Gaur jakinarazi dute, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, Espainian ekoitzitako zer film izango diren ikusgai 63. Donostia Zinemaldian. Aurtengo edizioa irailaren 18an hasiko da. Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Zuzendaritza Batzordeko kide Maialen Belokik sail bakoitzean aurkeztuko diren pelikulen berri eman dute.
Espainiako zinemagile handienetako batzuk Sail Ofizialean lehiatuko dira beren azken lanekin Urrezko Maskorra lortzeko: Asier Altuna, Cesc Gay, Marc Recha, Federico Veiroj eta Agustí Villaronga, Pablo Agüero argentinarrakin. Álex de la Iglesiak film berria, Mi gran noche, aurkeztuko du lehiaketatik kanpo. Bestalde, proiekzio berezien atalean Imanol Uriberen Lejos del mar filma eta Pere Joan Venturaren No estamos solos dokumentala aurkeztuko dira.
Zuzendari Berriak sailean Espainiarekin eginiko bi koprodukzio aurkituko ditugu: Paula, Eugenio Canevari zuzendari argentinarrarena, eta Euskal Herrian errodaturiko Pikadero, Ben Sharrock eskoziarrarena. Beste bi koprodukzio Horizontes Latinos sailean aurkeztuko dira: El botón de nácar, Patricio Guzmán zinemagile txiletarraren lan berria, eta Magallanes, Salvador del Solar aktore perutarrak zuzendari gisa eginiko lehenengo filma.
Ohiko den bezala, Zabaltegi sailak urteko beste izenburu garrantzitsuen sailkapen bat bilduko du, eta, aurten, Espainian ekoitziriko zenbait izenburu ere izango ditu: Isla bonita Fernando Colomo zuzendariarena, La Novia Paula Ortiz zuzendariarena, Un día vi 10.000 elefantes, Alex Guimerà eta Juan Pajares zinemagileena, Mi querida España, Mercedes Moncada zuzendariarena, eta The Propaganda Game, Álvaro Longoria zinemagilearena. Tucker Dávila Wood-en Duellum film laburra ere sail honetan aurkeztuko dute.
Azkenik, Anoetako Belodromoko pantaila erraldoiak Dani de la Torre zuzendariaren El desconocido filmaren pase berezi bat eskainiko du.
SAIL OFIZIALA
Lehiaketarako
Asier Altuna zinemagile euskaldunaren film berria. Gatazkari buruzko familiarteko istorio bat. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen. Bizitza ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun elokuenteenetik begiratzen duen amona bat. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola dira film honetako protagonistak.
Federico Veiroj zuzendariaren hirugarren film luzeak bere gurasoengandik jasotako fedetik aldendu nahi duen gazte baten bizitza kontatuko digu. Horretarako, gazte horren historiaz, orbainez, erruaren markez eta desioaz hitz egingo digu. Álvaro Ogalla, Bárbara Lennie, Marta Larralde, Juan Calot, Kaiet Rodríguez, Joaquín Climent eta Vicky Peña aktoreak ditu interprete nagusi.
Marc Rechak film berria aurkeztuko digu, protagonista bere seme Roc eta Sergi López dituena. Paraje bakarti batean, haur batek aitak eginiko kometa jarriko du hegan. Haize asko dabil, eta haurrak heldu baten laguntza beharko du landareen artean korapilatutako kometak airean iraun dezan. Naturaren erdi-erdian, ipuin berezi bat azalduko digute.
Eva Perón hil da. Gehien maitatu eta gorrotatutako pertsona da Argentinan. Espezialista handi bat arduratuko da baltsamatzeaz. Hilabetetan lanean egon ondoren, emaitza ezin hobea lortuko du. Baina hainbat estatu-kolpe izango dira Argentinan eta diktadore batzuek Evitaren ondarea ezabatu nahi izango dute herritarren oroimenetik. Horrenbestez, 25 urte iraungo duen liskarraren erdigune bilakatuko da haren gorpua. Bizirik dauden politikariak baino boteretsuagoa izango da Evita 25 urte horietan. Gael García Bernal, Denis Lavant eta Imanol Arias dira protagonistak.
Agustí Villarongak Pedro Juan Gutiérrezen izen bereko eleberria egokitu du. Zentzategi batetik alde egin ostean, Habanako kaleetan bizirauten saiatuko da Reinaldo, Kubako gizartearen hamarkada txarrenetako batean; 90ekoan. Noragabeko ibilaldi horretan, itxaropenak, desengainuak, rona, umore ona eta, batez ere, gosea izango ditu bidelagun, harik eta, bera bezala, bizirauten saiatzen ari diren Magda eta Yunisleidy ezagutzen dituen arte. Bataren eta bestearen besoetan, inguruko miseria material eta moralaz ahazten saiatuko da, amodioa, pasioa, samurtasuna eta sexurik lotsagabeena muturrera eramanda.
Cesc Gay zuzendariaren film berriak Ricardo Darín eta Javier Cámara ditu protagonista, eta gai nagusia bi lagunen arteko harremana izango da: Juliánek Kanadan bizi den lagun Tomásen ustekabeko bisita jasoko du. Bi lagunek, Juliánen txakur leial Trumanekin batera, une hunkigarriak eta harrigarriak biziko dituzte elkarrekin, Juliánek bizi duen egoera zaila dela-eta.
Lehiaketatik kanpo
Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak. Abuztua da. Josek bezalaxe, ehunka pertsonak aste eta erdi daramate gau eta egun ezin aretotik atera, barrezka ari diren itxurak egiten, urte berriaren gezurretako etorrera inozoen moduan ospatzen. Egongo da maitasunarentzako lekurik kontrola ezin daitekeen kaos horren erdian? Álex de la Iglesiaren komedia koral bat, Raphael abeslari ezaguna protagonista izango duena, aktore-zerrenda bikainarekin batera: Carlos Areces, Carolina Bang, Luis Callejo, Mario Casas, Carmen Machi, Pepón Nieto, Terele Pávez, Ana Polvorosa, Carmen Ruiz, Hugo Silva, Santiago Segura, Blanca Suárez, Antonio Velázquez eta Enrique Villén.
Emanaldi bereziak
Imanol Uribek iraganeko izugarrikeriei aurre egin beharrean dauden pertsonaien drama aurkeztuko digu bere azken filmean. Santi kartzelatik aterako da eta hegoaldera bidaiatuko du, Emilio ikusteko. Kartzelako kide izandako lagunak gaixotasun terminal bat du. Ustekabean Marinarekin egingo du topo; lagunaz arduratzen den medikua da. Santik topaketa izugarria izan zuen harekin hainbat urte lehenago, eta horrek bien bizitza markatu du ordutik. Berriz topatzean, iraganeko izugarrikeriak berpiztuko zaizkie. Elena Anaya eta Eduard Fernández dira protagonistak.
Bakardadetik edo jendetzatik, auzotik edo unibertsitate bateko gela batetik, Espainiako hirietako biztanleen bizitza astinduko duten pertsonaiez osaturiko istorio korala.
ZUZENDARI BERRIAK
Paula gazteak familia burges baten etxean lan egiten du, seme-alabak zaintzen, eta bizi ere han bizi da. Bere bizitzan ezusteko aldaketa bat gertatuko da, haurdun dagoela eta umearen aitak bere gain hartu nahi ez duela jakitean. Iazko Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu ondoren Eugenio Canevariren lehenengo pelikula da. 2013an, Donostiako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan ere parte hartu zuen, Gorila baila film laburrarekin.
Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko honek.
HORIZONTES LATINOS
Patricio Guzmán zinemagile txiletarrak uraz, kosmosaz eta gutaz, gizakioz, hitz egingo digu bere dokumental berrian. Txileko kostaldean, Ozeano Barearen sakontasunean agertzen diren bi botoi misteriotsurekin hasiko da guztia. Berlineko Zinema jaialdiko Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea.
Zinema Eraikitzen sariaren irabazle Zinemaldiaren aurreko edizioan. Magallanesek ezagutu egingo du bere taxira igo den emakume bat. Celina da, duela hogei urte baino gehiago apetaz atxilotu zuen nekazari adingabea. Garai hartan, soldadua zen Magallanes. Orain, kontu bat dute konpontzeko. Eta, Magallanesek, bere erruaz libratzeko aukera bat. Damián Alcázar, Magaly Solier eta Federico Luppi dira protagonistak.
ZABALTEGI
Angono Mba-k Hernández Sanjuán zinemagilearen zamaketari izan zeneko espedizioa gogoratuko du. Elkarrekin Ginea Espainiarrean barrena ibili ziren 1944 eta 1946 artean, laku misteriotsu baten bila; kondairek ziotenez, 10.000 elefante ikus zitezkeen bertan.
Fernando Colomo da berak zuzendutako film berriaren protagonista. Bere bizitzarekin loturiko krisian den Fer, eskarmentu handiko publizista, Menorca uhartera gonbidatuko du bere lagun Miguel Angelek. Uhartean dela, Nuria eskultore antisemitarekin eta haren alaba Oliviarekin elkartuko da.
Jesús Quinterok hamaika erregistrotako pertsonaia-unibertso bat ezagutarazi zigun kazetari gisa egin zuen ibilbide luzean; horien artean, herrialdean nagusi zen bertsiotik kanpo zeuden batzuk. Haren elkarrizketek esaten ez den hitza islatzen dute, baita, soinuek gezurtatu arren, hitz egiten duten gorputzak ere. Hala, haren elkarrizketek ispilu aberatsagoa eta konplexuagoa eskainiko digute geure buruari bertan begiratzeko. Narrazio hau eta Quinteroren elkarrizketak, igorritakoak zein argitaragabeak, dira Espainiako Demokraziari buruzko kontakizunaren oinarria.
Paula Ortiz zuzendariaren bigarren filma Federico García Lorcaren Bodas de Sangre lanean dago oinarrituta, eta Inma Cuesta, Asier Etxeandía, Leticia Dolera eta Álex García ditu protagonista. Emaztegaia, nahigabetuta eta zorigaiztoko, Senargaiarekin basamortu zuriaren erdian ezkontzeko prestatzen ari da, baina badago hari ikusezin bat, basatia eta hautsiezina, Emaztegaia eta Leonardo lotzen dituena.
Álvaro Longoriak zuzenduriko film luze dokumental honek propagandaren teknikak eta estrategiak aztertzen ditu, baina, Ipar Korearen kasu harrigarri eta arrunt deigarrian zentratzen da bereziki. Filma Ipar Korean filmatzeko aukera paregabea baliatuta egin da, Alejandro Cao de Benós-en eskutik; hura da gobernu komunistarentzat lan egiten duen atzerritar bakarra. Dokumentalak «jokalari» desberdinek «egia» manipulatzeko eta beren interesak babesteko erabilitako estrategiak aztertuko ditu. Albiste faltsuak, erdizkako egiak eta polemika surrealistak planteatuko ditu ikusleak bere ondorioak atera ditzan eta egia jakiteko zailtasunari buruz gogoeta egin dezan.
Duelu bat basoan, egun arrunt batean.
BELODROMOA
Luis Tosar, Goya Toledo eta Javier Gutiérrez dira Dani de la Torrek zuzentzen duen thriller honetako protagonistak. Carlosek, banku bateko exekutibo batek, eserlekuaren azpian bonba bat duela jakinaraziko dion deia jasoko du bere autoa abiarazi ondoren. Ordu gutxi batzuk izango ditu diru kopuru handi bat biltzeko. Bestela, autoak eztanda egingo du.