Ordezkariek beren lurraldeetan ordezkatzen dute Zinemaldia, eta bitartekari-lanak egiten dituzte herrialde bakoitzeko zinema-industriarekin.
DANIEL AGUILAR
JAPONIA
Madrilen jaio zen, 1966an. Itzultzailea, idazlea eta zinema-kritikaria da. Japonian bizi da 1992tik. Espainian hasi zen, gaztea zela, zinematografiako kritikak idazten hainbat argitalpenetan. Japoniara joan zenean Espainiako zinema-jaialdiekiko lankidetzan espezializatu zen, Japoniako zinemari buruzko atzera begirakoak eta emanaldiak antolatzen laguntzeko. Horretaz gain, zinemagileen interprete gisa jarduten zuen ekitaldi horietarako bisitetan. Itzultzaile gisa, Namboku Tsuruya, Osamu Dazai, Kyusaku Yumeno, Juzo Unno eta Rampo Edogawa egileen lanen gaztelaniazko bertsioak egin ditu. Horretaz gain, aktore aritu da, rol txikietan, Japoniako zortzi filmetan. Zinema-liburu ugari idatzi ditu beste egile batzuekin batera; horien artean, nabarmentzekoak dira Japoniako fantasiazko eta beldurrezko zinemari buruzkoak: Yakuza Cinema (2005), Japanese Ero-gro & Pinku Eiga (2005), Shinya Tsukamoto, poeta y guerrillero del cinematógrafo (2007), Japón en negro (2008), Paul Naschy - The king of European bad taste Movies (2009), Nagisa Oshima (2014), eta Nuevo cine independiente japonés (2015); bakarka, berriz, Susurros de la otra orilla - Japón sobrenatural (2013) saiakera.
ROBERTO CUETO
ERDIALDEKO ETA EKIALDEKO EUROPA / HEGO KOREA
Roberto Cueto Filologia Hispanikoan lizentziaduna da (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea). Donostia Zinemaldiko hautapen-batzordeko kide izateaz gain, Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle elkartua da Karlos III.a Unibertsitatean. Madrilgo Matadero kultur zentroko Cinetecaren programazioa koordinatu du. Eskolak, ikastaroak eta mintegiak eskaini ditu Madrilgo Zinema Eskolan (ECAM) zein Espainiako hainbat unibertsitatetan. Hainbat liburu idatzi ditu, eta artikulu ugari, zinema-gaiei buruzko liburu kolektibo askotan, tartean Asiako zinema landuta. Artikulu ugari idazteaz gain, Nosferatu aldizkariaren Nuevo cine coreano ale berezia koordinatu zuen. Halaber, Las Palmaseko Zinema Jaialdiak argitaratutako Seúl Express: La renovación del cine coreano liburuan kolaboratu zuen. 2007ko ARCO - Arte Garaikidearen Azokan Koreako zinemari buruzko erakusketaren aholkulari aritu zen, hainbat testu idatziz. Gainera, Espainiako Kultura Korearraren Zentroak Korean Culture Supporter izendatu zuen 2016an, eta zentro horrekin elkarlanean jardun ohi da. Bestalde, kolaboratzaile aritu da Poloniako Kultura Erakundearen eta Errumaniako Kultura Erakundearen jardueretan.
CHENG-SIM LIM
AEB/ASIA (EKIALDEA)
Cheng-Sim Lim zuzendari artistikoa da China Onscreen biurtekoan, Estatu Batuetako hainbat hiritan Txinako filmak eta multimedia-arteak aurkezten dituen ekitaldian. UCLAko (Los Angeles) Zinema eta Telebista Fitxategiko programazioko zuzendarikide izan da. Komisario-lanetan 20 urte baino gehiago egin ditu –horietan nabarmentzekoa da Heroic Grace: The Chinese Martial Arts Film lana (2003-2006), kritikak goraipatutako bi ataleko atzera begirakoa– eta, horri esker, Asiako, Ekialde Hurbileko eta Latinoamerikako zinemagileen eta bideo-artisten ikusle kopurua eta zaleak ugaritu egin dira Estatu Batuetan. Lim gonbidatutako komisario gisa aritu da Getty Research Instituten (Los Angeles) eta Mugimenduzko Irudien Museoan (New York), besteak beste. Bere bideo-lanak Estatu Batuetako telebista publikoan eta hainbat museotan erakutsi dira, besteak beste, Arte Modernoko Museoan (New York) eta Smithsonian Institutuko Freer and Sackler Galerian (Washington DC).
