Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Samba filmaren Europako estreinaldia Donostia Zinemaldian izango da, 62. edizioaren amaiera gisa, datorren irailaren 27an. A Contracorriente Films-ek Frantziako urteko ekoizpen irrikatuenetakoa estreinatuko du gure herrialdean.
Intouchables filmaren zuzendari berberen pelikula da Samba, hark mundu osoan izandako arrakastaren ondoren egina: Frantzian 19 milioitik gora ikusle izan zituen, Alemanian 8 milioitik gora ikusle, eta Espainian, 2,5 milioi ikusletik gora.
2011n Intouchables filmarekin eta 2013an The Young and Prodigious T.S. Spivet-ekin gertatu zen bezala, Gaumont ekoizpen-etxeko pelikula bat aukeratu da ‒gure herrialdean A Contracorriente Films-ek banatua‒ aurtengo Donostia Zinemaldiari amaiera emateko.
Samba filmeko protagonistak Omar Sy (Intouchables, X-Men: Days of Future Past), Charlotte Gainsbourg (Melancholia, Nymphomaniac) eta Tahar Rahim (Un prophète, Le passé) dira. Quad eta Gaumont etxeek batera ekoitzi dute eta Frantzian datorren urriaren 15ean estreinatuko dute. A Contracorriente Films-ek gure herrialdean datorren neguan estreinatzeko asmoa dauka.
Samba Senegaldik iritsi zen Frantziara, duela hamar urte, eta beti bigarren mailako lanak izan ditu. Alice zuzendari exekutiboa da eta duela hilabete batzuetatik oso estresatuta dago. Gizona lan-baimena lortzeko beharrezkoa den guztia egiteko prest dago; emakumea, berriz, GKE batean boluntario gisa lan eginez aurreko bizimodua atzean utzi nahian dabil. Biak kale itsu diren beren bizimoduetatik irteteko borrokatuko dira… zoriak elkartuko dituen arte.