62. Donostia Zinemaldian, urte osoan hainbat nazioarteko zinema-jaialditan aurkeztu diren pelikula gailenenetako batzuen Espainiako estreinaldia egingo da. Pelikula sorta hori Perlak saileko programazioaren parte izango da.
Aukeratutako filmen artean, Berlingo zinema-jaialdian Urrezko Hartza irabazi duen Yinan Diaoren Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice eta Cannesko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria irabazi duen Nuri Bulge Ceylanen Kis Uykusu / Winter Sleep daude. Horietaz gain, maila handiko zuzendari askoren lan berriak ikusi ahal izango dira sailean; Roy Andersson, Isao Takahata, Xavier Dolan, Wim Wenders, Abel Ferrara, Laurent Cantet, Naomi Kawasi eta Mathieu Amalric-enak, besteak beste.
Perlak saileko film guztiak Publikoaren saria jasotzeko hautagaiak izango dira. Saria saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoan diren ikusleek emango dute. Publikoaren sariak bi golardo biltzen ditu: lehenengo saria, film onenarena, 50.000 euroz hornitua, eta bigarrena, Europako film onenarena, 20.000 euroz hornitua. Publikoaren saria filmaren Espainiako banatzaileari emango zaio.
Pelikula honek drama eta errealitatea bateratzen ditu, Nick Cave musikari eta nazioarteko kultur ikonoaren bizitzako fikziozko 24 ordutan. Sundanceko zinema-jaialdiko dokumentalen atalean, zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Ideia harrigarriki egiatiak azaleratuz eta prozesu artistikoaren erretratu intimoa eginez, garena izatea zerk eragiten digun aztertzen du pelikulak eta jarrera sortzailearen eraldaketa-ahalmena goraipatzen du.
Berlingo zinema-jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen Txinan ekoitzitako eta Yinan Diaok zuzendutako pelikula honek. Ikatz-meategi bateko langile bat hil egingo dute eta haren gorputz mutilatua handik ehunka kilometrora agertuko da. Ikertzaileak susmagarri batzuen arrastoaren atzetik ibiliko dira, baina atxilotzeko ahaleginean, bi ofizial hilko dira. Beste bat, Zhang Zili zauritua, kasutik erretiratzera behartu, eta lantegi bateko segurtasun-zaindari izendatuko dute. Bost urte geroago, berriz ere hilketak gertatuko dira. Biktima guztiak emakume batekin lotuta daudela konturatuko da Zhang Zili eta emakume horrek maitemindu egingo du.
Céline Sciamma-k (Tomboy) Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hau. Marieme familia-inguruneak, kale itsu batera daraman eskola-ibilbideak eta auzoko mutilen legeak zapalduta bizi da, baina hiru neska askatasunzale ezagutzean, bizimodu berri bat hasiko du. Izena eta janzkera aldatuko ditu eta ikastetxea utziko du, bandan onar dezaten, askatasunerako bidea izango den itxaropenarekin.
Daniel Wolferen lehenengo pelikula Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten. Komunitate itxi batean, askatasunak prezio bat du. Familia desohoratu duzu? Hori biziarekin ordaintzen da. Atzeman arte etsiko ez duten ordainsari-harrapariengandik ihesi, Leila eta Aaron enfrentamendu gogor bat izatera bultzatuko dituzte.
Diego Luna zuzendari eta aktore txalotuak aurkeztuko duen pelikulak César Chavezen ibilbidea jasotzen du ‒borroka, erresistentzia eta bukaerako garaipena‒, sinesten zuenagatik bizia arriskatuz bidean milaka pertsonaren inspirazio-iturri bilakatu zen familia-gizonaren ikuspegi pertsonalaren bitartez. César E. Chávez 60ko hamarkadako eskubide zibilen aldeko mugimenduen artean pertsona gogoangarria izan zen; izan ere, milioika langile amerikarren eskubideen alde borrokatuz, Ameriketako Estatu Batuetako historiako indarkeriarik gabeko protestaldi luzeena egin zuen. Baserriko langile izan eta ordain eskas baten truke landa eremuko lan-baldintza ankerrak nozitu ondoren, zapalduentzat etorkizun hobea lortzearen alde egiten eman zuen bere bizitza. Aurtengo Berlingo zinema-jaialdian aurkeztu dute.
Angelina Joliek ekoitzi du pelikula hau eta Sundanceko zinema-jaialdian Publikoaren saria eta Berlineko zinema-jaialdiko Panorama saileko Publikoaren saria lortu ditu. Adis Abeban, Meaza Ashenafi abokatuak legelari baten laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntzeko sare bat sortu du. Poliziaren eta Gobernuaren etengabeko xaxatzeari aurre egin beharko dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatoa defendatzera ausartuko da. Ikastetxetik itzultzen ari zela, bahitu eta bortxatu egin zuten, baina bahitzaileak hil ondoren, ihes egitea lortu zuen. Bere buruaren defentsan jokatu zuen arren, heriotza-zigorra jasotzeko arriskuan dago Hirut.
Japonia, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da; Espainiaren kasuan, Eddie Saetaren ekoizpen-etxeak parte hartu du. Naomi Kawasek zuzendu du eta aurtengo Cannesko zinema-jaialdian lehiatu da. Amami-Oshima uharte subtropikalean, 16 urteko gazte batek, Kaikok, gorpu bat itsasoan flotatzen ikusiko du. Bere lagun Kyoko aurkikuntza misteriotsu hori argitzen laguntzen saiatuko da. Elkarrekin, heldu bilakatzen ikasiko dute.
Israelen, oraindik ez dira ezkontza zibilak existitzen; lege erlijiosoa bakarrik dago indarrean, eta horren arabera, senarrak bakarrik dauka dibortzioa emateko ahalmena. Film honetan, emakume batek eskubidetzat jotzen duena lortzeko egingo duen borroka agertuko da. Cannesko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten.
Japoniako animazioko maisu Isao Takahataren lan berriena Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu dute eta Japoniako literaturako testu klasiko baten egokitzapena da. Banbu zurtoin distiratsu baten barruan aurkitutako neskatila bat koskortu egingo da, gazte dotore bihurtzeraino, banbu biltzaile zahar batek eta haren emazteak hazita. Landa eremutik hiri handira, ezagutzen duten guztiak liluratuko ditu; besteak beste, bost senargai prestu. Baina gazteak bere patuari aurre egin beharko dio.
Nuri Bulge Ceylan zinemagile turkiarrak Cannesko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria lortu zuen pelikula honekin. Anatolian, Nihal emaztearekin eta Necla arrebarekin batera, hotel txiki bat gobernatzen duen Aydinen istorioaren kontakizuna da. Negua aurrera joan ahala, hotela babesleku bihurtuko da, baina baita irteerarik gabeko toki ere, eta erresuminak sutu egingo ditu.
Mathieu Amalric-ek George Simenonen eleberri baten egokitzapen hau zuzendu du eta protagonista ere bera da. Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen. Gizon bat eta emakume bat, ezkutuan maiteminduta, gela batean bakarrik. Elkar desio dute, maite dute eta batak besteari kosk ere egingo diote. Maitasunaren ondoren, elkarri hitz hutsal batzuk esango dizkiote, edo gizonak behintzat horixe uste du. Baina poliziaren eta auzitegien ikerketapean, Julien hitzik gabe geratuko da: «Bizitza ez da berdina bizi dugunean eta ondoren kontatzen dugunean». Zer gertatu da? Zer leporatzen diote?
Sundanceko eta Berlingo zinema-jaialdietan aurkeztu dute, John Lithgow, Alfred Molina eta Marisa Tomei protagonista dituela. New Yorken sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzean, elkarrekin 39 urte daramatzaten Benek eta Georgek ezkontzea erabakiko dute. Handik gutxira, George musika irakasten duen ikastetxe katolikotik kaleratuko dute, inolako azalpenik eman gabe, eta pisua galduko dute. Banandu eta beste pertsona batzuekin bizi beharra izango dute.
Xabier Dolanek, azken urteetako zinemagile berri gailenenetakoak, Cannesko zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu du bere pelikula berriarekin. Alargun batek hamabost urteko seme arazotsuaz arduratu behar du; hark arreta falta eta hiperaktibitate arazoak dauzka. Ama-semeak ondo konpontzen eta halabeharrezko elkarbizitza ahalik eta ondoen eramaten saiatuko dira. Kyla bizilagun berriaren etorrerak beren bizitzan arrastoa utziko du.
Pelikula oniriko eta igarlea da, errealitatearen eta irudimenaren arteko nahasketa. Abel Ferrarak Pier Paolo Pasoliniren bizitzako azken eguna berregin du. Bere ohiko kolaboratzaileak, Willem Dafoek, poeta eta zinemagile handiaren rola jokatzen du. Egun bat, bizitza bat. Erroman, 1975eko azaroaren 2ko gauean, Pier Paolo Pasolini hil egingo dute. Pasolini boterearen aurka borrokatzen den artearen ikurra da. Bere idazkiak eskandalagarriak dira, zentsoreek bere pelikulak jazartzen dituzte, pertsona askok maiteko dute, eta beste askok, gorrotatu. Bere heriotzaren egunean, azken orduak bere ama maitearekin emango ditu; ondoren, bere lagun maiteekin; eta azkenik, gauean, betiereko hirian abentura bila ibiliko da. Egunsentian, Pasolini hilda aurkituko dute Ostiako hondartza batean, hiriaren kanpoaldean. Veneziako zinema-jaialdiko lehiaketa ofizialerako aukeratu dute pelikula.
Pelikula honek, aurten, Cannesko zinema-jaialdiko Kritikaren Astea irabazi du. Nerabe gor-mutu bat barnetegi berezi batean sartuko da. Han, Tribua izeneko erakunde basatiko kide izan beharko du biziraun ahal izateko. Nagusiaren ohelagun batekiko maitasunak idatzita ez dauden Tribuaren hierarkiako arau guztiak haustera eramango dute.
Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzio bat da (Espainiaren kasuan, El Deseo ekoizpen-etxeak parte hartu du), eta aurtengo Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu dute. Berdintasun ezak, bidegabekeriak eta bizi dugun munduaren exijentziak estresa edo depresioa eragiten diote jende askori. Batzuk lehertu egiten dira.
Habanaren gaineko terraza panoramiko bat, ilunabarra. Bost lagun elkartu dira, Amadeo, 16 urte erbestean eman ondoren, itzuli egin dela ospatzeko. Ilunsentitik egunsentira, gaztaroa, osatzen zuten taldea, etorkizunarekiko fedea… gogoratuko dituzte. Baita desengainua ere. Lauren Canteten film hau Veneziako zinema-jaialdiko Venice Days sailerako aukeratu dute.
Wim Wendersen dokumental berriak Cannesko zinema-jaialdian Un Certain Regard saileko Sari Berezia eskuratu zuen. Azken 40 urteetan, Sebastião Salgado argazkilariak bizitza osoa kontinente batetik bestera bidaiatzen eman du, etengabe aldatzen joan den gizadiaren pausoei jarraituz. Azken urteetako historiako gertakari garrantzitsuenetariko batzuen lekukoa izan da: nazioarteko gatazka, gosete eta exodoena. Orain, gizakien esku-hartzerik gabeko lurraldeak, flora eta fauna basatiak eta egundoko paisaiak dauzkaten lurraldeak, bilatzen aritzea erabaki du, gure planetaren edertasunari omenaldia egiten dion argazkilaritza-proiektu erraldoi baten barnean. Sebastião Salgadoren bizitza eta lana azken bidaietan lagun izan zuen semeak, Julianok, eta argazkilari ere baden Wim Wendersek ezagutaraziko dizkigute.