Dalila Ennadre
Maroko-Frantzia-Belgika
60 min.
Akzioa Casablancako Medinaren bihotzean gertatzen da, hiri marokoar hartako auzo historikoan. Filmak dokumental-estiloan erakusten du umetatik bertan bizi den emakume talde baten erretratua. Denak elkarrekin, emakume marokoarraren irudi konplexua osatzen dute, modernoa eta hiritarra, beti emakume otzan gisa deskribatzen duten klixeetatik urrun. Barre zein malko artean, zuzendariak beraien egunerokotasuna biziko du, euren etxeetan, hammam-ean (bainu publikoa), auzo zaharreko kaleetan... Euren mundua egunero-egunero birsortzen duten "batalatt" (heroisa) hauen begiradaren bitartez, Maroko garaikidearen zenbait garrantzizko gertakizun biziko ditugu, hala nola, Hassan II.aren heriotza 1999ko uztailan edo emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ibilaldia 2000ko martxoan, aldi berean inmigrazioaren egiak eta bizirik irauteko zailtasunak ezagutuko ditugularik.
Nacer Khemir
Autobus zahar bat ia ikusezina den errepide batetik barrena doa zeru izugarri baten pean zeruertz mugagabera. Bidaiarien artean maisu gazte bat dago, basamortuan bertan dagoen herriska urrun batera bidali dutena. Eskolarik ere ez dago eta han ez daude, haurrez gain, agure eta emakumeak besterik, eta gazte eder eta misteriotsu bat. Gizonezkoak basamortura joanak dira bere mugak zehaztearren. Noizbehinka haien dei galdua entzuten da, isiltasunaren erdian kantu andalusiar baten oihartzun sakon eta monotonoa iristen da haiengana. Eta urrunean sumatu daitezke, ispilatze bat balira bezala, basamortu mugagabean arezko hodeietan bildutako gatz-estatuak bailiran. Balizadoreak dira basamortuaren mugak zehazten saiatzen diren gizonak.
Faouzi Bensaidi
Maroko-Frantzia
11 min.
Film laburra
Horma baten istorio labur eta amaigabea, eta honek gizakiekin dituen hartu-emanak...
Mohamed Chouikh
Orango hegoaldeko herriska aljeriar bat. Zatikatutako komunitate bateko eguneroko bizitza: emakumeak alde batean, gizonak bestean. Eta Kaddour, ?aberats? baten semea, zapatari baten, ?txiro? baten alabarekin maitemindu da. Euren maite-suak herria nahasi eta ezarritako ordena irauliko du.
Néjia Ben Mabrouk
Tunis-Belgika-Alemania
90 min.
Sabrak, Hego Tunisiako alabak, aita meatzari eta ama alfabetatu gabea duenak, hiriburura joan nahi du bere ikasketekin jarraitzeko. Gau batez, bere herrian, azterketa bat prestatu ondoren, estutzen eta kezkatzen duen amesgaizto batek asaldatuta esnatuko da. Lokamutsean, bere burua emakumeentzako ghetto batean harrapatuta dakusa, emakumeen etorkizuna erabakita dagoen leku batean. Amesgaiztoa errepikatu egingo zaio baina, oraingo honetan, urteetan jasandako estutasunak eta debekuak atzean uztea erabakiko du; agian horrela bere iritzia kontuan hartu gabe, erabakitako etorkizunetik ihes egin ahal izango du.
Raja Amari
Liliak bere senarraren heriotzaren ondoren bizimodu gogaikarria darama, hura gurtzen baitzuen, eta aldi oro gogoan baitauka. Bere kezka nagusia Salma bere alabaren heziketa da eta etxea gobernatzea. Telebista dauka denbora-pasa bakartzat. Baina bizitza zeharo aldatuko zaio, kabareteko musikari batekin dabilen bere alabaren ildotik, mundu berri eta ezin susmatuzko bat ezagutuko baitu, leku horretan dantzari gisa jarduteko aukera eskaintzen diotenean.
Ferid Boughedir
Zinema arabiar berriaren historia kontatzen du dokumental honek, pelikula hau filmatu zen garaian hogei urteko ibilbidea zuena, eta egile esanguratsuenak aurkezten dizkigu euren lan nagusienen laburpen zabalekin batera, mundu arabiarra astindu zuten gertakarien eta lan horien arteko lotura agerian jarriz. Zinema arabiar berriak oso testuinguru zailean garatu behar izan zuen, garaiko gobernuen presiopean eta gainezka zegoen film inportatuen merkatu baten mugen artean harrapatuta.
Faouzi Bensaidi
Maroko-Frantzia-Belgika
124 min.
Maroko, 1981, Ramadan hilabetea. Bere senarraren atxilotzearen ondotik, Aminak Meknesko hiria utzi beharra dauka, Mehdi zazpi urteko semeaz, Ahmed bere aitaginarrebaren etxean bizitzeko, Atlasko bihotzean galdutako herriska galdu batean. Mutikoa ikasle ezin hobea da, trakets samarra agian, eta gelako lehenengoei dagokien ohorea bereganatuko du: egunero maisuaren aulkia eramatea. Mehdik bere aita Frantziara lanera joan zela uste du, eta ama eta aitonak egia sekretupean gordetzen dute umea babestearren.
Ahmed Al-Maanouni
Abdelwahed, Casablancako eskualdeko nekazari gazte batek Frantziara alde egitea du amets bere herrialdeko pobrezia eta usadioak atzean uzteko. Halima bere ama, indar eredugarriko pertsonaia dena, beldur da bere seme zaharrenak, aitaren heriotzaz geroztik familia-buru denak, bere ametsa gauzatuko ote duen.
Daoud Aoulad Syad
Bere emaztearen hilobiaren gainean hil nahi duen hirurogei urteko gizon baten eta bakarrik eskutitz bidez ezagutzen duen bere amaren bila dabilen hogeita hamar urteko gazte baten arteko adiskidantzaren istorioa. Bidean topo egingo dute eta euren bizitza atzean utzita Maroko zeharkatzera bultzatu dituen itxaropenez eta ametsez beteriko bidaia bakarzale berean abiatuko dira. Hala autobusez nola moto sidekardunez, norbere nortasunaren bila jardungo dute elkarrekin.
Abdellatif Ben Ammar
Aziza umezurtza da eta bere osaba eta salerosketan irabaziak ateratzen saiatzen ari den lehengusuarekin bizi da. Osabaren heriotzak neskaren independentzia nahia agerian jarriko du, eta berau eskuratzen saiatuko da, argazki-nobeletako aktoresa den bizilagun baten laguntzarekin. Aziza zinema arabiar berriaren emakumezko erretratu onenetako eta sakonenetako bat da, eta filmari amaiera ematen dion plano izoztua bizimodu berri baten onespen sendo baina zailaren sintesia da, eta gai horren inguruan magrebtar zinemak eskaini dituen diskurtso sutsuenak adina balio du.
Farida Benlyazid
Maroko-Tunis-Frantzia
100 min.
Nadia, Frantziara emigratutako neska marokoar gaztea, Paristik Fezera itzuliko da hilzorian dagoen bere aita ikustera. Hileta bitartean, biziki hunkituko du Karinaren ahotsak Korana ozen irakurtzen entzuten duenean. Lagun minak egingo dira eta hildakoaren jauregia emakume musulmanentzako aterpe bihurtzea erabakiko dute.
Mohamed Abderrahman Tazi
Marokoko lurraldean Badisko gotorleku espainiarraren gerizpera dagoen arrantzale herriska. Casablancako irakasle batek harako lekualdatzea eskatzen du bere emaztea hobeto zelatatzeko, haren fideltasunik ezaz susmatzen baitu. Touria, irakaslearen emaztea, arrantzale baten alabaren adiskide egingo da, Moïrana, goarnizioneko soldadu espainiar batekin harremanak dituena. Moïraren ama espainiarra zen eta duela hamabost urte alde egin zuen. Zurrumurruak eta jakingurak inguratuta bizi dira Touria eta Moïra, bi gizon jeloskor eta menderatzaileen azpian. Mundu nahasi horretan harrapatuta daudenez, emakume biak nola edo hala ihes egiten saiatuko dira.
