Orona Fundazioak gaur iragarri duenez, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean arituko da. Horrela, kultur jarduera esanguratsu eta estrategiko bat bere estrategia berrikuntza teknologikoan, nazioartekotzean, giza-kapitalean eta ingurunearekiko konpromisoan oinarritzen duen korporazio batekin (Orona) batuko da.
Orona Fundazioak Zinema Ikasleen Nazioarteko XIII. Topaketa babestuko du, film labur berritzaileenari 5.000 €-ko saria emanez. Sariaren epaimahaia Mondragon Unibertsitateko (Huhezi) eta Esciviko (Andoaingo Zine eta Bideo Eskola) ikasle talde batek osatuko du, Mondragon Unibertsitateko irakasle batek koordinatuta, Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritza buru dela.
Epaimahaikideek Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarekin lotutako ekitaldi guztietan parte hartuko dute: master class, aurkezpen, solasaldi, emanaldi eta tailerretan.
Abenduan, XIII. Topaketako film laburrak Orona Fundazioaren auditoriumean emango dituzte, aurretik aurkezpen batez eta ondoren solasaldi batez lagunduta.
Bestetik, Orona Fundazioak ekimen berri bat bultzatuko du, Orona Ideo auditoriumean, Donostia Zinemaldiarekin batera: teknologia eta giza-baliabideak gaitzat dituzten pelikulen ziklo bat. Zineklubean, kontzeptu zehatz batzuk garatuko dituzte, adibidez: enpresa eta giza-baliabideen kudeaketa, teknologia berriak eta giza-baliabideak eta teknologia berriak eta etorkizuneko gizarteak. Batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitateko ikasleentzako izango da. Gure gazteek eztabaidatzeko trebetasuna hobetzea eta gaiak jarrera kritikoarekin lantzeko modu berriak garatzea da gure asmoa. Horretarako, beren lan-ibilbidean presente egongo diren gaiak landuko dira.
Zinemaren munduko profesionalek aurkeztuko dituzte pelikulak, eta ondoren, solasaldiak egingo dira.
Zikloaren programa honako hau izatea aurreikusi dugu:
Orona Fundazioa ingurunearekin daukagun konpromisoaren ikurra da, eta era berean, Orona Ideo berrikuntzarako ekosistema berriko funtsezko pieza; enpresa, unibertsitatea eta ikerketa-zentroak gune berezi batean biltzen dituen ekosistemakoa, alegia. Iazko irailean jarri zen martxan, unibertsitateko ikasturte akademikoaren hasieran, eta hilabete hauetan Donostialdeko, Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko kultur, kirol, hezkuntza eta gizarte arloetako eragileekin harremanetan jarri da.
Orona Fundazioak eraikin propioa dauka Orona Ideoren barruan, eta Orona Ideoko komunitatea eratzeko eta dinamizatzeko benetako motorra da. Pixkanaka, inguruko enpresa, hezkuntza eta ikerkuntza arloetako eragileak barne hartzen joango da, baita gizarte, kultur eta kirol arloetakoak ere. Orona Fundazioaren helburua hauxe da: jakintzaren esparru guztietan hezkuntza, prestakuntza eta ikerkuntza arloetako ekintzak sortzeko eta sustatzeko jarduera eta ekimenak egitea, gizartearen beharren bilakaerari jarraiki.
Fundazioaren xedeetako bat ikastetxe eta ikerkuntza-zentroak sustatzera eta kudeatzera bideratutako jarduerak egitea da. Halaber, Fundazioak ekonomia soziala sustatu eta babesteko, kooperatibismoaren ezaugarriak ezagutarazteko eta laneratzea sustatzeko asmoa dauka, baita mota guztietako kultur, gizarte, ongintza eta laguntza jarduerak babestekoa ere.