ALEX MASSON
FRANTZIA/BELGIKA/KANADA
Frantziar komunikabideetako (Les Inrockuptibles, Premiere, Brazil, Standard, Radio Nova...) zine-kritikaria 1990etik. Extreme Cinémaren, komertzialak ez diren filmei zuzendutako jaialdiaren sortzailekidea (Toulouseko Zinemateka, 1998tik). Cannesko Kritikaren Asteko hautaketa-batzordeko kidea 2008 eta 2010 artean. L'autre cinéma Belge/Belgian Cinema from Flanders belgikar zuzendari gazteei egindako elkarrizketa-bildumaren egilea. Donostiako Zinemaldiko ordezkari gisa ari da lanean 2008tik.
WENDY MITCHELL
ERRESUMA BATUA / ESKANDINAVIA
Wendy Mitchellek 9 urtetan lan egin du Screen International aldizkarian, hauetatik bitan erredaktore buru izanik. Gaur egun oraindik Screenen kolaboratzailea eta Eskandinaviako korrespontsala da. Gainera, European Film Academy-k argitaratzen duen Close-up aldizkariko editorea da. Bestetik, Zurich Film Festival eta Zurich Summit, Connext by Flanders Image, Goteborg's Nordic Film Market and TV Drama Vision, eta CPH:DOX erakundeen aholkularia da. Mahai inguruak eta jardunaldiak moderatu ditu Canneseko, Berlineko, Torontoko, Londreseko, Locarnoko, Karlovy Varyko, Sundance Londoneko eta Rotterdameko zinema jaialdietan, besteak beste. Estatu Batuetan Entertainment Weekly, indieWIRE, Time Inc eta Rolling Stone komunikabideetan lan egin du. Bere webgunea filmwendy.com da.
MIKEL OLACIREGUI
AEB
Enpresa-zientzietan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean (Donostiako campusa) 1978an. Zinezale amorratua izan da beti. Ikus-entzunezkoen arloan jardun du 1986an ETBk ekoizle gisa kotratatu zuenez geroztik. Hainbat zereginetan aritu zen ETBko Produkzio Departamentuan, harik eta 1988an Miramongo Produkzio Zentruko Zuzendaritzaren Ordezkari izendatu zuten arte, aipatu instalazioak martxan jarri zirenean, hain juxtu. 1990an, berriz, ETBko Programen Zuzendaritzaz arduratu zen. Denbora horretan guztian zinearekiko bere lotura areagotuz joan zen, Eusko Jaurlaritzak zine-ekoizpenerako ematen dituen diru-laguntzen Batzordeko partaide izan zen, baita Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoak sustatzeko sortutako Euskal Media erakundearen Administrazio Kontseiluko kidea ere. Zinemaldiarekiko lotura 1986an hasi zuen, Euskal Telebistak Zinemaldia zela-eta egiten zituen saio berezien ekoizle gisa, une gorena 1987 eta 1988 urteetan erdietsi zuelarik, ETB2 kateak Donostia Zinemaldiari egunero hamar orduko hedadura eskaini zioenekoa, hain zuzen ere. 1993az geroztik Zinemaldiko gerente izan zen eta 1999an Zinemaldiko zuzendariorde izendatu zuten. 2001eko urtarrilean, bere gain hartu zuen Zinemaldiaren zuzendaritza 2011. urtera arte. Harrezkero zuzendaritza berriaren Estatu Batuetarako kolaboratzailea da.
JAVIER MARTÍN
LATINOAMERIKA
Javier Martin (Valladolid, 1970)
Ekonomia-zientzietako lizentziaduna. 1995ean Parisen bizitzen jarri zen, eta Colifilms Distribution banaketa-enpresarentzat eta Albares Productions ekoiztetxearentzat lan egiten hasi zen. 2002 eta 2019 bitartean, Pariseko Udalaren mendeko Forum des Images zinema-erakundearen programazioan lan egin du. Aldi berean, Latinoamerikarako ordezkari lanetan aritu da, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian (2006tik 2011ra) eta Berlinalen (2013tik 2019ra). Hautaketa-batzordeko kide izan da Errealizadoreen Hamabostaldian (2010etik 2011ra) eta Cinéma du Réel sailean (2014tik 2018ra). Gaur egun, Marrakexeko zinema-jaialdiko ordezkaria da, eta BIFF-Bogota International Film Festivaleko programatzailea.
Urteak dira Donostia Zinemaldiarekin lotura duela, eta Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketak koordinatu zituen 2005 eta 2007 artean. 2014tik, Europa - Latinoamerika Koprodukzio Foroko aditu ebaluatzailea da. 2019an Ikusmira Berriak programako aditu-batzordeko kide izan da, eta irakasle bezala aritu da Elías Querejeta Zine Eskolan.