Proyectak –Ventana Sur eta Marché du Film - Festival de Cannes merkatuek eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean abiarazitako ekimenak– ekoiztetxeak, nazioarteko salmenta-agentziak eta jaialdien programazio-arduradunak hartuko ditu Europaren eta Latinomerikaren arteko koprodukzio bila dabiltzan 15 proiektuen aurkezpenean; euren finantzaketa osatu eta bazkide berriak aurkitzea da aurkezpen horren helburua. Edizio honetan guztira 172 proposamen jaso dira. Deialdi honetan lehenengo eta bigarren lanak izateko baldintza ezarri da.
Proyecta aurrez aurre eta online egingo da Ventana Sur merkatuaren esparruan, eta bosgarren edizio hau pitchingen saio batez (Buenos Aires hirian egingo da azaroaren 30ean hango ekoizle eta ekoiztetxeen eskutik) eta aurrez aurreko hitzorduez (one on one hitzorduak abenduaren 1ean) osatuta egongo da. Proiektuek online hitzorduak egiteko aukera izango dute abenduaren 6an.
Hautaketa Latinoamerikako hamabi proiektuz eta Europako hiruz osatuta dago; Latinoamerikakoei dagokienez, Argentina, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Peru eta Venezuelakoak dira, eta europarrak aldiz, Frantziaren eta Portugalen arteko bi koprodukzio izango dira, ekoizpen espainiar batez gain (Nosotros/Us, Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztua). Agustina Chiarino (Mutante Cine & Bocacha Films), Paulo Roberto de Carvalho (Autentika Films) eta Esperanza Luffiego (Donostia Zinemaldia) izan dira aurretiko hautaketaren arduradunak. Aurten berrikuntza gisa proiektu irabazleari 5.000 euroko ordainsaria eskainiko zaio.
Proyecta ekimena Ventana Sur merkatuaren –Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu garrantzitsuenaren– parte da. Ventana Sur Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Cannesko zinema-jaialdiko Marché du Film merkatuak antolatzen dute Europa Creativa MEDIAren babesarekin. Azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean egingo da 2022ko edizioa.
Ondorengoen babesarekin