Basque Culinary Centerrek, Donostia Zinemaldiak eta Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiak “Culinary Zinema” sailaren programazioa aurkeztu dute gaur, uztailak 30. Prentsaurrekoan izan dira Thomas Struck, Berlingo zinema-jaialdiko “Culinary Cinema” saileko arduraduna, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria, eta José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria.
Donostia Zinemaldiak Berlineko zinema-jaialdiak eta Basque Culinary Centerrek orain bost urtetik hona duten lankidetzari esker, Zinemaldiko ikusleek gehien maite duten sailetako bat sortu da. Gastronomiaren zaleek albo batera utzi ezin duten hitzordua, are gehiago non egiten den kontuan izanda: nazioarteko zinema-jaialdi ospetsu bat egiten den hirian, eta munduan Michelin izar-kontzentraziorik handiena duen eskualdeetako batean.
Aurtengo bosgarren edizio honetan, 17 film izango ditu sailak: 4 labur eta 13 luze, horietatik 9k lehiaketan parte hartuko dute eta gainontzeko 4ak lehiaketaz kanpo ikusgai izango dira. Film horietako zazpiren emanaldiekin batera, afari tematikoak izango dira nazioartean sonatuan diren sukaldarien eskutik.
Inaugurazio afariaren arduraduna Andoni Luis Aduriz, Mugaritz jatetxekoa, izango da eta klausurako afarikoa berriz, Can Rocako El Celler jatetxeko Roca anaien eta haiek gonbidatutako sukaldari baten presentziarekin. Astean zehar afari hauetan parte hartuko duten beste sukaldariak Mikel Gallo, Rubén Trincado eta Grupo Nove galiziar elkarteko kideak izango dira. Datozen asteetan sukaldari gehiagoren izenak iragarriko ditugu.
“Culinary Zinemak”, aurten lehenengo aldiz Nespresso etxea izango du babesle eta gainera, lankidetzan jarraitzen du Tokyo Gohan Film Festival jaialdiarekin; Tokioko Shibuya eta Aoyama eremuetan ospatzen dena. Zinema-jaialdi horren helburua, era berean, zinema eta gastronomia fusionatzea da. Tokyo Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 €-ko sari bat esleituko dio “Culinary Zinema” sailean programatutako filmetako bati, eta filmaren nazioarteko banatzaileari edo, halakorik ez baldin badu, ekoizleari emango zaio.
“Culinary Zinema” saileko proiekziorako eta afarirako txartel bateratuak irailaren 1ean ipiniko dira salgai, 67,20 euroan, Zinemaldiaren ohiko bidetan:
www.sansebastianfestival.com
www.kutxabank.es
LEHIAKETARAKO FILMAK
Inaugurazioa
Dokumental filosofikoa eta etologikoa. La Fura dels Baus, Mugaritz astintzen duten motorrak destilatzen, platerak sorrarazten dituen ideiak ematen; zer da taldearentzat bikaintasuna eta arrakasta lortzea, nola sufritzen eta gozatzen da... Finean, nola sortzen eta eraisten da Mugaritz etengabe. Nabarmentzekoa da arriskuaren etengabetasuna, horrexegatik filmaren izena; baina nabarmentzekoa, halaber, Mugaritzen izan diren eta izango diren profesionalen ahalegina eta lana. Mugaritzen, sukaldaritzaren helburua gainditu dute sorkuntza-prozesuak eta haren aldagai posibleek.
Klausura
Inoiz ez bezalako bidaia bat, zeinetan munduko jatetxerik onenetako batek bere ateak itxiko dituen bost astez ibiltari egiteko. Latinoamerikako lau herrialdetatik eginiko ibilbidean, El Celler de Can Roca jatetxeko taldeak omenaldia egingo dio Mexikoko, Peruko eta Kolonbiako sukaldaritzari, eta haien osagaiak eta tradizioak berrinterpretatuko ditu.
Peruren aberastasun kulturala eta historikoa erakutsiko dizkigun bidaia gastronomikoa, gidari gisa bertako jaki gogokoenetako bat erabilita: zebitxea!
Yoshidaren eguneroko bizitzaren erretratu eder eta menderatzailea. Yoshida 144 urte dituen destilategia da, eta ospe handiko sakea egiten dute bertan. Halako ospea duen produktu bat sortzeko behar den indar pertsonal eta profesionalari eta haren atzean dauden artisauei zuzendutako begirada bat aldaketa garaia batean, enpresaren seigarren oinordekoak ezarritako lan-erregimen berriaren ondorioz.
Sakearen unibertsoari zuzendutako begirada liluragarri honetan, ohiz kanpoko hiru pertsona elkartuko dira sakearen mundu misteriotsua ikertzeko: Japoniako sakegintzan 25 urtetik gorako esperientzia duen britainiar bat; sakeari buruzko hainbat gidaliburu argitaratu dituen kazetari iparramerikar bat, eta bere familiaren mende luzetako ondarean zenbait aldaketa egin nahi dituen Japoniako distilategi zahar bateko presidente gaztea. Bakoitzak rol garrantzitsua beteko du sakearen mundu gogor, konplexu eta ikusgarrian.
Ichiko, Komori izeneko Japonia ipar-ekialdeko herrixka batean bizi da. Behin, hirira joan zen bizitzera, baina bertan galduta sentitu ostean, herrira itzuli zen. Inguruan ez du ez supermerkaturik, ez janari-dendarik, beraz, bizirauteko, lurrak emandakotik bizi behar du. Ichikok bere arroza ereiten du, baserrian lan egiten du, eta inguruko mendietan eta zelaietan bildutako sasoiko jakiekin prestatzen du bazkaria.
Nola lortu zuen René Redzepi-k gastronomiaren mundura iraultza ekartzea? Europako iparraldeko sukaldaritzari pedigri berria eman zioten eta mundu jangarri erabat berria ezarri zuten alfabetoa eta hiztegia asmatzea, aldi berean chef modernoaren irudia erabat aldatuta. Redzepiren historiak maitagarrien ipuin klasikoen kutsua du: ahate itsusia zisne dotore bihurtuko da sukaldaritza gourmetaren erresuman. Baina azal leunaren azpian, zenbait pitzadura eta zauri zahar agertuko dira.
Sukaldaritza-karreraren gailurrean dela, Sergio Herman master chefak Oud Sluis, hiru izarreko bere jatetxea utzi eta bere ametsa betetzeko premia sentituko du. Perfekzioari, anbizioari eta sakrifizioari buruzko dokumental benetan argigarria.
Koh Chun Feng adinerdiko kritikari gastronomikoak bere etxea bota egingo dutela jakin berri du. Bere karrera gainbeheran denez, bere bizitza eta Singapurren bilakaera aztertzea erabakiko du, bertako janariaren bitartez.
LEHIAKETATIK KANPO
Galiziako sukaldaritza berriaren ezaugarri nagusia iragana ikertzeagatik duen zaletasuna da, modernotasunak atzean utzi dituen zaporeak berreskuratzeko eta garrantzi gutxikotzat jotako produktuei duintasuna emateko. Grupo Nove taldea etorkizuneko sukaldaritza hori klixeetatik harago bultzatu nahian dabilen sukaldari-elkartea da. Galiziaren erretratu errealista, kontrastez beteriko lurralde batean, eta gastronomiaren bidez, tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka hauskorra azaleratu nahi duena.
Munduko chef garrantzitsuenetako sei biltzen dituen dokumental honek sukaldaritza-munduko talentu horien bizitzetan eta sukaldeetan murgiltzeko aukera emango die ikusleei. Hauek dira chefak: Massimo Bottura (Osteria Francescana, Modena, Italia), Dan Barber (Blue Hill jatetxeak, Stone Barns eta New York, AEB), Francis Mallmann (Patagonia Sur jatetxea, Buenos Aires, Argentina), Niki Nakayama (N/Naka, Los Angeles, Kalifornia, AEB), Ben Shewry (Attica jatetxea, Melbourne, Australia) eta Magnus Nilsson (Fäviken, Järpen, Suedia).
Euskal Herriko biztanleek mendeak daramatzate sagardoa edaten, baina, Euskal Herrian, sagardoa sagarraren irakindako zukua baino gehiago da. Dokumentala bidaia-proposamen bat da; ibilaldi kultural, gastronomiko, zientifiko eta historiko bat. Protagonista: sagardoa.
Dokumental honek Espainiako gastronomiaren jatorria, bilakaera, egungo egoera eta etorkizuna erretratatuko ditu, eta haren ikuspegi berezia eskainiko digu; izan ere, mundu osoan jolasaren urrezko arau gisa sormen-askatasuna eta askatasun kontzeptuala ezarri zituen mugimendu gisa ikusiko du diziplina hori,
Film laburrak
Hainbat diziplinatako lau artista: Xabier Gutiérrez sukaldaria, Juan Vich margolaria, Ander Fernández musikaria eta Pello Gutiérrez errealizadorea. Bakoitzak kontzeptu bat berrinterpretatuko du premisa batetatik abiatuta: brasa. Hortik aurrera, artista bakoitzak materialei, koloreei, soinuei eta sentsazioei buruz duen ikuspegia aurkeztuko du.
Ferran Adriàk berriz jarriko du sukaldari-jantzia erronka berri bati heltzeko: kozinatzea kozinatu gabe, eta konferentzia-formatua birformulatzea, bere jatetxea XX. mendeko sormenaren mugarri handietako bat bilakatzera eta gastronomiaren historia betiko aldatzera eraman zuen sormen-prozesua azaltzeko eduki bihurtuta.
Itsasoa inoiz baino pobretuago dago. 30 herrialdek bakarrik kontrolatzen dute arrantzatzen diren arrainen %90a baino gehiago. Oceana GKEak eta munduko chef handienek gehiegizko arrantza ekiditeko eta gizateriaren zati bati jaten emateko hainbat konponbide proposatuko dituzte.
Sonia Mamani Capachican bizi da, Titicaca lakuaren penintsula batean (Puno, Peru). Hamabost urterekin ikasi zuen kozinatzen, eta, ordutik, bidaiatu egiten du beste emakume batzuei plater tradizionalak nola prestatu erakusteko, hala, beren ohiturei eta nortasunari balioa emanez.