72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Woody Allen Ezagutu
Woody Allen Ezagutu
Clive Donner
AEB-Frantzia 
108 min.
Michael James, playboy entzutetsua, ez da bere emaztegaiari fidel izateko gauza, neurri batean ezagutzen dituen emakume guztiak erremediorik gabe erakartzen dituelako. Honekin kezkatuta, Fassbender doktorearengana joko du laguntza bila, Michael berak baino sexuarekiko obsesioa handiagoa duen psikiatra erometro batengana, baina arazoa gainditzen lagundu ordez, bizitza errusiar mendi baten antzeko zerbait bihurtuko zaio.
Senkichi Taniguchi, Woody Allen (sekuentzia gehigarriak / extra shots / secuencias adicionales)
AEB-Japonia 
79 min.
Woody Allenek Kagi No Kagi izenburuko espioien pelikula japoniar bat hartu eta jatorrizko elkarrizketak zeharo ezberdina zen bilbe bategatik aldatu zituen. Bertsio berri honetan, ?munduko arrautz-entsalada onenaren? errezeta eskuratzeko mandatu arriskutsuan parte hartzen duen Phil Moskowitz agentearen ibilerak kontatzen ditu pelikulak. Suki Yaki eta Teri Yaki ederren laguntzaz, Moskowitzek errezeta aparta Shepherd Wong gaiztoaren eskuetan eror ez dadin saiatu beharko du.
John Huston, Kenneth Hughes, Val Guest, Robert Parrish, Joseph McGrath
AEB-Britainia Handia 
131 min.
SMERSH erakundeak munduaren egonkortasunarekin amaitzeko plan bat antolatu du. Britainiar zerbitzu sekretuak dagoeneko heldua den James Bondengana jotzea erabakiko du, jardunera itzultzeko bere erretiroa utziko duena. Honen asmoa, etsaia nahasteko James Bond deituko diren agente asko sakabanatzea da, eta kasinoan Le Chiffre maltzurra garaitzea, bere irabaziekin SMERSH eusten duen bakararen jenioa berau.
Woody Allen
AEB 
85 min.
Ezagutu zutenen elkarrizketa-sail baten bidez, pelikulak Virgil Starkwell lapur lardatsaren bizitzan barneratzen gaitu, hasieratik delitugile izatea beste erremediorik izan ez zuena. Umetan mutil indartsuagoen menpe egon ondoren eta musikari bezala etorkizunik ez zuela konturatu orduko, Virgil lapurretak egiten hasi zen. Baina lapur gisa duen talentu eskasak laster espetxera eramango du.
Woody Allen
AEB 
82 min.
Fielding Mellish, asmakari zentzugabeen probatzaile gisa lan egiten duen hiritar bat, Nancyrekin harremanetan hasiko da, San Markos izeneko herrialde bateko diktaduraren aurka sinadurak biltzen dituen ekintzailea berau. Nancyk Mellish bere bizitzako gizona ez dela konturatu orduko, utzi egingo du. Honek hartara, San Markosera abiatu eta iraultzaileekin bat eginez, bere maitea hunkitu eta hura berreskuratzea erabakiko du.
Herbert Ross
AEB 
85 min.
Allan Felixek Bogart izan nahiko luke, alkohola edaten Bogartek adina iraun eta Bogarten sedukziorako gaitasuna edukitzea. Ordea, zine-kritikari neurotiko bat besterik ez da, izugarri aspertzen zuelako emazteak utzi berri duena. Bere lagun Dicken eta Lindaren eta noizbehinka aholkuak emateko agertzen zaion Bogart beraren laguntzaz, Allan emakumeekin irteten hasiko da berriro, baina neska bakar batekin ere ez da onik aterako.
Woody Allen
AEB 
87 min.
Afrodisiako batez baliatuta bufoi bat erreginaren sexu-mesedeak lortzen saiatuko da. Ardi batez itxuragabe maiteminduko den mediku bat. Soilik leku publikotan berotzen den emakume bat. Bere berehalako isurtzearekin zeharo beldurtuta dagoen espermatozoide bat... Zazpi atal desberdinetan, Allenek bere erara erantzuten ditu pelikula honen abiapuntu den sexu dibulgazioko liburu bateko galderak.
Woody Allen
AEB 
88 min.
200 urte hibernazioan igaro ondoren, Miles Monroe, klarinete-jole eta janari osasungarrien denda baten jabe dena, 2174an esnatu da gau ta egun bere herritarrak zelatatzen dituen estatu polizial batek gobernatzen duen Ameriketan. Erabat koldarra izan arren, Milesek erresistentziarekin bat egingo du ?Nagusia? klonatzea eta diktadura betikotzea xede duen egitasmo bat geldiarazteko.
Woody Allen
AEB 
85 min.
XIX. mendearen hasiera. Boris Grushenko Errusiako herri txiki batean bizi da, heriotza eta sardinzahar merkatari batekin ezkontzera doan Sonia bere lehengusina burutik ezin kendurik dabil. Familiak behartuta, Boris armadan sartuko da Napoleonen aurka borrokatzeko. Denboraren poderioz gerrako heroi bihurtuko da eta, bakezale osoa izan arren, Europako etorkizuna bere pistolaren puntan edukiko du.
Martin Ritt
AEB 
94 min.
?Sorgin-ehizaren? sasoian, Alfred Miller telebistako gidoilaria bere ideia ezkertiarrengatik ostrazismora behartuta dagoen idazle horietako bat da. Lanean jarraitu ahal izateko, bere ikaskide izandako Howard Princeri dirua eskainiko dio, bere testuak haren izenarekin sinatzearen truke. Alabaina, bera ez da Howard izen-mailegatzaile gisa erabiliko duen idazle bakarra.
Woody Allen
AEB 
93 min.
Alvy Singer komiko profesionala da, mundua bi kategoariatan banatzen duena: txarra, alde batetik eta zitala, bestetik. Ezkortasun kaustiko eta burutsu hau sostengu duela, Alvyk Annie Hallekin hausteko izan zituen arrazoiez gogoeta egingo du, abeslari izan nahi zuen emakume neurotikoa berau, zeinarekin gaizki-ulertu eta bateraezintasunez beteriko harreman bat bizi izan zuen.
Woody Allen
AEB 
93 min.
Eve, bere senar Arthurrek utzi berri duen emakume bat, egoerari aurre egiteko bere hiru alabekin bildu da. Eve une kritiko batean dago, baina bere alabek ere euren arazoak dituzte, horietako batzuk Evek betidanik eman dien maitasun gutxiaren ondorio zuzen dira gainera. Emozioek gainezka egingo dute Arthur, bere emaztegai berriarekin, familia-etxean azaltzen denean.
Woody Allen
AEB 
96 min.
Isaacen bizitza sentimentala ez da perfektua. Bere emazte ohia euren ezkontzako intimitate guztiak kontatuko dituen liburu bat idazten ari da. Tracyrekin ateratzen da, bera baino askoz gazteagoa den ikasle batekin, baina bere lagun onenaren amorantearekin maitemintzen hasia da, Maryrekin. George Gershwinen musikaren erritmoan, zuri-beltzeko New York batean gertatzen diren tragikomedia txiki horietako bat besterik ez da berea.
Woody Allen
AEB 
89 min.
Sandy Bates, komediatan espezializatutako zine-zuzendaria, kostaldeko hotel batean ospatzen den bere lanari buruzko atzera begirakora hurbildu da. Bere inguruan denek ezagutu eta lausengatu nahi dute, Bates ordea barrura begira jartzen da bere bizitza sentimentaleko une esanguratsuenak gainbegiratu eta, gero eta arrotzago eta babesgabeago zaion munduaren baitan bere buruari eta honen zereginari zentzua aurkitu nahian.
Woody Allen
AEB 
88 min.
XX. mendearen hasiera. Hiru bikote astebururako mendialdean bildu dira: ?espirituak atzemateko bola? bat sortu duen asmatzaile bat eta bere emaztea, zeinak sexu arazoak dituen; filosofia irakasle arrazionalista eta ponpoxo bat, eta bera baino askoz gazteago den bere emaztegaia; eta mediku bat, emakumezale amorratua berau, eta honen azken konkista. Giro idilikoak batzuren eta besteen arteko sentimentu-nahastea eragingo du.
Woody Allen
AEB 
79 min.
Leonard Zeligen inguruko dokumental faltsua, ?jazz aroko? iparramerikar gizartea harritu zuen gizon-kamaleoiari buruzkoa. Baztertua ez izatearren, Moby Dick irakurri duela gezurra esaten duen egunean hasten da bere istorioa. Harrez gero, onartua sentitzeko daukan beharrak ondoan dituen pertsonen itxura hartzera bultzatuko du, eta horrek berehala komunikabideetako fenomeno bihurtuko du.
Woody Allen
AEB 
85 min.
Broadwayko jatetxe bat da komiko-talde baten topalekua, zeinean ikuskizunen munduari buruzko aspaldiko pasadizoak hizpide dituzten. Hitzaspertua aurrera doan heinean, Danny Rose gogoratuko dute, gremioko artista zorigaiztoko batzuren ardura bere gain hartu zuen ordezkaria berau, behin modaz pasatako abeslari baten karrerari bultzada berria ematearren bizitza ere arriskuan jarri zuenarena.
Woody Allen
AEB 
84 min.
Depresioaren garaian gaude eta Ceciliak New Jerseyko taberna batean zerbitzari gisa leher egiten du lan, bere senarra alferkeriatan dabilen bitartean. Zinera joatea du ihesbide bakarra, eta bertara behin eta berriz joaten da errealitatetik ihes egin eta xanpain, esmokin nahiz festa dotorez beteriko mundu batekin amets egiteko. Gau batez, bere pelikularik gogokoena den Kairoko arrosa purpura-ko pertsonaia batek arreta beregan jarri eta neska ezagutzearren pantaila zeharkatuko du.
Jean-Luc Godard
Frantzia 
26 min. Film laburra
Meeting WA elkar miresten duten Jean-Luc Godard eta Woody Allen zine-zuzendarien arteko elkarrizketa da, Woody Allenek King Lear pelikulan parte hartzen zuela aprobetxatuz filmatutakoa. Gordardek Alleni Woodyk berak aldez aurretik prestaturiko galderak egiten dizkio, horrelako bi talentu elkartzen direnean ordea, mamitsuena solasalditik kanpo esandako izango da.
Woody Allen
AEB 
107 min.
Hannahren bizitza orekara eta hobezintasunera iritsi dela dirudi. Aktore arrakastatsu, emazte eta ama eredugarri, bere familia osoaren grabitate-zentru eta erreferentzia bihurtu da. Bere ahizpak ez dira hain zorionekoak ordea, eta harengana jotzen dute aholku bila edo arazo ekonomikoak dituztenean. Baina egoera hau kolokan izango da aurki, Elliot, Hannahren senarra, honen ahizpa Jillekin maiteminduko baita.
Woody Allen
AEB 
88 min.
40ko urteetan gaude, irratiaren urrezko garaian, eta New Yorkeko langile-familia baten kide berezi samarrak irratia beti piztuta dutela bizi dira. Musika, irratsaio negar-eragileak, superheroien istorioak, lehiaketak, goi-mailako gizartearen txutxumutxuak eta kiroletako izarren kondairak zoritxarrak ahazteko baliagarri zaizkie eta garai errepikaezin baten pasadizo nostalgikoak kateatzen dituzte.
Woody Allen
AEB 
82 min.
Abuztuko azken egunak dira eta Diane, zine-izar zahar eta bizizaleak, bere bikotekidearekin batera, Lane bere alaba bisitatu du haren mendialdeko etxean. Lane emakume depresiboa da, zeinari txikitan bizi izan zuen bere amaren amorantearen hilketak arrastoa utzi dion, gertaera honi egozten baitio bere bizitzaren zoritxarra. Peterrekin maiteminduta dago, honek ordea Laneren lagun bat, Stephanie maite du, eta Peterrek eta Stephaniek elkar maite duten arren, azken hau beste gizon batekin dago ezkonduta.
Woody Allen
AEB 
84 min.
Marion Post, filosofiako irakasle bikain batek, liburu bat idazteko eszedentzia eskatu du. Halako batean, lan egiteko alokatu duen estudiotik ondoko kontsulta bateko psikoanalisi-saioak entzun ditzakeela konturatu da. Paziente baten aitormen hunkigarriek bere bizitza sakonki aztertzera damarate, eta berau hutsa, autoengainuan oinarritua eta emozioen beldur dela ohartuko da.
