Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa antolatuko dute aurten ere. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da. Hamahirugarren Topaketa honen lehen aukeraketan 29 herrialdetako 79 eskolatako 169 film laburrek parte hartu dute: AEB, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Brasil, Costa Rica, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Eslovakia, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Hungaria, India, Israel, Italia, Kolonbia, Kuba, Lituania, Mexiko, Txekiar Errepublika, Txile, Polonia, Suitza, Uruguai eta Venezuela.
Topaketak, aurten lehenengo aldiz 4 eguneko iraupena izango du, irailaren 23tik 26ra, eta Kutxa Andia aretoan (Andia Kalea (z/g.) izango da. Aukeratutako film laburrak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei irekitako saioetan aurkeztuko dira.
Aurtengo edizioan honako film laburrak eta eskolak aukeratu ditugu:
Milda lagunekin ateratzeko prestatzen ari da. Galera mingarri baten albisteak planak hondatuko dizkio. Lehen begi-kolpean, Mildak hartutako erabakiek errazak dirudite, baina, pixkanaka, jasanezinak bihurtuko dira.
Alex jaio zenean, adoptatu egin zuten. Orain, adinez nagusia dela, bere ama biologikoak alaba ezagutzea onartu du. Aukera hori galtzen uztearen edo behingoz nor den ezagutzearen artean zer egin erabaki beharko du, bidaia horretan zer edo zer baliotsu galtzeko beldurrari aurre eginez.
Ester gazteak arazo bat dauka: 1.400 watteko Tiafun xurgagailuak airea xurgatu beharrean bota egiten du. Xurgagailua itzultzeko Eslovakian barna egingo duen bidaian, urrutiko autobus geltoki batean, bera erabat arrotza den toki batean, ez atzera ez aurrera geldituko da.
Alberto nerabea Mexikoko Z karteleko sikario talde batentzat gidari gisa ari da, karga misteriotsu bat garraiatzen. Gau bateko bidaian, gaur egungo Mexikon nagusi den indarkeriaren infernuekin harremanetan jarriko da.
Tarzanek, oihaneko errege eta Pinocheten kontrako Manuel Rodríguez komando patriotikoko kide esanguratsuenak, 1985eko Miss Txile bahitu du.
Neska gazte bat ezohiko proba baterako entrenatuko da, bete-betean, urpean igeri eginez, korrika ibiliz, meditatuz eta bere gorputza erabat kontrolatzen ahaleginduz, baina gorputzak neskak nahi duen guztia egiteari muzin egingo dio. Osasuna eta familiako arazoak alde batera utzita, neskak aurrera jarraituko du.
Oren gurasoen etxera iritsiko da, bere gauzak hartzera, neska-lagunarekin bizitzera joateko. Egunak aurrera egin ahala, interakzio sinpleen bitartez, familiaren barne-dinamika banantze baten kronikaren bidez azaleratuko da.
Asperdura eta gogorik eza nagusi diren munduan, mutil batek eta neska batek lehenengo aldiz topo egingo dute.
Amelie emozionalki ezegonkorra da. Egun batean, aitaren etxetik atera ondoren, Clovis, lau urteko semea, haurtzaindegitik jasoko du, goiz erdian. Biak hiritik gertuko basora joango dira, «egun dibertigarria» izatera. Amelieren umekeriak semea arrisku larrian jarriko du.
Antoninek eta Leonorrek hegatxabalak ehizatzen dituzte. Mutila oso otzana da, arreba suntsitzailea den bezainbat. Egun batean, txakur batek eraso egingo die.
Lo Prado komunako hiru neraberen eguneroko drama. Abandonuaren, asperduraren eta muga sozioekonomikoen eraginez, horietako bakoitzarengan erresumin sakona pizten hasiko da.
Filak lagunen artean arrakasta handia dauka, itzela, ausarta eta bazter-nahaslea delako. Baina bere arerio Gülcan ere halakoa da. Gülcanek nerabeentzako aldizkari batek antolatutako lehiaketa batean parte hartzean, Fila taldeko lidergo postua galtzearen beldur izango da. Gainera, Arturrekin daukan harremanari buruzko zurrumurru asko daude. Hura 27 urteko gaztea da eta denek «Pedo» deitzen diote.
Onno blokeatuta dago. Galduta. Galdera gehiegi. Erantzun gutxi. Eta oroz gain, sentimendu arraro hori dago. Sentimendu hori ezagutzen du, baina ez du ulertzen.
Julianek konpromisorik gabe bete nahi ditu bere helburuak. Lana utziko du, musikan bete-betean aritzeko. Bere adiskide min eta kideak ezin du ulertu eta Julian bere onera itzul dadin ahal duen guztia egingo du.
Topaketan, bestalde, lehiaz kanpoko hiru film labur aurkeztuko dira. Batetik, Atelier Ludwigsburg-Paris proiektuko bi film labur proiektatuko dira. Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzeko sortutako egitasmo horretan, Pariseko La Fémis eta Badem-Württembergeko Filmakademie zinema-eskolek parte hartu dute.
Igande arrunt batean, Frantziako komunitate errusiar batean. Victor gazte atsegin eta adeitsuak ezkutuan maite duen pertsonaren mespretxuzko jokabidea gainditu beharko du.
Gonbidapenik jaso gabe, Schuhmann semearen ezkontzan agertuko da. Urtetan ez dute elkar ikusi, baina semeak aitaren nahi lukeena baino antz handiagoa daukala dirudi…
Hirugarren film labur, Donostiako Zinemaldiaren eta BioBio Cine, Festival Internacional de Concepción-en (Txile) arteko lankidetzaren eskutik dator. Biek ikus-entzunezko arloko ezagueren esperientzia-trukea sustatzeko helburua baitute.
Amorruaren eta zalantzaren artean, Luisek noizbait bere etxea izan zena zeharkatuko du; orain, hondakin bihurtuta dago. Gizarte-mugimenduek iraulitako herrialde batek ahaztuta, lurrikarak bere etxea baino zerbait gehiago eraitsi zuela konturatuko da Luis.
Epaimahai berezi batek, bestetik, Topaketan parte hartuko duten eskoletako ikasleez osatutakoa, eta zinema munduko profesional ezagun bat buru izango duenak, sarien irabazleak aukeratuko ditu. Aurten, lehenengo aldiz, bi sari berri banatuko dira: Torino Award-a eta BioBioCine–DuocUC Saria.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren antolatzaileak Donostia Zinemaldia eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa dira. Topaketak Donostia/San Sebastian 2016ko Europako Kultur Hiriburua ekimenaren laguntza dauka. Ekimen horrek ikus-entzunezkoen sorkuntza etengabe babestea du helburu, Donostia formatu txikiko edo ertaineko ekoizpenaren arloko erreferentzia izan dadin Europa osoan.
Jardueraren sustatzailea:
|
Laguntzaileak:
|