72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Incorrect@s
Incorrect@s
Luis Buñuel
Frantzia 
60 min.
Gizon bat eta emakume bat sutsuki maiteminduta daude, baina bakoitzaren familiek, Elizak eta gizarte burgesak grina hori gauzatzeko beren ahaleginak eragozten dituzte. Eragin surrealista handia duenez, hau da antza norabide ezberdinetan eta itxuraz loturarik gabe mugitzen den argumentu baten ardatza. Eskorpioien ohiturei buruzko atariko dokumental baten ostean, bidelapur batzuk labar batean kantari ari den artzapezpiku-talde bat ikusten dute. Gero zonaldera eskoadra bat iritsiko da, bertatik soldaduak, apaizak, mojak eta funtzionarioak jaitsiko dira Erroma inperiala sortzeko asmoz. Lehendabiziko harria jartzen ari direnean, bikote baten maitasun-saioak geldiaraziko ditu, eta hauek indarrez bereiziko dituzte, gizona espetxeratuz. Azkenik, Blangiseko dukeak antolaturiko orgia batetik bizirik atera direnak Sellignyko gaztelutik aterako dira.
Iván Zulueta
Espainia 
105 min.
Bere pelikula berriaren muntaketan buru-belarri jardun eta gero, José Sirgado etxera itzuli denean, bizita zeharo aldatuko dioten bi gauza aurkituko ditu: garai bateko maitalearen itzulera eta, batez ere, cassette bat eta Super 8an filmaturiko sekuentzia bitxi batzuk barne dituen pakete bat.
Claude Chabrol
Frantzia-Alemania 
112 min.
Catherine Lelievre emakune aberatsak analfabetoa dela ezkutatzen duen Sophie zaputz eta erresumindua neskame hartuko du. Sophiek postetxean lan egiten duen Jeanne ezagutuko du. Sophie eta Jeanne oso izaera ezberdinekoak dira. Bata itxia, isila eta barnerakoia da; bestea, aldiz, irekia, berritsua eta kanporakoia. Biak atsekabetuta bizi direnez, elkarrekin ondo konponduko dira, lagun eta konplize bihurtuz. Euren iragan anbiguo eta misteriotsuak elkartu ditu. Bata, bere aitaren hilketan nahastuta egon zen, eta besteari, bere semearen hilketa leporatu zioten. Bakoitza bere aldetik lasaiak dira, baina elkarrekin daudenean hilgarriak izan daitezke. Jeannek, psikopata samarra denez, Catherine eta honen senarra, Georges, gorrotatzen ditu, berak izan nahi lukeena baina ez dena direlako.
David Cronenberg
Kanada-AEB 
100 min.
Hogeita hamar urte bete dituztenean, James Ballard eta honen emaztea, Catherine, elkarren maitasuna adierazteko modu berrien bila dabiltza. Trafiko-istripu batek mundu arraro eta bihurgunetsu batera eramango ditu. Lanetik etxerako bidean, Jamesek Helen Remington eta honen senarra doazen autoaren kontra jo du. Helenen senarra istripuan hilik eta neska eta James larri zaurituta geratu dira. Lehen unetik, elkar erakarrita sentituko dira eta auto-istripuekiko nolabaiteko fetitxismoa dutela konturatuko dira. James, Helen eta Catherinek harreman basati eta suntsitzaile bati helduko diote, zeinean sexua eta heriotza erabateko protagonista bihurtuko diren. Hartara, Vaughan ezagutuko dute, istripu batean zauri larriak jasandakoa eta istripu famatuen oroigarrien bilduma egiten duena. Bere pieza liluragarriena Gabrielle da, ibiltzea eragozten dion tramankulu ortopediko batekin bizitzera kondenatutako emakume ederra.
Jo Menell
 
15 min. Film laburra
Emakumeek gizonezkoen apendizearekiko duten jarrerari buruzko dokumentala. Pantailan zakil ugari agertzen dira John Caleren musikak lagundurik, emakumeak gizonen organoaz mintzo diren bitartean.
