72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Jean-Luc Godard
 
89 min.
Istorioa Marseillan hasten da. Michel Poicard harroputz gazteak auto bat lapurtuko du Parisera joateko. Motozikletaz atzetik doakion polizia bat hil egingo du eskularru-kaxan aurkitzen duen pistola batez. Behin Parisen dagoela, dirua kenduko dio lagun bati Patriciarengana joateko, Eliseoko Zelaietan Herald Tribune saltzen duen neska amerikarrarengana. Patriciak hura ezkutatzea onartuko du eta poliziagandik ihesi, amodioa eginez eta Italiara joateko dirua ateratzeko autoak lapurtzen igaroko dute denbora. Haatik, agenteek inguratzen dituzten heinean, Michelen etsipena areagotuz joango da.
George Stevens
 
122 min.
George, gazte handizale bat, ahaide aberats baten fabrikan hasten da lanean eta Alice, muntaia-kateko neska bat haurdun uzten du, emakumezko lankideekin harremanik izan ez zezala ohartarazi bazioten ere. Orduan Angela ezagutzen du, emakume miliodun eta sofistikatua, eta harekin seko txoratzen da, gizartean gorantz egiteko bere aukera iritsi zaiolako ustean; baina Alice ez dago prest besterik gabe alde batera utz dezaten. A Place in the Sun filmak 1952an 6 Oscar eskuratu zituen, Zuzendari onenarena, Gidoi onenarena eta Argazkilaritza onenarena barne.
Joseph L. Mankiewicz
 
138 min.
Eve Harringtonek antzerki-antzezpen onenaren saria jasotzen duen bitartean, Karen Richardsek neskatxa lotsati bat zirudien hura lehenengoz ikusi zuenekoa gogoratzen du. Izan ere, Karenek aurkeztu zion Eve Margo Channing bere lagunari, hura bere lanbidearen gailurrean zegoenean. Pixkanaka, Margoren lagunen artean sartzen zen heinean, Everen benetako asmoak agerian geratu ziren: antzerkian Margoren itzalera jardutea, bitartekoei erreparatu gabe. Karenen maitasun-bizitza, Lloyds Richards idazlearekin ezkondua, eta Margorena, Bill Sampson eszena-zuzendariarekin sentimentalki lotua, Evek halabeharrez kaltetu zituen.
Alberto Lattuada
 
107 min.
Anna mojagaiak bere iraganari aurre egin beharko dio, auto-istripu baten ondorioz, Andrea bere senargai-ohia berak lan egiten duen ospitalera eramaten dutenean. Annak gau-klub bateko abeslari gisa bizitutakoak gogorarazten ditu, Vittorio zitalarekiko erakarpena, Andrearekin ezkontzeko asmoa eta erlijio-ordenan sartzeko bere erabakia bultzatu zuen gertakari bortitza.
Joris Ivens
 
38 min. Film laburra
Before Spring Txina komunistako bizimoduaren erretratu poetiko eta apolitikoa da, nekazaritzaz eta urtaroez diharduena. Barruko Mongoliako neguaren laztasunaren irudiekin abiatzen da filma, Udaberriko Jaialdiaren eta natura urtaro berrira esnatzen deneko irudiekin jarraituz, alegia, nekazari-herri baten berezko zereginen irudiekin. Hasiera batean, proiektuari Snow izenburua jarri nahi zioten, eta pelikulan Joris Ivensen eskarmentu handiari etekina atera zioten hainbat txinatar zinegile gaztek parte hartu zuen.
Luis García Berlanga
 
78 min.
Villar del Río-ko alkatea, gizon on puska eta belarri gogor samarra, herrialdeari laguntza ekonomikoa ematen ari diren agintari amerikarrak herritik pasako direla jakitun da. Egun horietan herrian dagoen folklorika ospetsu baten ordezkariarekin, bisitariei ongi etorria emateko jende guztia andaluziar estilo petoenean mozorrotzea erabakiko du hartara. Villar del Ríoko biztanleak amerikarrek emango dizkieten dolar guztiekin zer egingo amesten dute dagoeneko eta egun seinalatuan bere jantzi onenekin kaleratuko dira.
Román Chalbaud
 
102 min.
Menditik iritsi berriak, Juana eta bere seme Juan, Caracasko miseriaren gerrikoan finkatzen dira. Juan tailer batean hasiko da lanean. Gau batez, mozkortuta dagoela bere maitasuna aitortuko dio Carmeni, Matiasekin haren lankidearekin ibilitako neska, gero Matiasen seme bat espero duela jakingo delarik. Bien bitartean, Juanak Encarnacion beltzaren ezusteko bisita izango du, babesleku bila dabilen iheslariarena. Juan etxera itzultzean, Juana eta Encarnacion ohean saio bat egin dutela konturatu eta ama-semea haserretu egingo dira. Aldi berean, Carmen eta Juanen arteko maitasuna sendotuz doa, Carmenek Encarnacionengana oihuka joko duen neurriraino, sabelean daraman semea kendu diezaion.
Paul Verhoeven
 
104 min.
Peterrek, Lisbeth maite duen gizon zintzoak, harekin ezkondu nahi du, baina ikazkin txiro bat besterik ez da. Basoan kristalezko gizontxo bat topatuko du eta honek bere ametsa egia bihurtzen lagunduko dio, beti poltsikoan diru asko izatea eta herriko lantegia erostea, alegia. Alabaina, Peter ergeldu egingo da, eta aberastasunak eta botere-promesekin datorkion Höllande-Michel zitalak engainatzea lortuko du. Bere bihotzaren ordez harri koskor bat izango du aurrerantzean, eta oso izaki bihozgabe eta makurra bihurtuko da. Basoko aguretxoarengana jo beharko du atzera ere, bere bihotz ona berreskuratu nahi badu.
Vincente Minnelli
 
118 min.
Mike Hagen kirol-kazetaria eta Marilla moda-diseinatzailea Kalifornian oporretan elkar ezagutu duten bi newyortar dira. Bata bestearekin seko txoratu eta bat-batean ezkontzea erabaki dute. Alabaina, Sagar Handira itzultzen direnean, zeinen ezberdinak diren konturatuko dira. Beren arazoak konpontzen saiatzen diren bitartean, Mikek bere neska-lagun ohia topatuko du eta Marillak, berriz, mutil-laguna izandako bat, Zachary. Ez bata, ez bestea ez daude gertatu berri den ezkontzaren jakinaren gainean. Bestalde, Mikek artikulu-sail bat idatziko du, non boxeoaren ustelkeria salatzen duen, eta horregatik gangster batzuk aurka izango ditu. 1986an estreinakoz eman zen Donostia Saria Gregory Peckentzat izan zen.
Grigori Kozintsev
 
110 min.
On Kixote-ren ekoizpen sobietar honek fidelki jarraitzen du Cervantesen liburuan deskribatzen den istorioa eta eleberriaz egin den moldaketarik onenetakoa da. Eleberriko pasarterik ezagunenak barne ditu, hala nola haize-erroten kontrako borroka ikusgarria, garai hartarako ezhoikoak ziren bitartekoak erabiliz (koloretako argazkia, pantaila erraldoia, soinu estereofonikoa) eta protagonistaren paperean sobietar zinemagintzako aktore nabarmenetako bat.
Roman Polanski
 
15 min. Film laburra
Bi gizon itsasotik azaleratzen dira bizkarrean hiriraino eraman nahi duten armairu ikaragarri eta pisu bat daramatela. Bidean tranbiara igotzea eta hainbat lekutan sartzea galaraziko dieten ustekabeko elkartze ez adiskidetsu batzuk izango dituzte; gaizkile-gazte talde batek erasoko ditu; upelez beteriko patio batean atseden hartu nahi dutenean bertatik botako dituzte; eta azkenik, hilketa baten lekuko ere izango dira. Bi gizon eta armairu bat Polanskik Lózd-eko Zine-eskolan zegoela zuzendu zuen eta zabalkunde komertziala izan zuen ikasle batek buruturiko lehenengo film poloniarra izan zen. 1958an San Franciscoko Golden Gate Saria eta Bruselako Munduko Expoan film labur esperimentalen lehiaketan Brontzezko Domina irabazi zituen.
Fernando Ayala
 
90 min.
Buenos Airesko erdi mailako auzo berrien inguruan sorturiko gazte talde bat euren buruzagi karismatikoaren menpe dago. Harengan denek ikusten dute edozein arazo konpon dezakeen gizon indartsua, zeinak garrantzi txikiko delituak egitera bultzatuko dituen. Batzuk gurasoen kontserbadorismoaren aurkako nerabe-errebelamendu batengatik daude taldean. Haatik, Buruzagiaren irudia karta-gaztelu baten antzera desegingo da, emakume baten hilketa dela eta, hark zitalki salduko dituenean.
Miguel M. Delgado
 
Eraikin bateko atezaina beti dago edonori laguntzeko prest. María Rosa neska gazte elbarriaz maiteminduta dago, eta hura operatu eta mugikortasuna berreskura dezan lortuko du, baina neskak ez du atezaina maite, teniente zirats batez maiteminduta baitago.
Fred Zinnemann
 
118 min.
1941eko uda aurrera doa. Prewitt soldaduak kuartel lekualdaketa eskatzen du eta Hawaiira bidaltzen dute. Prewitt, boxealari bikaina, ez du konpainiako boxeo-taldean sartu nahi, eskularruak betiko uztea erabaki baitu. Taldeko prestatzailea den Dana Holmes kapitainak Prewitt beraiekin borrokatzea nahi du, eta hark asmoz aldatzen ez duen bitartean, soldaduari bizitza jasanezina egin diezaion eskatuko dio Warden sargentuari. Bestalde, jadanik bere ezkontzan sinesten ez duen kapitainaren emaztearekin ateratzen hasiko da Warden. Inork ez daki, ordea, japoniarrak Pearl Harbor erasotzeko zorian daudela.
Terence Fisher
Erresuma Batua 
82 min.
Jonathan Harker Drakula kondearen gaztelura heltzen da, haren liburutegia katalogatzeko asmoz. Kondeak Lucyren argazkiari erreparatuko dio, Harkerren emaztegaiarenari. Antza gazteluan bizi den emakume batek ihes egiteko laguntza eskatzen dio Harkerri eta, hau fio zaionean, lepoan aginka egiten dio neskak. Harkerren desagertzearekin kezkatuta, banpiroetan aditua den Van Helsing doktorea haren bila abiatuko da. Bien bitartean, Drakula Lucy bereganatzen saiatu da hari odola zurrupatuz, baina neskaren itxura txarrak bere familia ohartaraziko du. Hartara, inork ezingo du neska salbatu, kosta ala kosta Drakula suntsitzea erabaki duen Van Helsinek izan ezik.
Pietro Germi
 
118 min.
Andrea bere buruaz seguru dagoen trenbideetako langile bat da, itxuraz elkartuta dagoen familia eta lagun asko dituena. Baina, bat-batean, gertaera-segida batek asaldatuko du: bere alaba Giuliak hildako haur bat erdituko du haurdun utzi zuen gizonarekin ezkontzera behartuta. Andreak, lur jota, istilu pare bat izango du lanean. Eta familia, pixkanaka, sakabanatu egiten da. Il ferroviere-k Film onenaren, Zuzendari onenaren eta Aktoresa onenaren (Luisa Della Noce) sariak lortu zituen Donostiako 1956ko Zinemaldian.
Don Siegel
 
80 min.
Miles Bennell, Kaliforniako Santa Mira herriskako medikua, istorio kezkagarriak entzuten hasiko da bere auzokideen aldetik. Hauen arabera, euren hurbileko pertsonak modu arraroan portatzen ari dira, beste norbaitek euren tokia hartu izan balu bezala. Medikua, bere andregaiaren laguntzaz, estralurtarren inbasio bat dela konturatuko da. Esna egoten saiatuko dira, estralurtarrak euren biktimen gorpuez hauek lotan daudela jabetzen baitira, baina neska loak hartuko du azkenik. Miles etsi-etsian ahaleginduko da munduari arrisku honen berri ematen, baina jendeak paranoikotzat jotzen du eta inork ez dio jaramonik egingo.
Nicholas Ray
 
110 min.
Viennak ?saloon? bat ireki du eta behin trenbidea martxan hasten denean, bere hiriko hasikina izatea espero du. Haatik, aldameneko herriko jendea beste iritzi batekoa da. Lau gizonek diligentzian lapurreta egin eta gizon bat hiltzen dutenean, bertako agintariek saloon-era jotzen dute Viennak babespean dituen Dancin' Kid eta bere gizonak atxilotzera. Baina emakume honek aurre egingo die, Johnny Guitar bere aspaldiko adiskidearen laguntzaz.
Fernando Fernán-Gómez
 
89 min.
Bikote gogotsu batek aurrera ateratzeko zailtasunak ditu. Bata psikiatra eta bestea abokatua den arren, ez daukate ondasun handirik eta neska da bizirauteko dirua irabazi behar duena. Senarra, berriz, irabazi eskaseko jardueretan dabil automobilak saltzen, tebeoak marrazten, xurgagailu saltzaile gisa, kabaret-animatzaile, zineko estra, langabetu, etxekoandre, etab... Nolanahi ere, ?itxurako? bizi-mailari eutsi diote beti: taldeko eztei-bidaia autobus koipetsu batean, estutasun labirintikoko gelak dituen pisua eta, hori bai, biscuter bat. Agian, noizbait gauzak hobetu egingo direlako itxaropena dute.
Federico Fellini
 
110 min.
Cabiria, erromatar prostituta inozo samar batek, neska-koskor bat ez den arren, makina bat egur jasotakoa da bizitza honetan, baina kalea uzteko bere bizitzako gizona aurkitu eta honi bere barruko maitasun guztia emateko amets xaloa bere horretan gorde du. Ez dirudi nahi horiek guztiak gauzatuko direnik, baldin eta Oscar, ongi hezitutako kontulari lotsatia azaltzen den arte, eta Cabiria, hasiera batean eszeptikoa bada ere, harekin maiteminduko da.
René Clair
 
89 min.
Claude musika-irakasle gaztea, bere maisulana konposatzen ari da. Haatik, bizilagunek egiten duten zaratak arreta galarazten dio, ia zoratu arte. Honela, amestutako mundu batean murgilduko da, beste garaietan egundoko balentriak eginez, emakume ederrak bereganatuz (Luis XIII.aren gortesau bat zein Aljerreko emakumezko mairu bat) eta ibilkera sinestezinak bizituz. Bere lagunen ezusterako, Claudek bere fantasiak mundu erreala baino nahiago dituela dirudi.
François Truffaut
 
94 min.
Antoine Doinel, 14 urte dituen mutiko paristarra eta gurasoen ezaxola nozitzen duena, noraezean dabil umezarotik nerabezarorako denboraldia bitartean. Noizbehinka eskolatik ospa egiten du zinera edo lagunekin jolastera joateko. Bere amak amorante bat duela jakin ondoren, idazmakina bat lapurtzen saiatuko da, eskolatik kaleratuko dute eta erreformatorio batean bukatuko du. Baina Antoineren askatasun nahiak ezingo dira horren erraz itoarazi.
Carlos Saura
 
88 min.
Julián, Ramón, Juan, El Chato, Paco eta Manolo Madrilgo aldirietan ahal moduan bizirik irauten duten lagun-taldea dira. Horietako batek toreatzaile izan nahi du, eta bere lagunek lapurreta txikiak egiten dituzte Juanen karreraren hasiera ordaindu ahal izateko. Taldekideetako bat hil egingo dute taxi-gidari bati lapurtu ondoren, ihesi doala. Juanek kale egingo du bere toreatzaile estreinuan, eta gainera, zezen-plazan daudela, poliziak nortzuk diren igarriko du.
Luis Buñuel
 
80 min.
El Jaibo, gaizkile gazte batek zentzategitik ihes egiten du eta Mexikoko aldiriko auzo bateko bere lagunekin elkartzen da. Horietako batekin, Pedrorekin, itsu bati lapurreta egiten saiatuko da. Egun batzuren buruan, El Jaibok Pedroren aurrean mutil bat hiltzen du, antza haren erruagatik bidali baitzuten zentzategira. Gorabehera honez gero, Pedro eta El Jaiboren halabeharrak zoritxarrerako bat egingo dute.
Josef von Sternberg, (Nicholas Ray)
 
81 min.
Gau-klub bateko abeslari xarmagarri batek, portu exotiko askotan ibilia den gizon batek eta saltzaile batek Hong Kongetik Macaura doan itsasontzi batean egiten dute topo. Macauko kasino handienaren eta bitxien zuriketa-negozio naroaren jabe den amerikar batek kantaria azkar asko kontratatzen du. Bere nagusi berriak abeslariarekin doan gizonetako bat polizia delako susmoa du; eta arrazoi osoa du, baina ez da berak uste duen hori.
King Vidor
 
89 min.
Demsey Rae, bizitzan helburu garbirik ez duen cowboyak, Ekialdetik iritsi berri den izaera gogorreko emakume baten arrantxoan lan egiten bukatuko du. Neskak esku zorrotza duen langileburu berria behar du eta nola edo hala saiatuko da hark lanpostua onar dezan. Berandu baino lehen, Raek bere burua nahastuta ikusiko du arrantxoak alanbre-hesiz inguratu nahi dituzten eta eremuak zabalik utzi nahi dituztenen arteko borrokaldian.
Howard Hawks
 
92 min.
Barnaby Fulton doktorea organismoa gaztetzeko konposatu bat ikertzen ari da, eta tximinoekin ikertzen du. Edwina, bere emazte ulerkorraren laguntza du eta Lois, nagusiaren idazkariaren mirespena, Fultonek asmaturiko galtzerdi hautsezinez jantzitako berna eder batzuk erakusten dituenarena. Zientzialariak laborategiko ur-andelean erori den edabe mirarigilea edaten du oharkabean, honek ondorio-segida harrigarria eragingo duelarik.
Juan Antonio Bardem
 
88 min.
Txirrindulari bat harrapatuko du autoz doan bikote adulteriogile batek: Maria Jose (itzal handiko industrialari aberats baten emaztea) eta Juan (unibertsitateko geometria-irakaslea). Une batez ezbaian egon ondoren, Maria Joseren gizarte-maila babesteko euren biktima bertan uztea eta gertakaria isilean gordetzea erabakiko dute.
Manoel de Oliveira
 
27 min. Film laburra
Porto hiriari buruzko dokumentala Antonio Cruz artistaren pinturen bidez, zeinak bere estudiotik hiriko karriketara irtengo den, eszena errealak pintorearen berezko ikuspegia erakusten diguten akuarelekin aldizkatuz.
Elia Kazan
 
108 min.
Terry Malloyk boxeo-txapeldun bihurtzearekin amesten du, bere usoak zaintzeaz gain, kaiko zamaketarien sindikatuko presidente Johnny Friendly ustelarentzako mandatuak egiten dituen bitartean. Johnnyren bi bizkartzainek gauzatzen duten hilketa baten lekuko izan ondoren, Terryk hildakoaren arreba ezagutu eta hilketaren erantzule sentituko da. Neskak Barry aita aurkeztuko dio, eta hau Terry konbentzitzen saiatuko da kaiko mafiarekin bukatzeko beharrezkoa den informazioa epaileei eman diezaien. Isiltasunaren legea pelikulak 8 Oscar lortu zituen 1955ean, Film onena, Zuzendari onena, Aktore onena (Marlon Brando) eta Bigarren emakumezko aktorearena (Eva Marie Saint) barne.
Alessandro Blasetti
 
96 min.
Paolo taxilariak Lina xarmanta eta bere hiru lagunak hondartzara eramaten ditu, baina autoa lapurtu nahi diotela ohartzen da. Neskak azalpen nahasiekin endredatzen du eta Sopriano, bere aita, aurkezten dio. Paolok familia zintzo eta ondradua dela uste du, harik eta neskak oparitu dion urrezko zigarro-kaxa lapurtua dela, Soprianok geltokian maleta bat ebatsi duela eta alaba-aita autobusetako kartera-lapurrak direla konturatzen den arte. Paolok salatu egiten ditu, baina hauek gertaerak aldatzen eta errugabe itxurak egiten saiatzen dira. Etsituta, Paolok lapur-bizimodua utz dezan proposatzen dio Linari, eta honek gogo onez onartzen du: lapurtu behar izan ez duen lehen gauza baita mutila.
Samuel Fuller
 
83 min.
Skip McCoy zorro-ebasleak, hiru aldiz kondenatuta egon den gizagaixoak, zorroa lapurtzen dio Candy prostitutari. Neskak agente federalak atzetik segika ditu, komunistei informazioa pasatzen dien bere maitale Joeyren nahi gabeko konplizea baita. Lapurrak ihes egingo du, zorroan isilpeko datuez beteriko mikrofilm bat daramala jakin gabe. Orduan, bai polizia baita Joey ere, Skip atzematen saiatuko dira, eta hau, ebaskinaren balioaz ohartzean, eskaintza onena egiten dionari saltzen saiatuko da.
Andrzej Wajda
 
104 min.
Bigarren Mundu Gerraren azken eguna Polonian. Maciek, Poloniako herri txiki bateko mugimendu nazionalista klandestinoaren kiderik gazteenak, barrutiko Alderdi Komunistaren idazkari berria den Szczuka hiltzeko mandatua jasoko du. Nazien aurkako gerra bitartean, alderdi berean zihardutenez, mandatuak kontzientzia-arazo bat sortuko dio Maciek-i eta soldaduaren betiko ezbaia erabaki beharko du: obeditu edo pentsatu. Borrokaldiaren amaierako festa ospatzen ari den hotelean bere biktimaren zain dagoela, argi eta hondakinen eraginez, iragarpen eta oroitzapenez beteriko ingurune irreal bat sortzen da: gerra eta mundu hobeago baten itxaropena, errautsak eta diamanteak.
Nelson Pereira dos Santos
 
93 min.
Eszenatoki eta elkarrizketa naturalekin kalean filmaturiko film erdidokumentala. Hiriko bero itogarria da ohiko igande karioka batean gertatzen diren istorioen lotura, favelen auzo marjinaletatik datozen bost kakahuete-saltzaile gazte protagonista dituztela. Copacabanako hondartza, Pão de Açúcar eta Maracaná estadioa bezalako eszenatokietan kokatu dira, besteak beste, filmeko pasarte ezberdinak.
Stanley Donen
 
102 min.
Adam, zazpi anaietan zaharrenak, hirira emazte bila jaistea erabaki du, honek behar bezalako otorduak presta diezaizkion. Bertan, Milly ezagutu, harekin ezkondu eta mendialdeko etxera eramango du. Zazpi anaiaren neskame bihurtu dela konturatzean, bere sei koinatuentzako emaztegaiak bilatzea erabakiko du. Lehenik eta behin, oinarrizko portamoldeak irakatsiko dizkie, hartara, uztaren jaialdia heltzerakoan, eskualdeko neskak eurenganatu ahal ditzaten. Bien bitartean, Sabinen bahiketari buruzko mito erromatarraz zer edo zer irakurri duen Adamek, konponbiderik onena bere anaiek maite dituzten emakumeak bahitu ditzatela pentsatuko du.
John Cassavetes
 
87 min.
Ben, Lelia eta Hugh New Yorken etxebizitza berean bizi diren hiru gazte beltz dira. Hugh jazz-abeslaria da; Leliak idazle izatea du amets; Ben, gazteena, gazte zurien koadrila batekin ateratzen da. Hugh eta Ben beti ika-mika dabiltza Benek bere arraza-jatorria onartzeko dituen zailtasunak direla eta. Tirabirak okerrerantz joko du Lelia bere arraza-aurreiritziak ezkutatu ezin dituen Tonyrekin hasten denean, Hughek, Leliaren anaiak, neska berriro ikus dezan galaraziko baitio
Rouben Mamoulian
 
117 min.
Hiru sobietar agente traketsek Parisen erbesteratuta dagoen konpositore errusiar bat bahitzeko mandatuan huts egin ondoren, Ninotchka eder eta serioa aipatu hirira bidaliko dute eginkizuna behar bezala bete dezan. Hasiera batean, Ninotchkak mendebaldeko bizimoduaren gainbehera gaitzetsi besterik ez du egingo, baina pixkanaka haren xarmapean eroriko da Steve Canfield zine-produktore amerikarraren laguntzaz.
Ingmar Bergman
 
91 min.
Isak Borg Medikuntzako katedradunak mediku gisa bere 50. urteurrena ospatzeko ohorezko saria jasotzera Lund-eko Unibertsitatera egindako bidaian, heriotza gertu duela sumatzen du eta behin eta berriz bere beldur ilunenen erakusgarri diren ametsak ditu. Pitinka, iraganean hartutako erabakiek bizitza hotz eta huts batera eraman dutela ohartzen da, egiazko baliorik gabeko batera. Alabaina, bere senitartekoen barkamen eta maitasunari esker, azkenean erredentzioa lortuko du.
Billy Wilder
 
110 min.
Joe Gillis, sosik gabe dagoen gidoilari bat, ordaindu gabeko bere autoa berreskuratzeko agindua duten agenteengandik ihesi dabil, eta Sunset Boulevardeko mansione batean ezkutatzen da, ezustean Norma Desmond zinema mutuko erretiratutako izarraren etxea denaren garajean. Joek aterpea aurkitzen du Normaren babespean, zeinak, Joe idazlea dela jakitean, haren berragertzerako gidoia idazteko enkargua emango dion, emakumeak artean miresten duten fan ugari dituelako ustean. Asteak aurrera joan ahala, Joe gero eta giltzaperatuago sentitzen da, eta errealitateari eusteko modu bakarra Betty Schaeferrekin, lehenago bere zenbait original atzera bota zizkion gidoi-begiratzailearekin duen ezkutuko adiskidetasuna izango da.
Vincente Minnelli
 
118 min.
Zuzendari gazte bat, Pulitzer saria irabazi duen gidoilari bat eta alkoholismo arazoak dituen emakumezko aktore eder batek Jonathan Shields produktorearekin berriro lan egin nahi ez izatearen arrazoiak azaltzen dituzte. Beren istorioen bitartez, gizon honen erretratua zirriborratzen dute, bere interesengatik jendea esplotatzearen poderioz, B saileko pelikulak filmatzetik Hollywoodeko produktore garrantzitsuenetako bat izatera iritsi denarena. The Bad and the Beautiful filmak 5 Oscar eskuratu zituen 1953an, bigarren emakumezko Aktore onenarena (Gloria Grahame), Argazkilaritza onenarena eta Gidoi onenarena barne.
Fritz Lang
 
89 min.
Polizia batek, Tom Duncanek, bere buruaz beste egin eta gangster-talde baten partaide izan zela aitortuz eta hainbat polizia-funtzionarioen ustelkeriaren salaketa eginaz gutun bat uzten du. Eskutitza Duncanen amorantea zen Lucy zerbitzariak ezkutatzen du, Mike Lagana mafiako buruzagiari xantaia egiteko asmoz. Dave Bannionek Duncanen heriotza argitu nahi du eta Lucy hilda azaltzen denean, haren istorioa egiazkoa dela uste osoa du. Bannionek ez du bere burua usteldu nahi, baina aurki aurrean oso arerio indartsuak dituela konturatzen da, bere autoan bonba bat jarriz hiltzeko gauza ere badirenak.
Robert Wise
 
92 min.
Klaatu enbaxadore estralurtarrak Washingtonen lur hartzen du, Bigarren Mundu Gerraz geroztiko Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko ?gerra hotzaren? ondorioz Lur planetan egiten diren saiakuntza nuklearren aurka Unibertsoaren gainerako biztanleen haserrea adierazteko mandatuaz. Estralurtarren iritziz lurtarrak galaxia osorako mehatxu bihurtzen ari dira, beraz, Klaatuk mezu zorrotza dakar: Lurrak ez baditu bere saiakuntza nuklearrak bertan behera uzten, planetarteko indarrek eraso egingo dute. Klaaturi etsaitasunezko harrera egiten zaio, eta oina lurrean jarri bezain laster tiro egingo diote, baina Gort bere robot ahalguztidunak salbatuko du.
Alexander Mackendrick
 
97 min.
Etxe bakartu batean, Wilberforce andre bakartia bizi da bere loroarekin. Andere zahar beneragarriak bi gela alokatu dizkie Marcus profesore misteriotsuari eta ustez musika-banda batekoak diren lau kideri. Egia esan, beste mota bateko banda bat da eta lapurreta bat prestatzen ari dira, ordea ez zuten espero Wilberforce andrea beren asmoetarako oztopo bihurtu zitekeenik.
Basil Dearden
 
116 min.
Borondatez kontra erretiratu zuten Hyde koronela beste zazpi militar ohi erreklutatzen ditu helburu berezi baterako. Denek sekretu lotsagarriren bat isilpean dute, diruz eskas dabiltza eta bakoitza arloren batean aditua da. Kontua Londresko hiriguneko banketxe batean lapurreta egitea da, horretarako Hydek eta bere bigarrenak, Racek, disziplina eta plangintza militarra ezarriko diete taldekideei. Jack Hawkins, Nigel Patrick, Roger Livesey, Richard Attenborough eta Bryan Forbesek talde-antzezpen saria lortu zuten film honengatik 1960ko Donostiako Zinemaldian.
Fred Zinnemann
 
152 min.
Ahizpa Luke, belgikar erlijio-ordena bateko mojagaia, erizain bidaltzen dute Kongora. Bertan Fortunate zirujau zuhurraren eredua jarraituko du, eta bere idealismoa ahaztu eta langile arduratsu bihurtuko da. Bigarren Mundu Gerra hasten denean, erlijio-ordenaren arauak betetzen saiatuko da eta ez du inoren alde jokatu nahi izango; naziek bere aita hiltzen dutenean ordea, neutraltasunari eustea ezinezkoa gertatuko zaio. Bere botoenganako fideltasuna gorde ezin duela ohartzean, ahizpa Lukek abituak utzi eta bizitza zibilera itzuliko da. The Nun's Story filmak Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eta Audrey Hepburnentzat Aktore Onenaren saria lortu zituen 1959an. Peter Finch, berriz, 1968an Zinemaldira etorri zen Robert Aldrichen The Legend of Lylah Clare (Lylah Clare-n legenda) aurkeztera.
Anthony Mann
 
93 min.
Morg Hickman sari-ehiztari beteranoa arriskuan dagoen hiri batera heltzen da. Sheriffa hil egin dute eta eskarmenturik gabeko Ben Owens izendatzen dute kargua behin-behinean bete dezan. Benek behin betiko sheriffa izan nahi du eta horretarako bere herrikideak txunditu beharko ditu. Morgek sari-ehiztari bihurtu baino lehen sheriff moduan luze jardun zuela jakitean, ofizioa irakats diezaion eskatuko dio. Morgentzat sheriff izan nahi horrek ez du zentzu handirik, gogoz bestera baina, Benen tutore bihurtzea onartuko du azkenik.
Orson Welles
 
111 min.
Mexikar poliziaren Narkotikoen saileko Mike Vargas eztei-bidaian dago Susan bere amerikar emaztearekin Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugaldean. Aurki, bere ikerketei esker atxilotutako Grandi taldeko narkotrafikatzaile batzuen aurkako epaian testigantza eman beharko du. Bonba-auto batek higiezinen sustatzaile amerikar bat hil eta Hank Quinlan, bertako poliziarik ospetsuena, krimena herritar mexikar bati leporatzeko frogak faltsutzen ustekabean harrapatzen duenean, Vargas beste kasu batean nahastuko da. Quinlanek, hartara, Granditarrekin bat egingo du Vargas erditik kentzeko asmoz.
Mikio Naruse
 
123 min.
Yukiko Tomiokaren maitalea da, zeinak emazteari dibortzioa eskatuko diola agindu dion. Haatik, Tomiokak ez du bere hitza beteko eta gainera, Yukiko haurdun utzi eta gero, Osei izeneko beste neska gazteago bat hartuko du maitale. Irainak gorabehera, Yukikok alargundu berri duen Tomiokari atzetik joango zaio urrutiko uharte oihandar bateraino, non bat-batean gaixotuko den.
Robert Bresson
 
95 min.
Fontaine tenientea naziek kartzelaraturiko eta heriotzera zigortutako erresistentzia frantseseko kide bat da. Iheserako plan bat dauka, baina ez da bere ziega-lagunaz fio, alemanen informatzaile bat delako susmoa baitu, eta bere ihesaldia babesteko hura hiltzea otutzen zaio. Fontaineren pertsonaiak presondegi nazi batetik ihes egitea lortu zuen frantses erresistentziako kide baten, André Devignyren oroitzapenak ditu oinarri.
Alfred Hitchcock
 
127 min.
Bertigoa sentitzen zuelako polizia izateari utzi behar izan zion Scottiek Madeleine izeneko emakume eder bat zelatatzeko mandatua jaso du. Emakumearen portaerak bere buruaz beste egin nahi duela pentsarazten du. Scottie atzetik doakio edonora eta azkenik harekin maitemintzen da; alabaina, bertigoa dela eta, hain zuzen, ezingo du neskak bere burua kanpandorre batetik bota ez dezan eragotzi. Geroago, Madeleineren berdin-berdina den neska batekin egingo du topo. Vertigo filmak 1958ko Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eta James Stewartentzat aktore onenaren saria eskuratu zituen.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: