"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lara Izagirrek zuzenduriko Un otoño sin Berlín filmaren estreinaldia Donostia Zinemaldian zehar egingo da, Euskal Zinemaren Galan hain zuzen, Victoria Eugenia antzokian.
Un otoño sin Berlín Zinemaldiko Zinemira sailaren barruan dago programatuta, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehiatuko da. Adierazitako saria munduko estreinaldian aurkezturiko Euskal Herriko film onenari ematen zaio.
Hauek dira filmaren protagonistak: Irene Escolar, Tamar Novas, Ramón Barea eta Lier Quesada. Filmak Juneren historia kontatuko digu. Gaztea jaioterrira itzuliko da ustekabean, denbora batez atzerrian bizi ostean. Etxerako buelta mingarria izango da: familia eta lehenengo maitea, Diego, aldatu egin dira. June ere aldatu da, eta zail egingo zaio hautsitako lotura horiek osatzea. Baina, udazkeneko hego haizea bezalaxe, Junek iraultza ekarriko du.
Filma Lara Izagirrek (Amorebieta, 1985) eginiko lehen luzea da. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua, Euskal Herriko Unibertsitatean, New York Film School delakoan jarraitu zituen zinemako ikasketak. Bartzelonan Gidoigintzako masterra egin zuen, Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolan (ESCAC). Hantxe hasi zen Un otoño sin Berlín lanaren gidoia idazten, eta, hari esker, Eusko Jaurlaritzaren beka jaso zuen, hura garatzeko. 2010ean Gariza Produkzioak ekoiztetxea sortu zuen, eta hainbat film labur produzitu eta zuzendu ditu harekin: Bicycle Poem (2010), KEA (2011), Next Stop Greenland (2012) eta Larroxa (2013). Sormenaren bide ezkutuak (2013) film laburra Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Culinary Zinema atalean estreinatu zuten.