"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Michael Hanekek zuzendutako Das Weisse Band/The White Ribbon filmak jasoko du Urteko Film Onenari ematen dion Fipresci Sari Nagusia (Zinema Kritikaren Nazioarteko Federazioa). Donostia Zinemaldia hasteko galan emango dute saria, irailaren 18an, ostiralean.
Michael Haneke (Munich, 1942) zinema garaikidearen zuzendari mirestuenetakoa eta sarituenetakoa da. 2009an Canneseko Urrezko Palmorria irabazi zuen Das Weisse Band/The White Ribbon filmarekin eta, horrez gain, sari ugari irabazi ditu Hanekek; besteak beste, Zuzendari Onenaren Saria Caché filmarekin (2005) eta Epaimahaiaren Sari Nagusia La pianiste (2001) filmarekin, biak ere Canneseko Zinema Jaialdian. Hainbat zinema jaialditan Fipresci Saria ere irabazi du; era berean, Federazioak European Film Awards jaialdian ematen duen saria ere eskuratu zuen Benny’s Video (1992) lanarekin.
Zinema Kritikaren Nazioarteko Federazioak mundu osoan dituen kideek hautatzen dute film onenari emandako Fipresci Sari Nagusia. Aurreko urteko uztailetik aurrera nazioartean estreinatutako film luze baten aldeko botoa ematen du kide bakoitzak.
Donostia Zinemaldian urtero ematen da Fipresci sari nagusia, eta honakoak dira aurreko urteetan saria eskuratu duten zuzendariak: Pedro Almodóvar (Todo sobre mi madre, 1999; eta Volver, 2006), Paul Thomas Anderson (Magnolia, 2000; eta There Will Be Blood, 2008), Jafar Panahi (Dayereh, 2001), Aki Kaurismäki (Miles Vailla Menneisyyttä , 2002), Nuri Bilge Ceylan (Uzak, 2003), Jean-Luc Godard (Notre musique, 2004), Kim Ki-Duk (Bin-jip, 2005) eta Cristian Mungiu (4 luni, 3 saptamâni si 2 zile, 2007).
Informazio gehiago jasotzeko: www.fipresci.org