"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
"Agenda 2030 Euskadi Basque Country" saria 20.000 euroko saria da, Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Iraunkorreko Helburuen ikur nagusi gisa iraunkortasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen film irabazlearen ekoizle edo ekoizle nagusiarentzat. Sari hori Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Trantsizioko Idazkaritza Nagusiak eta Agenda 2030ek sustatzen dute.
Epaimahai berezi batek aukeratzen du saria, baldintza horiek betetzen dituzten eta Zinemaldiak aukeratuko dituen 5-6 filmen artetik.
2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako. Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea.