MIKIO NARUSE
Tokiotik oso urrun ez dagoen herriskabatean, Akaza eta Riki bere emaztea euren seme-alaben etorkizunaz kezkatuta daude. Inokichi, seme zaharrena, alper hutsa eta liskarzalea da. Bi ahizpetatik zaharrena, Mon, Tokion bizi da eta gazteena, San, bertako merkatari batekin ezkontarazi nahi dute. Mon haurdun dagoela esanez itzultzen da bat-batean. Umetan primeran konpontzen ziren arren, Inokichi su bizian oldartuko zaio arrebari.
MIKIO NARUSE
Anzukko, Heishiro Hirayama nobelagile ospetsuaren alabak ezkongai guztiak bata-bestearen atzetik mezprezatzen ditu. Azkenean azaltzen da gustatzen zaion bat, baina orduan Ryokichi, herriko liburudenda bateko idazlegai bat sartuko da tartean, eta gizon horren izena belztuko du, gerra garaian koldar jokatu zuela azaleratuz. Ryokichik Anzukkorekin ezkontzea lortzen du, aitaginarrebaren babesean bere burua literatur munduan ezagutaraztea helburu duelarik.
MIKIO NARUSE
Kin, erretiratutako geisha, beste geisha ohiei maileguak egiteaz bizi da, eta maiz liskarrak izaten ditu interesak eskatzen dizkienean. Tabe, garai bateko bere maitalea bisitan datorkiola jakitean, Kin apaindu eta nerabe bat bezala urduritzen da. Haatik, atsekabe handia hartuko du Tabek dirua uztea besterik nahi ez duela ohartzean.
MIKIO NARUSE
Nakahara eta Kikuko, bere emazte gaztea, senarraren gurasoen etxean bizi dira, baina bertatik aldegin beharra suertatzen zaie ezkontzera doan anaia bati tokia uzteko. Nakahararen lankide den Takemura alargunaren etxeko beheko solairura doaz bizitzera. Nakahara zeloek sutuko dute Kikukok Takemura zeinen samur tratatzen duen ikusita; egoera txartu egingo da neskak haurdun dagoela esan eta Nakaharak aborta dezan eskatzen dionean.
MIKIO NARUSE
Setsuko bizimodu latza darama bere semea aurrera ateratzeko zerbitzari gisa lan eginez; Fujimura, aitak, abandonaturik utzi zituen, baina noizean behin diru eske agertzen da. Bere lagun Shizue, aldiz, askoz hobeto bizi da, gizon aberats baten maitalea baita. Bere diru urritasunetik ateratzeko Shizuek gauza bera egin dezan iradokitzen dio Setsukori.
MIKIO NARUSE
Ishimura eta bere emazteak bederatzi seme-alaba dituztenez, nekez bizi dira haren soldata eskasarekin. Seme zaharrenak, Kiichik, Ogawa bere maisuak adoretuta, ikasten jarraitu nahi duela dio fabrika batean lanean hasi ordez, eta ondorioz, gurasoek berekoia izatea leporatuko diote. Familia desegite bidean ikusirik, Kiichik bere asmoei uko egingo die.
MIKIO NARUSE
Okoma autobus kalamastra bateko kobratzaile gaztea da. Autobusak geltoki denetan hartzen ditu bidaiariak eta era guztietako zamak onartzen ditu, oiloetatik hasi eta barazki-kapazuetaraino. Bai berak baita Sonoda izeneko txoferrak ere, inbiriaz begiratzen dituzte konpetentziaren ibilgailu modernoak. Okomak ideia bat du zerbitzua hobetzeko: pasaiariei ibilbidean zehar ikusten dituzten lekuei buruzko informazio historikoa eskaintzea.
MIKIO NARUSE
Kuniko alarguna da eta Takeshi bere sei urteko semea du bizitzan aringarri bakarra. Egun batez, ihesari ematen dion auto batek Takeshi harrapatzen du. Poliziak bere burua erruduntzat jotzen duen gizon bat atxilotzen du, baina hau ibilgailua gidatzen zuen bere nagusia estaltzen ari da. Istripuaren lekuko izan zen emakume batek egia kontatzen dio Kunikori eta honek mendekua hartzea deliberatuko du.
MIKIO NARUSE
Fumiko kafetegi bateko zerbitzaria da, baina berak idazle izan nahi du. Date ezagutzen du, literatur elkarte batean sartzea gonbidatzen dion poeta, eta honekin bizitzera doa, baina beste emakume batekin dabilela ohartaraziko da. Hori dela eta, ezkertiar intelektual talde batekin sarri ibiltzen hasi eta hauetako batekin ezkontzen da, Fukuchirekin. Fumikok liburu bat argitaratzea lortuko du azkenik, bere senarraren zeloak sortaraziz.
MIKIO NARUSE
Kiyoko gazteak autobus-kobratzaile gisa lan egiten du eta bere ama eta anaia-ahizpaordeekin bizi da. Mitsuko, ahizpaordeetako bat, oihal-merkatari batekin dago ezkonduta; senarra ezustean hil egingo zaio ordea, bizitza aseguru mamitsu bat utziz. Familian liskarrak sortuko dira hildakoaren oinordetza dela eta ez dela; Kiyokok orduan etxetik aldegingo du bere senitartekoez nazka-nazka eginda.
MIKIO NARUSE
Okawa, Tokioko kazetari gazte bat, giza ikuspegitik interesgarriak diren istorioen bila abiatzen da landara. Gerrako alarguntsa bat topatzen du, Yae, bere seme eta amaginarrebaz arduratu eta etxalde batean lan egiten duena. Yaek Okawari Wasuke bere anaiaren estuasunak kontatzen dizkio, bederatzi seme-alaba dituenarenak. Yae eta Okawak Wasukerentzako emaztea bilatzeari ekingo diote, eta gaua hotel batean elkarrekin pasako dute; baina kazetariak zai dauka familia Tokion.
MIKIO NARUSE
Terukikuk geisha gisa dihardu bere familia mantentzeko eta Yoshio, Kikueren semearekin, maiteminduta dago. Yoshio, bere amaz lotsatuta, laguntalde batekin ateratzen hasten da. Borrokaldi batean gazteek Terukiku zauritzen dute ezustean. Hau sendatzen denean, lan hobeago baten bila doala esaten dio Yoshiori, bere ahizpa txikia ere geihsa bihur dadin ekidin nahi baitu.
MIKIO NARUSE
Asaji eta Yuji anaien ama, geisha ohia dena, antzinako bezero batek utzi zion diruarekin bizi da. Asaji izen oneko familia bateko alabarekin dago maiteminduta, Kasumirekin, baina euren harremanak oztopo garaitezin bat topatuko du: Kasumiren gurasoek senar aberats batekin ezkontarazi nahi dute familiaren negozioak bizi duen egoera txarra konpontzearren.
MIKIO NARUSE
Gizarte jatorri ezberdineko bi neska, Nobuko aberatsa eta Tomiko behartsua, lagunak dira. Nobukok nota txarrak ekartzen ditu eskolatik eta honek, bere gurasoen arteko liskarra sortzen du. Nobukoren amak zera aurpegiratzen dio Keiri, aitari: urteak atzera harremana izan zuela Tomikoren amarekin, Otsutarekin; gaur egun, kimonoak josten lan egiten duen alarguntsa dena. Nobukok entzundakoaren berri kontatzen dio bere lagunari eta honek, orduan, amari galdetzen dio, baina honek harremana ukatzen du.
MIKIO NARUSE
Michiyo eta Hatsunosukek bost urte daramatzate ezkonduta, ez dute seme-alabarik eta bata bestearekin aspertu samarturik daude. Satoko, Hatsunosukeren ilobaren bat-bateko etorrerak bikotearen bizimodua asaldatuko du. Satoko auzoko gazte bat eta Hatsunosuke zirikatzen hasiko da, Michiyo ohartaraziz. Satoko Tokiora itzultzen denean, Michiyok harekin joatea eta denboraldi baterako senarrarengandik urruntzea erabakiko du.
MIKIO NARUSE
Hiroshik etorkizun handiko lanbidea du, baina auto batek harrapatu eta Yumiko alargun uzten du, neska haurdun dagoela gainera. Mishima, autoaren gidaria, errugabetzat jotzen dute; kontzientzia ez du garbi ordea eta laguntza eskaintzen dio Yumikori. Dirurik ez duen arren, neskak laguntza errefusatzen dio eta abortatzea erabakitzen du. Mishimak ez du amore ematen eta Yumikoren barkamena lortzen saiatuko da, baita honen maitasuna ere.
MIKIO NARUSE
Reikoren senarra gerran hil zen eta bera arduratzen da familiaren negozioaz, supermerkatu-kateen ugaltzearen ondorioz gainbehera dihoana. Koji, bere koinatua, dendan laguntzera dator, baina zurrutari eman eta jokatu besterik ez du egingo, Reikori bere maitasuna aitortzen dion arte. Horren bitartean, beste koinatek neskaren bizkarrera konspiratzen dute denda saltzeko eta Reiko familiarengandik bereizteko.
MIKIO NARUSE
Sakanishi familiako belaunaldi ezberdinak bizi dira Tokioko kanpoaldeko etxe eroso batean. Yuichiro, familia-buruak, bere etxebizitza hipotekatzen du lantegi bat daukan bere emaztearen osabari mailegu bat egiteko. Negozioa gaizki ateratzen zaio eta Sakanishitarrak euren bizilekua galtzeko zorian izango dira. Yuichiroren arreba zaharrenak, Sanaek, hitzarmenezko ezkontza bat onartuko du familia laguntzearren.
MIKIO NARUSE
Goro eta Fukiko urtebete daramate ezkonduta, baina ez dute elkar maite. Goro oraindik ezkongabe dirauen Yayoirekin maiteminduta dago; eta isilean elkarrekin egoten diren arren, beren harremanak ez du etorkizunik. Fukiko haren zorigaitzaz ohartzen da eta bere nahi guztiak beteko dituela agintzen dio. Gogok biak batera euren buruez beste egitea beste irtenbiderik ez dutela erantzungo dio.
MIKIO NARUSE
Rikak, alargundu berri denez, lan bat behar du; geishen etxe batean hasten da, sukalde eta garbiketaz arduratuko den norbait behar baitute. Jabeak, Tsutayakok, Oharugatik izena aldatzen badu lana emango diola esaten dio. Oharu erosketak egitera ateratzen denean, Tsutayakok denda guztietan ordaindu gabeko zorrak dituela konturatzen da. Eta hori ezezik, etxea hipotekatua eta negozioaren eta bertatik bizi diren nesken etorkizuna ere kinka larrian dagoela ere bai.
MIKIO NARUSE
Hiroko gaztea Horie familia aberatsean sartzen izango da Shin'ichirekin ezkontzean, baina familiak oso modu zakarrean hartzen du neska. Yoko, senarraren arreba gazteenak, maitale bat dauka, Toshio, oso atsegina dena, baina txiroa izanik, Yokorekin ezkontzeko aukerarik ez duena. Aberastearren eta bizitzan aurrera egiteko, Toshiok lanean lapurreta egingo du; Horie sendia bera izango da poliziaren aurrean salatuko duena. Hiroko bere ezkonsenideen aurka oldartuko da orduan.
MIKIO NARUSE
Fukuhara familiak gerra bitarteko bonbardaketa batean suntsitutako garbitegia berriz irekitzea lortu du. Lan gehiegi egitearen ondorioz, Ryosuke, aita, hil egiten da, eta honen anaia Kimura, Siberiako preso-esparru batetik atera berria, laguntzera etortzen da. Toshiko, alaba zaharrena, kezkatu egiten da bere amaren eta osabaren arteko amodiozko harremanari buruzko zurrumurruak auzoan zabaltzen hasiak baitira.
MIKIO NARUSE
Tomonojo samuraiak Okuni, familia noble bateko alaba, gorteiatzen du, baina neska azkenean beste gizon batekin ezkonduko da, Iorirekin. Hisiz, Tomonojok Iori hiltzen du eta samuraien ohore-kodeak behartuta, Okunik haren heriotza mendekatu beharko du. Gohei bere zerbitzari fidelaren laguntzaz, bost urtez herrialde osoan handik-hona ibiliko da bere senarraren hiltzailearen bila.
MIKIO NARUSE
Keiko, duela gutxi alargundu duen emakume batek, Tokioko Ginza auzo lizuneko taberna batean egiten du lan. Dirua behar du apartamentua ordaintzeko eta bere familia mantentzeko. Beste neskek diru dexente lortzen dute bezero aberatsen grinak asetuz, eta horietako batzuk beren negozio propioa zabaltzea lortzen dute, baina Keikok bere senarraren oroimenari begirunea zor dio. Alabaina, maitasun ezbeharrek edatera bultzatzen dute eta banku-zuzendari baten proposamenen aurrean amore ematera.
MIKIO NARUSE
Osomek bere amak zuzentzen duen shamisen talde batean jotzen du eta ezkongabe dago, Oren bere ahizpa zaharrena eta Chieko gazteena euren gizonekin bizi diren artean. Orenek gaiso dagoen bere senarrarentzat dirua behar duenez, bere gaizkile-banda zeneko partaide batzurekin lapurreta bat antolatzen du. Lapurreta egingo diotena Chiekoren maitalea dela konturatzean, Osome tartean sartzen da, larriki zaurituko dutelarik. Orenek diruarekin aldegiten du bere ahizpari gertatutakoaz ohartu gabe.
MIKIO NARUSE
Shinzo etorkizun handiko aktore gaztea da. Bere konpainiako zuzendari den Yamatoyak Shinzoren maitalea den Omitsurekin hitz egin eta aktorea aske utz dezan konbentzitzen du, honek artisten munduan gora egin dezan. Shinzo Tokiora joaten da eta arrakasta lortzen du ahalegin handien ostean. Yamatoyari laguntzera itzultzen den batean, Omitsurekin hotz agertuko da, neskak bere erabakiz utzi zuela pentsatzen baitu.
MIKIO NARUSE
Ryotaro eta Fumiko bere emazteak lau urte daramatzate ezkonduta eta itxuraz arrazoirik gabeko liskarretan hasten dira. Harremanak txarrera joko du bikote gazte bat, Nenkichi eta Hinako, auzora bizitzera datorrenean, Nenkichiri Fumiko gustatuko baitzaio. Fumikoren iloba ere, Ayako, arazotan dabil senarrarekin: eztei-gauean senarra lagunekin parrandan atera eta hurrengo goiz arte ez baita azaldu.
MIKIO NARUSE
Bi aktoreen artean zaldi baten papera egiten dute. Zaldiaren aurreko hankak eginaz Hyoroku jartzen da, bietan adituena dena; Senbei gazteenak, berriz, atzeko hankak egiten ditu. Hyoroku harro dago oso egiazko zaldikoa baitirudite, baina ikuskizunaren mezenasak benetako zaldi batengatik ordezkatu eta kaleratuko ditu halabeharrez.
MIKIO NARUSE
Gizon misteriotsu bat bere alabekin gainbeheran dagoen herriska baketsu batean finkatzen da. Kanpotarren aurrean herritarrak mesfidati ageri dira; baina iritsi berri direnen eraginez, bertakoak pixkanaka beren portaera hobetuko dute. Herria benetako komunitate bilakatzen da aurrerantzean. Herritarrek familia bitxi horri euren eskerrona adierazi nahi izango diote, baina ordurako iritsi zirenean bezain isilik aldegin dutela konturatzen dira.
MIKIO NARUSE
Kumoemon, herrialde osoan han-hemenka zortzi urte lanean eman dituen aktoreak, geisha batekin maitemindu, ospea eskuratu eta bere emaztea uzten du, garai txarretan euskarri izan zuen hura. Emaztea bat-batean gaisotuko da eta hiltzear dagoela, Kumoemonen traizioaz saminduta kexu izango da; emazteari egindako minaz ohartzean, hil ondoko omenaldi bat eskainiko dio honek.
MIKIO NARUSE
Keijiro Kono unibertsitateko irakasleak eta Ayako bere emazteak bi seme-alaba dituzte, baina hauen benetako ama Miho da, Keijiroren amorantea. Keijiro Ayakok zuzentzen duen ostatu baten jabe da, eta Miho bertan ari da lanean. Keijiro eta Mihoren arteko harremanak kale egiten du eta emakumeak ostatua eskatzen dio banantzearen ordainetan. Ayakok tratu hori onartzen ez duenez, Mihok bere seme-alaben jagotea erreklamatuko du.
MIKIO NARUSE
Kimiko, bulego batean lan egiten duen neska, poeta bitxi samarra dena, bere ama eta biak abandonatu zituen aitaren bila dabil. Aitak oso langilea den emakume bat maitaletzat duela jakiten du, Kimiko eta bere ama bizi daitezen dirua bidaltzen aritu zaiena. Kimiko bere aita itzul dadin saiatuko da, ezkontzeko haren bedeinkazioa behar duela aitzakipean.
MIKIO NARUSE
Shamisen jole batek, Tsuruhachik, eta balada abeslari batek, Tsurujirok, elkarrekin jotzen dute, egundoko arrakasta lortuz gainera, oraindik oso gazteak diren arren. Alabaina, euren joaldien ondoren maiz liskarrak izaten dituzte arrazoi artistikoak direla eta ez direla, eta azkenerako euren elkartea haustea erabakitzen dute. Bikotearen babesleetako bat, Matsuzaki, elkarrekin adiskidetu daitezen saiatuko da; ordea, Matsuzaki izango da Tsuruhachirekin ezkonduko dena.
MIKIO NARUSE
Yukikori Tomioka bere maitaleak bere emaztearengandik bananduko dela agindu dio. Haatik, Tomiokak ez du agindutakoa beteko eta Yukiko haurdun geratzen denean ez du ardurarik nahi izango. Gainera, beste amorante berri batengan, Osei gaztearengan, jarri ditu begiak. Halako iraina jasota ere, Yukiko Tomiokaren atzetik doa irla urrun eta basati batera, baina elkarrekin konpontzeko aukera izan aurretik, Yukiko larriki gaixotuko da.
MIKIO NARUSE
Kitahachi Genzaburo Onchi aktore famatuaren semetzakoa da, eta haren lanarekin jarraituko du aita erretiratzean. Biran dabiltzala, Kitahachi aktoreen maisu ospetsua den Sozanen etxera doa, eta haren alaba ederra, Osode, ohaidetzat hartzen du. Kitahachik Sozan iraindu du eta honek, umiliatuta, bere burua hiltzen du. Gaztea etsitu egingo da Osode, umezurtz geratzean, geisha bezala lan egitera behartuta dagoela jakitean.
MIKIO NARUSE
Kimiko eta Kunie arras izaera ezberdineko bi ahizpa dira. Ama hildakoan, aitak hainbat urteetan maitale izan duen emakumea ekarri nahi du etxera. Kunie aitarekin bat dator, aita behar bezainbeste maitatu ez izanaz erruduntzat jotzen baitu euren ama, baina Kimiko otseme baten moduan oldartuko da.
MIKIO NARUSE
Tokioko negoziogizon baten semea da Shuichi, Shingorena, eta Kikuko bere emaztearekin bizi da bere gurasoen etxean. Shuichik lan egiten duen enpresako nagusietako bat da bere aita, eta hortaz, egunero elkarrekin joaten dira lanera; alabaina, Shingo etxera goiz iristen den bitartean, Shuichi parrandan geratzen da eta gerrako alargun baten amorante egiten da.
MIKIO NARUSE
Ayabo bere semea aurrera ateratzeko ostatu batean diharduen neska gaztea da Omitsu, Mizuhara bere senarrak abandonatu egin duena. Mizuhara aurki itzultzen da eta lan bat aurkituko duela hitz ematen dio, hartara neskak berea utz dezan. Haatik, auto batek Ayabo harrapatzen du eta Omitsuk fakturak ordaintzeko zerbitzari gisa jarraitu beharko du. Mizuhara kutxa gotor bat lapurtzen saiatuko da, baina polizia atzetik dabilkio, eta haiengandik ihes, kaiko uretan itoko da.
MIKIO NARUSE, Shiro Toyoda, Kajiro Yamamoto, Teinosuke Kinugasa
Arita, Mitsuko dantzariaren amorante gaztea, beste emakume batekin maitemintzen da. Aritari harremanaren haustura erraztearren, Mitsukok gezur bat kontatzen dio: bera beste gizon batekin dabilela alegia. Hartara, Mitsuko bakarrik geratuko da, konkubina bihurtzea beste aukerarik ez dueka.