Juliette Binochek Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko lehen Donostia Saria jaso du bart Kursaal auditoriumean. Aktore frantziarrak Isabel Coixeten eskutik jaso zuen Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta, ekitaldiaren ostean, Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filma proiektatu dute.
Eskerrak emateko hitzaldian Binochek senideak, lagunak, gertukoak, kolaboratzaileak eta lankideak gogoratu ditu. Donostiako Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio maite dituen zinemagileen filmak erakusteagatik. "Etxean bezala sentitzen naiz hemen, bero hori sentitzen dut eta ohorea da hemen egotea", adierazi du hunkituta aktore frantziarrak.
“Bidelagun leial bati ere eskerrak eman nahi nizkioke: isiltasunari. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretatu aurretik, isiltasuna indarra da niretzat; isiltasunetik ateratzen ditut nik emozioak eta sentsazioak, eta inolako borondaterik gabe agertzen da. Baina isiltasunik gabe, ez dago hitzik. Isiltasunik gabe ez dago espiriturik, eta isiltasun hori zinemagile batekin, aktore batekin, film bateko lantaldearekin partekatzen denean, orduan urrezko hari bat ehuntzen da eta hori pelikula bihurtzen da. Eta orduan, aktore izateko nire ametsen zentzu guztia obra bizi batean gorpuzten da”, baieztatu du.
Eneko Sagardoy aktoreak aurkezle lanak egin ditu galan. Bertan, omenduaren filmografia honela definitu du: "Bere ibilbidearen baitan talentu ikaragarria, pantaila gainditzen duen karisma eta ausardia erakusten duten hautuak biltzen dira”.
Bestalde, Nadie quiere la noche (2015) filmean Binoche zuzendu zuen Isabel Coixet zuzendariak aktorearen lana goraipatu zuen Donostia Saria eman aurretik. “Bere ondoan lan egiten duzunean, irudien, hitzen eta enkoadraketaren gainetik pasatzen den magia bitxi batek ukituta sentitzen zara. Diotenez, bere aurpegiak argia dario, hori egia da, baina oso argi eskuzabala da, filmeko lankide guztiak blaitzen dituen argia. Nahiz eta bere pertsonaiak erabat ezberdinak izan, begiak ixten baditut guztiak argi horrek ukituta daudela senti dezaket”, nabarmendu du.
Juliette Binochek (Paris, 1964) Liberty Belle (Pascal Kané, 1983) filmarekin egin zuen debuta. Horren ondoren, hauetan hartu zuen parte, besteak beste: Je vous salue, Marie (Jean-Luc Godard, 1985), La vie de famille (Jacques Doillon, Sail Ofiziala, 1985), The Unbereable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1998), Les amants du Pont-Neuf (Leos Carax, 1991) eta Damage (Louis Malle, 1992).
Trois couleurs: Bleu filmagatik (Krzysztof Kieslowski, Zabaltegi, 1994), Volpi Kopa irabazi zuen Venezian, baita César bat ere (beste bederatzi aldiz izan da Césarretarako hautagai). The English Patient (1996) filmak antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eman zion, baita Berlingo emakumezko aktore onenaren saria ere. Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen film honengatik: Copie conforme (Abbas Kiarostami, 2010) lanagatik. Halaber, Jean-Paul Rappeneau (Le hussard sur le toit, Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 1995), Michael Haneke (Caché, 2005) etaOlivier Assayas (L’heure d’été, Perlak, 2008) zuzendariekin ere lan egin du, besteak beste.
2002an Décalage horaire (Danièle Thompson) filmarekin itxi zuen Sail Ofiziala, lehiaz kanpo, eta 2018an itzuli zen sail horretara Vision (Naomi Kawase) eta High Life (FIPRESCI Saria) filmekin. Perlak sailean, bestalde, La Vérité (Hirokazu Koreeda, 2019) eta Ouistreham (Emmanuel Carrère, Europako film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, 2021) aurkeztu ditu. Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filmak zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinen.
Aurten Sail Ofizialean Binochek parte hartuko du Le lycéen / Winter Boy (Christophe Honoré) filmarekin. Aktoreak emanaldi ofiziala aurkeztuko du bihar 22:00etan Kursaalean.