"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eusko Label Donostia Zinemaldiko sail lehiakor berri bat da, eta Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa bat barne hartzen du, hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzeko eta laguntzeko, baita nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren munduan jasangarritasunarekin lotutako guztia sustatzeko eta ezagutarazteko ere. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZI enpresa publikoak eta Zinemaldiak antolatzen dute lehiaketa.
Gehienez hiru minutuko iraupena izan behar dute film laburrek, telefono mugikor batekin eginak izateaz gain. Hautatutako film labur guztiek bi Eusko Label sari jasotzeko aukera izango dute: lehenengoa 6.000 eurokoa izango da film labur onenarentzat eta bigarrena, berriz, 4.000 eurokoa. Sari horiek Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak aukeratutako eta ad hoc eratutako epaimahai batek erabakiko ditu. Bi film labur irabazleak Zinemaldiaren esparruan emango dira eta sariak irailaren 38an (larunbata) Kursaal Auditoriumean egingo den amaiera-galan banatuko.
Eusko Label sailak mezu positiboak zabaltzea sustatzen du, landa-inguruneak eta itsasertzak eta Euskadiko lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dioten ekarpenarekin lotuta. Azken batean, helburua da zinemaren bidez ezagutaraztea landa- eta itsasertzingurune bizi batek duen garrantzia, daukagun gizarte-ereduaren oinarri den aldetik, eta, era berean, lehen sektoreko eta landa- eta itsasertz-inguruneko pertsonek eredu horren barruan duten zeregina baloratzea. Bestela esanda, ideia hau litzateke: landa-eremutik hiri-eremura, balioa emanez eta landa-ingurunearen eta itsasertzaren garapen jasangarria sustatuz, hark garapen ekonomiko eta sozial orekatuari egiten dion ekarpena onartzen duena.