Martin Scorsese (Life Lessons) Francis Ford Coppola (Life without Zoe) Woody Allen (Oedipus Wreck)
AEB 
119 min.
Margolari berekoi eta jeinuzko batek artista izan nahi lukeen neska batekin harreman gatazkatsu bat dauka (Martin Scorseseren Life Lessons). Neskatil miliodun batek beti bidaian dabiltzan bere gurasoak adiskidetu daitezen lortu nahi du (Francis Ford Coppolaren Life Without Zoe). Mago batek abokatu baten ama menderatzailea desagerraraziko du, Manhattango zeruan berragertuko da ordea, denen aurrean semearen bizitzan muturra sartzen jarraitu ahal izateko. (Woody Allenen Oedipus Wreck). Hiru istorio, Scorsesek, Coppolak eta Allenek New York leitmlotiv gisa baliatuz filmatutakoak.
Woody Allen
AEB 
104 min.
Judah eta Clifford garrantzi ezberdineko dilema moral bana konpondu beharko duten bi gizon dira. Judah, oftalmologo entzutetsuak Dolores bere amorantearekin daukan harremana eten nahi du, noizbait utziko balu den-dena kontatzearekin eta haren bizitza hondatzearekin mehatxatuta baitauka honek. Jack bere anaiak hura hiltzeko aukera eskainiko dio. Bestalde, Clifford dokumental-zuzendariak mespretxatzen duen bere koinatuari buruzko pelikula bat filmatu beharko du.
Woody Allen
AEB 
106 min.
Gutxiesten duen senar aberats batekin ezkonduta dagoen Alicek bizitza hutsal eta erosoa darama, boutique esklusibo, masaje-emaile eta ileapaindegiko txutxumutxuen artean. Idaztea du amets eta bere seme-alaben haurtzaindegian ezagutu duen gizon bat hobeto ezagutu nahiko luke, baina bere heziketa kontserbadoreak hau guztia egitea galarazten dio. Chinatowngo azti batek bidea samurtuko dio ondorio harrigarriak dituzten belar magiko batzuk erabiliz.
Paul Mazursky
AEB 
87 min.
Merkatal gune handi bateko jatetxe, zinetoki eta dendek osatzen dute Nick Fifer abokatuak eta honen emazte Deborahk euren ezkontzaren 16. urteurrena prestatzen duten eszenatokia. Erosketak egiten dituzten bitartean, Nickek desleial izan dela aitortzen dio Deborahri eta honek, hori jakitean, dibortzioa eskatuko dio. Hartara, euren ezkontzaren urteurrena beren etorkizuneko banantzearen plangintza bihurtuko da.
Woody Allen
AEB 
86 min.
Itotzaile bat izua sorrarazten ari da laino itxiak hartutako hirian. Kleinman koitadua gau erdian esnatu dute kriminala harrapatzeko plan batean esku hartu dezan. Haatik, berak ez daki zehazki zein den bere zeregina. Kale bakartietan bere urrats beldurtiak bere gizona (zirku-pailazoa) abandonatu berri duen zirkuko neska ezpata-jalearenekin gurutzatuko dira.
Woody Allen
AEB 
107 min.
Jack eta Sally, bere lagun onenetako bi bereiztera doazela jakiteak Gabe eta Judy senar-emazteengan krisialdi bat sorraraziko du, pixkanaka-pixkanaka beren harremana ere ez doala batere ondo jabetuko baitira. Jack eta Sally beste pertsona batzuren ondoan euren bizitzak berrasmatzen saiatzen diren bitartean, Gabe unibertsitateko bere ikasle batekin maite-kontuetan hasiko da eta Judyri, berriz, Sallyren lagun berria oso erakargarri egingo zaio.
Woody Allen
AEB 
104 min.
Bere bizilagunak, adineko gizon batek, bere emaztea hil ote duen susmoa dauka Carolek, emakumea hilda azaldu baita, antza denez, bihotzekoak jota. Carolen senarrak, Larryk, paranoikotzat jotzen du bere emaztea eta susmo hori haren burutik kentzen saiatuko da, alferrik ordea, Carol bere bizilaguna zertan dabilen ikertzen tematuko baita, bikotearen adiskide eta Carol betidanik gustuko izan duen Teden laguntzaz, haren atzetik zelatan ibiliz.
