Gaur aurkeztu dituzte Donostia Zinemaldian Spanish Screenings on Tour ekimenaren xehetasun guztiak. Ekitaldi horretan izan dira Beatriz Navas ICAAko zuzendari nagusia, Pablo Conde ICEXeko Moda, Habitat eta Kultura Industrien zuzendaria, Juan Antonio Vigar Malagako Zinema Jaialdiko zuzendaria eta José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria. Abian diren deialdien eta Ventana Sur azokan inoiz ez bezala esku hartzeko asmoen gaineko xehetasunak emateaz gainera, Spanish Screenings On Tour sari berriak ere aurkeztu dituzte. Sari horietan, Spanish Screeningsek aliantzak ezarri dituen lau jaialdietako bakoitzean (Sitges, Weird, Abycine Lanza eta Conecta Fiction) aurkeztutako proiektu bat bilduko dute, Spanish Screenings On Tour 2022 ekimena esparru gisa harturik. Hautaketa-irizpideak Latinoamerikarekin koproduzitzeko ahalmena izango du oinarri.
Spanish Screenings ekimenak ikus-entzunezko industriaren ekitaldi nazional nabarmenekin lortu ditu aliantza horiek, sinergiak bilatzeko eta proposamenen irismena zabaltzeko eginahalari erantzunez. Hori horrela, Sitgeseko Zinema Jaialdiak hautatutako proiektua, Sitges Fanpitch – Blood Window – Spanish Screenings saria, Blood Window sailean sartuko da; Abycine Lanza – Spanish Screnings Perspectives saria, berriz, Punto de Género sailean; Weird Market – Spanish Screenings Anímate saria, hirugarrenik Animation! sailean; eta Conecta Fiction & Entertainment – Spanish Screenings Series saria, azkenik, SoloSerieS sailean.
Beatriz Navasek hasi du ekitaldia, eta nabarmendu du Spanish Screenings On Tour 2022 ekimenak nabarmen handituko duela Espainiako industriaren presentzia Ventana Sur Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu nagusian, eta, hala, Espainiako ekoizpenak zabalduko direla azokaren sail guztietan, “Espainiako zinemaren leiho gisa, hitzordu horretako jarduera guztietan barreiatuta”. Era berean, Spanish Screenings On Tour ekimenean parte hartuko dute garatzen ari diren proiektuek eta amaituta edo work in progress postprodukzio-fasean dauden edukiek. Hala, Buenos Airesen egiten den azokako hainbat ataletan aurkeztuko dituzte, Spanish Screenings On Tourreko ordezkariek eta Ventana Sur azokako arduradunek hautatu ondotik.
José Luis Rebordinosek Spanish Screenings: Financing & Tech aurkeztu du, ekimenaren beste ardatzetako bat, zeina Donostian egingo baita irailaren 19tik 22ra. Bertan, Inbertsiogile Sortzaileen Lehen Topaketa egingo da, CAA Creative Mediarekin batera antolatuta. Topaketa horretan, nazioarteko exekutibo garrantzitsuen aurrean finantzaketa garatzeko eta bilatzeko fasean dauden Espainiako hamar proiektu aurkeztuko dira, eta ikus-entzunezko sektoreak finantzaketan eta nazioartekotzean dituen joera berriei buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak egingo dituzte. Topaketa amaitzeko, inbertitzaileen eta Espainiako zinema-eskola nagusietako talentu gazteen arteko topaketa egingo da. Era berean, Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren esparruan, Espainiako startup eta ekintzaileentzako lehen lehiaketa egingo da.
Bestalde, Juan Antonio Vigarrek Spanish Screenings Content ekimenaren zenbait eduki aurreratu ditu, zeina Malagako Zinema Jaialdian egingo baita martxoaren 10etik 19ra bitartean;
Hainbat atal izango ditu, tokiko industria batzeko helburuarekin. Horiek horrela, espainiar film berrienen proiekzioak egongo dira; beste merkatu batzuetan aurkeztu ez diren merkatu-estreinaldiak; Next from Spain, hurrengo estreinaldietako trailerrekin eta Work in Progressekin. Malagan egongo diren produktoreek remake-jardunaldi batean, Spanish Coproforum proiektuak finantzatzeko gunean eta literatura-egokitzapenei eta soinu-bandei eskainitako ataletan ere parte hartu ahal izango dute. Malagako zinema-jaialdiak Hack MAFIZ Málaga sortzaile digitalen plataforma ere berrituko du, non sare sozialetarako eta plataforma berrietarako edukiak sortzen dituen talentu berria erakusten den.
Pablo Condek nabarmendu duenez, Spanish Screenings On Tour ekimenean parte hartzen duten erakunde guztien lanaren emaitza da.
Spanish Screenings On Tour Spanish Screeningsen lan-ildo bat da, eta Espainiako ikus-entzunezko industriari nazioartean aukera berriak zabaltzea eta indartzea du helburu. Hala, Espainiako ikus-entzunezkoak lurralde estrategikoetan saltzeko eta sustatzeko ekintza ibiltariak gauzatzen ditu.
Spanish Screenings On Tour 2022 Ventana Sur azokan izango da (Argentina, azaroaren 28tik abenduaren 2ra). Ventana Sur Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu garrantzitsuena da, eta nahitaezko hitzordu bihurtu da nazioarteko industriako banaketaren eta erosketen profesionalen agendan.
Spanish Screenings XXL Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko merkatua da, Kultura Ministerioak sustatua ICAA, ICEX, Donostia Zinemaldia eta Malagako Zinema Jaialdiaren bitartez, Europar Batasuneko Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Funtsei esker.
Argibide gehiago: