"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zabaltegi Tabakalera Donostia Zinemaldiko lehiaketa-sail irekiena da; ez du araurik, ezta estilo edo denbora mugarik ere: film laburrak, ertainak, luzeak, fikzioa, ez-fikzioa, animazioa, telesailak, ikus-entzunezko instalazioak, etorkizuneko aurkikuntzak nahiz klasiko garaikideak. Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemarentzat lekua duen sail bat da, eremu ireki eta ausarta benetan.
Bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi - Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira. Esandako sari hori 20.000 €-ekoa izango da; horietatik 6.000 € film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 €, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.
Zabaltegi - Tabakalera saria gutxienez zinema eta kulturako 3 profesionalek osatutako berariazko epaimahai batek aukeratuko du.