"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 63. edizioan entregatuko da lehenengo aldiz Espainiako Lankidetzaren Saria, eta jarraian aipatuko ditugun honako hiru alderdiei ekarpen handiena egiten dien Latinoamerikako filmaren ekoizleari emango zaio: giza garapena, pobreziaren desagerraraztea eta giza eskubide guztien bermea.
Sail Ofizialean, zein Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetan parte hartzen duten Iberoamerikako film guztiak izango dira sarirako hautagai, eta irabazlea hiru pertsonak osaturiko epaimahai espezifiko batek erabakiko du.
Hala hitzartu dute Donostia Zinemaldiak eta Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID); erabaki horrekin aurretik hartutako konpromisoa indartu nahi izan dute bi alderdiek, alegia, Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industriarekin batera lan egitea talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.
Bestalde, Agentziak mahai-inguru bat antolatuko du Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren baitan. Foroa Donostia Zinemaldiaren 63. edizioaren barruan gauzatuko da, irailaren 21etik 23ra, San Telmo Museoan.
Espainiako Lankidetzak indartu egin ditu ekimen honen bidez nazioartean erreferentziazkoa den Donostia Zinemaldiarekiko dituen loturak. Horren adibide da Iberoamerikako urteko ekoizpen garrantzitsuenei zein Espainiako film argitaragabeei bide emateko sortu zen Horizontes Latinos saila, hasiera-hasieratik lagundu duena.