Nouri Bouzid
Fred argazkilari frantsesa Tunisiako kostaldeko hiri batera iritsi da adin eta genero guztietako turistei euren gorputzak eskaintzen dizkieten ?bezness? izeneko gizonezko gazteen inguruko erreportaje bat egitera. Mundu horretan, irudiak ateratzea eraso bat denez, Fredek Tunisia utzi eta Europara alde egin nahi duen Roufaren babespean bizi beharko du. Roufak bere egoeraren kontraesanak jasango ditu, arabiar tradizioa eta bere prostituzio-bizimoduaren artean harrapatuta dago: oso irekia da bere bezeroekin, baina oso errepresiogilea bere senitarteko, eta bereziki, bere emaztegaiarekin. Tradizioaren eta modernitatearen arteko borroka bortitza ere bada, Ekialde eta Mendebalde artekoa, turismoaren ondorio onuragarri eta kaltegarrien artekoa.
Mostefa Djadjam
Sei gizon eta emakume batez osatutako talde afrikarra Europara ezkutuan heltzen saiatuko da. Senegaldik Tangerrerako azken etapan, Espainiaranzko zeharkaldiaren aurretik, zailtasunez betetako bidaldi luzea espero dute. Kamioietan ezkutatuko dira, trafikatzaileek diru gehiago eskatuko diete, basamortuaren erdian bazterrean utziko dituzte, elkarrengandik banandu eta atzera ere elkartuko dira. Moussa, Joe, Kadrou eta besteak nekez zeharkatzen dituzte Mauritania, Aljeria eta Maroko. Hasierako mesfidantzazko sentimenduaren ondotik, pixkanaka elkartasunezko lotura sendotuz doa euren artean. Azkenean, Europa begi bistan izango dute, Tangerren: Paradisuaren ataria.
Ferid Boughedir
Noura hamabi urteko mutikoak, Tunisiako hiri zaharreko Halfaouine auzoko hammam-era (bainu publikoa) laguntzen du bere ama. Bere pubertaro sortu berrian gizonezkoen munduaren eta oraindik nolabait babesten duten emakumezkoenaren artean ezbaian dago, bere sexualitateaz ohartzen den bitartean. Dagoeneko ez da ume bat, eta horregatik ez diote emakumeen bainuetan sartzen utziko, baina oraindik ez da heldua ere, eta ez diote ?gizonezkoen kontuetan? muturra sartzen utziko. Noura bakarrik sentitzen da haurtzarotik nerabezarorako igarotze zail horretan.
Tariq Teguia
Aljeria-Frantzia
24 min.
Film laburra
Eguneroko bizitzaren zailtasun jasanezina gaur egungo Aljerian. Inolako alternatibarik ez duen hogeita hamar urte inguruko gazte piloaren ezintasuna eta etengabeko itxarotea, ez baitute ez orainik, ez etorkizunik, ez lanik, ezta Aljerian bizitza sentimental baketsu bat eramateko aukerarik ere. Aljerreko Bab El Oued bezalako auzunetan bizi dira, eta euren haserrea eta etsipena askatzen dute kameren aurrean. Euria ari du eta hiria ilun dago. Jomugarik ez duen auto batean doaz. Bertan gelditzen dira. Bisarik gabe ez dago inora joaterik.
Yamina Benguigui
Zouinak 1974an Aljeria bere jaioterria uzten du bere hiru seme-alaba eta bere amaginarreba menderatzailearekin Frantzian bere senarrarekin elkartzeko, zeina azken hamar urteetan bertan bizi eta lanean aritu den. Frantses gobernuak une horretan bere inmigrazio-politika bigundu du Frantzian lanean diharduten aljeriarrak euren familiekin elkar daitezen. Zouinak bere betiko etxea utzi beharragatik duen tristura aurpegi txarra jartzen dioten bizilagun frantsesek gaizki hartzen dutenean areagotu egingo da, eta batik bat bere senarrak haren aginduak ez betetzeagatik jipoitzen duenean. Auzoan beste aljeriar familia bat badela jakiten du orduan, eta haien bila doa, etxetik baimenik gabe atera dela jakitean bere senarra eta amaginarreba sutan jarriko direla jakin arren.