Woody Allen
AEB 
98 min.
20ko urteetan gaude. Goseak akatzen dagoen David Shayne antzerki-egileak bere lanetako bat taularatzeko finantziazioa lortu du. Baldintza bat jarri diote, ordea: roletako bat Olivek antzeztu beharko du, oso aktore txarra den ekoizlearen maiteak, alegia, Nick Valenti gangsterraren neska-lagunak. Olive entseguetara bere bizkartzain Cheechekin doa, zeinak, neska zelatatzeaz gainera, antzerki-lana hobetzeko hainbat aldaketa iradokiko duen.
Woody Allen
AEB 
100 min.
Gerra Hotza bete-betean dagoela, Altzairuzko Oihaletik haragoko herrialde batean turismoa egiten dabiltzan Hollander familiako kideak espioitzat jo dituzte leku debekatu batean argazkiak ateratzen harrapatu baitituzte. Orduan, denboraldi batez enbaxadorearen seme kalamastrak zuzentzen duen Estatu Batuetako enbaxadan babestuko dira, baina iparramerikar ohiko turisten exijentziak dituztenez, giroa zapuztuko dute berandu baino lehen.
John Erman
AEB 
95 min.
Willy Clark aspaldi agertokietatik erretiratua dagoen aktore heldu bat da. Bere iloba Nancyk paper bat lortu dio pelikula batean, baina bertan Al Lewis bere lankide zaharrarekin lan egin beharko du. Kontua da Alek eta Willyk urteak daramatzatela elkarri hitzik esan gabe eta berriz elkartzeak arazoak ekar ditzakeela.
Woody Allen
AEB 
95 min.
Amandak Lenny bere senarra konbentzitu du haur jaio berri bat semetzat har dezaten, euren harremana indartzeko esperantzan. Umea hazi ahala, mutikoak ohiz kanpoko adimen-ahalmena duela konturatuko da Lenny. Senar-emazteak azkenean banandu egingo dira, eta orduan Lenny bere semearen benetako ama bilatzen gogotik ahaleginduko da. Ustez oso azkarra behar lukeen ama hori, argi gutxiko aktoresa porno bat izango da.
Woody Allen
AEB 
101 min.
Steffi eta Bob ezkonduta daude, aberatsak dira eta gizartearekin engaiatuta daude. Steffi Joerekin ezkonduta egon zen, emakumeekin zorterik ez duen tipo batekin, eta elkarrekin izaera aldakor samarra duen alaba bat eduki zuten. Bobek, berriz, seme kontserbadore bat du, delitugile batekin maitemintzean bere ezkontza arriskuan jarri duen alaba bat eta mutil aberatsak ligatzearren beti sesioan dabiltzan beste bi alaba nerabe. Denek euren sentimenduak abestuko dituzte New Yorken, Parisen eta Venezian.
Woody Allen
AEB 
96 min.
Harry Block idazle arrakastatsuak maiz bere famili eta amodio-istorioak bere liburuetan jaso izan ditu. Ondorioz, bere lagun gehienek, senitartekoek eta emazte ohiek gorroto dute, euren buruak idazlearen pertsonaietan islaturik eta desitxuraturik ikusi dituztelako. Horregatik zaila gertatuko zaio omenaldi bat eskaini nahi dion bere unibertsitate zaharrera berarekin joateko prest dagoen norbait aurkitzea.
Barbara Kopple
AEB 
105 min.
Woody Allenek eta New Orleansko jazz tradizionaleko bere taldeak 1997an Europako hainbat hiritan eginiko biran filmatutako dokumentala. Bandaren emanaldiak eta Allenek bere musikariekin duen harremana ez ezik, zuzendariaren familiarteko une intimoak ere jasotzen ditu kamerak: bere arreba Letty Aronson, bere emazte Soon-Yi Previn, eta bere seme-alabak tartean direla.
Woody Allen
AEB 
113 min.
