Abenduaren 2an –ostirala– amaitu zen Spanish Screenings on Tour ekimenaren lehen edizioa. Ekitaldia Buenos Airesen egin zen, Ventana Sur Latinoamerikako ikus-entzunezko merkatu nagusiaren esparruan, eta nazioarteko ikus-entzunezkoen industriak harrera bikaina egin zion. Ekimeneko jardueretan 30 herrialdetako 1.300 profesionalek baino gehiagok hartu zuten parte, eta, horri esker, ekitaldira bertaratutako Espainiako ordezkaritzako 100 pertsonak baino gehiagok beren kontaktu-sarea zabaldu zuten eta negozio-aukera berriak sortu zituzten. Spanish Screenings Lounge izan zen nazioarteko industriaren eta Espainiakoaren arteko topagunea.
Spanish Screenings On Tour ekimenari esker, Buenos Airesko merkatuko sail guztietan erakutsi ziren ekoizpenak eta Espainiako talentuaren presentzia bikaina izan zen, inoizko handiena. “Spanish Audiovisual: Talent and Future” lelopean, Spanish Screenings On Tour ekimenak jarduera eta topaketa profesional ugari sustatu eta 16 ordu eskaini zituen gure talentuan oinarritutako edukiarekin. ‘Anímate’, ‘Perspectives’, ‘Series’ eta ‘Remakes’ lan-gosarietan nahiz talentu berriei eta sorkuntza digitalari buruzko mahai-inguru eta hitzaldietan bertaratutakoen kopurua handia izan zen. Bestalde, Argentina eta Uruguairekin koprodukzioa lantzeko topaketa izan zen harrera onenetako izan zuen jarduera. Era berean, Ventana Surreko sailetan egin ziren Espainiako 21 proiekturen pitching edo aurkezpenek nazioarteko bazkide potentzialen interesa piztu zuten.
Ekitaldian Spanish Screenings Content ere aurkeztu zen, Spanish Screenings XXLren hurrengo mugarria, 2023ko martxoaren 13tik 16ra Málagako zinema-jaialdiaren esparruan egingo dena. Hitzorduak eduki berriak izango ditu, besteak beste, telesailen showcase espezifiko bat eta berdintasuna eta ikus-entzunezkoetako emakumezko profesionalen lana ezagutarazteko programa bat, Spanish Screenings on Tour ekimenak irekitako bidean, bai eta lehendik dauden jarduera batzuk zabaltzea, hala nola Music Scorecom, Remake Day eta Book Showcase. Animazioak programa propioa izango du, eta, ICEXen eskutik, Málaga Short Film Corner sortuko da, bideojokoen eta errealitate birtualaren gaineko jarduera bat antolatuko da eta Hego Koreako, Singapurreko eta Japoniako ordezkaritzak gonbidatuko dira.
Ventana Sur izan da ‘Spanish Screenings 360. The Podcast’ saioaren atal berri bat grabatzeko agertokia. Saio horretan lehen lanak eta haien nazioarteko banaketa jorratu ziren, Spanish Sceenings On Tour ekimeneko Espainiako talentuaren presentzia aprobetxatuz.
Gainera, bost work in progress, 18 film amaitu eta remakeak egiteko akordio bila dauden 42 ekoizpen egon ziren eskuragarri Ventana Surreko bideo-liburutegian. Nazioarteko audientzia baten aurrean, 21 ekoizpen berri proiektatu ziren. Alex de la Iglesia (El cuarto pasajero), Alex Murrull eta Dani de la Orden (42 segundos) eta Carlos Saura (Las paredes hablan) egileen azken filmak –nazioarteko merkatuetan argitaratu gabeak– aurkeztu zituzten Espainiako salmenta-konpainiek eta market premiere bat izan zuen bakoitzak.
Azkenik, Games from Spain –ICEX España Exportación e Inversiones erakundearen eskutik– Maquinitas sailean egon zen, eta, bertan, bideojoko-proiektuen aukeraketa bat aurkeztu zen. Diziplina horren presentzia indartu egin zen bi panel eta hiru masterclassekin eta Games from Spainen Videogame Screenings aurkezpenekin: 70 proiekzio baino gehiago egin ziren.
Spanish Screenings On Tour Espainiako ikus-entzunezkoen nazioartekotze-ekimenak Ventana Sur aukeratu zuen bere lehen edizioa egiteko, Espainiako ikus-entzunezkoen garapenerako lurralde estrategikoa baita Latinoamerika.
Spanish Screeningseko taldea 2023ko On Tour edizioan ari da lanean, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko da zein izango den ekitaldia egiteko aukeratutako nazioarteko lurraldea.
Spanish Screenings On Tour Spanish Screenings XXL osatzen duten lau ardatzetako bat da, ekimen hauekin batera: Spanish Screenings Content (Málagako zinema-jaialdia), Spanish Screenings: Financing & Tech (Donostia Zinemaldia) eta Spanish Screenings 360. Urte osoan ekintza aktiboak dituen programa bat da, eta, gainera, sustapenerako eta negoziorako plataforma birtual bat sortuko da etorkizunean.
Spanish Screenings XXL Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Europako Funtsek bultzatutako programa bat da. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea. Horrela, ‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ izatera igaro zen proiektua 2022an, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatuta, ICAAren bidez, eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio. Baita Mélagako zinema-jaialdiaren eta Donostia Zinemaldiaren babesarekin ere.
Espainiako ikus-entzunezkoak nazioartekotzeko programa honek bultzada berri bat jaso du 2022-2023 ikasturtean, ikus-entzunezko industriaren erronka berrietara egokitzeko askotariko eduki gehiagorekin eta jarduera-bolumen handiagoarekin.