Aurten, Donostia Zinemaldia berriz ere Latinoamerikako urteko ekoizpen onenaren erreferente bihurtuko da. 62. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailaren programazioak hamalau film bilduko ditu, Argentinan, Mexikon, Txilen, Brasilen, Uruguain eta Kolonbian eginak. Guztiak ere nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan lehiatu dira edo parte hartu dute, baina Espainian ez dira aurkeztu, ez jaialdietan, ez zinema-aretoetan.
Aukeratutako filmak Horizontes Saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horretarako berariaz sorturiko epaimahai batek erabakiko du hura nori eman, eta irabazleak 35.000 euro jasoko ditu; horietatik 10.000 euro filmaren zuzendariarentzat izango dira, eta gainerako 25.000 euroak, Espainiako banatzailearentzat.
Rio de Janeiroko elite sozialaren munduan girotutako istorio bat da, gehiegi babesten duten gurasoengandik ihes egin nahian dabilen nerabe bati eta bitartean sosik gabe gelditzen den familiari buruzkoa. Fellipe Barbosa brasildarraren bigarren pelikula hau Rotterdameko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen.
Berlingo zinema-jaialdiko Generation sailean aurkeztu zuten filma, Matías Lucchesiren lehenengo pelikula, eta Guadalajarako zinema-jaialdian Iberoamerikako pelikula onenaren saria irabazi zuen. Emakume bihurtzear dagoela benetako nortasuna ezagutzeko beharra sentituko duen neska bat da protagonista. Ez daki nor den bere aita, baina aurkitzeko asmoa dauka.
Martín Rejtman zinemagile argentinarra Locarnoko zinema-jaialdian lehiatu zen bere pelikula berriarekin. Goizalde batean, 16 urteko nerabe batek, Marianok, etxean errebolber bat aurkituko du, eta pentsatu gabe, bere buruari bi tiro botako dizkio. Bizirik irtengo da. Marianok eta bere familiak egoera horren aurrean izango duten erreakzioari buruzko istorioa da Dos disparos.
Franco Lollik, bere film laburrek nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan sariak jaso ondoren, egin duen lehenengo film luzea da. Canneseko Kritikaren Astean aurkeztu zuen. Hamar urteko Eric haurra, gauetik goizera, ozta-ozta ezagutzen duen Gabriel aitarekin bizitzera joango da. María Isabelek, Gabriel arotz gisa kontratatuta daukan emakumeak, laguntzea erabakiko du eta bere landetxera gonbidatuko ditu, Gabonak berarekin pasatzera. Baina ez ditu haurra bere zaintzapean izatearen ondorioak igarriko.
Zinema-ibilbidearen hasierako road movie-a eta komedia da, Frantziako Uhin Berriaren omenezkoa. Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean opera prima onenaren saria irabazi zuen; Tribecako zinema-jaialdian, aldiz, argazki onenaren saria eta epaimahaiaren aipamen bat. Tomás nerabearekin moldatzea zaila bihurtu denez, amak Mexiko Hirian ikasten ari den anaia nagusiarekin bizitzera bidaliko du. Tomásek Epigmenio Cruzen kasete bat eraman du, aitarengandik oinordetzan hartua. Hirukoteak bere idoloa ospitale batean hilzorian eta bakarrik dagoela jakitean, auto herdoildua hartzea eta rock izar zaharrari begirunea adieraztera joatea erabakiko du.
Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saileko iazko edizioan parte hartu ondoren, Benjamín Naishtaten lehenengo filma Berlingo zinema-jaialdian lehiatu zen eta Jeonjuko zinema-jaialdian pelikula onenaren saria eman zioten. Beroaldi batek auzo pobre bat estutzean, itzalaldien eta kutsadura-boladen eraginez, gizarte-ordena hausteko zorian egongo da eta biztanleak beren zergatiei, senei eta beldurrei aurre egitera behartuko ditu egoera horrek.
Viggo Mortensen da Lisandro Alonsoren film honetako protagonista. Filma Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean lehiatu zen eta FIPRESCI saria irabazi zuen. 1882an, Dinesen kapitaina Danimarkatik Patagoniara iritsiko da, hamabost urteko Ingeborg alabarekin batera, Argentinako armadarentzat ingeniaritzako lan bat egiteko. Ingeborgek soldadu gazte batez maitemindu eta harekin ihes egin ondoren, kapitaina etsaien lurraldera joango da, bikotea bilatzera. Bakarkako bilaketa izango da, denboratik haratagokoa.
Matías Piñeirok berriz ere antzerkiaren munduari buruzko gogoeta egin du film honetan eta Locarnoko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu da. Aita Mexikon hil eta urte batera, Victor Buenos Airesera itzuliko da, bere antzerki-talde ohiarentzako lan batekin: irratirako antzezlan sorta bat egitea, Latinoamerikarako, elkarrekin egin zuten azken laneko atal pilotua grabatuta.
Iazko Zinemaldian, Zinema Eraikitzen saileko Industriaren Saria irabazi zuen film honek. Argentinan etorkin berriek bizi duten esperientziaren inguruko mosaiko bat da. Bakardadearen eta deserrotzearen aurka borrokatzen diren hainbat arrazatako pertsonaiei buruzko hiru istorio dira, «La Salada» azokaren inguruan kokatuak.
Celina Murga zuzendari argentinarra Berlingo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen pelikula honekin. Protagonista Nicolás da, probintzia-hiri txiki batean amarekin eta anaia txikiekin bizi den hamazazpi urteko gaztetxoa. Beste familia bat osatu duen aita berriz ere bere bizitzan agertzean, bien artean tirabirak sortuko dira. Nicolás etorkizunera begirako muturreko erabakiak hartu behar dituela konturatuko da.
Alejandro Fernández Almendras txiletarraren hirugarren pelikula honek Zinema Eraikitzen saileko iazko edizioan parte hartu zuen, eta ondoren, nazioarteko hainbat zinema-jaialditan saritu dute, besteak beste, Sundancekoan eta Rotterdamekoan. Jorge langile xumearen istorioa kontatzen du. Bizilagun gaizkile batek, Kalulek, lapurreta egingo dio. Kalulek Jorgeren semeari tiro egingo dio, aita defendatu nahian dabilela, eta espetxe-zigorra ezarriko diote. Baina aske geratzean, gauza bakarra bilatuko du Kalulek: mendekua.
Karim Aïnouzek zuzendutako maitasunezko istorio hau Berlingo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen. Donatok sorosle gisa lan egiten du, Praia do Futuro ikusgarria –eta aldi berean, arriskutsua– patruilatzen. Itsasora korronteak harrapatutako bi gizon salbatzera sartzean, Brasilen oporretan dagoen Konrad alemaniarra erreskatatzea lortuko du, baina haren bidaidea ito egingo da. Gorpua azalera ateratzearen zain dauden bitartean, Donatoren eta Konraden artean lotura estu bat sortuko da eta lehenengo sexu-kontuek lotura sakonago eta emozionalago bati bidea emango diote. Sebastiane Latinoa saria irabazi zuen.
Diego Lermanen film berria Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten. Matías zazpi urteko haurrak, urtebetetze jai batetik etxera bueltatzean, ama, Laura, lurrean konorterik gabe aurkitzean hasten da istorioa. Laurak kordea berreskuratutakoan, semearekin batera tratu txarrak jaso dituzten emakumeentzako aterpe batera ihes egitea erabakiko du. Matíasen begien bitartez, ihesaldia ikusiko dugu eta berak ezagutzen zuen guztia arriskutsu bihurtzen, Laurak bizitoki seguru bat bilatzen duen bitartean.
Brasilgo kostaldeko herrixka batera alisio haizeak erregistratu nahi dituen ikertzaile bat iristearen eta aurkikuntza harrigarri baten ondorioz, Shirleyk eta Jeisonek bizitzaren eta heriotzaren, memoriaren eta ahanzturaren, haizearen eta itsasoaren arteko duelu bati aurre egitera bultzatuko dituen bidaia bat egingo dute. Gabriel Mascaróren lehenengo pelikula da. Locarnoko zinema-jaialdian aipamen berezi bat jaso zuen.