Jorge Alí Triana
Santiago Miranda, Bolivarren bizitzaren inguruko telesail sonatu bateko aktoreak, grabazioa haserre bizian uzten du libretoarekin ados ez baitago, bertan bera, hau da, Bolivar, horman fusilatuz hiltzera behartzen baitute, hartara, historia bera deformatuz. Miranda buru-argitasunaren eta eromenaren artean dabil, askatzailearen lan bateratzailea amaitzea ahalbidetuko duen edozein ekintza egiteko prest dagoen Bolivar bat antzeztuz. Munduko potentzia handiei aurka egin ahal izango dien Colombia handi bateratu eta indartsu bat bihurtzeko ametsak, 160 urtez etengabe gerran egonda gero, herriak bizi duen kaos instituzionalarekin, premia gorriarekin eta izugarrikeriarekin bukatzeko nahiak, Miranda Errepublikako presidentea bahitzera eta boterea hartzera bultzatzen dute telebista-kate handien bitartez gertakaria jarraitzen duten nazioen harriduraren aurrean.
Luis Ortega
Dorotea nerabe eder eta bizi bat da, bere amona zaintzen duena, ehundik gora urte dituen Eugenia, Argentinara mende hasieran iritsi baitzen. Tindategi batean ere aritzen da eta Silvio bere bizilagunaren landareak erregaitzen ditu; laurogei urteko marinel honek Dorotea bera ureztatzen ikusteko ordaintzen du ordea. Kartzelatik gizon hits eta ahul bat atera berri da. Eduardo da. Hiria zeharkatzen du Salbazio-armadara iristeko, bertan eguneroko aterpea eta janaria eskaintzen baitiote. Egun batez, Dorotea Eduardoren bila azaltzen da, haren alaba dela esanez. Eduardo zeharo izutzen da. Neskak harengandik gertu egon nahi du. Haien arteko harremana haziz doa eta maitasunak gizaki goseti hau elikatuko du atzera bizitzara ekarriz. Doroteak azkenik Eugenia hil aurretik sakabanatuta dauden bere ahaideak biltzea lortzen du.
Fernando Sariñana
Ciudades oscuras filmak Mexiko Hiriko erdialde historikoko kaleetan azaleratu eta bat egiten duten istorio eta pertsonaia ezberdinak aurkezten ditu. Pertsonaia horien artean Zezé eta Lola daude, oraindik hon nonbait bizitza hobeago bat zain dutela uste duten prostituta parea; Riquelme eta el Rubio, aurrean harrapatzen duten edonor jo ta astintzen duten polizia parea; Clarita, bere senarraren heriotzak eta honen ondoriozko bakardadeak etsi-etsi eginda daukan atso zaharra; Maru eta Vicente, bere munduan galdutako bikote drogazalea; Javo eta Satanás, bata polizia, bestea arlotea, odolezko loturak izan arren, auzoko bizitzak bereiztu dituenak; Pollo, bere lana galdu duenez, gogogabetua dagoen gizona... Eta hartara, elkarrekin korapilatuz doazen pertsonaia, istorio eta abar luze batek, pitinka-pitinka hiri ilun bateko mundu egiazko eta bortitzean murgilduko gaitu.
Raúl Ruiz
?Cofralandes? izeneko alegiazko herrialde baterako bidaia onirikoa. Munduaren bukaerako herrialdea edo, nahiago izanez gero, mundutik kanpoko herrialdea. Txile urruna hiru bidaiarien begiz ikusita: frantses bat, aleman bat eta ingeles bat. Kamera-lekuko bat lagun dutela. Kameraren atzean kontalari bat ezkutatzen da, txiletarra bera eta berea den herrialde arraro hori berrezagutzen doana. Ametsezko eta amesgaiztoko herrialdea. Kamera aurrean pertsonaia bitxiak, egoera ezohikoak, Arkadiatik datozen samurtasun irudi zaurigarri eta hilgarriak. Zeinu bereizgarritzat Ausentzia duen herrialdea, hain zuzen. Ezaugarririk gabeko lekua, zeinean bertako kolorea kolore eza den. Eta haatik, pixkanaka, sargazo itsaso itxurako batetik irudiak eta egoerak azaleratzen dira han-hemenka, zeinetan bozkarioak eta algarak oinazearekin eta zalantzarekin lagunarte ona egiten duten, eta haur-olerki batek sarraski bat eta irribarre bat, lurrikara bat, ezkutatzen ditu.
Ana Katz
Duela zenbait urtetik Kanadan bizi den Victor Lujine Argentinara itzuliko da lehenengo aldiz, lan egiten duen enpresak bidalita. Egunbete dauka Buenos Airesen geldialdia egin eta bere familiari bixita egiteko, zeinarekin ia gutun-harremanik ere ez duen izan. Lujinetarrek, hura iritsi delako hunkituta, galdutako denbora berreskuratu nahiko dute. Haren omenez, familia-ospakizunak antolatzen dituzte bata bestearen atzetik eta hain itxaronaldi luzean gordetako maitasuna eskainiko diote. Joko, abesti nahiz otordu ugariz betetzen dute bere egonaldi laburra. Aspaldiko harremanei bere hartan eusteko ahalegin behartuak ordea guztien itxaropenak zapuztuko ditu. El juego de la silla Zinema Eraikitzen ekimenean (Toulouse, 2002ko martxoa) parte hartu izanagatik hautatu dute.
Antonio Hernández
Max Parisko zentro moderno batean dago ospitaleratua, non teknologia aurreratuenak erabiliz haren azken egunak luzatu nahi dituzten. Maxen senitartekoak haren ondoan egoteko hotel batera joan dira, eta haiei Victor, anaia txikia elkartzen zaie, Estatu Batuetan lan egin duena, Eileen, haren neska-lagunarekin. Max erotu egin da. Iragana eta oraina zentzurik gabe nahasten ditu. Gizon bat aurkitu nahi duela dio, Rancel delako bat, atxilotu ez dezaten. Familikoek ez dute serio hartzen, baina Victor kezkatzen hasia da, bere aitak ospitaletik ezkutuan ospa egin nahi duela ikusi duenean. Hartara Victorrek Maxen konplize bihurtzea erabaki du eta hari ihes egiten laguntzea, itxuraz gaiso dagoen bere aitaren gogoaren atzean zer arraio dagoen jakiteko.
Jaime Humberto Hermosillo
Bere gaztetako joera homosexuala erauzteko eta iraganeko mamuak uxatzeko, bizitza aldatu zion tragediaren lekura itzuliko da Marco Antonio.
Eva López-Sánchez
Istorioa Mexikon gertatzen da 70eko hamarkada hasieran. Ekialdeko Alemaniako polizia sekretuaren informatzaile ohi bat bere iraganetik ihesi doa Mexikon amodioa, patua eta mendekua aurkitzeko. 68ko ikasle-mugimenduan jardun zutenen bizitzak halabeharrak eta patuak gidatutako istorio honetan hanka-sartzeekin, traizioekin eta idealekin nahasiko dira.
Daniel Calparsoro
Kosovo, 2000ko negua. Urtebete pasatxo igaro da erreboltari sezesionista albanokosovarrak Milosevic-en erasotik babestu nahian NATOk eginiko bonbardaketaz geroztik. Armada espainiarreko ingeniari pelotoi bat bere eginkizun tekniko eta humanitarioa betetzen saiatzen ari da nazioarteko indarren esparruan (KFOR). Vidal Armada profesional berrira iritsitako soldadu gazte horietako bat da. Bere baikortasuna ia-ia inozoa da eta beste pelotoikideen itxurazko arroztearen oso bestelakoa. Errepikagailu elektriko baten matxura konpontzeko agindua jasotzen dutenean, arrakasta lortzearren edozer gauza egiteko prest dagoen Alonso tenienteak bere karrera azkarrari behin betiko bultzada emateko aukera ikusiko du. Itxuraz aurkakoak diren bi pertsonaia hauek azkenean euren buruekin aurrez aurre borrokatu beharko dute. Boterea, beldurra, norbere morala eta taldean sartzea bezalako betiko kontzeptuak pelotoiaren baitan eztanda egingo dute.
Pedro Almodóvar
Benigno, erizain gazte batek, eta Marcok, berrogei urte beteak dituen idazle bat kasualitatez elkarren ondoan daude eserita biak hunkitzen dituen ikuskari bati begira. Marco negar zotinka hasten da; Benignok, bera ere hunkituta dagoela esan nahi lioke, baina ez da ausartzen. Hilabete batzuren buruan, Benigno lanean ari den klinikan biek topo egingo dute berriz ere. Lydia, Marcoren neska-lagun toreatzailea zezen batek jo eta koman dago. Benignok koman dagoen beste emakume baten ardura ere badu, Aliciarena, balet-ikasle gazte batena. Marco Aliciaren gelako ate aurretik pasatzen denean, Benigno zalantza egin gabe hurreratzen zaio. Adiskidetasun sakon baten hasiera da. Klinikako pareten artean igarotako denbora geldo horretan, lau pertsonaia hauen bizitzak iragana, oraina eta etorkizunean atzera eta aurrera ibiliko dira, lauak ezusteko patu batera bultzatuz.
Juan Carlos Fresnadillo
Miliotik batekoa da bidaian zoazen hegazkina erortzeko aukera... Eta bizirik ateratzen den bakarra zu izateko aukera: 237 miliotik batekoa. Zu bizirik atera zara ordea. Munduan zorterik onena duen izakia zara. Dohain bat daukazu. Kasualitateak lekurik ez duen mundu batean sartu zara, non zoriak bakarrik erabaki dezakeen... eta horixe da zuk daukazuna. Haren alde apustu egiteko prest zaude. Baina..., halabeharraren jainkoari desafio egingo al zenioke?
Javier Corcuera
Honako hau memoriari buruzko istorioa da eta, beraz, ahanzturari buruzkoa ere bai. Izan ere, gerrillari antifrankistekin eginiko bidaiaren istorioa ere bada, denboran zeharreko bidaia, oroitzapenetara, mendi eta zuhaitzetara itzulerako bidaia bat. Dagoeneko inork bisitatzen ez duen Espainiako historiaren sasoi hartarak eginiko bidaia.
Mario Camus
Martin Alcortak, hamar urtez galdutako anaiaren bila dabilenak, bere atzetik doan emakume misteriotsu batekin topo egingo du bidean, eta honek bere kabuz Martinerkin bizitzea erabakiko du. Hasiera batean, gizona ez da fio, emakumearen benetako asmoak zeintzuk diren susmatu gabe gainera. Bolada batez elkarrekin egon ondoren, zalantzak baretuko zaizkio eta bidaia luzean abiatuko dira galdutako anaiaren bila. Denbora aurrera doa eta, gertaera berriak kontuan hartuz, emakumearen portaera eragin duen ezkutuko zergatia agerian geratuko da. Maitasuna itxura hutsezkoa izan da, urteetan hausnartutako helburu bat erdiestearren. Aitzitik, gezurrek eta engainuek ordain berezi bat eskatuko diote. Ez dute bakoitzak bere aldetik bizitzeko posibilitaterik, ezta bata bestearen ondotik aldentzeko aukerarik ere.
Juan Antin
Mercano el Marciano zoriontsu bizi da bere planetan espazio-zunda batek zerutik erori eta bere txakurra hiltzen duen arte. Haserre, bere ontzira igo eta Lurrerantz abiatzen da mendeku hartzeko asmoz. Bertan ustekabeko bizimodu berri bati ekingo dio. Hori gutxi balitz, bere espazio-ontzia suntsitu egin da eta uste baino denbora gehiago igaro beharko du Argentinan.
Beto Brant
Ingeniaritza Fakultatean ikaskide izandako Estevão, Ivan eta Gilberto duela 15 urte baino gehiagotik enpresa eraikitzaile bateko bazkide dira. Dena primeran doakie, negozioa eramateko moduan dituzten desasostasunek beren artean gatazka sortarazten duten arte. Batetik, Estevão, gehiengoa duen bazkideak elkartea haustearekin mehatxatzen ditu; bestetik, Ivan eta Gilbertok beren laguna desagertaraztea erabaki dute, hori eginda, enpresa bere kasa zuzentzeko gai izango direlakoan. Horretarako Anisio kontratatu dute, saripeko hiltzaile bat. Alabaina, Anisio berak ere bere planak ditu, eta pitinka-pitinka, beren bizitzak inbadituko ditu, bi bazkideak indarkeria-prozesuaren aurka jarriz, kontrolpean izango zutelako uste osoan beraiek sorturiko horrexen aurka.
Ramón Salazar
Bost gizon eta bost emakumeren artean oinen eta zapaten bitartez beren artean sortzen diren harremanei buruzko istorioa. Adela, oin zapalak dituen emakumeak errepideko klub bateko nagusia da, eta bertan ezagutzen du Leonardo, zola xahutuak dituen gizona, zeina Adelari tangoa dantzatzen erakusten saiatuko den. Anita, kiroletako zapatilak dituen emakumeak, Alpino bere txakur txikia bakarrik maite du; Joaquin, eskalapoi zurien gizona bere bizitzan azaltzen denean, pizten zaizkion sentimendu berriak ulertzen saiatuko da. Isabel Batres, zapata txikien emakumeak, bere podologoarekiko lilura berezia sentituko du, oinazpiak leitzen dituen gizonarekiko. Leire, ostutako zapaten emakumeak dena pikutara bidaliko du Kun, beste gizon baten zapatak dituen gizonarekin bizitzeko. Maricarmen, babutxen emakumeak, bere senar defuntuaren taxia gidatzen du, haren aurreko ezkontzako bi seme-alaben ardura hartu beharko duelarik, tartean, Victorrena, katiusken gizontxoarena.
Paula Rodríguez
Carolina, Enrique eta Alejandro haur ziren Pinochetek 1973an indarkeriaz boterea eskuratu zuenean. Horietako biren gurasoak hil egin zituzten eta hirugarrenaren aitak erbestera ihes egin behar izan zuen. Pinocheten diktaduraren lehen urteetan bizitako oinazea eta beldurra oroitzen dituzte. Nerabezaroan, erregimenaren aurka matxinatu ziren, ikasle-buruzagi nabarmen bihurtuz. Diktaduraren amaieran, demokraziarako trantsizioa hasi zenean, protagonistak helduak dira jada. Egoera berrian borrokatu zuten hori guztia (egia eta justizia) truke politikoa bihurtu dutela ikusteaz desengainaturik, hiruak apurka-apurka politikatik aldenduz joan dira. Orain Pinocheten atxilotze eta ondorengo epaiketak beraientzat eta Txilerentzat dituen esanahia eta ondorioak aztertzen dituzte.
Peter Sollett
Lower East Side neoyorktarra labe bat da udako eguzki kiskalgarripean. Victor, 16 urteko mutikoa, Vicki bere arreba gogaikarria eta Nino txiki lotsatia erotzeko zorian daude bere amona zelatariaren pisu txikian. Bero errea arintzeko, hiriko igerilekura maiz joaten dira, eta Judy bere lagunekin ere hara bertaratzen da. Judy hotz eta etekinzalea auzoko mutil guztiak atzetik dituen neska eder misteriotsua da. Victorrek harekin maiteminduta dagoela uste du, eta honek bere mutil-lagunarekin hautsi duela jakiten duenean, bere anaiaren bitartez zita bat prestatzen du. Baina Judyk mutil-lagun bat baino gehiago nahi du. Beharrezko duen zerbait, baina esateko gauza ere ez dena. Zer edo zer erreala, berezia. Eta ez du gutxiagorekin konformatu nahi.
Miguel Albaladejo
Jatetxe merkeetan nahiz hondartzako hoteletan diharduen gainbehera etorritako abeslaria da Chelo Mora. Toni, munta txikiko gaizkilearekin topo egitean, Chelok iraganeko istorio ilun baten oroitzapenak gogoratuko ditu. Aurrerantzean, etsi gabe jardungo du ari kalte egin nahian, berak dioenez, ordura arte zeukana arriskuan jartzea eta galtzea bultzatu baitzuen hark. Lanetik kaleratu dezaten, bere andregaiak abandonatu dezan, lagunekin hautsi eta haurdun utzi zuen Natalia izeneko emakumea herritik etor dadin lortuko du. Hartara, Tonik ezkutuan ibiltzeari utzi eta gainera datorkionari aurre egingo dio, hartuko dituen erabakiek amaiera ustekabeko bezain harrigarria eragingo dutelarik.
Agustín Díaz Yanes
Azken hamarraldia zoritxarrekoa izan da Zeruaren interesendako. Haraindiko agintariak kezkatuta daude oso, bertan sartzeko azterketak gainditu dituzten arimak hutsaren hurrengoak baitira. Infernuan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da, barneko berrien oldeak leku arazoak sortzeraino kasik. Alabaina, Zeruko agintariak amore emateko zorian daudela, ondoko eskari hau jasoko dute: ama batek bere semearen bizitza salbatzen saia daitezela eskatzen die, Many Chavesena, iragan nahasiko boxeolariarena. Zeruko buruzagiek aingeru gaituenetako bat bidaliko dute Lurrera, Lola, boxeolariaren emaztearena eginaz Manyren arima beregana dezan. Aitzitik, Infernuko informazio-zerbitzuek berehala antzematen dute Lolaren presentzia eta, honen ekintzak indargabetzeko, eskarmentu handiko agente bat bidaliko dute, Carmen.
Sergio Bellotti
Paraná ibaiko delta osatzen duten uharteen inguru zoragarrian, bertan jaiotako El Boga nerabea bere aita El Viejoren heriotz igarritako eta onartutakoaren lekuko izango da. Hauxe da El Bogaren noraezaren abiapuntua, zeinak zantzu honen bidez, benetako askatasunaren hasiera antzematen duen. Arrantza bizibide duela, helburu jakinik ez duen bidaiari ekingo dio. El Bogaren pasadizotan hark berea uste duen tokia beste gizaki marjinal batzuk inbadituko dute. Ibaia ez baita soilik ur-lasterra, edo uharteak, beren hondakinak bertara botatzen dituen ibaibazterra ere bada. Erdi tontoa erdi santua den El Cabecita, eta gero ibaiertzeko gaizkilea den El Pampa topatzen dituenean, ibaiarekin batera doazen bortizkeriak eta delituak akzioa bizkortu eta korapilatuko dute. Sudeste Zinema Eraikitzen ekimenean (Toulouse, 2002ko martxoa) parte hartu izanagatik hautatu dute.
Helvécio Ratton
Operatibo polizial bat auzo txiro bateko kale meharretan gora doa. Narkotrafikatzaileak gerrarako prestatzen diren bitartean, irrati klandestino batek biztanleei euren etxeetan babes daitezela aholkatzen die. Ordea, poliziaren helburua ez da droga-trafikoa erreprimitzea, emisora isilaraztea baizik. Espetxean, Jorgek, irratiko zuzendariak, bere istorioa kontatzen die gainerako presoei. Filmak denboran atzera egiten du: muinoaren gainean, lau lagunek, Jorge, Brau, Roque eta Zequielek, ?favelaren? ahotsa izango den irrati bat sortzearekin amets egiten dute, munduari deiadar egin ahal izateko.
Sandra Gugliotta
Argentina - Italia - Espainia
97 min.
Gaur egungo Buenos Aires. Gizarte eztanda, langabezia eta gatazka politikoan murgildutako hiriaren erdian, Elsa, 25 urteko gaztea, lan duin baten bila dabil, bere ametsa gauzatu ahal izateko: Italiara bidaiatzea, alegia. Bertan, maite duen gizona aurkitu nahi du eta, gainera, hobeto bizi, bere aitonak, siziliar agure etorkinak, kontatzen zizkion istorioen arabera. Walter, Laura eta Toni adiskide ditu eta hauekin legez kontrako gaiztakeria txikiak gauzatzen ditu hirian. Walter eta Elsaren artean maitasunetik hurbil dagoen zerbait dago, nahiz eta Elsa ?beste bizitza posible hori? ez duen ahaztuko. Gogoz kontra, Walterrek Elsak bere ametsa betetzen has dezan lortuko du; alabaina, behin Europan dela, Elsak errealitatearekin egingo du topo. Eta errealitate hori ez da berak uste bezalakoa.
Adrián Caetano
Kontua galdu duen arren, Osok zazpi urte daramatza espetxean hilketa batengatik eta lapurreta armatu batengatik. Hitz-urria da, zaila da zer egingo duen aurretik jakitea, izaeraz edo premiak gizon bortitza bihurtu dutena, eta litekeena da urte hauetan guztietan bere isiltasunak eta bere begiradaren tristurak ezkutatzen duena sekula inori ez esana. Alicia, bere alabak, lapurreta egunean urtebete betetzen zuen eta Natalia bere emazteak agian ez dio hori sekula barkatuko. Orain baldintzapeko askatasunaz kalera atera denean, Osok beharbada berriz hasteko aukera izango duela uste du. El Turco-k oraindik lapurretako bere zatia zor dio, eta ziegako lagun baten bidez, Güemesekin harremanetan jartzen da, txofer lana emango dionarekin. Natalia galdu du, orain Sergiorekin bizi baita, eta Aliciak jada ez du gogoan, baina Oso biak berreskuratzeko edo gutxienez, hautsitakoa konpontzeko prest dago.
Alfredo de Villa
Carlos Ramirez, irudigile gaztea, Washington Heights auzune hispanotik alde egiteko eta New Yorkeko hiriguneko komiki-giroan arrakasta izateko irrikaz dago. Auzoko likore-dendako jabea den bere aita lapurreta batean tiroz hiltzen dutenean, Carlosek bere ametsak alde batera utzi eta denda aurrera ateratzea beste erremediorik ez du. Gauzak honela, irudigile gisa arrakasta lortu nahi badu, lehenik bere jatorrizko komunitateaz arduratu eta gero esperientzia hori bere lanean islatu beharko duela ohartuko da.