Woody Allen
AEB 
100 min.
60ko hamarkadako Ekialdeko Europan oporretan dabilen Hollander familia sekulako nahaspilan sartuko da Walter, aitak, zona militar sekretu baten aldamenean ilunabarrari argazki bat ateratzen dionean. Familiak Estatu Batuetako enbaxadan babestu beharko du, non sei urte bakarturik daramatzan eta ilusionista izan nahi lukeen apaiz bat topatuko duten. Hollandertarren halabeharra Axelen eskuetan egongo da, aita kanpoan dagoen bitartean legazioaren ardura bereganatu duen enbaxadorearen seme kalamastraren eskuetan.
Leo McCarey
AEB 
68 min.
Freedoniako Errepublika porrot egiteko zorian dago eta Teasdale andrearen mailegu batek baino ezin du salbatu. Alargun aberatsak, ordea, baldintza bat jarriko du, Rufus T. Firefly jaun bitxiak Freedonia gobernatu dezala. Firefly aldameneko Sylvaniako Trentino enbaxadorearekin, zeina bere herrialdean boterea eskuratu nahian azpijokotan sartuta dabilen, Teasdale andrearen faboreak lortzeko lehian dabil. Trentinok Chicolini eta Pinky espioiak bidaliko ditu Fireflyren iraganean kontu ilunen bat aurkitu dezaten, haren izen ona lohitzearren. Firefly txit gorenaren ministro bihurtuko dira, ordea.
Rémy Belvaux, André Bonzel, Benoît Poelvoorde
Belgika 
95 min.
Dokumental faltsu honek Benen bizitza erakusten digu, gazte alai, atsegin, sukaldaritza onaren, ardoaren, pinturaren... eta hilketen maitale. Bere jardunbidea segiko dugu Rémy, André eta Patrick, hari buruzko erreportaje bat egiten ari den telebista taldeko partaideen irudien bitartez. Benek profesionaltasunez, hoztasunez eta garbitasunez hiltzen du jendea. Pertsona bakoitza bere adin, sexu eta gizarte-mailaren arabera hiltzeko moduari buruzko teoria propioak ditu.
Marco Ferreri
Frantzia-Italia 
135 min.
Adin ertaineko lau gizonek, pilotu batek, negozio-gizon batek, epaile batek eta sukaldari batek, mansione batean itxialdia egingo dute izugarrizko janari-piloaz, ardo onez eta prostitutez inguratuta. Bizitzaz gogaituta daude eta era honetan heriotzarako igarotzea atsegingarriago egingo zaiela espero dute. Hauxe da hitzez hitz lehertzeraino eramango dituen orgiaren abiapuntua.
Todd Solondz
AEB 
134 min.
New Jerseyko auzo dotore batean eroso asko bizi diren Jordan familiako hiru ahizpak, zoriontasunaren bila dabiltza beti. Joyek 30 urte ditu eta oraindik ez du gizon perfektua aurkitu. Trish, ezkondutako haren ahizpa zaharrena, Joy bera bezain egoki ezkonduko ez den beldur da; eta azkenik, Helen dago, best-sellerrak idazten dituena, bere larritasunean piskanaka hondoratzen ari dena. Hiru ahizpen gurasoak ere krisialdian murgilduta daude, erretiroaren ?urrezko aroa? beraiek uste bezalakoa ez dela ohartzean. Hor dira, halaber, Trishen senarra, psikiatra adigalkorra dena; eta Helenen bizilaguna, tipo xelebrea berau; baita amets amerikarraren atzetik dabilen taxi-gidari errusiar bat ere. Derrepentean, telefono dei anonimo batek sekulako nahasmendua sortarazi du.
Ulrich Seidl
Austria 
125 min.
