Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailak Espainian aurten ekoitzitako obra nabarmenak bilduko ditu. Donostia Zinemaldiaren 62. ediziorako programaturiko izenburuak honako hauek dira:
Malagako zinema-jaialdian lau sari irabazi zituen pelikula honek, film onenarena barne. Bartzelonako Alexandra eta Sergi bikotea haur bat izateko asmotan dagoela, emakumeari Los Angelesera urtebeterako lan egitera joateko eskaintza profesional bat egingo diote. Harremana sendoa delakoan, planak atzeratzea eta erronkari aurre egitea erabakiko dute.
Film honek Berlingo aurtengo zinema-jaialdiko Generation sailean aipamen berezia lortu zuen. Jota eta Simón 20 urteko bi lapur gazte dira; egunero, axolagabe ateratzen dira kalera, topatzen dutenarekin bizimodua ateratzera. Baina ohiko lapurretak eta trafiko txikia egiteaz gain, barnean har bat daukate. Bakoitzak ez daukana nahi du.
Carmina o revienta filmaren jarraipena da, hau ere Paco Leónek zuzendua. Senarraren bat-bateko heriotzaren ondoren, Carminak María alaba egun batzuk igaro arte heriotzaren berri ez emateko konbentzituko du, gizonak jasotzekoa zuen ordainsari bikoitza kobratu ahal izateko. Bi egun horietan, Sevillako auzo xume bateko etxebizitza-bloke bateko egunerokotasunean, hilotza ezkutatu egingo dute eta dolua isilpean egingo diote.
Ez-fikziozko pelikula honek Málagako zinema-jaialdian dokumental onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen. 4F deituriko kasuan, gazte-talde batek espetxean bukatu zuen, Bartzelonako udaltzain bat hiltzen saiatzea leporatuta. Torturak eta tratu txarrak salatu zituzten. Nesketako batek, azkenean, bere buruaz beste egin zuen, errugabea zela frogatzeko.
Jaime Rosalesek Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zuen bere pelikula berria. Natalia eta Carlosen istorioa kontatzen du; gaur egungo Espainian bizirauteko borrokatuko diren hogei urteko bi gazte maitemindurena. Baliabide mugatuak dauzkatenez, ezin dute nahi luketen bezala aurrera egin. Ez daukate anbizio handirik, itxaropen handirik ere ez daukatelako. Sos batzuk irabazteko, pelikula porno amateur bat filmatzea erabakiko dute.
Espainiako zinemaren historiako pelikularik arrakastatsuena da. Rafa andaluziar peto-petoak inoiz ez du bere Sevilla maitetik atera behar izan bizitzan gehien inporta zaiona lortzeko: xerez lehorra, gomina eta emakumeak. Baina, egun batean, dena aldatuko da, bere xarmari muzin egingo dion lehenengo emakumea agertzean.
Nacho Vigalondoren pelikula berria thrillerra da eta Elijah Wood eta Sasha Grey ditu protagonista. Jillek, uneko emakumezko aktore kitzikagarrienak, Internet bidezko lehiaketa bat irabazi duen jarraitzaile batekin, Nickekin, afaltzeari uko egingo dio. Ordain gisa, Chord izeneko morroi batek Nicki aktorearen atzetik ibiltzen lagunduko dio. Horretarako, Nicken ordenagailua erabiliko dute.
Autopistaren ondoan baso bat sortu zuen gizon bati buruzko istorioa da hau. Han, eraikin itxuragabeak eraiki ondoren, hainbat hamarkadatan, behin eta berriz erraustu eta berreraiki zituen. «Argelaguerreko Tarzan» deitzen diote. Locarnoko eta Malagako zinema-jaialdietan aurkeztu zuten dokumentala.
Lluís Miñarroren fikziozko lehenengo pelikula Rotterdameko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen. Amadeo Saboiakoaren Espainiako abenturari buruzko istorio bat da. Amadeo herrialde «ezinezko» bat modernizatzen ahalegindu zen izar iheskor liluragarria izan zen. Filma boterearen ezdeuskeriari eta edertasuna hautemateko zailtasunari buruzko gogoeta bat da.
Dublinen kokatutako komedia erromantiko gozagarria, idazle gastronomiko irlandar ospetsu baten eta sabelari ez baizik eta bihotzari jarraitzera eramango duen zirt edo zarteko emakume espainiar baten ingurukoa. Oliver Byrne kazetari gastronomikoak Bibiana arte-komisarioa ezagutuko du. Bien arteko maitasun-harremana errezeta penagarria da edo Oliverrek, azkenean, benetako maitasunaren osagaiak aurkitu ditu?
Dokumental kolektibo honek abortatzeko eskubidea murrizten duen duela gutxiko lege-aurreproiektuaren kontrako protestak jasotzen ditu. Albiste horren aurrean, emakume asturiar talde txiki batek protesta egingo du, eta haren eraginez, herrialde osoko ehunka mila lagun trena hartuta Madrilera joango dira. Hala, manifestazio jendetsua egingo dute eta munduko beste hiriburu batzuetara ere iritsiko dira.