62. Donostia Zinemaldiak urteko panorama zinematografikoko proposamen interesgarrienetakoak jasoko ditu Zabaltegi sailean. Askotariko sorta izango da: fikziozko film luzez, dokumentalez, film laburrez eta telesail batez osatua.
Sailaren barruan, nazioartean itzal handia daukaten zinemagile batzuen lan berrienak Espainian lehen aldiz emango dira (adibidez, Ulrich Seidl, Bruno Dumont eta Kazuyoshi Kumakirirenak), baita talentu berrienen lanak ere (adibidez, Andrew Huculiak, Kaouther Ben Hania eta George Ovashvilirenak). Gainera, Espainian ekoitzitako lau film luze eta hiru labur munduan lehen aldiz emango dira.
Animazio-zinema presente egongo da, Signe Baumanen Rock In My Pockets filmaren bidez, eta telebistako fikzioak ere tokia izango du, P'tit Quinquin / Lil´Quinquin telesail osoa emango baita -Bruno Dumont zinemagile frantziarrak esparru horretan sarraldi harrigarria egin du-.
Halaber, dokumental ugari izango dira Zabaltegin. Aipagarrienen artean, Gianni Amelioren Felice chi è diverso / Happy to be different, Gabe Polskyren Red Army eta Pierre-François Limboschen Le paradoxe de John Malkovich / The John Malkovich Paradox daude. Horrez gain, bi musikari ospetsu gogoratuko dira ez-fikziozko beste bi lanetan: Fela Kuti musikari nigeriarra, Alex Gibney dokumentalgile saridunaren Finding Fela lanean, eta Paco de Lucía gitarra-jotzailea, Francisco Sánchez Varelak zuzendutako Paco de Lucía: La búsqueda lanean. Beste dokumental batzuetan, zinemaren inguruko gaiak jorratzen dira: Bette Davisek Donostia Zinemaldira egin zuen bisita, Pedro González Bermúdezen El último adiós de Bette Davis lanean, Basilio Martín Patino zinemagilearen obra, Virginia García del Pinoren Basilio Martín Patino. La décima carta lanean, eta Ghibli animaziozko zinema-estudio ospetsuaren sekretuak, Mami Sunadaren Yume to kyôki no ohkoku / Kingdom of Dreams and Madness lanean.
Beste alde batetik, 62. edizioko programazioan beste bi pelikula gehituko dira: Danis Tanovic zinemagilearen pelikula berriena, Tigers, Sail Ofizialean lehiatuko da; Perlak sailean, aldiz, Ned Benson zuzendari eta Jessica Chastain eta James McAvoy protagonista dituen The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko da.
Basilio Martín Patinok bederatzi gutun bidali zizkion Bertari 1966an. Ia berrogeita hamar urte geroago, Virginia García del Pino hamargarrena idazten saiatu da. Basilio Martín Patinok eta biek partekatutako gutuna, nortasun iheslariaren erretratua. Patinok berak emandako aginduan oinarrituta, «egin behar denari buruzko manu guztiak ahaztea», Bertari 1966an idatzi zion ikasle errebelde harengandik zer geratu den aztertzen du (gutun horien inguruko filma Martín Patinoren zinema-ibilbide bikainaren hasiera izan zen).
2012an Donostia Zinemaldiko Zinema Mugimenduan sailean izan ondoren, Kaouther Ben Hania zuzendariaren film hau Dubaiko zinema-jaialdian lehiatu zen. Motoziklista bat Tunisiako kaleetan dabil, bizarra egiteko laban bat eskuan, bidean topatzen dituen emakume sexyenen ipurmasailak mozten. Pelikulak, ironia erabiliz, hiri-kondaira baten atzean ezkutatzen diren katramilak kontatzen ditu eta Tunisiako gizarte asaldatua irudikatzen du: gizonak, beren tokiaren bila, eta emakumeen gorputza, auzi politikotzat hartua.
Gianni Ameliok Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean aurkeztu zuen zoriontasunaren eta berdintasunaren aldeko mende bateko borrokaren inguruko ikuspegi hunkigarri hau; oraindik aurrera jarraitzen duen borroka baten ingurukoa, hain zuzen. Fikzioa baino errealitatea aztertzea nahiago duen kamera batek azaldutako Italia ezkutatua, inoiz ezagutarazi gabekoa: gayen Italia, XX. mendean bizi izan zen bezala.
Oscar sari baten irabazlea den Alex Gibney zuzendariak Fela Anikulapo Kuti ospetsua, afrobeat mugimendu musikalaren sortzailea, aztertu du bere dokumental berrian. Haren bizitzaren, musikaren eta herri zapalduen eskubideen defendatzaile gisa izan duen garrantzi politikoaren ingurukoa da filma. Nigeriak demokraziaranzko bidea hartzea eragin eta mundu osoan politika panafrikanista bultzatu zuen.
UIrich Seidlek Veneziako zinema-jaialdian aurkeztuko du bere lan berriena. Austriarrek beren sotoekin daukaten harremana deskribatzen saiatzen da pelikula, baita Austriako sotoen berezitasunak definitzen ere… edo egiazki berezitasunik baduten zehazten.
Borja Cobeagaren komedia berriko protagonista Manu Aranguren da, ETArekiko negoziazioetan Espainiako Gobernuaren mintzaide gisa aritzen den euskal politikaria. Laster, ekintza serio eta ondo pentsatua izan ordez, elkarrizketa kasualitateek, akatsek edo gaizki-ulertuek baldintzatuko dutela ikusiko da. Ramón Barea, Carlos Areces eta Josean Bengoetxea dira protagonistak.
Bruno Dumontek zuzendutako telesail honetako atal guztien emanaldia. Boulonnais eskualdeko kostaldeko herri txiki bateko krimen bitxien ikerketa polizial sinesgaitz eta eszentrikoaren istorioa da. Herria gaizkiaren eta P'tit Quinquinek eta haren kutuna den Evek zuzendutako gaizkile gazteen talde baten mendean dago.
Dokumental hau ez da Paco de Lucíaren bira baten jarraipen fisiko hutsa, haren arimarako hurbilpen bat baizik: haren oroitzapenetarako hurbilpena, nahigabea, interesa edo aho betean barre egitea eragiten zioten gauzetarako hurbilpena. Flashbacken bitartez, Paco de Lucía bera narratzaile bakarra dela, haurtzarotik azken egunetarainoko tartea kronologikoki aletzen du. Mallorcan eman zituen azken egunak, hain zuzen ere, hil ondorengo diskoko azken moldaketak egiten.
Stephen Frearsen Harreman arriskutsuak filmeko protagonista izan zenetik 22 urtera, John Malkovichek antzerkirako egokitzapen bat zuzendu zuen, Parisko Théâtre de l'Atelier antzokian. Aktore gaztez osatutako talde batekin egindako lan hori antzerkiarekin lotuta egoteaz gain, bizitzari buruzko irakaspen hunkigarria da.
Dokumental hau Cannes, Mosku eta Torontoko jaialdietan aukeratu zuten eta Sobietar Batasunari eta bere kirol-historiako dinastia loriatsuenari buruzkoa da: Armada Gorriaren hockey taldeari buruzkoa. Taldeko kapitain Slava Fetisoven ikuspegitik kontatuta, heroi nazionala etsai politiko bilakatzera nola igaro zen azaltzen du. Gerra Hotza izotz pistetan jokatu zela eta gizon batek hainbat errusiar belaunaldiri aldaketarako bidea ireki ziela adierazten duen istorio iradokitzailea da.
Signe Baumane animazio-zinemako zuzendari entzutetsuak bere familiako emakumeei eta eromenaren aurkako borrokari buruzko istorio pertsonala kontatzen du, bere burua barne hartuta. Metafora bisualez, irudi surrealistaz eta umore-sen bihurriz betetako pelikula da. Karlovy Varyko jaialdian FIPRESCI saria lortu zuen.
Karlovy Varyko zinema-jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen pelikula honek Abkhaziako gizon zahar baten eta haren biloba gaztearen istorioa kontatzen du. Enguri ibaiaren mailaren igoerak sortu duen uhartean artoa landatzeko asmoa daukate. Baina soldadu georgiarrak gertutik igarotzen dira...
Dokumentalean, aktoreak 1989ko Donostia saria jasotzeko Donostia Zinemaldira egin zuen bisita berregiten da: nola prestatu zen agur esateko eta zer arrasto utzi zuen berarekin harremanetan egon zirenengan.
Andrew Huculiak zuzendariaren lehenengo pelikula honetako protagonista Dagny da, bizikien maite izan zuten pertsonak oso garbi gogoratzen dituen gazte bat. Norvegiako paisaien edertasun ikusgarriak eta soinu-banda boteretsuak filmaren indarra handitzen dute. Karlovy Varyko zinema-jaialdian aurkeztua.
Kazuyoshi Kumakiriren pelikula berria Kazuki Sakurabaren best-seller baten egokitzapena da eta Moskuko jaialdian pelikula onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak irabazi zituen (bigarrena Tadanobu Asano protagonistarentzat izan zen). Tsunami batek sortutako hondamendiaren ondorioz dena galdu ostean, hamar urteko neska bat, Hana, 26 urteko urrutiko senide batek adoptatuko du, Jungo Kusarinok. Bikotea aita-alaba gisa biziko da, galera-sentimendu sakona partekatuz. Hokkaidoko sakonera handiko elurretan, maitasun-gosez dauden beren bihotz hutsak mundu debekatu batean sartuz betetzen saiatuko dira Jungo eta Hana.
Ghibli animaziozko zinema-estudio ospetsuari buruzko film luze dokumentala da. Estudioko barnealdea ezagutzeko sarbide librea izanda, Mami Sunada zuzendariak Ghibliko kide nagusien urtebeteko jarraipena egingo du (Hayao Miyazaki zuzendaria, Toshio Suzuki ekoizlea eta «beste» zuzendaria, Isao Takahata zaputza), estudioa pelikula berriak, Miyazakiren The Wind Rises eta Takahataren The Tale of Princess Kaguya irrikatuak, prestatzen ari den bitartean. Horren emaitza, munduko animaziozko estudio ospetsuenetako baten lan-metodoaren ikuspegi berdingabea da; haren ametsena, grinarena eta zoramenaren mugatik gertu dagoen dedikazioarena.
Umetan sorgin-orratzekin amestu zuen eta bere ametsa beteta hil zen motor arloko aitzindari baten istorioa.
Lur lehorra, eguzkia, haizea. Prozesio batek zeharkatuko du paisaia. Haren otoitzen oihartzunak euria ekarriko du.
Mireni, kafea ordaintzerakoan, askotan txandapasa egiten diote. Baina bere dendatik norbaitek alkandora bat lapurtu duela konturatzen denean beste behin etsipenean erortzeko ez dago prest.
Benetako gertaeretan oinarritutako drama bat da, Oscar sari bat jasotako Danis Tanovicek zuzendua (No Man's Land). Saltzaile gazte batek, zabaltzen aritu den haurrentzako botika baten ondorioak ezagutzeak atsekabetuta, botika ekoizten duen enpresa multinazionalari aurre egingo dio.
James McAvoy (The Last King of Scotland, X-Men) eta Jessica Chastain (bi aldiz Oscar sarietarako hautagaia, Zero Dark Thirty eta The Help filmengatik) dira harremana berreraikitzeko bidea bilatzen ari den bikote baten istorioko protagonistak. Eleanor eta Conorren arteko bikoteak denongan miresmena sortzen du. Oso maiteminduta daudela dirudi, baina egun batean, ezusteko batek ezkon-harremanari eragingo dio. New Yorkeko bikote honek, nahigabea jasaten ari den arren, elkar ulertzeko ahalegina egin behar du, eta aldi berean, maitasuna berpizten eta bizitza berreskuratzen saiatu. Aktore taldean, Viola Davis, Bill Hader, William Hurt eta Isabelle Huppert daude. Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.