Asteburu beroa da hipermerkatu, autopista eta urbanizazioz inguratutako Vienako aldiri batean. Udamina goren aldian dago eta egun txakurrak egiten ditu, bero handikoak. Elkar lotutako sei istorioek etsipen, frustrazio eta arima bakartien mundu bat erakusten dute. Ahuldade eta malenkoniazko ordu hauetan, pertsonaiek eguzkiaren berotasunean atseden hartzen dute bermudak eta bikiniak jantzita. Gauez, alkoholean, sexuan eta musikan babestu ohi dira. Klima zapaltzaile honen menpe, tentsioak eta tenperaturak gora egingo dute gutxika, eta giroa eutsitako eraso, amorru eta bortizkeriaz beteko da, aurki lehertuko den nahasketa berau. Mundu zaurigarri, intimo eta gordin bati zuzenduriko begirada.
Wesley Ruggles
AEB 
87 min.
Tira neska joriak zirkuko dantzari eta lehoi-hezitzaile moduan dihardu. Dirua behar duenez, saio berri batekin arriskatzea onartuko du: burua lehoi baten ahutzetan sartzea. Ikuskizun berri honi esker, zirkua New Yorkera doa lehenengoz eta Tirak gehien atsegin duena egin ahal izango du: opari garestiak egiten dizkioten gizon aberatsak limurtzea, alegia. Igarle batek bere bizitzako gizona aberatsa eta ile beltzekoa izango dela iragarri dio. Jack Clayton zirats eta dirudunarekin harremanetan hasi eta harekin maiteminduko da. Gaizki-ulertu baten ondorioz, Jackek harremana etengo du eta Tirak, bitan pentsatu gabe, kontratua hausteagatik auzitegietara eramango du.
Lars von Trier
Danimarka-Suedia-Frantzia-Herbehereak 
117 min.
Neska-mutilez osatutako gazte-talde bat ergelenarena egiten arituko da, gizarteak ezarritako arauekin hautsi nahian. Landako etxe bat bilgune dutela, beren aisialdia elkarrekin igaroko dute tentelkeriaren ezkutuko eta gutxi preziatutako balioak arakatuz. Beren helburua euren kirtenkeriekin zirikatzea da, atzeratuak bailiran jokatzen baitute. Karen, emakume bakarti eta isilak, taldearekin bat egingo du nahi gabe saio horietako batean parte hartu eta gero.
Andrés Duque
Espainia 
53 min.
Dokumental honek zinegile bitxi eta marjinal baten bizimodua ezagutarazi nahi du, bere belaunaldiko zinearen modako joerei kasu egiteaz baino gehiago bere indibidualismoari eusten saiatu zena. Dokumentalak bizitzeko zailtasunari buruz gogoeta egiten du, kromo-bildumak eta etxeko jolasez beteriko haurtzaroa atzean uzteko ezintasunaz, zinea egiteko ezintasunaz, zinea ez egiteko ezintasunaz. Zirkuitu komertzialetatik aldenduta egon arren, Zuluetak arrasto ezabagaitza utzi du zinema espainiarrean. Zaila da oso bere pelikulak aurkitzea, baina bere lanak bizirik dirau eta hori da axola duena.
Cecilia Bartolomé
Espainia 
44 min. Film ertaina
1969. urtea. Margaritak elizako epaileari aurka egiten dio bere ezkontza-bereizketaren epaiketan. Gorputz eta ondasunen bereizketa soila, gehitzen du epaileak, ezkontza bizitza osorako baita. Eta egun neketsu horretan zehar, urte horietan bere bizitza nolakoa izan den ikusiko dugu, ez kronologikoki, baizik eta gaika, saio musikalen bidez elkarrekin kateatu eta batak aurrekoaren zentzua osatzen duelarik. Bizitzan erasotu duten ?otso? desberdinak dira. Margaritak berak bost zatitan aurkezturik, maitasunetik laneko zailtasunetara eta norberaren errealizaziora garamatza, maitale ?progre? batekin lortuko duen askapen faltsutik ?emakumezkoen? mundura, eta azkenik, bere igoera soziala eta bere senarrak bultzatutako gizarteratze politikoki zuzena, bikotearen behin betiko haustura eragingo duena.
