"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mia Hansen-Løve zinemagile frantziarra, Alejandro G. Iñárritu zuzendari mexikarra eta John Banville idazle irlandarra Donostia Zinemaldiaren 70. ediziora etorriko diren izen ezagunen zerrendara batu dira.
Sail Ofizialean Eden (2014) filmarekin lehiatu ondoren eta L'avenir / Things to Come (2016) lanarekin Perlak sailean hautatua izan ondoren, Mia Hansen-Løve sail honetara itzuliko da hilaren 20an Un beau matin / One Fine Morning pelikularekin; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak.
BARDO, falsa crónica de unas cuantas verdades / BARDO, False Chronicle of a Handful obrarekin hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean Alejandro G. Iñárritu mexikarrak, Amores perros (2000) eta Babel (2006) filmekin izan ondoren. Veneziako Mostran lehiatu zen film berri hau hilaren 23an programatu da.
Gainera, John Banville hilaren 24an etorriko da Donostiara Neil Jordan zuzendariarekin eta Marlowe filmeko Liam Neeson eta Diane Kruger protagonistekin batera. Film luzea John Banvillek idatzitako The Black Eyed Blonde eleberrian oinarrituta dago; Raymond Chandler idazle estatubatuarrak duela ia 90 urte sortutako Philip Marlowe pertsonaia hilezkorrean oinarrituta idatzi zuen eleberria idazle irlandarrak.
Bestalde, Isabel Coixet zinemagile katalanak Donostia Saria emango dio Juliette Binocheri bihar igandean, 22: 00etan Kursaalean egingo den galan, eta Gaspar Noé zinemagile frantziarrak gauza bera egingo du David Cronenbergekin, asteazkenean (hilak 21) Victoria Eugenia Antzokian.