"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela hiru urte baino gehiago sortu zuen Savage Cinema Zinemaldiak, hautaketan abenturazko eta akzio kirolen filmak biltzeko erronkari aurre egiteko. Aurtengo edizioa, ordea, inflekzio puntua izango da. Ez da proiektu berria, izaera propioa duen sail bat baizik, eta ikusleei zinema-aretoetan eta kalean ekoizpenik garrantzitsuenak gerturatzeko helburua duelako da ezaguna.
Sailaren hiru edizioetan guztira 16 film luze bildu ditu, 11 ekoizpen-etxerenak, besteak beste: Sender Films, Matchstick Productions, Red Bull Media House, Teton Gravity Research, Mercenary Production edo Sherpas Cinemarenak. 30 zinema-saio baino gehiago izan ditu, eta errealizadore garrantzitsuek hartu dute parte, adibidez, Andrew Kidmanek, Bruce eta Dana Brownek, Jason Baffak eta Peter Mortimerrek. Hainbat kirolari ere izan dira, esaterako: Stephanie Gilmore, Jeremy Jones, Travis Rice, David Lama eta Robbie Maddison.
Zinemaldiak eskerrak eman nahi dizkie horiei guztiei, Savage Cinemaren alde egin duten apustuarengatik, eta haiek eta proiektuak garapenean dituzten errealizadoreak kirolarekin eta abenturarekin lotutako filmak aurkeztera gonbidatzen ditu. Uztailaren 16a baino lehen egin beharko dute, egun horretan amaituko da 63. Donostia Zinemaldian izena emateko epea.
Savage Cinemak hainbat aukera ematen ditu: Zinemaldiko ikuslego jeneralistara eta ikus-entzunezko merkatura iristea; beste zuzendari, ekoizle eta banatzaile batzuekin generoaren egoeraz hitz egitea eta zinema merkaturatzeko-plataforma gisa erabiltzearen abantailak.