Aurten, SAVAGE CINEMA berriz ere pantailatik aterako da eta zinema-aretoak gaindituko ditu. Hainbat zuzendari, protagonista eta atleta Donostiara etorriko dira bigarren edizio hau babestera. Horrez gain, proposamen batzuen bitartez, savage esperientzia hiriko kaleetara eramango da.
Atleta eta protagonistei dagokienez, sailean ondokoak egongo dira: Robbie Maddison, Roland Sands, El Solitario eta Blitz motor-gidari profesionalak, David Martelleur skaterra. Zuzendariei dagokienez: Bruce Brown (The Endless Summer, On Any Sunday), Dana Brown, Peter Mortimer, Nick Rosen, Clémet Beauvais, Steve eta Todd Jones eta Philippe Petit.
Hilaren 26a, ostiralarekin, motorraren kulturaren aldeko eguna izango da, munduko bi estreinaldiri garrantzitsuri esker. Estilo guztietako motorzaleek belodromoan bukatuko den ride batean parte hartzeko aukera izango dute. Eszenatoki ikusgarri horretan On Any Sunday – The Next Chapter filma proiektatu aurretik iritsiko dira helmugara, hain zuzen. Gauean eskulanaren inguruko oda bat proiektatuko da, The Greasy Hands Preachers (aretoa zehaztu gabe).
Pelikula guztien emanaldien ordutegi eta egunak irailaren 13an iragarriko dira eta sarrerak irailaren 14tik aurrera erosi ahal izango dira sansebastianfestival.com helbidean.
On Any Sunday, kaleko emanaldia!
On Any Sunday estreinatu zenean (1971), ez zen pelikula bat gehiago izan. Bruce Brownen zuzendaritzapean (surfari buruzko The Endless Summer klasikoa ere sortu zuen), Steve McQueen protagonista zuela, motorraren munduaren inguruko begirada hau mundu osoko hartzaileengana iritsi zen. Protagonisten istorio hurbilek liluratuta utzi zituzten eta filmak Hollywoodeko Akademiaren dokumental onenaren sarirako izendapena jaso zuen.
Okendo plazan proiektatuko da, hilaren 24an, asteazkena, 20:45etan.
BMX Flatland street show, Viki Gómezekin
Viki Gómezek flatland-era hurbiltzeko modu ia filosofikoa dauka. Bere ustez, kirol horren funtsa ez da bizikleta gainean akrobaziak egitea. Vikiren hitzetan, hauxe da funtsa: «Buruaren, grabitatearen fisikaren eta orekaren inertziaren arteko borroka. Irudimenaren mugak gainditzeko modu bat da».
Espainiako flatlander onena da, alde handiagatik, eta munduko onenenetakoa.
Hilaren 26an, ostirala, ikusi ahal izango duzu, ondoko tokietan: Boulevardean, 11.30ean; Kursaalen, 13:00etan; eta Katalunia plazan, 16:00etan.
Moto Convoy On Any Sunday – The Next Chapter
On Any Sunday–The Next Chapter dokumentalaren munduko estreinaldia ospatzeko hirian barrenako moto ride-a da. Robbie Maddison eta filmeko beste protagonista batzuk izango dira buruak. Mota askotako motorrez, jendez eta motorrekin lotutako bizimoduez osatutako mosaiko bat eratzea espero dugu.
Zatoz zure makinarekin, irailaren 26an, 19:00etan, Sagueseko zabalgunera! Helmuga: Antonio Elorza Belodromoa. 20h-tan izango da On An Sunday - The Next Chapter-en emanaldia.
Mundakarako Ride-A, Wheels&Waves-ekin elkarlan berezia
Biarritzen ekainean egiten den motorren eta surfaren kulturarekin lotutako ekitaldi entzutetsuak SAVAGE CINEMArekin kolaboratuko du motorraren kulturaren ospakizun honetan. The Greasy Hands Preachers filmaren munduko estreinaldia dela-eta, aparteko ride-a antolatu du: hilaren 27an, larunbata, goizez, Donostiatik Mundakara. Informazio gehiago: Wheels&Waves.com
Blitz Motorcycles, The Greasy Hands Preachers-en protagonistak
Blitz Motorcycles Parisko pertsonalizazio-tailer bat da, Fred Jourdenek eta Hugo Jezegabelek 2010ean sortua. Motor bakoitza elkarrekin asmatu, pertsonalizatu eta bukatzen dute, makina berdingabeak sortzeko. Jakina denez, klasikoak maite dituzte; garatzen duten proiektu bakoitza historia propioa daukan legenda baten omenezkoa izaten da.
Bruce Brown, On Any Sunday-ren zuzendaria
Bruce Brown zuzendaria «lifestyle» motako dokumentalen aitzindaritzat jotzen da. AEBetako itsas armadako beteranoa da, eta zinema arloko prestakuntzarik izan gabe, surfarekin lotutako The Endless Summer dokumentalarekin izugarrizko arraska lortu zuen. Ondoren, motorren inguruko kulturari buruzko On Any Sunday dokumentalarekin AEBetako Zinema Akademiako sarietarako izendapen bat lortu zuen, 1971n. Brucek oinordetza uzten jarraitu du, bere seme Danak zuzendutako On Any Sunday: The Next Chapter lanean ekoizle exekutibo gisa lan eginez.
Dana Brown, On Any Sunday –The Next Chapter-en zuzendaria
Dana Brownek aurrerapen teknologiko berrienak erabili ditu, abenturazko filmak sortzeko daukan ikuspegi bereziarekin batera. Ikuspegi horretan oinarrituta egin zituen surfaren inguruko Step Into Liquid dokumentala eta off road-arekin lotutako Dust to Glory klasikoa abenturazko zinemaren ikur bihurtu dira. On Any Sunday –The Next Chapter filmeko zuzendari gisa, bi gurpilen munduarekiko grina, bizimodua eta kultura aztertu ditu, Red Bull Media House eta Freeride Entertainment etxeekin batera.
David Martelleur. Skater profesional ohia, Danger Dave-ren protagonista
David Martelleur skater belgikarra da. 14 urterekin, patinatzen eta edaten hasi zen, bi urte geroago lehenengo babeslea lortu zuen eta bolada batez Europa mailan lehiatu zen. Hogei urte zituela, drogak kontsumitzen hasi eta patina eta ikasketak utzi egin zituen. 2005etik Asian bizi da eta bere bizitza misterio bat da. Bere karismak eta jarrerak skate-aren munduko sinbolo bihurtu dute.
Peter Mortimer eta Nick Rosen, Valley Uprising-en zuzendariak
Peter Mortimer Sender Filmseko sortzailea da. Nick Rosen 2004an elkartu zen berarekin eta biek batera abenturazko zinemako ekoizpen-etxe nagusi bihurtu dute Sender. 2006an, Sender Films Big Up Productionsekin elkartuta, Reel Rock Film Tour sortu zuten, eskaladako zinemaren tour nagusia. Mundu osoan 400 ikuskizun baino gehiago egiten ditu.
Philippe Petit. Danger Dave-ren zuzendaria
Petitek bere pelikuletako zuzendari eta aktore gisa lan egin du 2011tik. Bere lehenengo film luzea hiru egunetan grabatu zuen, Parisen, baina Danger Dave-ren filmaketak bost urte iraun zuen. Orain, hurrengo lana prestatzen ari da, Continentale.
Robbie Maddison, motorreko freestylerra eta On Any Sunday –The Next Chapter-eko protagonista
Bere ibilbidea munduko markaz, ezbeharren gaineko garaipenez eta toki ikonikoetan egindako jauzi txundigarriz beteta dago. Mundua liluratuta uzten duen Evel Knievelen bertsio berria da. «Maddo» luzera-jauzietako garaipen ugariengatik eta markengatik da ezaguna. On Any Sunday – The Next Chapter-en, toki ikaragarri eta nekez sinesteko batean aireko beste erronka bat lortzeko bidea erakusten du.
Roland Sands, motor-sortzailea eta On Any Sunday – The Next Chapter-eko protagonista
Roland Sands motorrean ibiltzeko etorkizuneko moduari forma ematen ari zaio, literalki. Hamar urteko ibilbide profesionalean munduan zehar hainbat marka hautsi ondoren, lehiaketak alde batera utzi eta motor berdingabeak eraikitzeari heldu zion Rolandek. On Any Sunday – The Next Chapter -ek Rolandek asmatutako high performance-ko motorren edertasun eta artisau-lana erakusten du, eta Micky Rourkerekin motor pertsonalizatuak sortzeko grinari buruz izan zuen eztabaidaren tartean sartzen da.
El Solitario, artista-taldea, The Greasy Hands Preachers-en protagonista
El Solitario iraultza bat da. Konbentzionalismoez, korporazioez eta zer egin behar dugun agintzen digun jendeaz nekatuta geunden. El Solitario oihu isolatu bat da, sistema ez-iraunkorrek iraunkorrak suntsitzen dituzten, etekin azkarrak zentzua desagerrarazi duen eta aurrerapena aurrerapen izan ordez inoiz berreskuratu ahal izango ez dugun ingurune baten suntsipen etengabea den mundu honetan isolatutako oihu bat.
Steve Jones eta Todd Jones. Higher-eko zuzendariak
Todd eta Steve Jonesek Teton Gravity Research sortu zuten, action sport-etako edukiak jorratzen dituen ekoizpen-etxea, Jackson Holen (Wyoming) kokatua. Ekoizpen-etxe horrek atleta nagusiekin lan egiten du, akziozko kirolekiko grina goraipatzen duten multimedia edukiak, produktuak eta ekitaldiak sortzen. Azken 20 urteetan, hogeita hamar film luze baino gehiago eta telesail batzuk zuzendu, ekoitzi eta idatzi ditu TGRk.