Dorothy Arzner (1897-1979) Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren barruan ezohiko kasua izan zen, Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesional bat egitea lortu zuen emakume bakarra. Donostia Zinemaldiak Arznerren lana omenduko du 62. edizioan. Gaur egun, emakumea zinema-industrian sartzeari dagokionez aitzindaritzat jotzen da Arzner, baita estilo eta nortasun propioko zinemagiletzat ere. Berezitasun horri esker, Hollywoodeko estudioen sistemaren barruan zalantzarik gabeko sona lortu zuen.
Dorothy Arzner San Frantziskon jaio arren, Los Angelesen hazi zen, eta Fashions for Women filmarekin (1927) debutatu zuen zuzendari gisa. Hurrengo urtean, soinuzko pelikula bat zuzendu zuen lehenengo emakumea izan zen: Manhattan Cocktail zuen izena (1928). Arznerrek beste 15 pelikula zuzendu zituen 30eko hamarkadan eta 40koaren hasieran eta Hollywoodeko izar askorekin lan egin zuen, pertsonaia femeninoetan arreta berezia jartzen zuten komedia eta melodrametan, adibidez: Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawfordekin. 1933an, Ameriketako Estatu Batuetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zen lehenengo emakumea izan zen eta hainbat hamarkadatan emakumezko kide bakarra izan zen. Nahiz eta pixkanaka haren izena ahazten joan zen, 60ko hamarkadan, mugimendu feministek Arznerren ibilbidea goraipatu zuten eta hainbat omenaldi egin zizkioten; besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean. Gaur egun, haren filmografiak balio handiagoa hartu du, ez Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren historiako salbuespen bakana izateagatik bakarrik, baita berezko balioengatik ere. Arznerrek arrastoa utzi zuen estilo bisual dotoreko pelikula multzo baten bitartez. Film horiek ohiko rol sexualak eta emakumeek gizartean zuten funtzioa zalantzan jartzen zituzten. Kritikari batzuen arabera, mezu homosexual ezkutuak sartzen zituzten Hollywoodeko garai hartako egitura zurrunean.
Donostia Zinemaldiak Dorothy Arznerri eskainiko dion atzera begirakoa gaur egun gordeta dauden haren filmografiako hamabi filmez osatuta dago eta Espainiako Zinematekarekin lankidetzan antolatuta. Judith Maynek zinemagileari buruz idatzitako liburu baten argitalpen elebidunarekin (ingeles eta gaztelaniaz) osatuko da zikloa.
Clara Bow txundigarria (bere lehenengo pelikula soinuduna izan zen) eta Arznerrek gogokoen zeukan aktoreetako bat, Fredric March, dira pelikula harrigarri eta lotsagabe honetako protagonistak.
Melodrama honi esker, Ruth Chatterton protagonistak Oscarretarako izendapen bat lortu zuen, hainbat urte lehenago galdutako semearen bila dabilen operako kantari baten interpretazioagatik.
Bere garaian nahiko ausarta izan zen komedia erromantikoa. Abokatu bat eta korista bat ezkonduta esnatuko dira, gauean mozkorraldia izan ondoren, eta egoera horrek mota guztietako nahaste-borrasteak eragingo ditu.
Luxuzko aktore talde bat (Claudette Colbert, Fredric March eta Ginger Rogers) agertzen da melodrama honetan. Dorothy Arznerrek garai hartako zineman ezohikoa zen gai bat landu zuen: lan munduko sexu-jazarpena.
Bere garaian oso ospetsua izan zen Vera Caspary idazlearen antzezlan baten egokitzapena da pelikula hau, Dorothy Arznerrek mundu femeninoan egin zuen beste sarraldi baten emaitza buruargia. Lan eta senar bila dabiltzan bi emakume adiskideren istorioa irudikatzen du.
Idazle alkoholiko baten eta mendekotasun horretatik libratuko duen emakumearen arteko istorioa, Dorothy Arznerren eskuetan, emakumeek bikote harremanetan duten rola berriz planteatuko duen komedia erromantiko bihurtuko da.
Katharine Hepburnek ohikoak zituen emakumezko pertsonaia indartsu horietako bat hezurmamitu zuen Arznerren melodrama harrigarri honetan. Emakumeek zinema klasikoan izaten zituzten rolak desafiatu egin zituen filmak: gizon parlamentari baten eta emakume pilotu baten arteko maitasun istorioa kontatzen du.
Dorothy Arznerrek Émile Zolaren eleberri klasikoa egokitu zuen izar bihurtzeko hautagaia zein aktore bat, Anna Sten, nabarmentzeko egin zuen pelikula honetan, baina Hollywoodek azkar ahaztu zuen Sten. XIX. mendeko Parisen girotuta dago, eta zuzendariak antzinako melodramaren alorrean egindako sartu-irten baten emaitza bitxia da.
Dorothy Arznerren zuzendaritzapean lan egin zuen Hollywoodeko beste izar handietako batek, Rosalind Russellek, diru eta botere gosea asetzeko gizon aberats batekin ezkonduko den emakume menderatzaile baten rola jokatzen du melodrama honetan.
Joan Crawford eta Adrian diseinatzaile ospetsuaren soineko gorri ikusgarri bat dira Dorothy Arznerren komedia erromantiko ezagunenetako honen izarrak. Maitasunari eta luxuari buruzko ipuina da, eta film honek ere emakumezko pertsonaia ahaztezin bat du protagonista gisa.
Maureen O'Hara eta Lucille Ballen arteko lehia profesional eta sentimental bat sortuko da komedia erromantiko honetan. Ikuskizunen munduan girotuta dago eta musikal askoz ondua.
Dorothy Arznerrek, bere azken filmean, II. Mundu Gerran aliatuak egiten ari ziren ahalegin belikoari ekarpena egin zion. Espioitza-drama honetan, Merle Oberonek nazien kontrako Norvegiako erresistentziako militante bat hezurmamituko du; maitasunaren eta eginkizunen artean aukeratu beharko duen militante bat.