Cristian Mungiu
Otiliak eta Gabitak ikasle-egoitzako gela bera daukate. Errumaniako hiri txiki bateko unibertsitatera doaz komunismoaren azken egunetan. Otiliak gela bat errentan hartu du hotel merke batean. Arratsaldean Bebe jn. delako batekin geratu da. Gabita haurdun dago, abortatzea ilegala da eta ez bata, ez besteari ez zaie sekula horrelakorik gertatu. 4 hilabete, 3 aste eta 2 egun filma Urrezko aroaren kontaketak izenburuko proiektu zabalago baten zati bat da, Errumaniako komunismoaren istorio subjektiboa hiri-kondaira balitz bezala kontatua. Proiektu honen helburua garai hartaz hitz egitea da, baina komunismoaren aipamen zuzenik egin gabe, hautabide pertsonalak erakusten dituzten istorio ezberdinak kontatuz, zoritxarreko garaiak arruntak bailiran bizi behar izan zituztenenak. 4 hilabete, 3 aste eta 2 egun sorta honen lehen emanaldia da.
Paul Haggis
Soldadu baten gurasoek beste ezer baino gehiagori beren semea desagertu egin dela jakinarazten dien telefono-deiari diote beldur. Alabaina, Hank Deerfieldek sekula ez zuen pentsatu dei hori Mike bere semea Bagdadetik baimenarekin etorri eta Estatu Batuetan zela jasoko zuenik. Hank gerra-beterano harroputza da, herritarrek aberriarekiko betebeharrak dituztela sinesten duena, eta semeak bere urratsak jarraitu izanak sekula damutu ez duena. Gauza bakar bat eskatzen zuen berak, Mikek ahal zuen guztia eman zezala, eta etxera osorik itzul zedila. Telefonoaren ondoan zain egon beharrean, Hankek zezenari adarretatik heltzea erabaki du eta bere semearekin zer arraio gertatu den ikertzeko Fort Rudderantz abiatzea.
Han Jae-rim
Ingu mafiako kapo da mundu ilun batean. Haatik, denik eta aitarik eta senarrik adeitsuena ere bada, familiarenganako amodioz betea. Mendialdean etxe pintoresko bat eraiki eta bertan familiarekin zoriontsu bizitzea du helburu bakarra. Hala ere, arazo bat du: bere alaba, pubertaro bete-betean dagoena, aitaren lanbideaz lotsatzen denez, harengandik aldenduta bizi dela.
Barbet Schroeder
Komunista, kolonialismoaren aurkakoa, eskuineko estremista ote? Zer nolako uste moralak ditu Jacques Vergèsek? Barbet Schroederrek historiaren bide ilunenetatik garamatza pertsonaia enigmatiko honen atzean ezkutatzen den misterioa argitzeko ahaleginean. Aljeriako gerra bitartean, Vergès kausa antikolonialistari atxiki zitzaion abokatu gaztea zen, Djamila Bouhired defendatu, honen askatasuna lortu, harekin ezkondu eta bi seme izan zituzten. Bat-batean, bere jardunbide bikainaren gailurrean zegoela, zortzi urtez desagertu zen arrastorik utzi gabe. Urrunaldi misteriotsu hartatik itzultzean, edozein motatako terroristak defendatzeari ekin zion, hala Magdalena Kopp nola Anis Naccache, baita Carlos ?Txakala? ere, Klaus Barbie teniente nazia bezalako historiako munstroen ordezkari gisa jardun zuen.
Nadine Labaki
Libano - Frantzia
96 min.
Beirut, bost emakume apaindegi batean elkartu ohi dira, osotara kolorista eta sentsuala den mikrokosmos batean, belaunaldi ezberdinak elkarrekin gurutzatu eta bata besteei era guztietako isilmandatuak eginaz. Layalek Rabih maite du, gizon ezkondua da ordea. Nisrine musulmana da eta arazo bat dauka laster izango den bere ezkontzari begira: dagoeneko ez da birjina. Rima oinazetsu dabil emakumezkoek erakarrita sentitzen delako eta ile luzedun bezero eder batek apaindegia noiz bisitatuko urduri dabil. Jamelek ez du zahartu nahi. Rosek bere bizitzari uko egin dio bere ahizpa zaharragoa zaintzeko. Apaindegian, gizonak, sexua eta amatasuna dira euren hizketaldien mintzagai nagusiak, ile-mozketen eta karamelu bidez egindako depilazioen artean.
Anton Corbijn
Britainia Handia
121 min.
Joy Division bandaren abeslari enigmatiko eta ingeles post-punkaren ikono bihurtutako Ian Curtisen akaberaren inguruko filma. Curtisek 1980an bere buruaz beste egin arteko haren azken urteetako ibilbidea kontatzen zaigu, bere emaztearenganako maitasun handiaren eta bere amorantearekin izandako pasiozko harremanaren arteko gatazka, haren osasuna okerrera daramaten epilepsia-krisiak, bere talentu harrigarria eta zuzeneko saio sutsuak.
Frank Oz
Ingeles familia bat patriarkaren hileta prestatzen ari da. Seme-alaben arteko aspaldiko liskarrak berriro agertzen diren heinean tentsioa areagotuz doa. Hildakoak sekretu ilun bat ezkutatzen zuela esanaz ezezagun bat azalduko da bertara, eta familiak neurri zorrotzak hartu beharko ditu hileta erabateko deskalabrua bihurtu ez dadin. Locarnoko Zinemaldirako hautatua.
Lasse Hallström
Clifford Irvingen istorioan oinarriturik, Egundoko maula etsita dagoen gizon baten abentura da, munduko argitaletxe ospetsuenari Howard Hughesen biografia ofiziala idazteko baimendutako pertsona bakarra berau dela saldu dion gizonarena. Patrikan hamar xentimo besterik ez dituen idazle honen irtenbide bakarra dena, Etxe Zuria ere bustiko duen eskandalu bilakatuko da. Diruzalekeriaren eta arrakasta-egarriaren eraginez, Clifforden abentura mundua une batez bere oinetara makurtzen zela sentitu zuen gizonaren istorioa bihurtuko da, halako atrebentzia larrutik ordainduz, ordea.
Pascale Ferran
Constance Reidek 23 urte ditu Clifford Chatterleyrekin ezkontzen denean, Britainiar armadako teniente airoso batekin. 1917. urtean gaude eta Flandersko batailan borrokatzera joandako Clifford elbarritasun batekin itzuli da. Bi urteko tratamendu medikuen ondoren, Clifford sendatuta dago, baina gerritik behera elbarritasun atzeraezin bat jasan beharko du. Bikote gaztea gizonaren familiaren lurretan kokaturiko etxe batean finkatuko da. Axolagabetuta, triste eta jarreraz epel, Constance Chatterleyk tokiko basozain Parkinengan aurkituko du babesa, zeina bere emaztearengandik banandu zenez geroztik, bakartuta bizi den, isolamendu horretatik ateratzeko asmorik gabe.
Etgar Keret, Shira Geffen
Israel - Frantzia
78 min.
Bere eztei-otorduan, Kerenek hanka bat hautsi du, eta nahigabe handiz Kariberako eztei-bidaia bertan behera utzi beharko du. Neska bitxi bat itsasotik atera da eta Batyaren atzetik doa haren itzala bailitzan. Emakumearen bizitza guztiz aldatuko da neska bere babespean hartu orduko. Joy andre zahar gogor batentzat lan egiten duen filipinar neskamea da eta oharkabean harekin harremanik ez zuen alabarekin adiskidetzen lagunduko dio andreari. Gizatasun-txatalez osaturiko filma, mezuak botilan bezala, absurduaren mugetan. Mundu kaotiko baten erretratua, non norbera maitasuna eta gogoan izateko edo ahazteko zerbaiten bila, ahal duen guztia biltzen saiatzen den. Halakoxea da bizitza Tel-Aviven...
Pen-ek Ratanaruang
Ploy eduki erotiko handiko drama psikologikoa da, hiru ezezagun hoteleko gela batean giltzapetzen direnekoa. Ezkondutako bikoteari ondorio ikaragarriak ekarriko dizkion emakume gazte baten agerpenarekin hasten da dena, jelosia bihurtzen den susmo zoli batekin.
Julian Schnabel
1995ko abenduan, enbolia larri batek Jean-Dominique Bauby kazetari eta bi seme-alaben aita koma sakon batean utzi zuen. Esnatu zenean bere funtzio eragile guztiak kaltetuta zituen. Laguntzarik gabe ezin zuen mugitu, ez hitz egin, ezta arnasa hartu ere. Gorputz bizigabe horretako betazal bat bakarrik mugitzen zen. Honako betazala bilakatu zen munduarekin, besteekin, bizitzarekin zuen lotura bakarra. Betazala behin mugitu baietz esateko, bitan ezetz esateko. Betazalarekin aukeratzen ditu bisitariak diktatzen dizkion alfabetoko hizkiak eta honela sortzen ditu hitzak, esaldiak, orrialde osoak?
Kasi Lemmons
Talk to Me Ralph Waldo ?Petey? Greenen benetako istorioa da, Washington, D.C. hirian 60ko urteetako irrati-esatari ospetsuenetako bat izatera iritsi zen mizto zorrotzeko konbiktu ohiarena. Garaiko soul musika sutsuak eta irakinean zegoen gizarte-kontzientziak adoretuta, Peteyk zuriak jabe zituen irrati batean eztabaida sorrarazi zuen. Bere lan-ibilbidearen sendotzea Dewey Hughes bere lagun eta ekoizlearen eskutan jarriz, Peteyren irrati-estilo zuzen eta aurrekaririk gabeak bere komunitateari ahotsa eta kemena eman zizkion Iparramerikaren historiako garai suspergarri eta zurrunbilotsu hartan.
Carlos Saura
Espainia - Portugal
90 min.
Flamenco (1995) eta Tango (1998) -Atzerriko film onenaren Oscar sarirako proposatua- pelikulen ondoren, Carlos Saurak Fados lanarekin 2005ean osatu zuen hiriko kanta modernoari eskainitako trilogia. Bi urte baino gehiago Fadoaren inguruan ikertzen aritu ondoren, Carlos Saurak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen musikalarekiko hurbiltzeko nahi horretan. Bere aurreko musikaletan, Iberia, Flamenco, Tango..., Carlos Saura dantzan oinarritu bazen, Fados lanean argumentuaz eta irudiaz baliatu da hiri-aldiri eta portuetako musikaren sorrera islatzeko, izatez berau baita XIX. mende hasieran sortutako musika guztien sintesia.
Richard Lester
The Beatles taldea Ringo hatzetik ezin kendurik dabilen eraztun baten inguruko korapilo batean endredatu da. Bai berak bai bere taldekide Johnek, Paulek eta Georgek erlijioso-sekta bateko kideak, zientzilari ero bat eta Londresko poliziak segika dituzte, Londrestik Bahametara, austriar alpeetatik barrena egindako bidaian.
Julian Schnabel
Lou Reedek 1973an grabatu zuen Berlin diskoa. Salmenta-porrota izan zen. Hurrengo 33 urteetan, ez zuen sekula disko hori zuzenean jo. 2006ko abenduan, bost gauez jarraian, Brooklyngo St. Ann's Warehouse aretoan, Lou Reedek maitasunaren hiru arreba ilunen -zeloak, haserrea eta galera- inguruko maisulan hau jo zuen. Hogeita hamar musikari eta ahotsen laguntza izan zuen, diskoan parte harturiko jatorrizko gitarra-jole Steve Hunter tartean zelarik, eta baita Antony bezalako gonbidatuak ere. Kontzertuen eszenaratzeaz arduratzeaz gain, Julian Schnabelek gertakaria filmatu zuen, jarraipena uda honetako europar biran izan duena.