Naguel Belouad
Jadanik adinean sartutako Brahim buztinlariak Fadah neska eder eta osasuntsuarekin ezkontzea erabaki du, hirugarren emazte batek oinordeko bat emango dion itxaropenaz, beste bi emazteak ez baitira hari seme bat emateko gauza izan. Brahimekin ezkontzera behartuta, Fadah beste bi emazterekin elkartuko dute mundutik erabat bakandutako etxe batean, bertatik irteteko erabateko debekuaz. Inork ez du kanpoaldearekin harremanik izango Brahimek salbu... Etxean lan egiteko mutil gazte bat kontratatzen duen arte. Zenbait hilabeteren buruan, Fadahk haurdun dagoenaren zantzuak agertuko ditu.
Laila Marrakchi
Maroko-Frantzia
12 min.
Film laburra
Ametsak lausotu zaizkion gizon hautsia da Abdeslam. Marokon etorkizunik ez duela sinestuta, itsasartea zeharkatu eta Espainiara joatea erabaki du. Gau horretan bertan bere neska-lagunaz agurtuko da. Neska zoriontasuna norberaren herrian bilatu behar delakoan dago.
Abdelkrim Bahloul
Frantzia-Belgika-Aljeria
85 min.
1962an Aljeriak independentzia lortu eta gero, bertan geratzea erabaki zuen ?oin beltza? da Jean Sénac poeta homosexuala. Hamar urte geroago, erregimenaren poliziak gertutik zelatatzen du. Herrialdean zehar ematen dituen poesia-errezitaldiek jende asko erakartzen dute eta ?Poésie sur tous les fronts? bere irratsaioak oso harrera ona du gazte jendearen artean. Hamid eta Belkacem ikasleek antzerki-lan bat aurkeztuko dute Aljeriako Antzerki Jaialdi Nazionalean, baina kanporatu egingo dituzte frantsesez antzeztu dutela aitzakia erabiliz. Haatik, Jean Sénacek zorionak emango dizkie, euren etsipena arinduz, eta orduz geroztik poetaren lagun eginik, Aljeriako kultur askatasunaren aldeko haren borrokaren gertuko lekuko izango dira, baita honen hilketarena ere, 1973ko abuztuko gau batez gertatua. Hamid-i leporatuko dioten hilketa.
Mohamed Rachid Benhadj
Aljeriatik 700 kilometrora dagoen Saharako basamortuan galdutako oasi bat. Oraindik garai bateko errituen arabera bizi den gizarte bat. Egunean behin pasatzen den autobusa da hiriarekin duten lotura bakarra. Moussa, jaiotzez maingua dena, Zineb bere arrebarekin bertan bizi da. Bien artean gerrak suntsitutako familia-zelula bat berreraiki nahian dabiltza. Haurtzaroko garai idilikoen ametsa da familia, gurasoek ardura guztiak bere gain hartzen zituzten sasoi haiek. Moussa autonomoa da erabat, besorik ez duen arren; alabaina, bere arrebak eztiro zaindu dezan gustukoa du oso. Zineb, bere aldetik, ez da ezkontzak ekarriko liokeen mundu berriari aurre egitera ausartzen.
Moufida Tlatli
Aïcha 18 urte zituela ezkondu zen Saïdekin eta Djerba-n bizi da, tunisiar uharte batean. Bere anaien moduan, Saïdek hiriburuan urteko hamaika hilabete ematen ditu lanean eta bere emaztea Djerban uzten du bere amaren begiradapean, usadio zaharrari jarraituz. Djerbako emakume gehienak ia urte osoa bakarrik igarotzen dute, eta gizonezkoak herrira itzultzen den hilabete bakar horri ?gizonezkoen aroa? esaten diote. Eztei gauetik bertatik, Aïchak usadio hori hausteko gogoa adierazi du, Saïdekin hiriburura joan eta bertan beti harekin bizi nahi baitu, baina Saïdek ezetz esaten dio behin eta berriz. Aïchak tapiz eder batzuk ehotzen ditu eta bidaiarako behar adina diru ateratzeko saldu nahi dituela dio. Saïdek baiezkoa emango dio azkenean, baina baldintza batez: neskak haur bat eduki beharko du.
Mohamed Zran
Zarzis, Djerbarekin batera, turistentzako paradisua da. Ondo zaindutako hotelak, igerilekuak, palmondoak, itsasoa eta hondartza itzela, guztia atsedenaldirako aproposa. Eguzkiak dirdir egiten du eta umeak pozik daude, udatiarrak argazkiak ateratzen dituzte edo bertakoek atera diezaizkieten eskatzen dute. Den-dena liburuxka turistikoetan bezalakoa da, baina Zarzisek badu beste aurpegi bat: Europa Erdialdeko turista-taldeentzako ezkutua dagoena. Bere dokumentalean, Mohamed Zranek normalean ikusten eta aditzen ez direnen ametsak eta desioak kontatzen ditu. Umeak, arrantzaleak, emakumeak, gazteak eta baita meskita-zaintzaileak ere, errealizadoreari euren bizitzez eta itxaropenez hitz egiten diote.
Merzak Allouache
Bab El-Oued, Aljeriako auzo herrikoietako bateko gaztea da Omar. Berak kontatzen digunez, ez daukate tokirik etxean, sendi osoak gela berean egiten du lo. Bulegari gisa duen enplegua aspergarria da oso. Bere lagunen zaletasun berak ditu, futbola, hondartza, indiar eta egiptoar filmak, kaleko gau-festak... eta neskekiko obsesioa. Baina lagun batek bigarren eskuko magnetofono bat saldu eta Selmaren ahotsa zinta batean entzuten duenean, bere mundua guztiz irauliko da.
Yamina Bachir Chouikh
Akzioa Aljerian gertatzen da islamisten indarkeriazko urteetan. Rachida irakaslea da Aljerreko auzo txiro bateko eskolan eta ez du janzten fundamentalistek inposatu nahi duten beloa. Goiz batez, lanera dihoala estremista batzuk bahitu egingo dute, tartean bere ikasle izandako bat dagoela. Eskolan lehergailu bat jar dezala eskatzen diote, baina neskak ezetz esaten die. Buruzagiak, suturik, tiro egiten dio sabelean eta gero ihesi doaz, neska odolustutzen utzita. Rachidak ozta-ozta salbatuko du bizitza eta Aljerretik Yasmina lankidearen herrira joango da, hark utzi dion etxean babestera. Bertara amarekin joango da, dibortziatua dela eta hau ere zoritxarrean eroritako emakumea baita. Rachidak irakasle lanpostu bat lortuko du eta Karima bere ikasletako baten adiskide egingo da. Rachidak ez daki, ordea, neskaren aita terrorista islamikoa denik.
Mohamed Lakhdar-Hamina
Auresetako eskualdeko aljeriar sendi bat desegin du gerrak. Hegazkintza frantsesaren bonbardaketa batean aita hilik gertatzen da. Semeak gauez erresistentziarentzat hornitze-zereginak burutzen ditu eta egunez bizirik irauteko ohiko borrokan laguntzen dio amari. Baina gau batez, armada kolonialak bere etxea arpilatu eta atxilotu egiten du. Ama herrixka utzi eta kanpamentuz kanpamentu nekaezin ibiliko da semearen bila.
Ridha Behi
Tunis-Herbehereak
110 min.
Alemaniako enpresa batek, bertako agintarien onespenaz, Tunisiako ohiko arrantzale-herri batean turismo-gune bat eraikitzea erabakitzen duenean, gizonek itsasontziak utziko dituzte etxegintzan aritzeko. Hasiera batean gustura hartuko dute aldaketa, baina behin eraikuntza-lanak amaitzean, hiri berri eta modernizatu horretan dagoeneko lekurik ez dutela konturatuko dira. Taharrek, bere ontzian arrantza egiten jarraitu duen gizon bakarrak, bertako agintarien jazarpena jasan eta azkenean gainerakoen egoera berean amaituko du.
Jilali Ferhati
Mina jadanik ez doa umeekin hondartzan jolastera. Aitak etxe huts batean giltzapetu baitu. Mina haurdun dago eta bere amorantea hilik. Berak hil du eta gatz pila baten azpian lurperatu du. Gauez, arrangura lazgarriak entzuten dira etxean. Sekretu eramangaitzak gordetzen ditu. Baina Minak ez du etsiko. Mundura ekarriko du bere semea, tradiziozko legeari eta bere aitaren maitasun posesiboari desafio eginez. Egia herriko auzotarrei aurrez aurre oihukatzeko adorea aurkituko du.
Nabil Ayouch
Kamel Raoui inspektorea Tangerren eraildako Hakim Tahiri droga-trafikatzailearen hilketa ikertzen ari da. Susmagarri nagusia Touria da, haren enplegatu eta amorantea, Pipo bere anaia txikiarekin hilketaren tokian bizi dena. Touria atxilotuta dagoen bitartean, Pipo Kamelen etxean geratuko da eta euren arteko harremana hozituz joango da. Touria kartzelatik behin-behineko askatasunean ateratzean, beraiekin elkartuko da eta hartara Kamelek oso gaixorik dagoen bere anaiarekiko neskaren maitasuna ulertuko du, baita harengatik egin duen guztia ere. Touriaren laguntzari esker, Kamelek aurrera egingo du bere ikerketan eta trafikatzaile-sare garrantzitsu bat desegingo du. Kamel eta Touria elkartu dituen egoeratik haratago, amodiozko istorio adierazgarri eta tragikoa sortuko da bien artean.
Bourlem Guerdjou
Aljeria-Frantzia-Belgika-Noruega
105 min.
1961-62. Aljeriako gerra puri-purian dago. Lakhdar, igeltsero moduan aritzen den etorkin aljeriar bat, Nanterreko txabola batean bizi da, Parisko auzo txiro batean. Bakarrik bizitzeaz akiturik dago eta beldur da Aljeriako hegoaldean geratu diren bere emazte eta seme-alabak nolakoak diren ere ahaztuko ote zaion. Bere familia Frantziara eramatea lortu bai, baina orduan beraientzat etxebizitza duin bat aurkitu beharko du. Lakhdar bere herrikideak ustiatzen dituen aprobetxategi horietako bat bihurtuko da eta behar izanez gero, edonor saltzeko gai ere badena. Ez daki ordea Nora, bere emaztea, jarduera militante batean murgilduta dagoela. Familia hausteko zorian dago, baina auzoko elkartasunak salbatuko ditu, Aljeriak bere burujabetasuna ospatzen duen une berean.
Mohamed Ismail
Ipar Marokoko hainbat herritan bezala, Fnideq-eko gazteak Espainiako kostaldera iristearekin amesten dute etorkizun hobeago baten esperantzan. Mustapha salerosketa txikiekin hainbestean bizi den gazte horietako bat da. Denbora gehiena herriko kafe-etxean igarotzen du bere lagun Larbi eta Khalidekin. Espainiako telebistan itsasartea ontzi hauskorretan zeharkatzen itotako pertsonen irudiak ikusten dituzte behin eta berriz. Larbik zeharkaldia saiatu nahi du, arriskutsua den arren, eskean ibiltzeaz aspertuta baitago. Khalidek, ordea, bere herrian sinesten du eta gauzak hobetzen saiatu behar dela uste du. Mustapha gustura joanen litzateke, baina ez dio arriskuari aurre egin nahi. Leilak, Mustapharen arrebak, Espainian dihardu, eta egun batez, Miguel bere patroiarekin eta Laura, honen emazte ohiarekin bisitan itzuliko da. Hauek haxis-trafikoan jardutea proposatuko diote eta Mustaphak baietz esango du.
Moncef Dhouib
Ramla gaztea bere gurasoek hirira daramate bertan Bab bere lehengusuarekin ezkon dadin, harekin hitzeman baitute haurtzarotik. Bab kartzelan dagoenez, etxea gobernatzen duen Rabha bere amak neska giltzaperatzea erabakitzen du ezkontza ospatzeko aukera izan arte. Bere itxialdian, Ramla eta Fraj, Rabharen beste semearen artean adiskidetasun bat sortuko da. Frajek medina edo arabiar hiri tradizionaleko ate eta pasabide guztiak ezagutzen dituenez, behin baino gehiagotan Ramla bertatik ateratzen du honek kalean arnasa hartu dezan. Bere konfinamendua errefusatu eta etxeko usain ustela eta bertako promiskuitatea gehiago jasan ezin dituenez, Ramlari betirako ihes egitea bururatuko zaio.