40 urterekin, Lee Simonek bizitzaz ez duela ahal bezainbeste gozatu sentitzen du. Ikuskizunen munduko pertsonaien elkarrizketak eta bidaia-artikuluak idazten ditu, baina bere gizarte-ospea areagotuko lukeen eleberri edo zine-gidoi bat saltzearekin egiten du amets. Bere dibortzioaren ostean, edonor ospetsu izan daitekeen ingurune liluragarri bezain hutsal baten baitan, noizean behingo harremanak ditu, bata-bestearen atzetik.
Woody Allen
AEB 
95 min.
Emmet Ray 30eko hamarkadako jazzaren jeinu eta gitarra-jole aparta da, bera gainditzen duen gizon bakarrarekin itsututa dagoena: Django Reinhardt handiarekin. Alabaina, Emmet agertokitik jaisterakoan, tipo harroputza, zakarra, gehiegi edaten duena eta arratoiei tiro egiten gozatzen duen emakumezale bihurtzen da. Egun batean, Hattie, neska mutu bat ezagutuko du, zeinarekin bere gusturako serioegia den harreman bat hasiko duen.
Alfonso Arau
AEB 
95 min.
Zeloek eragindako eroaldian, Tex harakinak bere emaztea hil du adarrak jartzen zizkiola jakitean. Hilotzaz libratzeko, gorpua zatikatu eta basamortuan lurperatzea erabaki du, baina bidean eskuetako bat galdu du. Geroago, emakume itsu batek eskua topatu eta ikusmena berreskuratuko du. Gertaera miraritzat hartuko dute eta ehunka pertsona ingurumarietara bertaratuko dira ?erlikiaren? bila.
Woody Allen
AEB 
94 min.
Platerak garbitzen lan egiteaz nazka-nazka eginda, Ray Winklerrek bere bizitzako lapurreta izango dena burutzeko lapur-talde bat bildu du. Estalkia: banketxe baten ondoan dagoen gaileta-denda. Bere emaztea dendan lanean ari den bitartean, sotoan, gaizkile-taldea kutxa gotorrerantz tunel bat zabaltzen saiatuko da. Lapurreta desastre hutsa gertatu da, baina gaileta-dendak izan duen arrakasta ikaragarriaren ondorioz, denak miliodun bihurtuko dira, estatus berri horretarako ez dirudite oso prestatuta baina.
Woody Allen
AEB-Alemania 
103 min.
C.W. Briggs aseguru-agentzia bateko detektibe beteranoa da, kasuak argitzeko duen ?usaimenagatik? ospetsua dena. Betty Ann enplegatu berriak intelektualki kikiltzen du eta gorroto diola dirudi. Enpresako afari batean, biek hipnotizatzaile baten ikuskizunean parte hartu eta honek burua programatuko die, aurrerantzean, gogoratuko ez dituzten lapurretak egin ditzaten.
Woody Allen
AEB 
3 min. Film laburra
New Yorken aurkako I-11ko atentatua gertatu eta sei astetara, Madison Square Gardenen kontzertu erraldoi bat ospatu zen, bertan David Bowie edo Paul McCartney bezalako musikariek parte hartu zutelarik eta Martin Scorsese, Kevin Smith edo Woody Allen bezalako zuzendariek parada hartarako egindako film laburrak erakutsi zituzten; telefono mugikorren istorio jostalari hau hiriari eskainitako Allenen omenaldi txikia izan zen.
Woody Allen
AEB 
112 min.
Val Waxman zine-zuzendariaren izarra aspaldi itzali zen, eta egun publizitategintzan dihardu. Berriro film bat zuzentzeko eskaera bat jasoko du, baina filmatzen hasi aurretik ustekabean itsu geratuko da. Edonola aukera hori aprobetxatu nahi duenez, Waxmanek bere itsutasuna ezkutatzea erabakiko du eta pelikularekin, nola edo hala, aurrera jarraitzea.
Woody Allen
AEB-Frantzia-Herbehereak 
108 min.
Jerry Falk idazlekume gazte bat da, teorian bizitza osoa aurretik daukana. Alabaina, aspalditik psikoanalistarengana doa, bere idazle-karrera ez da garatzen hasi eta azken boladan bere neska-lagunak ez du berarekin sexua lehen bezain gustuko. David Dobel, ofizio bera duen idazle beterano batek, bere aholkulari bihurtu eta arazo guzti hauek gainditzen lagundu nahiko dio, bere aholkuak erradikal samarrak izango dira baina.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: