Pandemiaren aurreko formatura itzulita, Donostia Zinemaldiak 70. urteurrena ospatu du: aretoak inolako edukiera-murriztapenik gabe, egoitza berezien itzulera (Belodromoa), eta mundu osoko zinemagile eta profesionalen bisita. Ikus-entzuleen kopurua 152.730eraino jaitsi da, hots, 2021ean baino %58 gehiago eta 2019an baino %15 gutxiago. Haatik, 2022an Zinemaldiak saio gutxiago eskaini dituenez (%10 gutxiago), beherakada proportzionala %5 izan da 2019arekin alderatuta. Akreditaziodunen kopurua pandemiaren aurreko azken edizioarena baino handiagoa izan da. 4.587 kazetari, zinema-arloko kritika eta industriako profesional eta erakunde kultural eta akademikoetako ordezkari bildu dira Donostian, 2019an baino %6 gehiago eta iaz baino %25 gehiago.
Donostia Zinemaldiak gaur plazaratu ditu urteko memoria eta 70. edizioaren genero-identifikazioari buruzko txostena, aurten lanbide-kategoria berri bat sartu duena: soinua Orokorki, generoen araberako parte-hartzearen estatistikek ez dute bilakaera nabarmenik izan txosten hau egiten hasi zenez geroztik hona, eta emakumeek egileen herena izaten jarraitzen dute kategoria profesional eta sail guztietan (horrenbestez, gizonezkoak bi herenen dira). Haatik, badira joera berriak izango direla adierazten duten datu batzuk. New Directors sailean, %15 eta %20 bitarteko presentzia izan ohi dute emakumezko argazki-zuzendariek ikusitako filmetan nahiz hautatutako filmetan, eta orain %33koa dute; Horizontes Latinosen, berriz, %31koa. Gainera, txosten hau egiten hasi zenez geroztik lehendabizikoz, parekotasuna dago hautatutako euskal ekoizpenetan, zuzendaritzari, gidoiari, muntaketari eta ekoizpenari dagokionez.
Edukiei dagokienez, Zinemaldiak iraganera eta etorkizunera begiratu du aldi berean 70. edizioan. Urteurrena ospatzeko, honako ekintza hauek gauzatu ditu Zinemaldiak: Nosferatu zinema-zikloa antolatu da; bi liburu argitaratu dira; Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatu da (30.000 bisitari baino gehiago); sintonia berri bat sortu da; eta Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektuaren lehen fasea amaitu da, Artxiboa webgunearen argitalpenarekin (Zinemaldiaren zazpi hamarkadetako dokumentuak eta irudiak kontsultatzeko aukera ematen du).
Gainera, 70. edizioak funtsezko jarduera bat izan du, Kultura Ministerioarekin batera ICAAren, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren eta Málagako zinema-jaialdiaren bitartez antolatua: Spanish Screenings XXL. Donostiaren kasuan, jarduera horrek 'Financing and Tech' ekarri du: sorkuntza-inbertitzaile eta ekoiztetxe espainiarren topaketa bat eta Zinemaldia Startup Challenge ekintzaile teknologikoen lehiaketaren areagotzea. Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du ekimen horrek. Zinemaldirako, zinema-industriaren aldeko apustuan urrats bat egitea esan nahi du horrek. Alde batetik, lehen mailako atzerriko inbertitzaileak daudelako eta, bestetik, topaketak (hurrengo edizioan berriz egongo dena) talentu berriekin harremanetan jartzeko aukera eman duelako, eta hori zen Zinemaldiaren politika estrategikoetako bat.
Zinemaldiak talentu berriak ezagutzeko eta babesteko duen uste osoaren emaitzak oso nabarmenak izan dira aurtengo edizioan. Lehen aldiz, egonaldi-programako (Ikusmira Berriak) bi proiektuk Sail Ofizialean lehiatzeko aukera izan dute: Pornomelancolía, Manuel Abramovichena, Argazki onenaren Epaimahaiaren Saria jaso duena, eta Suro, Mikel Gurrearena, Fipresci Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Saria, zuzendari berri onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren (Vicky Luengo) Goya sarietarako izendatu berri dutena. Elena López Rieraren El agua (Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen, Cannesko Quinzaine des réalisateurs atalean estreinatu ondoren) eta Raven Jackson zinemagilearen All Dirt Roads Taste of Salt –hurrengo Sundance Zinemaldiko lehiaketa estatubatuarrean hautatu berria– ere badaude.