Abel Ferrara
Ferrarak zuzendutako lehen lana, Nicodemo Oliverio ezizeneko Nicholas St. John, Ferrararen lagunak idatzia eta antzeztua. Amets abstraktu moduko bat da, zuri-beltzezkoa eta soinurik gabea, eta gaur egun bideo zinta batean ikus daiteke, soilik.
Abel Ferrara
Gasolindegi bat atrakatzea erabaki duten bi lagunei laguntza eskainiko dien langile mailako gazte baten istorioa. Aurrekoa baino modu narratiboagoan egituratua. Honakoa ere VHS zinta batean ikus daiteke, soilik.
Abel Ferrara
Ferrararen lehen laburren artean asmo handikoena, ordu erdiko laburra da. Margolari baten, modelo gisa harentzako posatuko duen lagunaren eta biok kontratatutako prostitutaren arteko topaketa sexuala erakusten du, hasieran. Ondoren, margolariaren senarrak antolatutako afaria biltzen du, eta hartara, prostituta modeloaren lehengusina delakoan azalduko da.
Abel Ferrara
B saila gogoratzen duen exploit motako film honek zulagailu elektriko batez jendea hiltzen duen margolari eroaren istorioa biltzen du, Ferrarak berak Jimmy Laine ezizena erabiliz antzeztua. Kontakizunaren zati batzuk Douglas Metro margolari eta musikariaren bizitzan oinarrituak daude, eta Ferrararekin behe Manhattanen bizi zeneko etxebizitzan gertatutako hainbat egoera gogoratzen du, halaber.
Abel Ferrara
Ferrararen filmen lehen hiriko-justiziero bitxia neska mutu bat da, josketa lantegi bateko langilea, arratsalde berean bi bortxaketa jasango dituena. Bigarren erasotzailea hil ondoren, pistola hartu eta bere legea ezarriz aurrera egingo du. Filmak bortxaketa eta mendekuen filmen eskema galbideratzen du, hau da garai hartan modan zegoen azpijeneroa, eta ikuspuntu feminista desitxuratu bat lortzen du.
Abel Ferrara
Thriller bortitza da, exploit eta polizia-film ortodoxoenaren tartekoa, eta gauez filmatua. Protagonista arerio baten heriotzarekin traumatizatuta bizi den boxeolari ohia da eta, egun, striptease aretoetarako neskak bilatzen dituen agentzia bat zuzentzen du, lagun batekin batera. Arte martzialetan aditua den hiltzaile bat neskei erasotzen hasiko zaie.
Abel Ferrara
Ferrarak, Ustelkeria Miaminen ondoren, Michael Mannek ekoiztutako sail berri baten pilotua zuzendu zuen. 1963ko Chicagon kokatua, Mike Torello teniente bitxiak antolatutako krimenaren aurka egingo duen borroka erakusten du. Torello polizia gogorra, eszeptikoa, ikasia eta nahikoa ezkon-bizitza kaotikoa duena, Dennis Farina polizia ohiak antzezten du.
Abel Ferrara
Gidari misteriotsu batek autobidean eta hiriko kaleetan barrena autoak erasoko ditu. Biktimetako baten anaiak mendeku egin nahi du eta, hartarako, errepidean arau hausteak eragiten dituen orori zigortuko dien justiziero motorizatua bihurtuko da. Ustelkeria Miaminen parte hartu ondoren zuzendua, sekula burutuko ez zen sail baten atal pilotua da.
Abel Ferrara
Romeo eta Julieta-ren eta West Side Story-ko nerabeen istorioaren birmoldatze berezia. Montesco eta Capuleto sendien eta puertorricar eta anglosaxoien ordez, protagonistak New Yorkeko txinatar eta italiar jatorriko bi gazte dira, familien arteko gatazkei jaramonik egin gabe euren harremana mantentzen saiatuko direnak. Ferrararentzat hau da bere lanik kutunetakoa.
Abel Ferrara
Zuzendariaren idazle kutunetakoa den Elmore Leonarden polizia-eleberri baten egokitzapena. Norbanakoen handinahikeria eta intriga politikoen istorio konplexu bat erakusten du, Florida eta Santo Domingo artean kokatua eta Peter Wellerrek antzeztua; horrek iragan iluneko marine ohi baten rola jokatzen du. Ekoizleek hainbat mozketa nabarmen egin zuten estreinatu aurretik.
Abel Ferrara
Italia - AEB - Britainia Handia
106 min.
Ferrarari ospea eman zion lehen lana, kaletar hip hoparen erritmoz girotutako gau-giroko thriller lehor, hedonista, bortitz, moral eta hilgarri hau da. Christopher Walken, zuzendariarekin egindako lehen lan honetan, kartzelatik irten eta hiriaren nagusigoaren atzetik ibiliko den gangsterra da. Ondorioz, klan italiar, asiar eta kolonbiarrei aurre egin beharko die, istear dagoen Bronxeko ospitale bati dirua emango dion bitartean.
Abel Ferrara
Zinemagilearen film moral eta esanguratsuena. Harvey Keitel pletoriko batek polizia-teniente ernegatu, urduri, bizi eta obsesiboa antzezten du, atxilotzen dituen trafikatzaileen drogak konfiskatzeaz gain prostitutekin ibili eta kirol-apostuetan diru pila galtzen duena. Elizako aldarean gurutze batekin bortxatua izan den moja gazte baten kasua bere erredentzio berezia bihurtuko da.
Abel Ferrara
Jack Finneyren eleberriaren hirugarren egokitzapena, non izaki estralurtar batzuk Lurreko gizakien gorputzak ordezkatzen dituzten. Ferrararen lan garestiena da, Hollywooden ekoiztua, eta aurreko bi bertsioekiko ezberdintasun nabarmen bat eskaintzen du. Hau da, kokaleku berria, istorioa kanpamendu militar batean garatzen baita. Ferrarak berak dioen bezala, oso istorio estugarria.
Abel Ferrara
Zinemagile independente batek (Harvey Keitel) krisian dagoen bikote baten azken gaua deskribatzen duen "Mother of Mirrors"-en filmaketa hasiko du. Protagonista antzezten duen aktorea errespetu artistikoaren bila dabilen izarra da. Pertsonaia hori Madonnak antzeztu izanak Dangerous Game (Snake Eyes izenburupean filmatua) fikzio eta dokumentalaren tarteko mugan kokatzea errazten du.
Abel Ferrara
Filosofia ikasle batek, Lili Taylorrek antzeztua, gizakiok historian zehar hainbeste sarraski burutu izanaren arrazoiak bilatuko ditu, historia sakonki aztertuz. Mintegi batetik irtetzean, emakumezko banpiro batek eraso egingo dio, eta aurrerantzean, hilda ez daudenen artean ibili beharko du. Menpekotasunari buruzko film pertsonala da, zuri-beltz gordinaz filmatua, banpirismo atzerakoiaren modarekin zerikusirik izan gabe.
Abel Ferrara
Hil egin duten anaiaren hilkutxaren parean, mafiazale sendi bateko kideek euren iragana gogoratuko dute. Ferrara neoklasiko xamar batek aktore talde paregabea bildu zuen, pertsonaien osaeran ohi bezain azkar eta adimentsu ibiliz: Christopher Walken, Annabella Sciorra, Chris Penn, Benicio del Toro, Isabella Rossellini eta Vincent Gallo. Nicholas St. Johnek idatzitako azken filma da.
Abel Ferrara
Hollywoodeko izar batek burua zeharo galduko du lagunak abortatu duela aitortuko dionean. Handik hilabete batzutara, Claudia Schifferrek antzezten duen gazte erosoaren besoetan sendatu egin dela irudituko bazaigu ere, bada haren kontzientzian iraganak utzitako arrastorik. Drogen, eromenaren eta oroimenaren labirinto ilunen eskutik egindako bidaia da, New Yorketik Miamira doana.
Abel Ferrara, Bob Balaban, Patricia Benoit, Julie Dash, Jonathan Demme, Ted Demme, Alison Maclean, Craig McKay, Lucas Platt, Seth Zvi Rosenfeld
Jonathan Demmek HBO katearentzat ekoiztutako telefilma da. New Yorkeko hirigunean garatzen diren hamar istorio biltzen ditu. Ferrarak bederatzigarrena zuzendu zuen. Love on the A Train-ek bederatzi hilabetez bagoi berean elkarri begiratu eta ukitu ere egingo ez duten gizon eta emakume baten arteko harreman berezia erakusten du. Beste zuzendarien artean, Jonathan Demme, haren iloba zen Ted Demme eta Bob Balabanek parte hartu zuten.
Abel Ferrara
Megakorporazioen munduaz, ingenieritza genetikoaz, informazio-trafikoaz eta espioitza industrialaz mintzo den lan ferrariar honen abiapuntua William Gibsonen istorio labur bat da. Christopher Walken eta Willem Dafoe, filmaren ekoizleak, ingeniari japoniar baten konfidantza lortu behar dute, Asia Argentok antzezten duen prostitutaren laguntzaz. Cyberpunk eta film noir artean koka dezakegu.
Abel Ferrara
Rudolph Giuliani alkatearen garaiko New Yorken girotua, hau da tolerantziarik gabeko hirian, eta Charles Dickensen gabon-ipuinaren egitura darabil, jatorri latinoko droga trafikatzaile bikote baten egunerokotasuna erakusteko. Senarra bikotearen bizitzari buruzko auzi moralekin erreskatearen diruarekin bezain interesatua dagoen polizia beltz batek bahituko du.
Abel Ferrara
Frantzia - Italia
86 min.
Jesusen bizitzari buruzko pelikula baten filmaketa amaitu ondoren, Maria Magdalena antzeztu duen aktoreak (Juliette Binoche) Jerusalem aldera joko du, bere pertsonaiaren inguruko azalpenen bila. Handik urte betera, kazetari batek Jesus historikoaren inguruko telesail bat aurkeztuko du, New Yorken. Bere azken lan honetan, Ferrarak ebanjelio gnostikoek erlijioarengan sorraraziriko arazoak aztertzen ditu.