Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua da aurten 62. Zinemaldiak eskainiko duen atzera begirakoaren izenburua. Zikloak Bigarren Mundu Gerra ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du. Haren bitartez zinematografia horien sormen-aberastasuna ezagutuko dugu, baita azken hamarkadako talentu berriak ere.
Aurten, Berlingo Harresia eraitsi zuteneko 25. urteurrena beteko da (1989an izan zen). Gertakari horren ondorioz, Gerra Hotzaren ezaugarri nagusia, Europaren banaketa, amaitu zen eta ideologikoki eta kulturalki gainerako Europatik bananduta zeuden herrialde horiek Sobietar Batasunaren mende egoteari utzi zioten. Une horretatik aurrera, gertakari historiko garrantzitsu batzuek erabat aldatu zuten «Ekialdeko Europa» deituriko bloke hura osatzen zuten herrialdeen geografia politikoa.
Espero zitekeen bezala, 25 urtean antzinako gizarte komunistak guztiz eraldatu dituzten aipaturiko aldaketek herrialde horietan ekoitzitako zineman islatu dira. Beraz, zinema prozesu sozial eta politiko horren erregistro eta lekukotza bilakatu da. Gaur egungo ikusleentzako imajinario berriak proposatzen dituzte guztiek, atzera begirakoan bilduko diren mota guztietako gai, genero eta estiloen bitartez: drama soziala, ohitura-komedia, thrillerra, gazteekin lotutako gaiak lantzen dituzten filmak, zientzia-fikzioa, dokumentala eta zinema belikoa.
Atzera begirakoak 50 film bilduko ditu guztira, honako herrialde hauetakoak: Bosnia, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania eta Serbia. Film horietako asko gure herrialdean argitaratu gabeak dira.
Matthieu Darrasek koordinatutako liburu batek osatuko du zikloa. Europa osoko hainbat kazetari eta kritikari nabarmenen kolaborazioak jasotzen ditu: Janka Barkóczi, Hana Cielova, Andreea Dobre, Mária Ferenčuhová, Zsolt Gyenge, Blazej Hrapkowicz, Eva Križková, Anita Libor, Alexandra Olivotto, Yoana Pavlova, Vladan Petkovic, Tristan Priimägi, Ola Salwa, Stefan Uhrik eta Greta Varts-enak.
Zuzendari batzuk Zinemaldira etorriko dira, atzera begirakoaren parte diren beren pelikulak aurkezteko: Sarunas Bartas (Lituania), Kristina Buožytė (Lituania), Marian Crisan (Errumania), Mira Fornay (Eslovakia), Bohdan Sláma (Txekiar Errepublika), Malgorzata Szumowska (Polonia) eta Anna Viduleja (Letonia).
Donostia Zinemaldiak antolatzen du Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua zikloa, CulturArts-IVAC erakundeak (Valentzia), San Telmo Museoak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016k lagunduta.
Esloveniako zinemako klasiko modernoa da; ogi eta esne bila atera eta alkoholak galbidera eraman zuen gizon baten istorioa. Bakardadeari, galerari eta lehen sua zegoen tokian geratzen diren maitasun-erreminei buruzko ipuin tragikomikoa.
1989an, Berlingo Harresia erori zen, baina dirudienez, Budapesteko nerabe talde bati ez dio zirrara handirik eragin. Beraien bizimodu arduragabearen azpian, ordea, Hungariako azken urteetako historiaren eta gertatutako gizarte-aldaketen kronika dago.
Balkanetako Gerra landu duten pelikulen artean, garrantzitsuenetarikoa da. Oscar sari bat eta Cannesen gidoi onenaren sari bat irabazi ditu. Danis Tanovic zinemagileak gerraren eromenean bizirauten ahaleginduko diren bi gizonen istorioa kontatzen du.
Gizon batek Bulgariako paisaian barrenako bidaia hunkigarri bat grabatuko du urruti bizi den eta hiltzear dagoen lagunarentzat. Bidaia horretan, bertan bizi diren pertsonak, ahaztu egingo den denbora baten lekukoak, irudikatuko ditu.
Maitagarrien ipuin moderno bat da. Zapoa txatarra biltzen aritzen den tipo bat da, eta printzesa, hiltzaile arriskutsu pare baten arreba. Melodrama harrigarri hau Berlin, Karlovy Vary eta Varsoviako zinema-jaialdietan saritua izan zen.
Lesbiana bikote bat, bizilagun bitxi multzo batez inguratua: amesgaiztoak eragiten dizkion etxeko nagusia eta haren seme homofobo bortitza, abortuzale gaizto bat, astakilo koadrila bat... Thriller zitala eta gizarte kroaziarraren gaitzen lekukotza errukigabea da.
Gyorgi Pálfik, Hungariako zinemako egile ospetsuenetakoak, ez du elkarrizketarik behar zotina daukan gizon zahar baten konpasaren erritmopean dabilen landa eremuko komunitate txiki baten bizitza bineta sorta baten bidez deskribatzeko. 2002ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Zuzendari Berriak sailean aipamen berezia jaso zuen.
Alice Nellis zuzendari txekiarrak Zuzendari Berriak saria irabazi zuen, 2002an, umore beltzez betetako road-movie honekin. Amona batek bere ametsa beteko du, ama batek alabak haur gisa tratatzeari utziko dio, alabek senarrak ergel gisa tratatzeari utziko diote, eta aitaren errautsak herrialde osora zabalduko dira.
Fabula gautar surrealista hau da Hungariako zinemak azken urteetan eman duen ezustekorik erakargarrienetakoa. Budapesteko metroan bizi den faunari buruzkoa da: muga jotzear bizi diren txartel-kontrolatzaileei, saileko hiltzaileei, trenetan txartel gabe ibiltzen trebeak diren pertsonei eta maitagarriak diruditen neskei buruzkoa. Cannesko eta Varsoviako zinema-jaialdietan Gazteriaren Saria irabazi zuen.
Dokumental honen oinarria ez da egia, gezur handi bat baizik: zinema-ikasle batzuek inoiz existituko ez den supermerkatu baten irekieraren publizitatea egingo dute. Hala ere, filmatuko dutena egia hutsa da: gizarte txekiarrak komunismoaren gainbeheraren ostean daukan grina kontsumista.
Dokumental honetan, Georgi Lulchev psikiatrak kapitalismoaren munduan izandako abentura sinestezinak eta nahasmendu psikologikoak zeuzkaten pertsonentzat sortu zuen egoitza deskribatzen dira.
Mazedoniako ekoizpen honetan, Ameriketako Estatu Batuetatik itzulitakoan lehertzear dagoen eta ondorio tragikoak izango dituen errealitate gordin bat deskubrituko duen emakume baten istorioa azaltzen da. Rotterdameko Zinema Jaialdian lehiatu zen.
Esloveniako gaur egungo gizartearen erretratu garratz eta ironikoa, alkohola, indarkeria eta xenofobia bere gaitzen konponbidetzat hartzen dituen lagun talde baten bizitzari buruzko ikuspegi nahasiaren bidez islatua.
Wojciech Smarzowskik, Poloniako zinemagile berrietako batek, gizarte poloniarraren inguruko ikuspegi garratz honekin abiatu zuen bere ibilbidea. Mugimendu handiko ezkontza-egun bat deskribatzen du, alkoholez, diruz eta ustelkeriaz zipriztindutako egoera ero bat.
Ameriketako Estatu Batuetako zinema independenteko tradizio onena, Hungariako ukitu garbi batekin. Egoera burugabeak bizi eta hitz gutxiko elkarrizketetan katramilatuko diren lau tximinia-garbitzaileri buruzko zuri-beltzezko komedia surrealista da.
Kornél Mundruczó-k Joana Arc-ekoaren historia berrinterpretatu du pelikula harrigarri eta ausart honetan. Zinemaren eta operaren arteko mugak hautsiz, pertsonaia mitiko hura gaur egungo Hungarian kokatu du. 2005ean, Cannesko Zinema Jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.
Film honetan, gaur egungo Ekialdeko Europako zinemagile bikainenetako batzuk bildu dira. Bloke sobietarraren parte izan ziren herrialdeetako belaunaldi arteko gatazka eta gizartearen bilakaera islatzea du helburu, eta sei atalez osatuta dago.
Cristi Puiuren film honek Cannesko Zinema Jaialdiko Un Certain Regard saria irabazi, eta Errumaniako zinema mundu osoan ezagutarazi zuen. Burokraziaren infernuan galdutako gizon arrunt baten odisea kafkiarrari buruzkoa da.
Korapilo erromantikoa aitzakia gisa erabiliz, beren burua ezagutzearren edozer egiteko prest dauden pertsona batzuk aurkezten dizkigu ohitura-komedia gazi-gozo honek. Hegazkinetatik salto egingo dute, bizilagunak sexu-harremanetan behatuz aparteko ordaina lortu eta erakusleiho bateko manikiarekin biziko dira, besteak beste.
Txekiako ekoizpen honek, 2005ean, Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen. Helduaroko bizitzako erantzukizunei aurre egin behar dieten pertsonaia batzuen zalantzetan murgiltzen da, ikuspegi zorrotzarekin.
Corneliu Porumboiuk, Errumaniako zinema berriko «mirariaren» egile nagusietakoak, 1989ko iraultzan errumaniarrek bete zuten rolari buruzko gogoeta historiko isekari honekin debutatu zuen. Filmak Cannesko Zinema Jaialdiko Urrezko Kamera irabazi zuen, 2006an.
Jasmila Zbanic zinemagile bosniarraren lehenengo film honek Berlingo Zinema Jaialdiko Urrezko Hartza lortu zuen. Balkanetako Gerraren ostean beren bidea aurkitzen ahaleginduko diren ama baten eta bere alabaren istorioa kontatzen du.
Grinari, gaztaroko sentsualtasunari, jeloskortasunari eta jabetzari buruzko drama intimista da, baina batez ere, ihesi doan denbora berreskuratzeko beharra islatzen du, zoriontasun une iragankorrak gordetzeko beharra. Karlovy Varyko jaialdian aurkeztu zuten.
Institutu batean girotutako pelikulen Estoniako bertsioa: ikaskideek jazartzen duten mutil lotsati bat, ezusteko defendatzaile bat eta homofobia eta indarkeria kode oinarrizkoek bultzatutako tribu bat agertzen dira. Ilmar Raagen lehenengo filma Karlovy Vary eta Varsoviako zinema-jaialdietan saritua izan zen.
Ameriketako Estatu Batuetako atzerri politikari buruzko parabola egokia da. Komunitate errumaniar txiki batek inoiz ikusi gabeko zerbaiti aurre egin beharko dio: soldadu amerikarrez betetako tren bat bere herriaren erdian geldituko da. Cannesko Zinema Jaialdiko Un Certain Regard saria irabazi zuen.
Letoniako zinema berriko zuzendari adierazgarrienetako lauk zuzendu dute ataletan banatutako film hau. Gizon baten bizitzako une erabakigarri batzuk irudikatzen ditu, haurtzaroko kezkarik gabeko zoriontasunetik hasita helduaroko erronka zentzugabeetaraino.
Dena zeukala pentsatuz bere bizitza behera etortzen ikusiko duen emakume baten krisia sentsibilitate finez jaso du Malgorzata Szumowska zuzendari poloniarrak. Filmak Locarnoko Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen.
Thomas Ciulei zuzendari errumaniarrak egindako dokumental ederra da. Hainbat hilabetez errodatu dute, emaztea Italiara lan bila joan ondoren Moldaviako herri batean hiru seme-alabak bakarrik hazi beharko dituen gizon baten eguneroko bizitza irudikatzeko.
Film honek gerraosteko Serbian barrenako ibilbide basati eta errukigabea egiten du, indarkeriaren eta sexuaren infernura jaitsiko den zinema-zuzendarigai baten bidez. Eldarniozko bidaia horrek zinema pornografikotik snuff pelikuletara eramango du, baita haratago ere.
Péter Kerekesek, Eslovakiako dokumentalgile ospetsuenetakoak, armadako sukaldariak irudikatu ditu. II. Mundu Gerratik Txetxeniako gerrara arte, Frantziatik Balkanetaraino eta Errusiaraino, kanpainetako elikadura-oinarria izan diren errezetak.
Zineman Balkanetako Gerrari ematen zitzaion tratamenduan inflexio-puntu bat eragin zuen film polemikoa da. Benetako gertaeretan oinarritutako eta ezkutuko tentsioz beteriko fabula klaustrofobiko honek armada kroaziarrak gerran egindako basakeriak azaleratzen ditu.
Cannesko Zinema Jaialdian aurkeztu zen eta nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan sariak irabazi ditu. Gerra Hotza bukatu ondoren gizarte bulgariarrak duen nahasmenduaren inguruko begiratu zorrotza da, drogazale baten eta jende desegokienarekin dabilen nerabe baten pasadizoen bidez islatua.
Peter Strickland, Berberian Sound Studio film gurtuaren zuzendaria, Berlingo Zinema Jaialdian lehiatu zen, bere lehenengo filmarekin: Karpatoetako baso beltzak mendeku bila zeharkatuko dituen emakume bat protagonista duen ipuin krudel eta zitala.
Estoniako gaur egungo zinemako talentu harrigarri eta irudimentsuenetakoak, Veiko Õunpuuk, estilo bisual liluragarriko fabula moral hau aurkeztuko du. Krisi moral batean galdutako gizon baten istorioa azaltzen du.
Nazioartean itzal handiena duen zinemagile lituaniarrak, Sharunas Bartasek, Paris, Mosku eta Vilnius artean kokatutako zinema beltzeko film bat zuzendu du, eta protagonista ere bada. Droga-trafikatzaile baten ihesaldi malenkoniatsua kontatzen du; maite dituen emakumeengandik patu saihestezin bateranzko ihesaldia.
Marian Crisan Errumaniako zinemako talentu berrietako bat da eta haren lehenengo film honek Locarnoko Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Mugek eta ohiturek banantzeko ahalegin guztiak egin arren elkar ulertuko duten bi gizonen arteko adiskidetasunari buruzko kontakizun hunkigarri eta bihozbera da.
Ágnes Kocsis zinemagile hungariarraren film honek kremazko pastelekiko mendekotasuna daukan erizain baten bizitzan eta denbora galduaren bila izango duen odisean barneratuko gaitu, estilo bisual liluragarri eta hotz-hotz baten bidez. Cannesko Zinema Jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.
Espetxean, bikotekidea bisitatzera joan direla, elkar ezagutuko duten gizon baten eta emakume baten maitasun istorio sekretua. Albanian girotuta dago, eta Berlingo Zinema Jaialdiko Panorama sailean estreinatu zuten.
Zuzana Liova zuzendari eslovakiarraren lehenengo filma familia-loturen eta gaztaroko bulkada errebeldeen inguruko drama da, baina kutsu satirikoa ere badu. Aita batek alaba bakoitzarentzat etxe bat eraikiko du. Haurtzaroko amets bat dirudiena amesgaizto bihurtuko da.
Juris Poskusek Letoniako hipster-en kronika aparta zuzendu du: Baltikoaren ertzean bizi den lagun talde batek garagardoa edaten, liskarrak sortzen eta bizitzari eta maitasunari buruzko ezinezko elkarrizketak izaten pasatuko du denbora.
Gaur egun punkak bizirik iraun al dezake? Galdera hori luzatzen du komedia beltz honek. Punk talde bat berriz elkartuko da, ekitaldi kulturaniztun batean parte hartzeko. Karlovy Vary eta Sofiako zinema-jaialdietan saritu egin zuten.
Jan Komasaren lehenengo film honek Poloniako zinemako talentu berri bat ezagutarazi zuen. Interneten aroko plazer eta arriskuei emanda dagoen gazteria berri baten erretratua da.
Zientzia-fikziozko pelikula honek Lituaniako gaur egungo zinemaren ikuspegia aldatu du. Gizakien oroitzapenari, desioari eta asmo intimoenei buruzko fantasia da, Hollywoodeko efektu bereziko ikuskizunen antzik gabekoa.
Cannesko Un Certain Regard saileko epaimahaiak aipamen berezia egin zion Aida Begic zinemagile bosniarrari, Sarajevoko setiotik eta Balkanetako Gerra bukatu zenetik hainbat urtera bizirik dirauen sufrimenduaren deskribapen honengatik.
Cristian Mungiuren film honek Cannesko Zinema Jaialdian gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak irabazi zituen eta gaur egungo intolerantziaren parabola beldurgarri eta klaustrofobikoa da. Muino artean galdutako komentu bat, bereari gogor eusten dion apaiz bat, exorzismo bat eta argitara irtendako barneko obsesioak agertzen dira.
Poloniako azkenaldiko zinemako ezusteko handietako bat izan zen bikote bati buruzko drama bizi eta adeigabe hau. Gertaera traumatiko batek bikotearen zoriontasuna suntsitu, eta haren maitasuna kolokan jarriko du.
Ana Felicia Scutelnicu 2012ko Erromako zinema-jaialdian saritu zuten, Moldaviako herrixka bateko hileta-errituen deskribapen zehatz, ezin ederrago eta poetiko honengatik. Zeremonia horretan, alaitasuna atsekabearekin nahastu, eta bizitza heriotzaren gainetik jartzen da.
Gizon batek bere buruaz beste egingo du, baina bere web-kamerak, sorgor, grabatzen jarraituko du. Eta plano finko horretan, bizilagunak poliziaren zain, hildakoaren likoreak edaten eta haren gauzekin jolasten agertuko dira. Film honek plano bakarrean mundu oso bat deskribatzen du. Karlovy Varyko Zinema Jaialdian saritua izan da.
Mira Fornayk Rotterdameko Zinema Jaialdiko sari nagusia irabazi zuen bere txakurra lagun bakar duen gazte bati buruzko kontakizun gogor honekin. Beti lehertzeko zorian dagoen bizitza geldi baten kronika hipnotikoa da.
Bost pertsonaren gerraosteko Serbiako bizimoduaren deskribapen malenkoniatsu honek galdera kezkagarri bat botatzen du: erruduntasun sentimendua, frustrazioa, mendeku hartzeko desioa gainditu al daiteke? Sundanceko Zinema Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen.