Gaur aurkeztu dute Zuzendari Berriak saila osatuko duten filmen zerrenda. Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Ander Aizpurua, Kutxabankeko Handizkako Bankaren Zuzendariak, jakinarazi dituzte Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko diren hamahiru filmen izenburuak. 50.000 €-ko saria nori eman berariaz osaturiko nazioarteko epaimahai batek erabakiko du. Zuzendari Berriak sailak mundu osoko zinemagileek eginiko lehenengo edo bigarren filmen aukeraketa bat aurkeztuko du aurtengo Zinemaldian.
Kutxabank-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiaketa Zinemaldiak zinemaren munduko talentu berrien alde egiten duen apustuaren erakusgarri da, baita zinemagile parte-hartzaileen lanei ikusgarritasuna emateko plataforma bikaina ere. Adibide gisa, iazko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazi zuen Urok / The Lesson filma, Kristina Grozeva eta Petar Valchanovek zuzendariena. Torontoko Zinema Jaialdian mundu mailako estreinaldia egin eta gero, Donostian Europa mailako estreinaldia izan zuen, eta filma mundu osoan banatua izan ondoren sari ugari irabazi ditu nazioarteko hainbat jaialdietan, esaterako, Gotenburgon, Tesalonikan, Tokion, Varsovian, Varnan, Vilniusen, Sofian edo Transilvanian. Urok / The Lesson gainera, datorren azaroaren 25ean jakinaraziko diren Europar Parlamentuko Lux Sarietarako hiru finalistetako bat da.
Kutxabankek Zuzendari Berrien sail honi eskaintzen dion babesa finantza erakundeak Zinemaldiarekin duen lankidetza zabalagoaren baitan doa, beste urte batez Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile nagusietakoa izango baita.
Amodiozko eta tentaziozko ipuin bat Interneteko pornografiaren aroan. Unibertsitateko ikasle bakarti batek bere aktore porno gogokoenaren arrastoak jarraituko ditu eta haren jazarle anonimo bilakatuko da... aurrez aurre ezagutzeko adorea biltzen duen arte.
Hamazazpi urteko Naama Barash nerabeak izugarri maite ditu alkohola, drogak eta lagun taldearekin irtetea. Etxetik alde egin nahi du; gurasoak eztabaidan dira beti, eta ejertzitoan sartu den ahizpa menderakaitza desagertu egin da halako batean. Institutura neska berri bat iristen denean, Barash lehenengo aldiz maiteminduko da, eta esperientzia horren indarrak nahastu egingo du, baina, aldi berean, zentzu berri bat emango dio bere bizitzari.
Hamalau urteko Julian supermerkatu handi bateko koloreen erdian hilko da. Egiazko historia batean oinarrituriko film honek hiri handien kanpoaldeko bizitza interesgabeari aurre egin nahi dion gazteriaren egoera kontatuko digu.
Einiren aitak beldurra dio munduari, eta erabateko isolamenduan hazi du alaba. Aitaren beldurrik handiena Einik alde egitea da. Ahal duen guztia egingo du alabari sinetsarazteko kanpoko mundua eta bertan bizi den jendea maltzurrak direla, eta sexualitatearekin eta helduen bizitzarekin loturiko guztia arriskutsua.
Zuzendari Berriak sailean Shell filmarekin lehiatu zenetik (2012) hiru ute igaro dira eta Scott Graham bueltan da Zinemaldian, drama berri batekin. Krimen bortitz baten ondoren, babes bila joango dira Iona eta bere seme Bull ama jaio zen irlara. Itzulera horrek Ionak nerabe zela gorroto zuen bizitza eramatera behartuko du Bull, eta amak atzean uztea lortu zuen talka-uhin bat sortuko du familian.
Bikote batek eta haien seme nerabeak nekez lortzen dute bizimodua ateratzea mendixka baten tontorrean duten garbiketa-zerbitzuarekin. Tokiko hotelentzat egiten dute lan, baina ur-hornidura oso eskasa da. Haien bizitza sinplea hankaz gora jarriko da aita-alaba bikote bat iristen denean. Talde bat osatzen dute biek: alaba ur-bilatzailea da, eta, aita, ur-putzuen zulatzailea.
Benoit gazteak hamalau urte ditu eta landa-gunea utzi du Parisen bizitzeko. Eskolako lehenengo eguna espero baino zailagoa izango da, eta laster isolatuta sentituko da. Harik eta, egun batean, ikasgelara neska berri bat iristen den arte...
Oporrak. Mediterraneoko uharte bat. Hiru noragabe udaren amaieran. Gauzak aldatzeko erabakitasuna, kosta ahala kosta. Inoiz existitu ez zen iragan bategatiko nostalgia.
Paula gazteak familia burges baten etxean lan egiten du, seme-alabak zaintzen, eta bizi ere han bizi da. Bere bizitzan ezusteko aldaketa bat gertatuko da, haurdun dagoela eta umearen aitak bere gain hartu nahi ez duela jakitean. Iazko Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu ondoren Eugenio Canevariren lehenengo pelikula da. 2013an, Donostiako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan ere parte hartu zuen, Gorila baila film laburrarekin.
Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko honek.
Bikote bat itsasoan nabigatzera irtengo da, seme-alabak etxean utzita, bakarrik bizitzearen askatasun-sentimendua azter dezaten. Ontzia hondoratu egingo da, eta familia ere bai. Jenderik gabeko uharte batean abandonaturiko txakur bat izango da haien itxaropen bakarra.
Iseop berria da, eta Hayun problematikoaren ikasgela berean dago. Lagun egingo dira, eta haien bizitzek eragina izango dute elkarrengan, pixkanaka, aldatu arte. Nerabeen bizitza zorrotz aztertzen duen drama.
Istripu baten ondorioz, Barbararen maitea oso argi gutxi dituen arrotz bat bihurtu da. Hala, pasiorik gabeko egonkortasuna eskainiko dion gizon batekin hasiko da harremanetan Barbara. Baina, patu berriari egokitzen saiatzen den arren, galdutako amodioaren oroimenak nahigabea eragiten dio. Garrantzitsuena galdu ez duela ulertzen duen arte.