"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Carlos Saura zinemagileak, Las paredes hablan / Walls Can Talk bere azken filma Zinemaldian aurkezteko asmoa zuenak, ezin izango du bidaiatu azken orduan izandako eroriko baten ondorioz. Zorionez, istripuak ez du ondorio larririk izan, baina Saura ezin izango da Donostiara etorri.
Bihar hilaren 21ean (asteazkena) RTVEk emanaldi berezi batean aurkeztuko du, Kursaal 2an, Las paredes hablan, Carlos Saurak artearen jatorriari eta horrek azken abangoardiako joerekin duen harremanari buruz sortu duen eta hain luzarotik espero zen film dokumental berria. Zinemagile aragoiar ospetsuaren ikuspegi pertsonal eta bereziaz, artearen eta hormaren baterako bilakaera eta horien arteko harremana erretratatzen du (hormak sorkuntza-mihise gisa): historiaurreko kobazuloetako lehen iraultza grafikoetatik abangoardia berrieneko hiri-adierazpenetaraino.
Filma aurkezteko honako hauek etorriko dira Donostiara: dokumentalean parte hartzen duten Suso33 sortzaile urbanoa eta Cuco grafitigilea; Malvalandako María del Puy Alvarado ekoizle donostiarra; Vanessa Marimbert muntatzailea; José Morillas gidoilaria; Rita Noriega argazki-zuzendarikidea; Anna Saura ekoizle elkartua, eta Tamara Santos produkzio-burua. Halaber, Antonio Saura Latidoko salmenta-agentea eta Miguel Morales Wanda Visioneko banatzailea ere etorriko dira.