagoen helburua, eta horrexek lotzen ditu The Search For Freedom filmean aurkeztutako Kelly Slater, Tony Hawk, Jeremy Jones, Robby Naish edota Bob McKnight, zein baino zein desberdinagoak.
Mugei desafio egitea daukate geneetan, eta, atletok supergizonak ez badira ere, teknologiak helbururik handienak lortzera bultzatuko ditu. Gaur egun ez dago traba teknikorik abenturazko zinema egiteko. Halaxe erakusten digu Xavier De Le Ruek Degrees North lanean; mendi garaietako snowboarder honek paramotorrak baliatu ditu orain artean inork zapaldu gabeko bideak egiteko, aztarna ekologikoa murriztuta eta oholaren arrastoa jarraitzen utzita ikusleari, haren gainean hegaka bagenbiltza bezala.
MUNDU MAILAKO ESTREINALDIA
Rafa Ortiz kayaker profesionalak Niagarako ur-jauzietara arraunean joateko erabakia hartzen duenean, sekulako gertakariak biziko ditu bata bestearen atzetik. Egiteko horretarako prestatze aldera, Rafak laguntza eskatuko dio Rush Sturges profesional ospetsuari, baita lagun talde txiki bati ere. Elkarrekin abiatuko dira hiru urte iraungo duen bidaia batean; hasi Mexikoko basoetan eta Estatu Batuetako ur-jauzi izugarrietan barrena, Kanada aldera iritsiko dira. Bertako poliziarekin ika-mikan ibili ostean, ur-jauzi ikonikoetara ailegatzean lortuko da klimaxa.
MUNDU MAILAKO ESTREINALDIA
Film honek zirrara eragiten duten akzio-irudiak tartekatzen ditu, abenturazko eta aurkikuntzako kontakizunarekin. Xavier De Le Rue, Samuel Anthamatten eta Ralph Backstrom freerider ospetsuek freeridinga hurrengo mailara eramango dute; teknologia berriak baliatu eta inguru urrunenak erakutsiko dizkigute eski- eta snowboard-lerroak inoiz ez bezala jasotzeko.
MUNDU MAILAKO ESTREINALDIA
Hasiera-hasieratik erakutsi zuen Nathan Fletcher-ek olatu handien gainean ibiltzeko trebezia bikaina, 11 urterekin Waimean eginiko lehenengo saioetatik. Aitaren eta aitonaren urratsei jarraiki, profesional bilakatu zen, eta Hawaii kanpoaldeko arrezifeetako olaturik handienak konkistatzeari ekin zion. Sion Milosky ezagutzean, egonezin berak zituen laguna aurkitu zuen, eta elkarrekin arraun-surfa berrabiarazi zuten, big gun tablak erabilita. Gure historiak egungo olatu handien surfaren abenturak jarraituko ditu, baita nola egiten dioten aurre ere, saiakera bakoitzean, bizitza eta heriotza aurrez aurre jartzen dituen dramari.
ESPAINIAKO ESTREINALDIA
Eliteko hiru eskalatzailek beren obsesioekin eta galera-sentimenduekin borrokan jardungo dute Meru mendira igotzeko ahaleginean, horixe baita Himalayako pareta handiak eskalatzeko jokoan helburu preziatuenetako bat.
ESPAINIAKO ESTREINALDIA
Kultur iraultza baten historia da. Momentua bizitzeko eta bizirik sentiarazten gaituena egiteko gizakion grinak bultzaturiko iraultza. Dokumentala esperientzia bisuala da, erraietakoa, kirolaren munduko hainbat aitzindari, kondaira, ameslari eta txapeldunetako batzuen bitartez kontatua; hain zuzen ere, surfaren, snowboardaren, skiaren, skateboardaren, mendiko bizikletaren eta bestelako kirol batzuen munduetako pertsonaia bikainenetako batzuen bitartez.
ESPAINIAKO ESTREINALDIA
Steve McQueen Hollywoodeko errege zen 1970ean. Autozale amorratua izanik, bere bizitzako pasioa film batean jasotzeko aukera zuen. Filmaketak bizitza betiko aldatu zion. Film honetan argitaratu gabeko sekuentzia ikusgarriak eta elkarrizketen audio-grabazioak daude uztartuta. Zinemako klasiko baten benetako kontakizuna, bere ametsa errealitate bihurtzeko guztia arriskatu zuena.
ESPAINIAKO ESTREINALDIA
2014ko uztailean, Edu Marínek bere bizitzako erronkarik latzenari heldu zion: bere 62 urteko aitarekin, Francisco Marín «Novato»rekin, Panaroma bide mitikoa eskalatzea, Alex Huberrek liberatua 2007an. Lavaredoko Hiru Gailurren Parke Nazionalean (Italia) dago, eta lerroak 8 c-ko zailtasun maila eta 500 metroko garaiera ditu.
MUNDU MAILAKO ESTREINALDIA
Film labur dokumental hau Paulen istorio zirraragarria da. Lurmutur Hiriko (Hegoafrika) Dunoon udalerriko 13 urteko haurra da Paul. Egun osoa ematen du bere ametsik handiena burutik kendu ezinda: surflari izatea. Baina Dunoongo neska-mutilentzat ez da kontu erraza, ez daukate hondartzara nola joan, ezta materiala erosteko bitartekorik ere.