Spanish Screenings 360. The Podcast Spanish Screenings XXL Espainiako ikus-entzunezkoen nazioartekotze-ekimeneko dibulgazio-tresna berria da. Horixe da, hain zuzen, lehen atalaren gaia, zeina azaroaren 17an argitaratuko den. Bertan, solasean arituko dira Chema García Ibarra zuzendari, ekoizle eta gidoilaria (Espiritu Sakratua), María del Puy Alvarado Landa ekoizlea (Malvalanda) eta Gloria Bretones banatzaile eta ekoizlea (Begin Again Films eta Centuria Films) hainbat ideiaren inguruan: nazioartekotzeko estrategiak, aurrera eramateko formulak eta Espainiako ikus-entzunezko industriak dituen erronkak, bai eta berdintasunaren eta jasangarritasunaren aldetik duen egoera ere. Solasaldia Hebe Tabachnikek moderatu du. Ekoizlea eta Iberoamerikako zinemaren programatzailea da Los Angeleseko, Palm Springseko eta Sundanceko zinema-jaialdietan eta Los Angeleseko American Cinemathèquen, besteak beste.
Spanish Screenings 360. The Podcast sortu zen industriari eta publiko orokorrari Espainiako ikus-entzunezkoen ekosistema ezagutarazteko espazio gisa. Atalek hileroko maiztasuna eta nazioarteko bokazioa izango dute, eta ahotsa emango zaie industriaren balio-kateko maila ezberdinetako eragileei. Sektoreko profesional garrantzitsuek moderatuko dituzte solasaldiak. Parte-hartzaile bakoitzak bere iritzia partekatuko du atal bakoitzaren gai nagusiari buruz, eta anekdotek eta zinema-gomendioek ere tartea izango dute solasaldi bakoitzean.
Datozen ataletan, Spanish Screenings XXL proiektuaren zeharkako gaiak jorratuko dira, hala nola, berdintasuna edo aniztasuna.
Berdintasunari buruzko atalean ondorengo eragileen ikuspuntua ezagutu ahalko dugu: Carla Sospedra, ekoizlea, produktore eragile independentea (Alcarràs) eta Dones Visualsen Zuzendaritza Batzordeko kidea; Alba Sotorra, zuzendaria (El retorno: la vida después del ISIS) eta Alba Sotorra Cinema Productionsen ekoizlea; eta Carlos Loureda, zinema-kritikaria eta programatzailea, AICE eta Académie des lumières-eko kidea.
Solasaldiaren ardatza izango da Espainiako ikus-entzunezko industrian berdintasuna lortzeko bidea. Gaur egungo hainbat gai jorratuko dituzte parte hartzen duten profesionalek: parekidetasuna, feminismoak ikus-entzunezkoen industriari egiten dion ekarpena, generoak nola eragiten dien talde batean eta/edo sektorean ezartzen diren harremanei, diskriminazioa emakumeen esku dauden proiektuen aurrekontuei dagokienez, eta abar.
Ikus-entzunezkoen aniztasunari buruzko atalean honako solaskideak izango ditugu: Carlos R. Rios, D’A Film Festivalen zuzendaria eta Noucinemartekin banatzailea; Adrian Silvestre, zinema-zuzendaria (Mi Vacío y yo), eta Zaida Carmona, zinema-zuzendaria (La amiga de mi amiga) eta sare sozialen kudeatzailea, FILMINen. Haien ikuspuntua azalduko dute hainbat gairen inguruan: inklusioan izandako aurrerapenak, estereotipoei aurre egiteko moduak, ikus-entzunezko generoen espektroan aniztasuna dagoen ala ez Espainiako industrian eta aniztasun handiagoa lortzeko oztopoak zein diren.
Aniztasunari zein berdintasunari buruzko atalak Hebe Tabachnikek moderatu ditu eta 2022ko D’A zinema-jaialdiaren esparruan grabatu dira. Gainera, Spanish Screenings Financing & Tech-ekin eta Spanish Screenings Content-ekin lotu dauden atal bereziak izango dira. Hurrenez hurren Donostiako eta Málagako zinema-jaialdietan garatutako formatuak dira.
Spanish Screenings 360. The Podcast Spotifyn, Ivooxen eta Apple Podcasten eskura daiteke, eta bideo-formatuan eta ingelesezko azpitituluekin, YouTuben. Music Library & SFX enpresaren lankidetza du. Musika gainbegiratzeaz arduratzen den enpresa espainiarra da, Spanish Screenings Content (Music Scorecom) enpresaren laguntzailea, eta bere musika eskaintzen du sintoniarako. Lehen atalak, gainera, Filmoteca Españolaren laguntza du, Palacio de Peraleseko bere proiekzio-aretoa erabili baitzen grabaziorako.
Spanish Screenings XXLren urte osoko jarduera etengabeen ardatza da Spanish Screenings 360, eta bere baitan dago Spanish Screenings 360. The Podcast. Spanish Screenings 360 proiektuak sustapen- eta negozio-plataforma birtual bat ere badu; garapen prozesuan dago.
Spanish Screenings XXL Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Europako Funtsek bultzatutako plan bat da, eta lau lan-ardatz ditu; hots: Content, Financing & Tech, On Tour eta 360. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea. Horrela, 'Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat' izatera igaro zen proiektua 2022an, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatuta, ICAAren bidez, eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio. Baita Málagako zinema-jaialdiaren eta Donostia Zinemaldiaren babesarekin ere.