Peter Jackson
Zelanda Berria 
94 min.
Barietateen telebista-saio bateko antzezle den animalia-artista taldea dira The Feebles. Ekoizlea espezie askoz osaturiko bere taldeak sortzen dizkion arazoak konpondu behar dituen mortsa bat da: igel drogazale bat, labezomorroekin pelikula pornoak egiten dituen arratoi bat, depresioak jotako elefante bat, bere promiskuitateagatik gaixotasun hilgarri bat harrapatu duen untxia, zuzendari diharduen azeri beldurti bat... Taldera kide berri bat iristearekin batera (balleteko caniche batez aurki maiteminduko den trikua), ikuskizuneko izarra (hipopotamo emea) bere senarra, mortsa hain zuzen, berarekin ez dela leiala izan ohartuko da, bere idazkari katemearekin harrapatuko baitu.
Terry Jones
Britainia Handia 
94 min.
Brian Belengo estalpean jaio da. Handik gutxira, ohore egitera eta opariak eskaintzera izar batek gidatuta datozen Ekialdeko Errege Magoen bisita izango du. Nahaste baten ondorioz, ohoreak eta opariak aldameneko bizilagunari emango dizkiote, Jesus izeneko beste jaioberri bati. Politika-asaldurako garaiak dira: juduen taldexka klandestino batzuk azpilanean dabiltza erromatarrak Palestinatik bota nahian. Erakunde horietako batek Brian beregana erakarriko du eta, bere gogoz kontra, mesias aldarrikatuko dute.
Reza Parsa
Suedia 
14 min. Film laburra
Gaua da. Munduko lekuren batean, gizon bat automobil baten atzeko eserlekuan jezarrita dago. Aurpegia izerdi patsetan dauka. Bere emazteari eta alabari zuzendutako bideo bat grabatzen ari da. Berokia zabaldu eta bularrean atxikita daukana erakusten dio kamerari. 12 minuturen buruan berekin daraman karga lehergarriak eztanda egingo du, inguruan dituen pertsona errugabeak hilez.
Jean-Pierre Sinapi
Frantzia 
90 min.
Benetako gertakizunetan oinarritutako pelikula hau Toulondik eta Frantziako hegoalderantz doan Nationale 7 autopistatik gertu dagoen minusbaliatuen egoitza batean gertatzen da. Bere protagonistak gihar-eritasun bat eta izaera jasangaitza duen René, eta René zaintzeaz arduratzen den Julie erizain hasiberria dira. Renék Julieri berandu baino lehen emakume batekin oheratu nahi duela aitortzen dio. Juliek autopistako atsedenguneetan aritzen diren prostituta horietako bat bilatuko dio. Azkenean, Renék larrutan egiten du eta pertsona xarmagarria bihurtzen da. Beste minusbaliatuak, harrituta, haren metamorfosiaren zioa jakin nahiko dute. Albistea sekretupean gorde nahi dutenentzat hildura-arrazoi izango da eta beste guztientzat, berriz, poztasun iturri.
Pedro Almodóvar
Espainia 
82 min.
Luci tratu txarrak ematen dizkion polizia batekin ezkonduta dagoen berrogei urtetik gorako masokista bat da. Bere lagun Pepi, birjintasuna eskaintza onena egiten dionarentzat gordetzen duen hogeita hamar urte pasatxoko emakumea Luciren senarrak bortxatuko du, honek haren pisuan marihuanako loreontzi bat aurkitzen duenean. Bom punkie gazte bat da, Bomitoni musika-taldeko abeslaria, Luci erakargarri zaiona eta hura menpean hartzea amets duena. Hirurak Madrilgo ?mugidaren? eroaldian murgilduko dira. Orduan, Pepiri ideia aparta bururatuko zaio: film bat egitea eta bere lagun Luci eta Bomen istoria pantailetara eramatea.
John Waters
AEB 
93 min.
Babs Johnson Baltimorren karabana narrats batean bizi da bere seme Crackers gizagalduarekin, bere ama lodi eta Cotton bere neska-lagunarekin. Babs munduko pertsona zikinena izateaz harro dago, baina titulu hori kendu nahi diote Connie eta Raymond Marblek osatutako bikoteak, haurdun dauden emakumeak bahitu eta hauek erditzean jaioberriak saltzen dituzten legez kontrako haur-trafikatzaile talde baten buru direnak. Babs bere fama txarra defendatzeko prest dago eta hala, munduko pertsonarik nazkagarriena dela jakinaraziko die Marbletar bekaiztiei.
Stephen Frears
Britainia Handia 
111 min.
60ko hamarkadan famatu izandako John Orton britainiar idazle polemikoaren bizitzaren narrazioa. Gaztetan antzerkia ikasteko beka bat lortu eta, orduz gero, idazten jardutea erabakiko du. Hasiera batean neska ikaskideekin ibiltzen den arren, laster Ken Halliwelli botako dio begia, bera baino pertsona jantziagoa eta helduagoa dena, eta baita bera baino lotsati eta barnerakoiagoa ere. Jendeak iritzi dionari muzin eginez, elkarrekin bizitzera doaz, homosexual izatea oraindik delitu zen garaian. Izan ere, kartzelan sartuko dituzte, eta bertan Johnek idazteko etorria aurkituko du. Johnek dramagile gisa arrakasta lortuko du, eta Ken umiliatuta eta jeloskor sentituko da, Johnen arrakasta hein batean berea dela uste baitu. Beraien arteko harremanak okerrera egingo du: Kenen zeloak atzera ere piztuko dira eta bere jarrera jada ezingo da aurrez ikusi.
Michael Moore
AEB 
91 min.
Film dokumental honek General Motors enpresako presidente Roger Smithekin harremanetan jartzeko Michael Mooren odisea pertsonala kontatzen du, zeinari General Motorsen berregituraketak bere jaioterrian, Flint-en (Michigan), eragin zituen ondorio latzen azalpenak eskatu nahi dizkion. Garai batean Flint herriak aurrera egin zuen automobil-fabrikak bertan kokatu zituen instalazioen babespean, baina fabrikaren itxierak herri horren gainbehera ekarri zuen, aldizkari batek ?Estatu Batuetan bizitzeko lekurik txarrena? izendatzeraino. Moorek kaltetuen egoera alderatzen du, Eguberri bezperan etxetik kaleratutako familia batena kasu, azaleko jarrera agertzen dutekin, esate baterako, biztanle koitaduei ustez animoak emateko Flintetik pasatako ikuskizunen munduko zenbait pertsona ospetsuekin.
Pier Paolo Pasolini
Italia-Frantzia 
117 min.
Nazien babespean sortutako Salo errepublika faxistako mansione batean, lau Jauntxoek bidegabeki daukate botere osoa, neska-mutil gazte talde bat gatibu daukate, partisanoak edo partisanoen seme-alabak dira, SSko soldadu nazien laguntzaz preso hartu dituztenak; hauei era guztietako irainak eta torturak egiten dizkiete. Etxean Jauntxoen legea da nagusi, ezin ukatuzko legea. Honen arabera, Jauntxoek beren presoen bizitza edonoiz eta edonola erabili dezakete, eta lege-urratzea heriotzarekin zigortuko da.
Alex Cox
Britainia Handia-AEB 
112 min.
Biografia, musikala eta fantasia surrealistaren erdibidean, Sex Pistols punk-talde ingeles mitikoaren Sid Vicious baxu-jolearen bizitza, eta honek Nancy Spungen bere neska-lagunarekin izandako harreman ekaiztsua kontatzen saiatuko da Alex Cox. Pistols-en historia atze-oihala besterik ez da: Coxek Sid eta Nancyren arteko maitasun suntsitzailean jartzen du arreta, punk belaunaldiaren erretratua osatzeko asmoz. 70eko hamarkadako Londresen sortutako mugimendu honek bizitza azkarraren eta heriotz goiztiarraren bizimodua zabaldu zuen, eta azkenean, nahi gabe, herri-musikaren historia aldatuko zuen. 1978an Nancy hilik agertu zen New Yorkeko Chelsea hotelean eta Sid atxilotu eta hilketa leporatu zioten.
Luis Buñuel
 
45 min.
Simon Kristau aroaren hasieran Ekialde Ertainean ugaldu ziren estilita ugarietako bat da, zutabe baten gainean igota basamortuaren erdian otoitz egiten duten santu edo aszeta horitako bat. Bere bizitzako azken 37 urteak Siriako basamortuko zutabe baten gainean igaro zituen Simeon Estilita pertsonaia historikoan oinarritzen da. Pelikula hasten denean, Simonek sei urte, sei hilabete eta sei egun daramatza bere zutabean eta Praxedes Mateo aberatsak eskaini dion beste altuago batera tokiz aldatzera doa. Jendetza bildu da eta mirariak egin ditzan eskatzen diote. Deabrua ere bertara azalduko da, Simon tentaldian erori dadin saiatuz. Azkenean, Satanek 60ko hamarkadako New Yorkera eramango du Simon, jendeak rock & roll dantzatzen duen gau-tabernetara. Simon Satanas uxatzen saiatuko da, alferrik ordea, eta santuak zalantzan murgilduta amaituko du. Simon basamortukoa pelikula bukatu gabea da eta Buñuelek filmatutakoa baino ez da eskainiko.
Trey Parker
AEB 
81 min.
South Park toki baketsua zen Terrence eta Phillip kanadiarren azken pelikula proiektatu den arte. Stan, Kyle, Kenny eta Cartmanek filma ezkutuan ikusiko dute eta gero, eskolako gainerako ikaskideek. Neska-mutikoak pelikulako hizkera zantar bera erabiltzen hasiko dira. Gurasoak haserretu egingo dira, errua bi zinegile kanadiarrei egotzi eta hortaz, gerra deklaratzen diote Kanadari. Bien bitartean, infernuan, Satan eta Saddam Hussein planeta torturapean gobernatzeko konspiratzen hasi dira. Gure heroiek Terrence eta Phillip heriotzetik salbatu eta konplot satanikoa garaitzeko borrokatu beharko dute.
Luis García Berlanga
Espainia 
13 min. Film laburra
Bienvenido Mr. Marshall filmatu zuenean, herriko maistraren ametsa pelikulan sartzea debekatu zioten, eszenaren konnotazio erotikoengatik. Berrogeita hamar urteren buruan, frustrazio hura asetu du, jatorrizkoarekin zerikusirik ez duen maistra batekin ordea. Berlangak dioenez, heriotza-zigorraren aurkako ?falla? bat egin du.
George Marshall
AEB 
20 min. Film laburra
Ollie eta bere emaztea ez dira oso ondo konpontzen: andreak egun osoa bere lagun Stanekin dagoela aurpegiratzen baitio. Hori jakitean Stani ideia bat otu zaio: Ollieren emazteak ume bat behar du zaintzeko eta horrela Olliek Stanekin egoteko aukera izango du. Haur bat topatu eta Ollieren etxera eramango dute, baina berandu dabiltza: Hardy andreak etxetik aldegin du eta dibortzioa eskatu dio. Olliek eta Stanek umearekin gelditu eta honen marruak direla eta, bizilagunen kexuak jasatea beste erremediorik ez dute izango.
Danny Boyle
Britainia Handia 
94 min.
Azkarra, xelebrea, gaixotia eta batzuetan axolagabea besterik ez. Mark Renton Edinburgoko aldirietan bizi da bere lagunekin: galtzaile, alproja, psikopata eta drogazalez osatutako koadrila halakoa. Begbie alkoholikoa eta bortitza da; Spud, junkie sendaezina; Sick Boy, berriz, morboso galanta... Denek beren buruari kalte eginez bukatuko dute seguru; Mark sinu horretatik ihes egiteko adimena eta aukerabideak dituen bakarra da. Ez daki, alabaina, bizimodu konbentzional bat eramateak merezi ote dion.
François Ozon
Frantzia 
15 min. Film laburra
Sébastien bere mutil-lagunarekin eztabaidatzen aritu ondoren, Frédéric hondartzara doa eta bertan Lucia topatu eta larrutan egingo dute leku bazter batean. Arropak utzi dituen tokira itzultzean, dena lapurtu diotela konturatuko da baina. Hartara, Luciak sobran daukan soineko bat jantzi eta Sébastianengana gisa horretan itzuli beharko du.
Tim Roth
Italia-Britainia Handia 
98 min.
Tomek, uzkur samarra den 15 urteko mutiko batek, Londrestik alde egin beharko du, bere ingurunea utziz, bere familiarekin Devongo landaldera bizitzera joateko. Bere ama haurdun dago eta aita ez da behar bezala portatzen beraiekin. Tom, bere gurasoak eta 18 urteko bere arreba Jessie, etxe txiki batean bizi dira. Egun batean, Tomek bere aita eta Jessie sexu harremanetan harrapatuko ditu. Mutikoa egia osoa esatera erabakita dago eta bere aita salatzen duenean, honek intzestua irmo ukatuko du. Familiako harremanak gainbeheran hasiko dira, eta are gehiago amak haur jaioberria ospitalera eraman beharko duenean. Hartara, Tomek tinko egingo dio aurre bere aita bortitzari.
Dusan Makavejev
Jugoslavia-Alemania 
85 min.
Errealitatea eta fikzioa nahastuz, W.R.- Misterije organizma filmak ondoan jartzen ditu Milena eder eta liberatuaren eta patinaje artistikoko sobietar txapeldun erreprimitu baten arteko sexu-harremanen kontakizuna eta Wilhelm Reich psikoanalista eta sexologoaren bizitzaren eta pentsamenduaren azterketa. Izan ere, Marxen eta Freuden irakaspenak bateragarri eginez, sexu-portaerari eta politikari buruzko bere teoriek agintari eskuindar nahiz ezkertiarren aldetiko jazarpena ekarri zioten. Pelikularen testuinguruan, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuak botereari eta militarismoari gaizki zuzendutako sexualitatearen paradigma bezala agertzen dira. Reich Estatu Batuetan finkatu zen 1939an, baina McCarthyk piztutako histeria antikomunistak espetxera eraman zuen eta bertan zendu zen. Pelikula Titoren Jugoslavian eta sobietar eragineko herrialdetan erakustea debekatu zuten.
Jean Vigo
Frantzia 
41 min.
Mutil talde bat barnetegi frantses batera itzuli da oporren ostean. Bertan portaera-arau zorrotzak jarraitu behar dituzte ?jokabidean zero? jaso nahi ez badute, jokabide txarragatik jartzen dieten nota. Eskolako zuzendaritza diziplina ezartzen saiatuko da, arrakastarik gabe ordea. Hiru ikaslek eskolako agintarien aurkako iraultza prestatuko dute graduazio-festa bitartean. Ekitaldia hasterakoan, gazteak eskolako teilatura igo eta latak eta antzeko hondakinak botako dituzte parte-hartzaileen kontra.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: