Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa egileen proiektu zinematografikoak aukeratu dituzte 2023ko Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan inskribatutako 348 proiektuen artetik. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuen egoitza- eta garapen-programak nazioartean sendotzea lortu du, eta, 2015ean sortu zenetik, guztira ikus-entzunezko 38 proiektu babestu ditu. Proiektu horien erdiak burutu dira, eta, kasu askotan, mundu guztiko zinema eta jaialdietan estreinatu.
2023ko egoitzetarako inskribatutako 348 proiektuetatik hamaika EQZE kategoriakoak dira, hamaika Nest sailaren kategoriakoak, hamalau EAEko kategoriakoak, 118 Espainiako zinemagileen kategoriakoak eta 194 nazioarteko kategoriakoak. Hauek dira Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan hautatutako sei tituluak.
Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa (Hiroshima, 1996) japoniar zuzendaria aukeratu dute. Sorkuntzako graduondokoa egin zuen zentro horretan, eta, zenbait film labur zuzendu ondoren, egoitza aprobetxatuko du Ulysses filmean lanean jarraitzeko. Iraupen luzeko filma da, eta dagoeneko zenbait zati filmatu ditu. Naomi Pacifique (San Jose, Costa Rica, 1994) suitzar-holandar zuzendariak after the night, the night film luzearen bere proiektua garatuko du after the room (2021) filmarekin hasitako film laburren triptiko baten barnean. Hain zuzen, after the room lana Donostia Zinemaldiko Nest sailean eman zen eta Zilarrezko Pardino saria irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian.
Euskal kategorian aukeratua, David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) zinemagileak Ikusmira Berriak programan parte hartuko du La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome (Erasmus baten azken gaua Erroman) filmarekin. Egilearen bigarren film luzea da Ane (2020) lanaren ostean; azken hori New Directors sailean lehiatu zen eta Irizar Saria eskuratu zuen Donostia Zinemaldian. Bestalde, Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafar zuzendaria Espainiako kategorian hautatu dute, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean 592 metroz goiti / Above 592 Metres (2018) eta Urpean lurra (2019) lanak aurkeztu ondoren, fikziora egingo du jauzi Claros de bosque / Florest Clearing (Basoko argiak) proiektuarekin. Lan horrek Noka Mentoring programaren laguntza ere jaso zuen; hain zuzen, programa hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Tabakalerak koordinatu, Zinemaldiarekin eta Zineuskadirekin lankidetzan, EAEko eta Nafarroako zuzendari berrien film luzeen proiektuak laguntzeko.
Bigarren urtez jarraian, nazioarteko kategoriak bi ordezkari izango ditu. Alde batetik, Sameh Alaa (Kairo, 1987). Egiptoar egileak film labur onenaren Urrezko Palma irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian, I Am Afraid To Forget Your Face (2020) lanarekin, eta bere lehen film luzea egingo du I Can Hear Your Voice… Still izenburupean. Bestetik, María Alché (Buenos Aires, 1983) argentinar zinemagile eta aktoreak bere bigarren lana izango den Te amo y hoy todo es hermoso / I Love You and Everything is Beautiful filmarekin parte hartuko du. Aurrez, Familia sumergida (2018) filmarekin egin zuen debuta. Lan hori Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen eta Donostia Zinemaldian Horizontes Saria irabazi zuen Zinema Eraikitzen ekimenean egon eta gero.
Hautapen-batzordea Donostia Zinemaldiko, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko eta EQZEko ordezkariek osatu dute, eta askotariko agertokietan girotuta gai ezberdinak jorratzen dituzten proiektuak aukeratu ditu: ‘etxe’ kontzeptua aztertzen duen Homeroren Odisea klasikoaren berrikuspen japoniarra (Ulysses); Amsterdamgo kaleak agertoki izanik monogamia zalantzan jartzen duen lana (after the night, the night); hogeita hamar urte inguruko gizon baten itzulera Erromara, non konturatuko baita pertsona bera ez dela (La última noche de un Erasmus en Roma); emakume bat, gizon bat eta hiru oilar lotzen dituen istorioa Nafarroako Pirinioetan (Claros de bosque); Egiptoko gizarte patriarkalean bidea urratzen saiatzen ari den emakume baten kontakizuna (I Can Hear Your Voice… Still), eta melodrama intimo bat, 40ko eta 60ko hamarkaden arteko Argentinako historiako gertakari garrantzitsuen garaian (Te amo y hoy todo es hermoso).
Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 6an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara, eta, bertan –Artisten Gunean, zehazki–, apirilaren 16ra arte lan egin ahalko dute euren proiektuen garapenean. Epe horretan, haien premietan oinarrituta, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi postprodukzio-enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.
Ikusmira Berriak programak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) ikus-entzunezko proiektuak sortzeko eta garatzeko laborategientzako laguntzak jaso ditu 2022. eta 2023. urteetarako, Ikus-entzunezko Sektorea bultzatzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Plan horren helburua da indartzea laborategiak, inkubagailuak, egoitzak, plataformak eta antzeko ekimenak, idazketa- eta garapen-fasean proiektuak bultzatzen dituztenak, ekoizpenetan kalitate handiagoa lortzeko eta merkatura eta publikoarengana hobeto iristeko, haien zirkulazioa eta errentagarritasuna bermatuko dituzten kondizio egokiekin. Laguntza horiei esker, Ikusmira Berriak programak bikoiztu egin du egoitzako proiektuetarako laguntza ekonomikoa, eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu bere proposamenean lan egiteko, orain arte ematen ziren 5.000 euroen ordez.
Aurten agerian geratu da programa gero eta sendoago dagoela, eta horren erakusgarri da 2022. urtean nazioarteko zinema-jaialdietan Ikusmira Berriak programan garatutako hiru proiektu estreinatu direla. Alde batetik, Elena López Rierak Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen El agua, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen eta Violette D‘or Saria eskuratu zuen Tolosako CineEspaña zinema-jaialdian. Bestetik, Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu diren Ikusmira Berriak programako lehen zinemagileak izan ziren: lehenak, Pornomelancolía lanarekin, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen Donostian, bai eta Bordeleko Zinema Independentearen zinema-jaialdiko Film Onenaren Epaimahaiaren Sari Nagusia ere; bigarrenak, berriz, Suro filmarekin, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta FIPRESCI Saria Donostian, besteak beste.
2015eko lehen ediziotik, Ikusmira Berriak programak ikus-entzunezko 38 proiektu garatzen lagundu du; horietatik 16 amaitu dira, eta gainerakoak garapen-fasean daude. Dagoeneko amaitutako hamar proiektuk sari garrantzitsuak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan; horien artean dago Arantza Santestebanen 918 gau (2021), Torinoko Zinema-jaialdian Sail Ofizialeko film onenaren saria lortu zuena, film onenaren Lisboa Hiria Saria DocLisboan eta Publikoaren Saria eta aipamen berezia Nafarroako Punto de Vista zinema-jaialdian. Horrez gain, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean programatu da aurten. Bestalde, beste sari batzuen artean, Kiro Russo egileak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere aurkeztutako El gran movimiento (2021) lanarekin. Helena Girónek eta Samuel Delgadok, berriz, Eles transportan a morte / They Carry Death (Ellos transportan la muerte) (2021) lanarekin Veneziako Kritikaren Asteko Ekarpen Tekniko Onenaren Saria eskuratu zuten, bai eta aipamen berezia ere Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Era berean, Ikusmira Berriak programako zenbait proiektu postprodukzio-fasean daude eta datozen hilabeteetan estreinatuko dira. Hain zuzen, horiek dira O corno do centeo (Jaione Camborda), Antier noche (Alberto Martín Menacho), Creatura (Elena Martín Gimeno) eta Dormen os peixes de olhos abertos (Nele Wohlatz).
Gaur gauean, bere azkenaldiko harreman batekin monogamiara itzuliko dela esango dio Naomiren bikoteak. Monogamiarik ezaren errealitate gogorraren aurrean dagoela, Naomi Amsterdamgo kaleetara aterako da intimitate anitzeko gau batez gozatzera, horrelako harremanekin konprometitzen zergatik hasi zen gogoratzeko. Eta hiriko kale harriztatuetan begiratzen, entzuten eta hizketan ari den bitartean, luzatzen ari al da gaua edo jendearen leihoetako argiak ilargiarekin sakon hizketan besterik ez dira?
Negua da Nafarroako Pirinioetako ibar txiki batean. Ana (39) bakarrik bizi da eta ahalegina egiten du berez berea ez den eta gogorra zaion landa-mundura egokitzeko; hiru oilar gau batez baso batean bizirik irauteko borrokan ari dira, abandonatuak izan ondoren; Julen (35) bere herrian klima-aldaketaren ondorioak iraultzen saiatzen ari da, bere hazkuntzan jasotako balioak zalantzan jartzen dituen bitartean. Kausalitate-kate batek lotutako hiru istoriok landa-ingurune tradizional bateko bizimodu posibleei buruzko kontakizun bat sortzen dute.
Gauerdi aldera, Kairo fantasma-hirian, Mariam, bere bizitzan lehenengo aldiz, ordu horretan aterako da etxetik. Bere gaua manipulazioz eta bestelako oztopo fisiko eta emozionalez beteta dago, gizarte patriarkal baten erdian bidea urratzen duen bitartean. Banan-banan gaindituko ditu, bere mugei aurre egingo die, erreala denaren eta irreala denaren arteko lerroa lausotuz.
Marcos Erromara joango da, Erasmus egiten ari zela hil den anaiaren gorpua aberrira ekartzeko. Marcosek berak hantxe ikasi zuen urte batzuk lehenago. Erroman deskubrituko du bere anaia Alejandro ez zela ezagutzen zuen pertsona. Anaiaren bertsio horrek jakin-mina piztuko dio, eta Marcosek haren azken egunak birsortuko ditu: haren lagunekin aterako da, haren ohean egingo du lo… Bitartean, deiak metatuko zaizkio, amarenak, nagusiarenak… “Noiz itzultzeko asmoa duzu?”… Baina Marcos gustura dago anaiaren bizitzan sartuta.
1952ko uda da. Josefina (8 urte) bere anaia Jorgerekin (13 urte) eta bere amarekin (Andeetako mendikatean geologoa) bizi da, baina istripu tragiko baten ondoren, Josefina eta Jorge umezurtz geratuko dira eta Berta izebaren etxera joan beharko dute. Han, izebaren bizitza politiko eta kultural bizia etxean eta haurren bizitza intimoan iragaziko da. Handik gutxira, Jorge ez da gustura sentituko eta etxetik alde egingo du. Josefina, izebarekin, haren senarrarekin eta bi lehengusinekin geratuko da bizitzen. Denbora-elipsi batzuen bidez, bizitza pertsonala 50eko eta 60ko hamarkadetako bizitza politiko, sozial eta kulturalarekin nahasiko da.
Filma Homeroren Odisea klasikoaren parodia bat da, James Joycek Ulysses eleberrian idatzi zuenaren estilokoa. Zenbait Ulises bidaian doaz beren irudikatutako etxearen (Itaka) bila, jada existitzen ez den leku baten bila, alegia. 3. atalean (Hades), Kazuko (Tiresiasen baliokidea) da kontakizunaren ardatza, Okayaman bizi den emakume bat. Senarra galdu du eta bere lehen Obonerako ari da prestatzen. Obon ospakizuna Japoniako urteroko jaia da: egun horretan, arbasoen espirituak mundu honetara itzultzen dira senideak bisitatzera. Aldi berean eta hiri berean, Ulisesek Kazuko ezagutuko du eta Obon ospakizunean bere aita zenduarekin (Antiklea) bilduko da.